“Umeekin jokoak erabili behar dira zer gertatzen zaien jakiteko”

Basurtuko Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuko buruak, Miguel Angel Gonzalez Torresek (Bilbo, 1957), esperientzia handia dauka bere jardunbidean. 1986an hasi zen Basurtun lanean, eta, orain, adingabeentzako Osasun Mental eta Entzumen Urritasuneko Unitatean dabil beharrean; Araba, Bizkai eta Gipuzkoan martxan jarri den lehenengoa da. Komunikazio zuzena eta eraginkorra landu nahi dute, umeek eta nerabeek ahalik eta arreta onena jaso dezaten. Medikuen eta gaixoen arteko komunikazioan bitartekari lanak egitea izango da euren zeregina. Oraingoz, Bizkaian emango du zerbitzu unitateak.

Zergatik abiatu da unitate hau Basurtun?

Nik uste dut bi arrazoi daudela. Batetik, Bizkaian, Basurtuko Ospitalea umeen eta nerabeen erreferentziazko ospitaleratze unitatea da. Gainera, aspaldiko kontsulta anbulatorioa daukagu. Umeen eta nerabeen tratamenduan talde garrantzitsua garenez, zentzua dauka hemen sortzeak. Bestetik, pertsona gorren mundua eta keinu hizkuntza oso ondo ezagutzen duten bi lankide elkartu dira batera lanean. Hortaz, ospitaleko zuzendaritzak erraztasunak eman zizkigun, eta lanari ekin genion.

Zeintzuk izan dira proiektua martxan jartzeko erabili dituzuen baliabideak?

Baliabide berriak ekarri barik atera dugu proiektua. Hau da, genituen baliabideak erabili ditugu, eta horrek prozesua erraztu du gaur egungo egoera kontuan izanda. Ospitale honetan talde handia dugu, eta, ondorioz, gauza berriei ekiteko aukera ematen du; haur talde osoa tartean dago.

Entzumenari lotutako urritasunak goiz hautematen dira; batez ere, eskolan.

Adin goiztiarrean, pediatrek probak egiten dituzte entzumen arazoak antzemateko. Oso larriak ez baldin badira, umea eskolan hasiko da arazo horiek agertzen; adibidez, idazterakoan edo entzuterakoan ikusiko dira dituen oztopoak.

Zer desberdintasun dago nerabeen eta umeen tratamenduen artean?

Psikiatria oso eremu espezializatua da. Patologiak eta gaixoengana hurbiltzeko moduak oso desberdinak dira. Umeek ez dute helduek duten komunikatzeko gaitasun bera; beraz, psikologoak askotariko moduak erabili behar ditu umearengana heltzeko. Helduei galderak egiten zaizkie informazioa lortzeko, baina umeekin jokoak erabili behar dira zer gertatzen zaien jakiteko.

Entzumen arazoak dituzten umeek arreta berezia behar dute, eta, maiz, profesional falta sumatu ohi da.

Halaxe da. Osasun mentaleko miatze lanabesa hizkuntza da. Fisikoki, ez dugu ia ezer egiten; batez ere, hitz egitean datza kontua, eta interpretatzaileak behar ditugu komunikazioa egon dadin. Gauza bera gertatuko litzateke gure hizkuntza ez darabilen atzerriko pertsona batekin hitz egingo bagenu. Entzumen arazoak dituen ume batekin lan egitean, ezin da ñabardurarik galdu. Horrez gain, kasu askotan, interpretea umearen familiako kide bat da, eta horrek objektibotasuna galtzea dakar. Afektuagatik, maiz, senideak ez du dena behar bezala kontatzen, nahiz eta munduko afekturik handienarekin egin. Umeak berak ere gai batzuei buruz hitz egitea saihestu dezake interpretea bere ama edo aita delako. Nahiz eta horrela lan egin daitekeen, hobe da komunikazioa zuzena izatea, psikologo edo psikiatrarengandik umearengana.

Jarduera honen bidez, zein aurrerapauso lortzen dira?

Alde batetik, ebaluazio sakonago bat. Miaketa hobeagoa bada, arazoaren ebaluaketa zehatzagoa da. Uste dugu beste zentroetako osasun taldeak laguntzea izango dela geure egitekoetako bat. Guk xehetasunetan sakontzen lagunduko diegu ahalik eta ebaluazio osotuena lortzeko. Beste alde batetik, paziente batzuei guk egingo diegu jarraipen osoa. Tratamendu farmakologikoa eta psikoterapeutikoa geure esku egongo litzateke. Entzumen urritasunak dituen ume batekin komunikatu ezin bazara, tratamendu psikoterapeutikoa ezinezkoa da.

Zertan oinarritzen dira bi jarraipen horiek?

Jarraipen farmakologikoa diagnostikoaren araberakoa da: arreta desoreka, elikatze jokaeraren desoreka, ezaugarri depresiboak… Hala ere, umeekin medikamentu gutxiago erabiltzen dira; baina, behar direnean, horrek efektuen edo albo ondorioen segimendu bat behar du. Ume gorrentzako psikoterapia gutxiegi erabiltzen da profesionalen faltagatik. Psikoterapia elkarrizketan oinarritzen da; hizketa hori egiten ez baldin bada, ezin da jarraitu. Horrexegatik, keinu hizkuntza bikain erabiltzen duten gure bi lankideek badakite psikoterapia ondo egiten.

Kasuek ez dute zertan gora egin. Kalitatea kantitatearen aurrean.

Geure ekarpena ez da bolumenean oinarrituko. Lehenik eta behin, esan behar da entzumen urritasunak dituzten umeak jada zainduta daudela. Guk balio erantsi bat gehitu nahi dugu arretak kalitate handiagoa izan dezan. Hortaz, uste dugu umeen kopurua txikia izango dela, baina jasoko duten arreta garrantzitsua izango da eurentzat.

Zer izan behar da profesional on bat izateko?

Hasteko, ikasketa klinikoak izan behar dira. Horrez gain, keinu hizkuntza menderatu eta gorren mundua ezagutu behar da. Entzumen urritasuna duten pertsonen eguneroko oztopoak ezagutu behar dira gertutik.