“Nagusien zaintzaren kalitatea lotuta dago gure lan baldintzekin”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Hilaren 21etik aurrera greba egingo dute zahar etxeetako langileek, bi astez. Beste biderik ez dutela dio Barakaldoko Sanitas egoitzako ELAren ordezkariak, Marina Costa Bonomek (Betanzos, Coruña, 1959).

Bizkaiko zahar etxeetako langileek bi asteko greba egingo duzue. Zergatik?

Martxotik 18 greba egun egin ditugu dagoeneko, baina badirudi ez patronalak eta ez Bizkaiko Foru Aldundiak ez dituztela gure aldarrikapenak ulertzen; eta ez dugu beste munduko ezer eskatzen. Etengabe esaten ari gara gure artaren kalitatea oso kaskarra dela, eta horri ezin zaio ez ikusiarena egin. Nagusien zaintzan ematen dugun kalitatea lotuta dago gure lan baldintzekin, eta baldintzak erabat prekarioak dira. Beraz, patronalaren eta aldundiaren isiltasuna ikusita, ez zaigu beste aukerarik geratu. Nahiko genuke esan hau amaitu dela, grebak oso gogorrak dira-eta, baina ez dugu beste aukerarik. Aurrera jarraituko dugu, eta, jasotzen ditugun erantzunen arabera, hau in crescendo joango da.

Lehenago ere eginak dituzue greba egunak. Zein balorazio egiten duzue?

Gero eta langile gehiago eta egoitza gehiago batuz joan dira grebara, eta balorazioa oso positiboa da, alde horretatik. Jendea oso erreta dago; ezin du gehiago. Osasun arazo handiak sortzen ari zaizkigu; gihar eta hezur arazoak ditugu batez ere, eta, ditugun lanaldiengatik, lana eta familia uztartzea ia ezinezkoa da. Langile batek hau esan zidan duela gutxi: “Tristea da kafe batekin eta aintiinflamatorioarekin elikatu behar izatea lanera etorri ahal izateko”. Buruan iltzatuta geratu zait.

Zein da baldintza txar horien oinarria?

Arazoaren oinarri nagusietako bat ratioen kontua da. Ratioen araua 1998koa da, eta, orduan, egoitzetan sartzen zirenak bere kasa ibiltzeko gai ziren; lagundu eta pixka bat zaindu behar ziren. Baina zer gertatzen da orain? Datozen pertsonek erabateko menpekotasuna dute. Zeren, ordutik izan diren murrizketa guztien ondorioz, familiek etxean mantentzen baitituzte adinekoak ahalik eta denbora gehien. Beraz, zahar etxera datozenean, eguneroko gauza guztiak egiteko behar dute laguntza: jaten eman behar zaie, eta dena egin behar zaie; batzuek dementzia dute, eta baditugu arazo psikiatrikoak dituztenak ere, psikiatrikoetan daudenak adin batetik gora zahar etxeetara bidaltzen dituztelako. Horren guztiaren ondorioz, lana pilatu egin da, izugarri handitu da; baina ratioek berak dira oraindik ere.

Zer eskatzen duzue?

Batetik, kontratu prekarioak desagertzea. Badago jendea goizean ordu gutxi batzuk dituena eta arratsaldean beste lanaldi txiki bat; egun guztia baldintzatzen du horrek, etxera bi pezeta eramateko. Baimenen gaia konpondu behar da, kartelera hain estua dugunez ez baitugu bizitzeko astirik. Urtean 1.592 lanordu izatea eskatzen dugu, zerbitzu publikoetako langileekin berdinduta. Kontuan hartu gurea zerbitzu publikoa dela, pribatizatu egin den arren. Ratio eta lan kargen gaia eztabaidaezina da. Eta gaixo baimenen kontua ere konpondu behar da. Gaixotasunagatik baimena hartzen badugu, lan istripu baten ondorioz bada ere, ez dugu %100 kobratzen bigarren hilabetetik aurrera. Alegia, gaixotzeagatik zigortu egiten gaituzte. Eta, bestetik, Toña jaunaren hitzak hartuko ditugu. Esan zuen 1.200 euro baino gutxiagoko soldatak ez direla duinak. Ba, horixe eskatzen dugu: 1.200 euro; ez gehiago, ez gutxiago.

Zein soldata duzu egun?

Nik, adibidez, 14 urteko antzinatasuna dut, eta, plusak kontuan hartuta, jaiegun, igande eta gauetako gehigarriak kontuan hartuta, 1.100 euro inguru jasotzen ditut; edozein kasutan, 1.200 baino gutxiago. Eta nik 14 urteko antzinatasuna dut!

Adinekoen egoitzak kudeatzen dituzten hiru patronalei —ELBE, GSCA eta LARES— geldirik egotea egotzi diezue. Zergatik?

Egoera ez da oso baikorra. Bildu ginen azken aldian, maiatzean, hiru euroren truke bake soziala izatea proposatu ziguten. Hori da eskaini ziguten bakarra. Iseka iruditu zitzaigun, umiliazioa; gehiengoa garen emakume gisa, pertsona gisa eta langile gisa. Mahaitik altxatu eta joan egin ginen, noski.

Aldundiaren jarrera ere txarretsi duzue. Zer egin dezake?

Aldundiak pribatizatu egin ditu zerbitzuak. Baina zahar etxeak, pribatuak diren arren, diruz lagunduta daude, eta, beraz, aldundiak zeresan handia dauka. Aldundiak bere adinekoak zaindu behar ditu, eta bere adinekoak zaintzen dituenak ere bai. Zeren, gu gaizki bagaude, haiek ez dira ondo egongo.

Eta zer egin behar du zehazki?

Ratioen gaiari heldu, horixe egin behar du. Berrikusi eta egokitu egin behar ditu. Gainera, lorezainak eta zuzendariak ere, adibidez, zaintzarako ratio horien barruan sartzen dituzte! Ez du zentzurik.

Grebarako eskubidea oztopatzen ari zaizuela ere ohartarazi duzue, langileak mehatxuak jasotzen ari direla…

Bai, bai. Niri ez zait gertatu, baina egoitza batzuetan langileak mehatxatu dituzte, eta, Loiuko Aulaga egoitzan, adibidez, bi lankide kaleratu dituzte. Kaleratuta daude greba egiteagatik, eta auzitara joango dira.

Zerk utziko luke bertan behera greba, eta zeintzuk dira marra gorriak?

Ratioak eta lan karga egokitzea ezinbestekoa da. 1.592 orduena ere bai. Eta gaixo baimenena moldatu egin behar da.

Eta erantzunak ez bazaituztete gogobetetzen?

Hau gogortu egingo da. Jendea oso haserre dago. Norbaitek oso gutxi duenean galtzeko, osasuna kolokan duenean, ezin duenean lana etxeko bizitzarekin uztartu lanetik irtetean besaulkia soilik duelako buruan… Oso tristea da, baina halakoa da egoera.

ELAk bakarrik deitu du grebara?

Horri buruz hitz egin nahi nuen, galdera asko egiten baitizkiogu geure buruari. Gure diagnosi bera egiten duten eta aldarrikapenetan bat egiten duten gainontzeko sindikatuekin bildu gara, baina ez dira mugitzen. Batez ere, ez dugu LABen jarrera ulertzen. Sindikatu borrokalaria behar luke, baina, gaur-gaurkoz, ez dugu haien berririk. Indarrak batzen direnean ez dira gehitu soilik egiten; ugaritu egiten dira. Beraz, haiek ere hemen egotea nahi eta behar dugu. Etortzeko deia egiten diet.

Egoera laster aldatuko den esperantza duzue?

Esperantza badugu; bestela, ez ginateke borroka honetan egongo. Baina kontzientzia hartu behar dugu denok. Gure sektoreak gero eta indar handiagoa du, eta hala izango du aurrerantzean ere, populazioa zahartzen ari baita; beraz, irtenbidea bilatu behar da. Sektorea profesionalizatu eta gure lana aitortu behar da: oso lan gogorra da, sakrifizio handia eskatzen duena, pazientzia handia, jendea tratatzen jakitea… SOS oihua jaurtitzen ari gara: aitortu gaitzatela, mesedez, berekoikeriagatik bada ere; denoi iritsiko zaigu zahartzaroa! Eta niretzat nahi ez nituzkeen gauza asko ikusten ditut egunero.