Zaintzen demokrazia

Zaintzen demokrazia

​Eduardo Galeanok esaten zuen legez, «jende txiki askok, leku txikietan, gauza txikiak egiten, mundua aldatu dezakete». Hitz horiek zentzu osoa hartu izan dute beti Bilboko auzoetan. Frankismoan zehar, familien elkarte moduan ezagutzen ziren auzo elkarteetan, ohikoa zen auzokideak laguntzea burokrazia eta kontu administratiboekin: eskola matrikulak, bankuetako paperak, instituzioek bidalitako dokumentuak, eta abar. Hau da, auzoan bizi ziren pertsonen ongizatea bermatzea zen helburua, sortu edota hedatzen ari ziren auzoentzako baliabideak aldarrikatzeaz gain, pertsonen zaintza erdigunean zegoela. Horrela garatu ziren sareak eta sortu zen komunitatea gure hurbileko historiako garai latzenetako batean.

Urteak pasatuta, sare horiek osatu zituztenen seme-alabek indarrak batu zituzten gure hiria ur azpian geratu zen 1983ko abuztu horretan. Botak jarrita eta palak hartuta, berriz ere elkartasuna lokatz artean nabarmendu zen. Modu berean, orain dela lau urte bizitako pandemiak komunitatearen beharra agerian utzi zuen berriz ere. Gauzak horrela, hamazortzi elkartasun sare sortu ziren Bilbon. Haietan milaka boluntariok euren auzokideak laguntzeko prestasuna adierazi zuten.

Sareen indartzea, zaintzak eta elkartasunaren antolakuntza izan dira hainbat gizarte mugimenduren oinarria ere. Eta hori izan zen pasa den azaroaren 30eko greba feministaren leitmotiv-a.

Argi dago, beraz, gure hiriaren historian eta egunerokotasunean, kolektibotasuna eta zaintzak gorpuztu egiten direla eta naturaltasunez eman ohi direla. Horregatik, harritzekoa da parte hartze demokratikoaren icebergaren punta izan beharko litzatekeen hauteskundeetan zaintzek lekurik ez izatea. Gure auzotar askok bozkatu ezin izatearen inkoherentzia ahaztu gabe, instituzio eta gizartearen arteko urruntasunaren beste eredu bat pairatu behar izango du gure auzokideetako batek.

Irenek, guraso bakarreko familia bateko amak, hauteskunde mahaiko bokal moduan jardun beharko du egun osoan zehar, hamazortzi hilabeteko alaba zaintzen duen bitartean.

Hurrengo igandean, Irenek, guraso bakarreko familia bateko amak, hauteskunde mahaiko bokal moduan jardun beharko du egun osoan zehar, bere hamazortzi hilabeteko alaba zaintzen duen bitartean. Hauteskunde Batzordeak esan dio alaba norbaitekin uzteko aukera izan behar duela. Haurreskolen plazak murrizten dituzten eta etxez kanpoko lana eta zaintza uztartzeko aukerarik ematen ez diguten instituzio beren menpe dagoen Hauteskunde Batzorde horrek, hain zuzen.

Tamalez, hau da orain gure egunerokotasunean inposatzen den errealitatea, gure auzoen historian presente dagoen elkartasuna eta zaintza komunitatetik urrun dagoena. 1983an egin genuen bezala, goazen elkartasuna lokatzetik ateratzera. Pandemian zehar egin genuen bezala, goazen komunitatea jostera. Gobernatu nahi dutenek argi eduki dezatela Bilboko auzoetan ere zaintzak erdigunean nahi ditugula.