Lore Bengoetxea
Armintxeko aurkikuntzaren berri eman zenetik hilabete baino gutxiago igaro dela, espeleologoen lan isilaz dihardu Xabier Gezuragak (Lekeitio, 1969), eta nabarmendu du aurrera begira arkeologoekin batera lan egiteko premia dagoela.Maiatz...
Elkarrizketa
“Familia askori betikotu egin zaie txirotasuna”
Alaitz Armendariz
2006. urtetik Bizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzaile lanetan dabil Manu Calvo (Bilbo, 1968). Aurretik ere erakunde horretan lan egin du zenbait proiektutan, 1995az geroztik. Hurbiletik ezagutzen ditu Gurutze Gorrira laguntza eske jot...
“Txertoa eman izan baligute, ziurrenik ez ginen gaixotuko”
Nerea Bedialauneta Alkorta
Haurra zela, poliomielitis gaitza pasatu zuen Mario Feijoo Anakabek (Ondarroa, 1955); 11 hilabete besterik ez zuela. Gaitza pasatu zen, baina ez ondorenak.Urriaren 24an Poliomielitisaren Nazioarteko Eguna ospatzeak zer garran...
“Hemen liburuetan baino askoz hobeto ikusten dira artelanak”
Natalia Salazar Orbe
1927an sortu zutenez geroztik, hiru egoitza izan ditu Bilboko Berreginen museoak. Eliza batean dago egun, Mariaren Bihotzean. Hamar urte bete ditu bertan. Urteurren hori ospatzeko, MontaTU 2006-2016 erakusketa inauguratu berri dute...
“Gauza askori uko egin behar diote artistek”
Alaitz Armendariz
1994tik grabatuen munduan murgilduta bizi da Maite Martinez de Arenaza (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1971). Sortzaile ugariri euren lanak erakusteko aukera ematen die Bilboko La Taller espazioan, eta grabatu eskolak ere ematen ditu han. O...
“Errazagoa da hegan egitea, Bilbora trenez joatea baino”
Alaitz Armendariz
Mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonek sarri askotan izaten duten arazoetako bat ikusarazi du Maria Luisa Goikoetxeak (Urduña, 1960). Ezin du bere herritik Bilbora trenean bidaiatu, ezinezkoa baitzaio mugitzeko erabiltzen duen eskuterrarekin trenera igotzea. Aurreko astean ultrarin batean hegan egin zuen, trenean denontzako iristeko erraztasuna egon dadin aldarrikatzeko.
Noiztik daukazu eskuter batean ibiltzeko beharra?
2014ko otsailaren 23an garuneko odoljarioa izan nuen, eta koman egon nintzen hiru astez. Gurutzetan ebakuntza egin zidaten, eta, horren ondoren, Gorlizera eraman ninduten. Gorliztik Arrasateko ospitalera joan nintzen, Aita Mennikora, garuneko kalteetan adituak baitira hor. Zortzi hilabeteren ondoren etxera itzuli nintzen; eskuter bat erosi nuen, eta Bilbon errehabilitazioa egiten jarraitu nuen.
Errehabilitazioa egitera Bilbora joan behar izaten duzu, beraz, orain.
Hasieran, astean hiru alditan joaten nintzen Bilbora. Joateko moduren bat izango banu, bost egunetan joango nintzateke. Baina ez zen erraza, senarrak edo semeak eraman behar nindutelako, eta, horregatik, hiru egunetan soilik joaten nintzen. Eskuterra erosi nuenean pentsatu nuen Bilbora joateko moduan egongo nintzela. Baina senarrak ohartarazi zidan trena ez zegoela egokituta. Nik lan egiten nuenean [medikua da] autoan joaten nintzen, baina ikastera joaten nintzen garaitik gogoratzen nuen bazirela elbarrientzako aulkiak bagoietan. Horregatik, ez nuen segundo bakar batez pentsatu egokituta egon ez zitekeenik, bagoian elbarrientzako aulkiak egonda. Ba ez, ez zeuden egokituta. Ez dauka ez hanka ez buru.
Orduan, hortik aurrera, zure borroka hasi zen?
Arartekora gutun bat bidali nuen, eta haiek Espainiako Arartekoari igorri zioten nire kexa. Izan ere, Renfe Espainiako enpresa bat izanik, hemengo Arartekoak ez du eskumenik. Espainiako Arartekoak oso jarrera txarra izan zuen: Renferen bozgorailua baino ez baitzen izan, eta nire kasua artxibatu zuen.
Sinadura bilketa bat ere abiatu zenuen.
Urtarrilean hasi genuen, eta ia 120.000 sinadura bilduak ditugu. Ez Renfek eta ez Adifek ez zuten erantzun, eta Fecoor elkartearekin manifestazio bat egin genuen apirilaren 28an, Urduñan.
Zehazki, zein da zure arazoa? Ezin zara trenera igo, ezin zara nasara sartu...?
Trenera igotzea ezinezkoa zait. Nasara ongi hel naiteke, baina trenera igotzeko bi edo hiru eskailera daude, hortaz, ezin naiz eskuterrarekin igo.
Noren laguntza jaso duzu?
Madrilgo senatari batzuek lagundu didate, eta hona etorri ziren. Begira zer-nolako erantzuna eman zion Renfeko presidenteak senatari bati: treneko txartel zulatzaileak lagun omen nazakeela. Eskuterrak 100 kilo pisatzen du eta! Argi dago erabat ezinezkoa dela. Horrez gain, tren guztietan ez doaz txartel zulatzaileak.
Nola moldatzen zara orduan Bilbora errehabilitazio saioetara joateko?
Azkenean, arazoa hainbeste luzatzen ari denez, Bilbora hiru egunetan joan ordez bitan joaten naiz, eta egun batean bi saio egiten ditut. Senarrak edo semeak eramaten naute; eskerrak nire senarra langile autonomoa den, bestela...
Zer eskatzen diozu Renferi?
Autobusetan bezala, bagoietako bat egokituko balute nahikoa izango litzateke. Hasieran esaten zidaten hori oso garestia izango zela, eskulana dela eta. Gero, hobetu pentsatu, eta iruditu zitzaidan hobe zela lehen bagoia elbarrientzako izatea, autobusetan bezala. Horrela, jende gehiagok izango ditu onurak, ez nik bakarrik: elbarriek, umeentzako gurditxoak daramatzaten pertsonek, pertsona helduek... Nik ez dut hain zail ikusten. Eta hor ere arazoak: esaten zuten tren bakoitzeko bagoi bat egokitu beharko zutela. Eta nik: tira, ba, egokitu dezatela bat bakarrik. Ibilbidea egin dezala Urduñatik Bilbora eta alderantziz, eta ordutegi jarraituan; jar ditzatela ordutegiak, eta horietara moldatuko gara gu. Baina alferrik izan da.
Izango da jende gehiago zure egoera berean, noski.
Bai, jakina. Eta lotsagarria da: Renferen Facebooken adierazi dute kirolari paralinpiarren alde daudela; dominak jartzen dizkiote euren buruari. Haiek diote paralinpiar asko trenean itzuli direla etxera, eta jendea haserre dago horregatik, iristeko erraztasuna ez dutelako kontuan hartzen. Beste mezu batzuei erantzuna ematen diete, baina horiei ez.
Trenaz gain, ez al dago Urduñatik Bilbora joateko bestelako garraio publikorik?
Urduñan ez dago zuzenean Bilbora doan autobusik, Galdakaora doan bat bakarrik dago. Halere, ni saiatu nintzen aspaldi Bizkaibusean joaten, baina, niretzat, oso zaila da ongi esertzeko. Bizkarrez joan behar dut, gainera, eta zorabiatu egiten naiz. Eta denbora luzea behar du autobusak heltzeko: Basaurira iristeko ordubete pasatxo, geldialdi mordoa egiten dituelako. Eta Basaurin beste puska batez ibili behar dut, egokituta dagoen metro geltokia apur bat urrunago dagoelako. Halere, saiatu, saiatu nintzen.
Ultrarin batean hegan egin duzu zure eskubideak aldarrikatzeko.
Nola sortu zen ideia hori?
Folk jaialdi batean zozketa bat egin zuten, eta hirugarren saria parapenterako bidaia bat zen. Nik pentsatu nuen: niri egokitzen bazait, ni noa! Etxera heldutakoan pentsatu nuen tokatu ala ez, ausartuko nintzela. Erakutsi nahi nuen errazagoa dela hegan egitea, Bilbora trenean joatea baino.
Zer-nolako esperientzia izan da?
Hasieran, beldur handia nuen. Familiarekin parke tematikoetara joaten nintzenean, paseatzen geratzen direnetarikoa nintzen ni, beldurraren beldurrez. Baina, azkenean, erlaxatu eta esperientzia gozatzea lortu nuen. Hurrengo pausoa aerostato batera igotzea izango da, agian; gustatu egin zait hegan egitea.
“Suizidioa nabarmen areagotu da emakume gazteen artean”
Aitziber Laskibar Lizarribar
Krisiak suizidio tasa handitzea ekarri ote duen egiaztatzeko, ikerketa bat egin du Jon Garcia Ormazak (Santurtzi, 1979). Aurreikusi gabeko ondorio batera iritsi da Neurozientzietan doktore eta EHUn Psikiatria irakasle dena:...
“Aurten Liga irabazten duen traineruak merezia izango du”
Natalia Salazar Orbe
Kontxako Banderaren garaipena ospatzeko tarterik gabe, aste osoa San Miguel Liga irabazteko entrenatzen pasatu dute Urdaibaiko arraunlariek. Iker Zabala (Bermeo, 1979) jakitun da aurkari latza dutela, Hondarribiarekiko tarte txikia dute eta. Baina gogor lehiatzeko asmoa dute, bihar Bermeon, eta etzi Portugaleten.
Kostatu egin zitzaizuen Kontxako Bandera lehenengoz Bermeora eramatea. Baina bosgarrena eskuratu berri duzue. Neurria hartu diozue probari?
Sekretua lan asko egitea da. Horrez gain, bloke finko bat mantendu dugu azken urteetan, eta urte askoko lanaren fruituak hasi gara jasotzen. Hala ere, zorte pixka bat ere beharrezkoa da, Kontxako estropada berezi samarra izaten delako. Kale batetik bestera alde handia izaten da. Hasieran talde onarekin joan ginen Kontxara. Kostatu egin zitzaigun lehenengoa irabaztea, baina, gero, bost etorri dira. Lan asko egin behar izan dugu. Badirudi emaitza onak erraz lortzen ditugula, baina hor atzean talde oso ona dago.
Taldean egon zara Urdaibaik Kontxako Bandera guztiak eskuratu dituenean. Lehenengoaren ilusio berarekin hartu duzu azkena?
Egia esan, gero eta ilusio handiagoa egiten dit irabazteak. Lehenengoa irabazten duzunean, ez diozu ematen daukan balioa. Urteak pasatu ahala konturatzen zara zer-nolako lorpena den, ez Kontxa irabaztea soilik, baita bertan egotea ere. Zortzi arraun taldek hartzen dute parte proban. Gainerakoek kanpotik ikusten dute. Beraz, pribilegiatuak gara parte hartzeagatik soilik. Eta irabaztea sekulakoa da. Urteekin konturatzen zara gero eta aukera gutxiago dituzula irabazteko, eta balioa ematen diozu lorpenari.
Seigarren bat lortzeko lehiatuko zara zu zeu?
Ez dakit. Beterano samarra naiz; 37 urte dauzkat. Urte asko egin ditut klubean. Buru-belarri sartuta nago denboraldian. Gero hilabete eta erdiko tartea izango dut zer egin erabakitzeko: jarraitu, ez jarraitu, edo beste talde batera jo.
Ligara begira, bi punturen abantaila daramazue. Lasaitasuna ematen dizue horrek, ala presio handiagoa sorrarazi?
Ez bata ez bestea. Aurrera jarraitzeko adorea ematen du. Ikusten dugu urtea oso borobila izan daitekeela. Ekainean, bazirudien hondarribiarrek eramango zutela San Miguel Liga, erraz samar. Baina abuztutik aurrera estropada gehien-gehienak Bermeora etorri dira. Garairik onenean iritsi gara, punta-puntan, eta dena irabazteko aukerekin. Oso gutxitan lortu da hori arraunaren munduan. 2010ean lortu zuen Urdaibaik, eta beste behin baino ez du lortu beste klub batek. Aurten ere gauza biak lortzea espero dugu. Hala ere, egokitu ahal zitzaigun aurkaririk txarrena tokatu zaigu: Hondarribia. Talde garrantzitsua da, historia handia dauka eta arraunlari oso onak ditu. Gu ere ez gara makalak, ordea. Gogo biziz ekingo diogu. Bihar Bermeon daukagun estropada irabazi nahi dugu. Domekako estropada eremua arriskutsua izango da. Bihar irabazten badugu, ez dut esango ligari sententzia emango diogunik, baina zati handi bat Bermeon erabakiko da.
Ahaztu dituzue Hondarribiagaz 2013ko Kontxan gertatutakoak?
Nik neuk ez; ez dut ahaztu, ez dut ahaztu nahi eta ez dut ahaztuko. Ez urte horretan egin ziguten minagatik soilik, hortik aurrera ere egin dituztenengatik baizik. Nire ustez, ez dute jokatu kirol legez. Beraz, nire aldetik ez diet barkatuko. Baina ezin dut hitz egin klubaren edo gainerako taldekideen izenean.
Bihar eta etziko kaleen zozketaren beldur al zarete?
Bai. Kontxan kalerik txarrenetik joan ginen, eta, hala ere, irabazi egin genuen. Taldea oso indartsu dago, adorez gainezka. Nahiz eta kalerik txarrena egokitu, aurre egingo diogu. Eta onenak irabaz dezala. Bai gu eta baita Hondarribia ere sekulako denboraldia egiten ari gara. Aurten liga irabazten duen traineruak merezia izango du.
Bihar eta etziko estropadetarako taktika erabakita daukazue?
Taktika erraza da: eurek baino azkarrago egitea arraunean, eta ahalik eta traineru gehienak sartzea euren eta gure artean. Hala ere, arraunean gauzak esatea erraza da, baina gero, egitea, zaila. Maila handiko bi traineru dira. Nahiz eta kanpotik ikusi denboraldian dena irabazi dugula, tartea oso txikia da, oso segundo gutxi daude bion artean. Beraz, bihar kolpea ematen duenak izango du igandean berak nahi duena egiteko aukera.
Denboraldia borobiltzeko modu ezin hobea izango litzateke liga irabaztea. Orain artekoari buruz zer-nolako balorazioa egiten duzu?
Oso ona. Dena baztertu dugu traineruan pentsatuta. Azken urteetan tripulazio txikietan —bateletan eta trainerilletan— sekulako maila eman dugu. Aurten ez. Aurten, indarrak gorde egin ditugu, udako estropadetan ahalik eta hoberen geratzeko. Izan ere, urteetan gora goaz, eta gero eta bala gutxiago daukagu errekamaran. Tiro egiterakoan min egin behar da. Aurten, gure asmoa izan da ahalik eta bala gehien gordetzea, eta abuztutik aurrera artilleria guztiarekin gerrara joatea. Zorionez, emaitzak onak izan dira. Neguan izugarrizko lana egin dugu, eta, emaitzen arabera, oso bide onetik joan gara. Ea orain errematea ematen diogun.
Iaz trantze txarra pasatuko zenuten Estrobo auzia dela eta. Zein ondorio utzi ditu horrek taldean?
Iaz bakarrik ez. Lauzpabost urte daramatzagu infernuan. Azken batean, gu kirolariak gara, herriko jendea gara, ez gara estralurtarrak edo futbolariak. Gu kalean gabiltza. Gure asmoa da arraunean egitea, eta gozatzea. Jende askok kanpoan ikusi nahi izan gaitu. Epaia gure alde atera zen. Oso pozik gaude, baina mina eginda dago. Leku askotatik bonbardaketa gogorrak izan ditugu, nahiz eta jendeak ez ikusi. Urdaibaik beti eman du maila ona uretan, eta aurpegia eman dugu garairik txarrenetan. Horrek esan nahi du kluba indartsu dagoela; arraunlariak ere fisiko eta psikologikoki gogorrak garela. Hala ere, min handia egin digute. Nik neuk ezin dut ahaztu nik eta nire taldekideek, klubeko jendeak, herriak eta familiak sufritu dutena.
Harrobia behar bezala ez prestatzea leporatu izan zaio klubari. Gaur egun zelan dago?
Sarri egoten dira liskarrak klubaren barruan. Azken urteetan polito egin da lana. Baina aurten eten txiki bat egon da. Ez dira ondo konpondu barruko kontuetan, eta eten txiki bat gertatu da. Berriz hasi beharko dugu hutsetik haurrekin eta kadeteekin. Pena izan da. Azken urteetan klubak traineru indartsua izan du, eta ez da gai izan ospe eta bolada on horri probetxua ateratzeko. Hala ere, ezin da atzera begiratu. Aurrera begiratu behar da. Eta hasi dira berriz ere etxea behetik gora eraikitzen. Horren emaitzak ikusteko, urte mordo bat pasatu beharko dira, ordea.
Emakumeen trainerua bultzatzeko nahikoa lan egiten al du klubak?
Bai. Bermeok azken bi urteetan atera ditu emakumeen batelak. Denboraldia ez da hasi oraingoz, baina klubaren asmoa da emakumeei potentziala ematea, eta mutikoak eta neskak erakartzea.
“Nagusien zaintzaren kalitatea lotuta dago gure lan baldintzekin”
Aitziber Laskibar Lizarribar
Hilaren 21etik aurrera greba egingo dute zahar etxeetako langileek, bi astez. Beste biderik ez dutela dio Barakaldoko Sanitas egoitzako ELAren ordezkariak, Marina Costa Bonomek (Betanzos, Coruña, 1959).
Bizkaiko zahar etxeetako langileek bi asteko greba egingo duzue. Zergatik?
Martxotik 18 greba egun egin ditugu dagoeneko, baina badirudi ez patronalak eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak ez dituztela gure aldarrikapenak ulertzen; eta ez dugu beste munduko ezer eskatzen. Etengabe esaten ari gara gure artaren kalitatea oso kaskarra dela, eta horri ezin zaio ez ikusiarena egin. Nagusien zaintzan ematen dugun kalitatea lotuta dago gure lan baldintzekin, eta baldintzak erabat prekarioak dira. Beraz, patronalaren eta aldundiaren isiltasuna ikusita, ez zaigu beste aukerarik geratu. Nahiko genuke esan hau amaitu dela, grebak oso gogorrak dira-eta, baina ez dugu beste aukerarik. Aurrera jarraituko dugu, eta, jasotzen ditugun erantzunen arabera, hau in crescendo joango da.
Lehenago ere eginak dituzue greba egunak. Zein balorazio egiten duzue?
Gero eta langile gehiago eta egoitza gehiago batuz joan dira grebara, eta balorazioa oso positiboa da, alde horretatik. Jendea oso erreta dago; ezin du gehiago. Osasun arazo handiak sortzen ari zaizkigu; gihar eta hezur arazoak ditugu batez ere, eta, ditugun lanaldiengatik, lana eta familia uztartzea ia ezinezkoa da. Langile batek hau esan zidan duela gutxi: "Tristea da kafe batekin eta aintiinflamatorioarekin elikatu behar izatea lanera etorri ahal izateko". Buruan iltzatuta geratu zait.
Zein da baldintza txar horien oinarria?
Arazoaren oinarri nagusietako bat ratioen kontua da. Ratioen araua 1998koa da, eta, orduan, egoitzetan sartzen zirenak bere kasa ibiltzeko gai ziren; lagundu eta pixka bat zaindu behar ziren. Baina zer gertatzen da orain? Datozen pertsonek erabateko menpekotasuna dute. Zeren, ordutik izan diren murrizketa guztien ondorioz, familiek etxean mantentzen baitituzte adinekoak ahalik eta denbora gehien. Beraz, zahar etxera datozenean, eguneroko gauza guztiak egiteko behar dute laguntza: jaten eman behar zaie, eta dena egin behar zaie; batzuek dementzia dute, eta baditugu arazo psikiatrikoak dituztenak ere, psikiatrikoetan daudenak adin batetik gora zahar etxeetara bidaltzen dituztelako. Horren guztiaren ondorioz, lana pilatu egin da, izugarri handitu da; baina ratioek berak dira oraindik ere.
Zer eskatzen duzue?
Batetik, kontratu prekarioak desagertzea. Badago jendea goizean ordu gutxi batzuk dituena eta arratsaldean beste lanaldi txiki bat; egun guztia baldintzatzen du horrek, etxera bi pezeta eramateko. Baimenen gaia konpondu behar da, kartelera hain estua dugunez ez baitugu bizitzeko astirik. Urtean 1.592 lanordu izatea eskatzen dugu, zerbitzu publikoetako langileekin berdinduta. Kontuan hartu gurea zerbitzu publikoa dela, pribatizatu egin den arren. Ratio eta lan kargen gaia eztabaidaezina da. Eta gaixo baimenen kontua ere konpondu behar da. Gaixotasunagatik baimena hartzen badugu, lan istripu baten ondorioz bada ere, ez dugu %100 kobratzen bigarren hilabetetik aurrera. Alegia, gaixotzeagatik zigortu egiten gaituzte. Eta, bestetik, Toña jaunaren hitzak hartuko ditugu. Esan zuen 1.200 euro baino gutxiagoko soldatak ez direla duinak. Ba, horixe eskatzen dugu: 1.200 euro; ez gehiago, ez gutxiago.
Zein soldata duzu egun?
Nik, adibidez, 14 urteko antzinatasuna dut, eta, plusak kontuan hartuta, jaiegun, igande eta gauetako gehigarriak kontuan hartuta, 1.100 euro inguru jasotzen ditut; edozein kasutan, 1.200 baino gutxiago. Eta nik 14 urteko antzinatasuna dut!
Adinekoen egoitzak kudeatzen dituzten hiru patronalei —ELBE, GSCA eta LARES— geldirik egotea egotzi diezue. Zergatik?
Egoera ez da oso baikorra. Bildu ginen azken aldian, maiatzean, hiru euroren truke bake soziala izatea proposatu ziguten. Hori da eskaini ziguten bakarra. Iseka iruditu zitzaigun, umiliazioa; gehiengoa garen emakume gisa, pertsona gisa eta langile gisa. Mahaitik altxatu eta joan egin ginen, noski.
Aldundiaren jarrera ere txarretsi duzue. Zer egin dezake?
Aldundiak pribatizatu egin ditu zerbitzuak. Baina zahar etxeak, pribatuak diren arren, diruz lagunduta daude, eta, beraz, aldundiak zeresan handia dauka. Aldundiak bere adinekoak zaindu behar ditu, eta bere adinekoak zaintzen dituenak ere bai. Zeren, gu gaizki bagaude, haiek ez dira ondo egongo.
Eta zer egin behar du zehazki?
Ratioen gaiari heldu, horixe egin behar du. Berrikusi eta egokitu egin behar ditu. Gainera, lorezainak eta zuzendariak ere, adibidez, zaintzarako ratio horien barruan sartzen dituzte! Ez du zentzurik.
Grebarako eskubidea oztopatzen ari zaizuela ere ohartarazi duzue, langileak mehatxuak jasotzen ari direla...
Bai, bai. Niri ez zait gertatu, baina egoitza batzuetan langileak mehatxatu dituzte, eta, Loiuko Aulaga egoitzan, adibidez, bi lankide kaleratu dituzte. Kaleratuta daude greba egiteagatik, eta auzitara joango dira.
Zerk utziko luke bertan behera greba, eta zeintzuk dira marra gorriak?
Ratioak eta lan karga egokitzea ezinbestekoa da. 1.592 orduena ere bai. Eta gaixo baimenena moldatu egin behar da.
Eta erantzunak ez bazaituztete gogobetetzen?
Hau gogortu egingo da. Jendea oso haserre dago. Norbaitek oso gutxi duenean galtzeko, osasuna kolokan duenean, ezin duenean lana etxeko bizitzarekin uztartu lanetik irtetean besaulkia soilik duelako buruan... Oso tristea da, baina halakoa da egoera.
ELAk bakarrik deitu du grebara?
Horri buruz hitz egin nahi nuen, galdera asko egiten baitizkiogu geure buruari. Gure diagnosi bera egiten duten eta aldarrikapenetan bat egiten duten gainontzeko sindikatuekin bildu gara, baina ez dira mugitzen. Batez ere, ez dugu LABen jarrera ulertzen. Sindikatu borrokalaria behar luke, baina, gaur-gaurkoz, ez dugu haien berririk. Indarrak batzen direnean ez dira gehitu soilik egiten; ugaritu egiten dira. Beraz, haiek ere hemen egotea nahi eta behar dugu. Etortzeko deia egiten diet.
Egoera laster aldatuko den esperantza duzue?
Esperantza badugu; bestela, ez ginateke borroka honetan egongo. Baina kontzientzia hartu behar dugu denok. Gure sektoreak gero eta indar handiagoa du, eta hala izango du aurrerantzean ere, populazioa zahartzen ari baita; beraz, irtenbidea bilatu behar da. Sektorea profesionalizatu eta gure lana aitortu behar da: oso lan gogorra da, sakrifizio handia eskatzen duena, pazientzia handia, jendea tratatzen jakitea... SOS oihua jaurtitzen ari gara: aitortu gaitzatela, mesedez, berekoikeriagatik bada ere; denoi iritsiko zaigu zahartzaroa! Eta niretzat nahi ez nituzkeen gauza asko ikusten ditut egunero.
“Pertsona suntsitzeko tortura zuria da Zulueta jasaten ari dena”
Aitziber Laskibar Lizarribar
Ezagutzen dutenek badakite emakume gogorra dela Arantza Zulueta abokatua. Egoera gogor asko bizitakoa, eta pertsonalki indartsua. Baina kezkatuta daude. Cadizko Puerto III espetxean jasaten ari denak edozein pertsona suntsi...