PSE-EE: “Bizkaitarren interesak ez dira egon negoziazio mahaian”

Sozialistek galdera batekin erantzun diote EAJk eta PPk adostutako akordioari: “Non galdu dira bizkaitarren interesak? Ez dira negoziazio mahaian egon”. PSE-EEren bozeramaile Iñaki Egañari “lotsagarria” eta “ikuskizun tamalgarria” iruditu zaio negoziazio prozesua.

EAJk eta PPk ukatu duten arren, “negoziazioa barik kromo trukea” izan dela iruditzen zaio. Bizkaiko aurrekontuak “Gasteizko Udalaren aurrekontuek baldintzatu” dituztela dio. “Eskuinaren aurrekontuak” direla ohartarazi du. Jose Luis Bilbaori onarpena hainbeste atzeratu izana ere leporatu dio, “negoziatzeko gaitasunik izan ez” duelako.