“Umeekin jokoak erabili behar dira zer gertatzen zaien jakiteko”

Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buruak, Miguel Angel Gonzalez Torresek (Bilbo, 1957), esperientzia handia dauka bere jardunbidean. 1986an hasi zen Basurtun lanean, eta, orain, adingabeentzako Osasun Mental eta Entzumen Urritasuneko Unitatean dabil beharrean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan martxan jarri den lehenengoa da. Komunikazio zuzena eta eraginkorra landu nahi dute, umeek eta nerabeek ahalik eta arreta onena jaso dezaten. Medikuen eta gaixoen arteko komunikazioan bitartekari lanak egitea izango da euren zeregina. Oraingoz, Bizkaian emango du zerbitzu unitateak.

Zergatik abiatu da unitate hau Basurtun?

Nik uste dut bi arrazoi daudela. Batetik, Bizkaian, Basurtuko Ospitalea umeen eta nerabeen erreferentziazko ospitaleratze unitatea da. Gainera, aspaldiko kontsulta anbulatorioa daukagu. Umeen eta nerabeen tratamenduan talde garrantzitsua garenez, zentzua dauka hemen sortzeak. Bestetik, pertsona gorren mundua eta keinu hizkuntza oso ondo ezagutzen duten bi lankide elkartu dira batera lanean. Hortaz, ospitaleko zuzendaritzak erraztasunak eman zizkigun, eta lanari ekin genion.

Zeintzuk izan dira proiektua martxan jartzeko erabili dituzuen baliabideak?

Baliabide berriak ekarri barik atera dugu proiektua. Hau da, genituen baliabideak erabili ditugu, eta horrek prozesua erraztu du gaur egungo egoera kontuan izanda. Ospitale honetan talde handia dugu, eta, ondorioz, gauza berriei ekiteko aukera ematen du; haur talde osoa tartean dago.

Entzumenari lotutako urritasunak goiz hautematen dira; batez ere, eskolan.

Adin goiztiarrean, pediatrek probak egiten dituzte entzumen arazoak antzemateko. Oso larriak ez baldin badira, umea eskolan hasiko da arazo horiek agertzen; adibidez, idazterakoan edo entzuterakoan ikusiko dira dituen oztopoak.

Zer desberdintasun dago nerabeen eta umeen tratamenduen artean?

Psikiatria oso eremu espezializatua da. Patologiak eta gaixoengana hurbiltzeko moduak oso desberdinak dira. Umeek ez dute helduek duten komunikatzeko gaitasun bera; beraz, psikologoak askotariko moduak erabili behar ditu umearengana heltzeko. Helduei galderak egiten zaizkie informazioa lortzeko, baina umeekin jokoak erabili behar dira zer gertatzen zaien jakiteko.

Entzumen arazoak dituzten umeek arreta berezia behar dute, eta, maiz, profesional falta sumatu ohi da.

Halaxe da. Osasun mentaleko miatze lanabesa hizkuntza da. Fisikoki, ez dugu ia ezer egiten; batez ere, hitz egitean datza kontua, eta interpretatzaileak behar ditugu komunikazioa egon dadin. Gauza bera gertatuko litzateke gure hizkuntza ez darabilen atzerriko pertsona batekin hitz egingo bagenu. Entzumen arazoak dituen ume batekin lan egitean, ezin da ñabardurarik galdu. Horrez gain, kasu askotan, interpretea umearen familiako kide bat da, eta horrek objektibotasuna galtzea dakar. Afektuagatik, maiz, senideak ez du dena behar bezala kontatzen, nahiz eta munduko afekturik handienarekin egin. Umeak berak ere gai batzuei buruz hitz egitea saihestu dezake interpretea bere ama edo aita delako. Nahiz eta horrela lan egin daitekeen, hobe da komunikazioa zuzena izatea, psikologo edo psikiatrarengandik umearengana.

Jarduera honen bidez, zein aurrerapauso lortzen dira?

Alde batetik, ebaluazio sakonago bat. Miaketa hobeagoa bada, arazoaren ebaluaketa zehatzagoa da. Uste dugu beste zentroetako osasun taldeak laguntzea izango dela geure egitekoetako bat. Guk xehetasunetan sakontzen lagunduko diegu ahalik eta ebaluazio osotuena lortzeko. Beste alde batetik, paziente batzuei guk egingo diegu jarraipen osoa. Tratamendu farmakologikoa eta psikoterapeutikoa geure esku egongo litzateke. Entzumen urritasunak dituen ume batekin komunikatu ezin bazara, tratamendu psikoterapeutikoa ezinezkoa da.

Zertan oinarritzen dira bi jarraipen horiek?

Jarraipen farmakologikoa diagnostikoaren araberakoa da: arreta desoreka, elikatze jokaeraren desoreka, ezaugarri depresiboak... Hala ere, umeekin medikamentu gutxiago erabiltzen dira; baina, behar direnean, horrek efektuen edo albo ondorioen segimendu bat behar du. Ume gorrentzako psikoterapia gutxiegi erabiltzen da profesionalen faltagatik. Psikoterapia elkarrizketan oinarritzen da; hizketa hori egiten ez baldin bada, ezin da jarraitu. Horrexegatik, keinu hizkuntza bikain erabiltzen duten gure bi lankideek badakite psikoterapia ondo egiten.

Kasuek ez dute zertan gora egin. Kalitatea kantitatearen aurrean.

Geure ekarpena ez da bolumenean oinarrituko. Lehenik eta behin, esan behar da entzumen urritasunak dituzten umeak jada zainduta daudela. Guk balio erantsi bat gehitu nahi dugu arretak kalitate handiagoa izan dezan. Hortaz, uste dugu umeen kopurua txikia izango dela, baina jasoko duten arreta garrantzitsua izango da eurentzat.

Zer izan behar da profesional on bat izateko?

Hasteko, ikasketa klinikoak izan behar dira. Horrez gain, keinu hizkuntza menderatu eta gorren mundua ezagutu behar da. Entzumen urritasuna duten pertsonen eguneroko oztopoak ezagutu behar dira gertutik.

Loiuko Udalak 58 baratze ekologiko eskainiko dizkie herritarrei

Loiuko Udalak bere orube batean 58 baratze sortuko ditu herritarrek nekazaritza ekologikoa landu dezaten; hau da, ortu horietan aritzeko baldintza bakarra produktu kimikoak ez erabiltzea izango da.

Bizente Arteagoitia Loiuko alkateak jakinarazi duenez, obrak 2013ko lehenengo hiruhilekoan hasiko dira. Udal teknikariek bi urte daramatzate lanean egitasmoa aurrera atera dadin. Proiektuak bi fase izango ditu, eta lehenengoak 100.000 euroko kostua eragingo dio udalari. Oraingoz, 50 herritarrek baino gehiagok eman dute izena. Laborantza esparru hauetako bat lortzeko, ostera, "prezio sinboliko" bat ordaindu beharko da: urteko 100 euro, gutxi gorabehera.

Udalak azaldu duenez, udaletxearen inguruetan balio ekologiko handia duten eta erabiltzen ez diren lur sail publikoak daude. Lur eremu hori Elizondon dago, eta Errotatxuko bideak zeharkatzen du. Orotara, 15.000 metro koadro ditu; baina laborantzarako esparrua 6.000 metro koadrokoa izango da. Hala, erabiltzaile bakoitzak 58 metro koadro izango ditu erabilgarri. Horrez gain, ureztatzeko ur harguneak ezarriko dira, eta Loiuko lorategietatik ateratako material organikoak konpost moduan erabiltzeko aukera izango dute.

Urduñak ere emango ditu

Urduñako Udalak ere lursailak banatuko ditu. Helburua lehenengo sektoreko jarduera ekonomikoa sustatzea da. Horretarako, udalbatzak, herritarrei lur sail publikoak eman ahal izateko, udal arautegi berria idatziko du.

Lurrak lagatzeko epea abenduaren 31n bukatu zen; baina, testu berria onartu bitartean, eskaera epea luzatu egin dute. Interesa dutenek lurra zertarako erabili nahi duten azaldu behar diote udalari; autokontsumorako den edo jarduera ekonomikoren baterako erabiliko den zehaztu beharko dute. Udalak azaldu duenez, langabeziari aurre egiteko asmoz, enpresa proiektuek eta ortuetatik lortutako produktuak merkaturatzeko xedeek izango dute lehentasuna.

“Aurrekontu sozialena”

EAJk eta PPk lortutako akordioari esker, Bizkaiko Foru Aldundiak ez du arazorik izango bere aurrekontu proiektua onartzeko. Joan den asteko osoko bilkuran, PSE-EEk eta Bilduk aurkeztutako osoko zuzenketak ez ziren onartu, EAJk aurka bozkatu zuelako eta PP abstenitu egin zelako. Asteon zuzenketa partzialak eztabaidatzen hasi dira. Hurrengo urratsa Gernika-Lumoko batzar etxean egingo den osoko bilkuran proiektua behin betiko onartzea izango da. PPk aurreratu du bozketa horretan abstenitu egingo dela, euren proposamenak aintzat hartu diren arren ez delako euren proiektua. Beraz, 22 aldeko boz —EAJ— eta 21 aurkako —Bildu eta PSE-EE— jasoko ditu.

Bai Lorea Bilbao bozeramaile jeltzalea bai Esther Martinez bozeramaile popularra "oso pozik" eta "harro" agertu dira, "ezberdinen arteko akordioa" erdietsi dutelako. "Alderdikerien gainetik, Bizkaiaren eta bizkaitarren interesak jarri ditugu", azaldu dute biek. Martinezek, gainera, "aurrekontu egokitua Bizkaiko historiako sozialena" dela uste du.

Akordio horren bidez, 5.550.000 euroko aldaketa egingo zaio foru aldundiak aurkeztutako proiektuari. Jose Maria Iruarrizaga foru aldundiko Ogasun diputatuak azaldu duenez, diru sarreretan ez da igoerarik egon; beraz, adostutako gastu berriak asetzeko beste diru sorta batzuetatik hartu behar izan dute. Horietatik ia 3 milioi ordainketa osagarrietako mailegutik hartuko dira; hau da, badaezpada ezustekoetarako gordea izaten den dirutik. Bozeramaile popularraren esanetan, "ez zen beharrezkoa hainbeste diru gordetzea, hainbeste premia daudenean".

Lehendakaritza Sailaren aurrekontuan suhiltzaileen parke bat eraikitzeko lursaila erosteko diru kopuru bat ageri zen. Hori ere PPrekin adostutako aldaketetara bideratuko da. "Ez zegoen erabakita non eta noiz erosiko zen lursaila", azaldu du Martinezek. Bestelako diru sorta txikiago batzuetatik ere hartu da dirua, baina Iruarrizaga diputatuak ez du zehaztu zeintzuetatik.

Bi alderdiek ukatu egin dute Bizkaiko negoziazioa Araba eta Gasteizko aurrekontuen inguruan egin denari lotuta egon dela. "Erabateko askatasunez jokatu dugu, loturarik gabe. Gure lehentasuna krisiari aurre egin eta bizkaitarren premiei erantzutea izan da. Gainera, Arabako aurrekontuan onartu ez ziren egunaren biharamunean aurkeztu genituen zuzenketa partzialak. Bizkaiko aurrekontua baldintzatu gura izan bagenu, osoko zuzenketa aurkeztuko genukeen, baina ez genuen egin", dio Martinezek.

Negoziazioak, "zabalik"

Bozeramaile jeltzalearen esanetan, alderdi guztiekin ahalegindu dira, baina PPrekin baino ez dute lortu. "Bilduk hasieratik zarratu zituen aukera guztiak, eta talde sozialistarekin ez da posible izan". Gainera, ohartarazi du ez dela aliantza bat: "Aurrekontua onartzeko akordioa da, eta onartzean bukatuko da". Hala, zerga politika berrirako negoziazioak alderdi guztiekin egiteko asmoa iragarri du. "Dena den, oraindik foru aldundiak ez du proiekturik aurkeztu; beraz, ezin da ezer negoziatu".

‘JOLLE’-K ZABORRA BAINO EZ DU EKARRI

Ipar Atlantikoan sortutako ziklogenesi lehergarria euskal kostaldera arte iritsiko zela eta, astelehenean alerta laranja ezarri zuen Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak. Itsasora irteteko eta itsas bazterretik ibiltzeko debekua ere ezarri zuten. Hai...

PSE-EE: “Bizkaitarren interesak ez dira egon negoziazio mahaian”

Sozialistek galdera batekin erantzun diote EAJk eta PPk adostutako akordioari: "Non galdu dira bizkaitarren interesak? Ez dira negoziazio mahaian egon". PSE-EEren bozeramaile Iñaki Egañari "lotsagarria" eta "ikuskizun tamalgarria" iruditu zaio negoziazio prozesua.

EAJk eta PPk ukatu duten arren, "negoziazioa barik kromo trukea" izan dela iruditzen zaio. Bizkaiko aurrekontuak "Gasteizko Udalaren aurrekontuek baldintzatu" dituztela dio. "Eskuinaren aurrekontuak" direla ohartarazi du. Jose Luis Bilbaori onarpena hainbeste atzeratu izana ere leporatu dio, "negoziatzeko gaitasunik izan ez" duelako.

Izen ofiziala Sopela izateko bidea, martxan

SOPELA. Gaur egun, Sopelana da herriaren izen ofiziala. Euskaltzaindiaren Onomastika Batzordeak, baina, Sopela finkatu zuen euskarazko izen arautu gisa, herrian eta eskualdean euskaraz gehien erabiltzen dena delako. Jatorrizko Sopelana-k n hizkia gald...

Plentziako alkateak EAJko zinegotziak sailik gabe utzi ditu

Plentziako Udalak gobernu krisia izan du asteon, udal hauteskundeetatik bi urte ere igaro ez direnean. Orain arte zituen lau zinegotzigoen ardura kendu dio EAJri Isabel Zarauza alkateak —Plentziako Talde Independentea—. Zinegotzi jeltzaleek joan den asteko eguenean egindako osoko bilkuran udal aurrekontu proiektuari ezezkoa eman ostean hartu du erabakia. Aurrerantzean lau sail horiei dagozkien eskumenak ere Plentziako Talde Independenteko lau zinegotzien esku egongo dira. Eta, ondorioz, udal gobernua gutxiengoan egongo da agintaldia bukatu arte.

Hauteskundeen ostean jeltzaleek eta independenteek Isabel Zarauza alkate izendatzeko akordioa adostu zuten. Sei botoren aldearekin irabazi zituzten hauteskundeak independenteek. Bi taldeek launa zinegotzi eskuratu zituzten. Independenteek udala osatzen duten zortzi sailetatik lauren ardura eman zieten zinegotzi jeltzaleei: Obrak, Zerbitzuak eta Kirol Saila, Gazteria Saila, Merkataritza eta Jaietako Saila, eta Itsasadarra, Portua, Hondartza eta Turismo Saila. Isabel Zarauzak ez dituztela "halako bidaia lagunak" gura esan dio Plentziako EAJri. Baina Javier Artaza bozeramaile jeltzaleak duela ia bi urteko akordio hura ekarri dio gogora: "Adostu genuen gu ez ginela udal gobernuko kide izango, eta jarduteko erabateko askatasuna izango genuela. Are gehiago, ez zuten gura izan gu udal taldeko kide izaterik. Beraz, orain horren arabera jokatu dugu". Hau da, Artazaren arabera, jeltzaleek euren lau sailen ardura zuten, eta, gainontzeko lauri zegokienez, oposizioko kide izatera pasatuko ziren. "Badirudi independenteek ulertu zutela gu beti euren alde agertuko ginela", gaineratu du.

Udal gobernuak 4,3 milioiko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen. Plentziako Talde Independentearen lau ordezkarien babesa baino ez zuen eskuratu. Lau jeltzaleek eta Bilduk dituen hiru zinegotziek aurka bozkatu zuten. Ordezkari jeltzaleen esanetan, ez zuten lortu "gogobetetzen dituen" akordioa adostea independenteekin. Diotenez, ez zetozen bat independenteek dirua udala osatzen duten sailetan banatzeko orduan erabilitako irizpideekin. Zarauzak euren jarrera kritikatuz erantzun die: "Hilabetez bildu dira bi taldeak aurrekontuak osatzeko, eta osoko bilkurarako hiru egun bakarrik falta zirela agertu ziren zuzenketekin. Eta euretako batzuk onartu egin genizkien. Hala ere, guztiak ezin genituen ontzat eman". Adibidez, erretiratuen elkarteari diru laguntzak jaisteko eskatu zietela azaldu du. Bilduk, berriz, udal gobernuak haiek egindako "proposamen bat bera ere ez" zuela aintzakotzat hartu salatu du.

Ugaon, alkate berria

Izaskun Landaida (EAJ) Ugaoko alkateak kargua utzi du, Eusko Jaurlaritza berriak Emakundeko zuzendari izendatu ostean. Bigarren agintaldia zuen honako hau. Eudeleko Berdintasun arduraduna eta Indarkeriaren Bizkaiko Behatokiko kide ere bada.

Haren alderdikide Ekaitz Mentxakak beteko du hutsik geratu den lekua Ugaoko Udalean. Orain arte Kultura eta Jaien arloko zinegotzia izan da, eta alkateorde zereginak ere beregain zituen. Aurrerantzean, bada, bera izango da Ugaoko alkate.

Herriko ondarea sarean bildu du Labayruk

JATABE. Labayru ikastegiak Jatabeko herri ondarea bildu du, eta sarean jarri du, udalarekin batera. Gaur aurkeztuko dute bitarteko berria, 18:30ean kultur etxean egingo duten ekitaldian. Adolfo Arejita Labayruko zuzendari eta euskaltzainak eta Joseba ...

Egin behar diren otorduak.

Egunero bost otordu egin behar dira. Horietako bakoitzean, zer jan den neurtu behar da. Gosarian, ezin dira falta esnekia, indarra ematen duten elikagaiak —ogia, gailetak edo zerealak— eta fruta edo zukua. Jolas orduan, ogitarteko txiki bat har daiteke, eta, gosarian hartu ez badira, fruta, fruitu lehorrak edo gailetak. Bazkarian, denetik jan behar da, eta egunero aldatu: pasta, okela, arrain urdina eta zuria, arroza, barazkiak, lekaleak... Askarian, ogitartekoa har daiteke; halere, komeni da hotz-egosiak aldatzea. Afaria bazkariaren araberakoa izan behar da; arraina hartu bada, afalorduan haragia jan daiteke. Opilak eta gozokiak ez dira egunero hartu behar.