Bilbobusen 2030 Agenda

Bilbobusen 2030 Agenda

​Bilbobuseko langileak greba mugagabera deitu dituzte apirilaren 9tik aurrera. Lan ituna berritzeko zerbitzua berrantolatu behar dela diote. Bilboko Auzo Elkarteek 27 urte daramatzate Bilbobusen maparen berrantolaketa eskatzen, eta langileekin batera egindako aldarrikapena dela.

Bilboko Metroaren lehen eta hirugarren lineak martxan jartzearen ondorioz, udal gobernuak ere behin baino gehiagotan adierazi du autobusen ibilbideen mapa egungo errealitatera egokitu behar dela. Gauzak horrela, 2018. urtean, momentu hartan Bilboko Mugikortasun eta Jasangarritasun Sailaren arduraduna zen Alfonso Gil zinegotziak, Bilbobuseko ibilbide berriak eratu baino gehiago, horien «lekualdatzea» egingo zutela adierazi zuen behin baino gehiagotan. Aldaketa hori, langileen hitzarmena bezala, bertan behera geratu zen.

Urte hauetan zehar, eta erabiltzaileen jaitsiera aitzakia moduan hartuz, udal autobus zerbitzuaren aldeko apusturik eza erakutsi du Bilboko Udalak. Inbertsioa gero eta eskasagoa da. Irisgarritasun arazoak dituzten auzoek —Arangoti, Arabella, Sarrikue, Buia, Peñaskal, Betolaza, Altamira eta Masustegi, besteak beste— salatzen dute autobusen maiztasuna eskasa dela eta ibilbideak ez direla praktikoak. Auzotar haientzat autobus zerbitzua ez da zerbait anekdotikoa; egunerokotasunean lanera, eskolara, anbulategira, liburutegira, erosketak egitera eta abarrera heldu ahal izateko garraiobide bakarra dute.

Nola saihestuko dugu autoaren erabilera auzo batzuek Bilbobusa 30-40 minutuero besterik ez badute? Mugikortasun jasangarria bultzatzeko lehenengo pausoa da garraiobide publiko sare sendoa bermatzea

Nola saihestuko dugu autoaren erabilera auzo batzuek Bilbobusa 30-40 minutuero besterik ez badute? Mugikortasun jasangarria bultzatzeko lehenengo pausoa da garraiobide publiko sare sendoa bermatzea. Argi dago saretze horretan Bilboko gobernuak ez duela ekarpen handia egingo.

Bilboko orografiaren zailtasunak pairatzen dituzten auzoetatik haratago, ibaiaren ertzean ere —Olabeaga edo Deustuko Erribera auzoek, esaterako— autobus zerbitzu eskasa dute. Deustuko Erriberaren kasuan, Zorrotzaurre megaproiektu urbanistikoaren sinbolo diren etxeak saldu dira, zonaldeak behar dituen zerbitzuak bermatu gabe. Ez dago eskolarik, ez dago osasun zentrorik, ez dago liburutegirik, ez udaltegirik, eta soilik Bilbobus batek lotzen du Deustuko Erribera Deusturekin. Badirudi mugikortasun jasangarriak ez duela lekurik plan urbanistiko berrietan ere. Ibaiaren bestaldean dagoen Zarandoa etorbideak ez du autobus geltokirik, ezta osatua dagoen bidegorririk ere, Zarandoa eta Ghery zubia lotzen duen bidegorria ez baitzen kontuan hartu pasealekua diseinatzeko orduan.

2030 Agendaren testuinguruan, Euskalduna jauregian hiri jasangarriaren inguruko kongresuak egiten diren bitartean, paradoxikoa da Bilbobus zerbitzu duina aldarrikatu behar izatea, bai langile eta bai auzotarrei dagokienez.