Enkarterriko euskaldunen sarea sendotu gura dute euskara plan berriarekin

Enkarterriko Mankomunitateak euskara plana aurkeztu zuen atzo Zallako Kultur Etxean. Datozen hiru urteetarako euskararen esparrurako lehentasunak, lan ildoak eta egitasmoak bildu dituzte bertan. Herritarrek euskararekin duten sentsibilizazioa lantzea, euskaldunen kopurua handitzea eta Enkarterriko euskaldun sarea sendotzea da planaren helburua, Lorea Otxoa Enkarterriko Mankomunitateko euskara teknikariak zehaztu duenez. “Eskualde hau ez da oso euskalduna; horregatik, indar guztiak batzeko beharra dagoela ikusi dugu”.

Azken osoko bilkuran onartu du plana mankomunitateko batzar orokorrak, eta, aurreko euskara planetan ez bezala, oraingoa sortzeko herritarren hitza aintzat hartu dute. Urrian eta azaroan hiru lan saio egin zituzten mankomunitatea osatzen duten herrietako bizilagunekin eta hainbat gizarte eragilerekin. Hala, haien iritziak eta proposamenak jaso, eta denen artean osatu dute plana. Herritarren, politikarien, irakaskuntza alorreko profesionalen, kulturgintzakoen, kirol elkarteetakoen, Enkarterri irratiko kideen eta guraso elkarteetakoen ekarpenak kontuan izan dituztela esan du Otxoak.

Plana eratzeko, hainbat esparruri erreparatu diete: familia barruko transmisioari, euskalduntzeari, irakaskuntzari, aisialdiari, kirolari, kulturgintzari, komunikabideei,teknologia berriei eta lan munduari. Horietan ahulgune eta indarguneak identifikatu dituzte, alor bakoitzean egin beharreko lana zehaztuz.

Sentsibilizatu eta motibatu

“Euskalgintza erreferente bihurtu nahi dugu, eta bai euskaldunen eta bai erdaldunen artean euskararen aldeko jarrera aktiboak sustatu, horrela euskaldunen kopurua handitzeko”. Horretarako, sentsibilizazioan eta motibazioan eragin beharra nabarmendu du Otxoak. Azaldu duenez, eskualdean gutxi gorabehera %20 dira euskaldunak. “Hiztunak baditugu; erabilera falta da”.

Hain zuzen ere, euskararen erabilera sustatzeko herri txiki zein handietan Berbalagun egitasmoa dute martxan. Egun, 90 bat lagun daude osotara. Taldeetan biltzen diren arren, hainbat ekintza denen artean egiten dituzte, eta, horrela, elkar ezagutzen dute. “Planean euskaldunen sarea osatzea eta sendotzea zehazten da; horretan Berbalagun egitasmoak asko laguntzen du”.

Plana etengabe egokitzeko asmoa dute, eta horren ardura Euskararen Aholku Batzordeak izango du. Herritarrek euren ekarpenak egiteko aukera izango dute. Gainera, mankomunitateak batzorde horrekin batera zehaztuko ditu urte osoan antolatuko dituzten jarduerak.

Alabaina, dagoeneko zenbait egitasmo aurreikusi dituzte. “Lan munduari begira, Beharsarea delakoa Interneten abiarazteko asmoa dugu Enkarterriko udalekin”. Euskara hutsezko webgunea izango da. Lan bila dabiltzanentzat eta eskaintzak iragarri gura dituztenentzat tresna baliagarria izatea nahi dute.

Bestalde, Enkarterriko udalentzat hizkuntz irizpideak landu eta finkatzeko asmoa dutela iragarri du Otxoak. “Horrela, udal guztien batasuna lortu nahi dugu euskarari dagokionez. Irizpide batzuk argi izan eta denen artean lan egiteko”.