Arnasgune bat Herriari

Arnasgune bat Herriari

​Aspaldian ilusio batekin nabil. Gure herrian, Markina-Xemeinen, kultur mugimendu batzuk eraberritzen hasi dira, jende berria biltzen, espresio berriak bilatzen. Hori bere horretan da pozgarria, herriari ekartzen diolako bestelako haize berri bat. Baina are pozgarriagoa da niretzat, inoiz itolarria eragin izan didan herria bizigarri egin duelako, beste kolore bat eman diolako, ahalegin txiki (baina handi) hori egitearekin bakarrik. Ez dago ondo esana, baina prozesu horren emaitzak ez dit hainbeste axola jada.

Iduri lezake esajerazio bat esan berri dudanak, baina, inork hori uste badu, pentsatu beharko luke zein kontzeptu dugun Herriez, txikiez batez ere, eta zelan bizi diren guztiz enkajatu ez baina herriaren parte diren herritarrak. Herria horrela, letra larriz idatzita: kontu zurrun, aldaezin eta betiereko gisa ulertuta. Bizkaiko Hitza-n argitaratu zidaten azken zutabean nioen ez dagoela ezer lokala, ez dagoela ezer berezia; fenomeno guztiak errepikatzen direla etengabe eta une oro. Eta horrela da, bai, baina badirudi herri txikiek badutela zelanbaiteko aura ikusezin moduko bat, behin bertan sartuz gero denbora astiroago doana: globalak diren kontu horiek bertan lur hartzen dutela, baina lur hartzea ez dela besteetan besteko erraza eta biguna.

Edo horrela bizi izan dut nik beti, eta horrela sinetsarazi izan didate. Klixe bat da, klixe handi bat, ez diot ezetz. Zaharra da, oso zaharra. Baina gertatzen da. Esango nuke oso barneratuta daukagula hiria eta mugimendua; herria eta geldotasuna eta lozorroa binomioa. Estatu Batuetako pelikula txar baten argumentua dirudi: hiri handia arrakastatsua, herri txiki aspergarria. Eta, horrela, herri txikiak bizigaitz bihurtzen dira, lehen esan moduan, kontzeptu horretan sartzen ez direnentzat/garenontzat. Eta orduan hasten da herriaren demonizazioa.

Herrietan ere badago bizitza beste era batera egiteko aukera bat, eta keinu txikiek eraman zaitzaketela herrian bertan ordura arte izan ez duzun konpenetrazio eta ulermen maila batzuetara.

Ez daukat oso argi nork bultzatzen duen delako binomio hori, nork ematen dion mugimenduaren eta aldaketaren lizentzia osoa hiriei, eta nork debekatzen dien horrelakorik herri txikiei, zuri-beltzeko erretratu bihurtzeraino. Baina badago ustea, eta badago joera hori horrela izan dadin. Eta urte askoan ni ere horretan jausi banaiz ere, nik ere pentsatu izan badut aukerak bertatik kanpora baino ez zeudela, agian herrien inguruko ideia horri buelta ematen hasi beharko dugu, ekintzekin bada ere.

Esan nahi dudana da egia dela, hein batean, herrietaz uste den hori guztia, estereotipoek egiatik zerbait duten heinean. Baina hori betiko kontua dela: betiko negarra eta betiko tamala. Herrietan ere badago bizitza beste era batera egiteko aukera bat, eta keinu txikiek eraman zaitzaketela herrian bertan ordura arte izan ez duzun konpenetrazio eta ulermen maila batzuetara. Herriak bizitu, haizatu, eraberritu egiten dira, ez dute euren kontura bilatzen bide hori; bidea bilatzean datza.