Loiuko Udalak 58 baratze ekologiko eskainiko dizkie herritarrei

Loiuko Udalak bere orube batean 58 baratze sortuko ditu herritarrek nekazaritza ekologikoa landu dezaten; hau da, ortu horietan aritzeko baldintza bakarra produktu kimikoak ez erabiltzea izango da.

Bizente Arteagoitia Loiuko alkateak jakinarazi duenez, obrak 2013ko lehenengo hiruhilekoan hasiko dira. Udal teknikariek bi urte daramatzate lanean egitasmoa aurrera atera dadin. Proiektuak bi fase izango ditu, eta lehenengoak 100.000 euroko kostua eragingo dio udalari. Oraingoz, 50 herritarrek baino gehiagok eman dute izena. Laborantza esparru hauetako bat lortzeko, ostera, “prezio sinboliko” bat ordaindu beharko da: urteko 100 euro, gutxi gorabehera.

Udalak azaldu duenez, udaletxearen inguruetan balio ekologiko handia duten eta erabiltzen ez diren lur sail publikoak daude. Lur eremu hori Elizondon dago, eta Errotatxuko bideak zeharkatzen du. Orotara, 15.000 metro koadro ditu; baina laborantzarako esparrua 6.000 metro koadrokoa izango da. Hala, erabiltzaile bakoitzak 58 metro koadro izango ditu erabilgarri. Horrez gain, ureztatzeko ur harguneak ezarriko dira, eta Loiuko lorategietatik ateratako material organikoak konpost moduan erabiltzeko aukera izango dute.

Urduñak ere emango ditu

Urduñako Udalak ere lursailak banatuko ditu. Helburua lehenengo sektoreko jarduera ekonomikoa sustatzea da. Horretarako, udalbatzak, herritarrei lur sail publikoak eman ahal izateko, udal arautegi berria idatziko du.

Lurrak lagatzeko epea abenduaren 31n bukatu zen; baina, testu berria onartu bitartean, eskaera epea luzatu egin dute. Interesa dutenek lurra zertarako erabili nahi duten azaldu behar diote udalari; autokontsumorako den edo jarduera ekonomikoren baterako erabiliko den zehaztu beharko dute. Udalak azaldu duenez, langabeziari aurre egiteko asmoz, enpresa proiektuek eta ortuetatik lortutako produktuak merkaturatzeko xedeek izango dute lehentasuna.