Bizkaia eta mundua sinonimo direnean

Bizkaia eta mundua sinonimo direnean

​Ez dakit zeri buruz idatzi. Bizkaiko Hitza-rako zutabeak idaztea eskaini zidatenean, aukera paregabea iruditu zitzaidan nire hausnarketak eta kezkak plazaratzeko. Baina orain paperaren parean jarri behar dudan bakoitzean egiten dut zalantza. Eta zalantza egiten dut ez berbak falta zaizkidalako, gai egokiak identifikatzen ez ditudalako baino. Bizkaiko Hitza-n ari naiz idazten, bizkaitarra naizen heinean, Bizkaia ezagutu eta hartaz berba egiteko. Baina zer da Bizkaiari buruz berba egitea? Zeintzuk dira Bizkaiko gaiak?

Horri bueltaka darabilt denboratxoa, kazeta honetan idazteko zilegitasuna nire jaiolekuak bainoago nire berbagaiak eman diezadan nahi dudalako. Eta etortzen zaizkit gai dezente, ez pentsa lehortean nagoenik. Irakurtzen ditut albisteak, ikusten dut nire ingurua eta identifikatzen ditut gai ugari: bertan daukagu kulturaren aitzakiapean sarraskitu nahi duten Urdaibai, azkenaldian poz bat edo beste ematen dabilen futbol taldea, eta beste. Edota herritik bertatik irten beharrik barik, bertan ditugu etxebizitza bilatu ezinda ehunka lagun, eta lan baldintza negargarrietan beste hainbeste. Kontu horiek guztiak Bizkaian gertatzen dira, gure begien bistan. Baina Bizkaian izateagatik ere bizkaitarrak dira bakarrik?

Duela urte bi Mikel Aiestaran kazetaria elkarrizketatu nuen Gipuzkoako Hitza-n, eta berak esandakoak eman zidan zer pentsatua. Aiestaranek, Euskal Herritik milaka kilometrora berri ematen ibiliagatik ere, tokian tokiko kazetaritza egiten zuela esan zidan. Bera toki horietara joaten zen, bertako jendearekin egoten zen. Funtsean, bertatik bertarako kazetaritza egiten zuen, nahiz eta hartzailea milaka kilometrora egon. Elkarrizketa hori buruko armairuren batean nuen, harik eta Irutxuloko Hitza-ko artikulu bat irakurri nuen arte, funtsean muin bera zuena: kontu globalak tokiko direla ezinbestean.

Mundu globalizatu honetan ezer gutxi dago lokala, ezer gutxi da anekdotikoa. Ez gara bereziak, ez gara bakarrak. Ez dago horrelakorik.

Honekin esan nahi dudana da goian aipatutako adibideak ez direla, inondik inora ere, gureak soilik. Mundu globalizatu honetan ezer gutxi dago lokala, ezer gutxi da anekdotikoa. Ez gara bereziak, ez gara bakarrak. Bizi garen mundu honetan ez dago horrelakorik. Beste gauza bat da globalizazio horrek ekarri duen problematika ondo errotuta egotea gure gizartean, eta nahi eta nahi ez eragitea txikian. Handitik txikira bizi gara, eta ez alderantziz.

Horrela, bada, zutabe honen ostean, hasieran bezain galduta nago. Ez dakit zein gai diren bizkaitarrak, zeintzuk nazionalak eta zeintzuk gure etxean baino ardura ez dutenak. Eta inork pentsa lezake aurreko paragrafoetako hausnarketaren ondoren horrela bukatzea nahiko kontraesankorra dela, baina kazetaritzaren mundutik datorren orok jakingo du zelako buruko mina sortzen duen kontrasteetan aritzeak, zein gai den nongo zehazteak. Beraz, besterik ezean, nire animo eta miresmen dena tokian tokiko kazetaritzan zabiltzatenoi. Mundu globalizatu honek zuei (ere) ez dizue onik egin!