Plentziako alkateak EAJko zinegotziak sailik gabe utzi ditu

Plentziako Udalak gobernu krisia izan du asteon, udal hauteskundeetatik bi urte ere igaro ez direnean. Orain arte zituen lau zinegotzigoen ardura kendu dio EAJri Isabel Zarauza alkateak —Plentziako Talde Independentea—. Zinegotzi jeltzaleek joan den asteko eguenean egindako osoko bilkuran udal aurrekontu proiektuari ezezkoa eman ostean hartu du erabakia. Aurrerantzean lau sail horiei dagozkien eskumenak ere Plentziako Talde Independenteko lau zinegotzien esku egongo dira. Eta, ondorioz, udal gobernua gutxiengoan egongo da agintaldia bukatu arte.

Hauteskundeen ostean jeltzaleek eta independenteek Isabel Zarauza alkate izendatzeko akordioa adostu zuten. Sei botoren aldearekin irabazi zituzten hauteskundeak independenteek. Bi taldeek launa zinegotzi eskuratu zituzten. Independenteek udala osatzen duten zortzi sailetatik lauren ardura eman zieten zinegotzi jeltzaleei: Obrak, Zerbitzuak eta Kirol Saila, Gazteria Saila, Merkataritza eta Jaietako Saila, eta Itsasadarra, Portua, Hondartza eta Turismo Saila. Isabel Zarauzak ez dituztela “halako bidaia lagunak” gura esan dio Plentziako EAJri. Baina Javier Artaza bozeramaile jeltzaleak duela ia bi urteko akordio hura ekarri dio gogora: “Adostu genuen gu ez ginela udal gobernuko kide izango, eta jarduteko erabateko askatasuna izango genuela. Are gehiago, ez zuten gura izan gu udal taldeko kide izaterik. Beraz, orain horren arabera jokatu dugu”. Hau da, Artazaren arabera, jeltzaleek euren lau sailen ardura zuten, eta, gainontzeko lauri zegokienez, oposizioko kide izatera pasatuko ziren. “Badirudi independenteek ulertu zutela gu beti euren alde agertuko ginela”, gaineratu du.

Udal gobernuak 4,3 milioiko aurrekontu proiektua aurkeztu zuen. Plentziako Talde Independentearen lau ordezkarien babesa baino ez zuen eskuratu. Lau jeltzaleek eta Bilduk dituen hiru zinegotziek aurka bozkatu zuten. Ordezkari jeltzaleen esanetan, ez zuten lortu “gogobetetzen dituen” akordioa adostea independenteekin. Diotenez, ez zetozen bat independenteek dirua udala osatzen duten sailetan banatzeko orduan erabilitako irizpideekin. Zarauzak euren jarrera kritikatuz erantzun die: “Hilabetez bildu dira bi taldeak aurrekontuak osatzeko, eta osoko bilkurarako hiru egun bakarrik falta zirela agertu ziren zuzenketekin. Eta euretako batzuk onartu egin genizkien. Hala ere, guztiak ezin genituen ontzat eman”. Adibidez, erretiratuen elkarteari diru laguntzak jaisteko eskatu zietela azaldu du. Bilduk, berriz, udal gobernuak haiek egindako “proposamen bat bera ere ez” zuela aintzakotzat hartu salatu du.

Ugaon, alkate berria

Izaskun Landaida (EAJ) Ugaoko alkateak kargua utzi du, Eusko Jaurlaritza berriak Emakundeko zuzendari izendatu ostean. Bigarren agintaldia zuen honako hau. Eudeleko Berdintasun arduraduna eta Indarkeriaren Bizkaiko Behatokiko kide ere bada.

Haren alderdikide Ekaitz Mentxakak beteko du hutsik geratu den lekua Ugaoko Udalean. Orain arte Kultura eta Jaien arloko zinegotzia izan da, eta alkateorde zereginak ere beregain zituen. Aurrerantzean, bada, bera izango da Ugaoko alkate.