“Gauza askori uko egin behar diote artistek”

“Gauza askori uko egin behar diote artistek”

Alaitz Armendariz

1994tik grabatuen munduan murgilduta bizi da Maite Martinez de Arenaza (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1971). Sortzaile ugariri euren lanak erakusteko aukera ematen die Bilboko La Taller espazioan, eta grabatu eskolak ere ematen ditu han. Orain Erredakzioa proiektuarekin hasiko da; kazetaritzarekin lotutako esperimentu bat.

Zein ibilbide egin du gaur arte La Tallerrek?

La Taller 2010eko irailean sortu zen. Nik, lehen, grabatuen beste tailer batean lan egin nuen, Deustuan, baina aldaketa baten beharra nuen eta Solokoetxekoa hautatu nuen. Nolabait, leku sanoago bat bilatzen ari nintzen; bestea lur azpikoa zen. Hau ere bada lur azpikoa, baina baditu zortzi leiho handi; oso aireztapen ona du. Hori oso garrantzitsua da grabatuetarako. Gauza fisikoengatik mugitu ginen, espazio handia delako, argitsua, aire garbikoa, eta nik grabatuen tailer bat jarri nahi nuen. Forma arraro bateko espazio bat topatu nuen, eta formak berak zehaztu zuen espazio bakoitzaren funtzioa, sartu bezain laster esan nuen ‘hau galeria txiki bat izango da, hau erabilera anitzeko korridorea, hau tailerra…’.

Zatitan banatuta dago, orduan?

Bai, tailerra eta erakusketa aretoa ditugu. Baina, aretoan, kontzertuak eta liburuen aurkezpenak ere egiten ditugu, eta antzerkiak, dantza garaikidea…

Zenbateko maiztasunez aldatzen dituzue erakusketak?

Bi hiletik behin, normalean. Baina, hasi ginenean, ikusi genuen zein motatako jendea etortzen zen. Nolabait, publiko prekarioa genuela konturatu ginen, 35-55 urte bitartekoak gehienak, asko umeekin, eta edozein pertsonak orain dituen arazo ekonomikoekin. Horregatik, erakusketa bakoitzeko edizio bat egitea pentsatu genuen. Etorriko zen artistak erakusketarekin lotutako grabatu txiki bat prestatu behar zuen, eta hemen geratuko zen modu iraunkorrean. Baldintza bakarra grabatu hori 50 euroren truke jasotzea zen.

Artista dena delakoa izanik ere?

Bai. Nahiz eta artistak New Yorkeko galeria batekin lan egin eta marrazki bakoitzeko prezioak 1.000 edo 500 eurotan egon, adibidez, edizio horretako grabatu bakoitzarengatik 50 euro ordainduko genituen; eta hala jarraitzen dugu. Nahiko ongi funtzionatzen du, eta jendea bilduma egiten hasteko modu bat da, artisten obra originalen bildumak egiteko, edo opariak egiteko… Erakusketatik dirua errazago ateratzeko era bat ere bada. Artistentzako, eta guretzako ere, hori ez da gauza makala. Euren lana egiteagatik artistek beren gain hartzen duten prekaritate egoera nahiko handia da, eta gauza askori uko egin behar izaten diote. Beharrezkoa izan arren, soldatarik ez duen lana da.

Grabatu eskolak ere ematen dituzue.

Hasi ginenean, batetik, pentsatu genuen grabatuen inguruko erakusketa garaikide bat egitea. Eta, bestetik, planteamendu gisa ezarri genuen espazioak ekonomikoki bideragarria izan behar zuela, gure kabuz bizitzeko moduan egoteko. Eskolak eman eta dirua atera nahi genuen, eta diru horrekin espazioa mantenduko genuen. Grabatuak interesatzen zaizkion eta hona etortzen den edonori eskolak ematen dizkiogu; hiru hilabetekoak, hiru urtekoak… Amateurrak eta profesionalak etortzen dira, eta denok batera egiten dugu lan.

Hortaz, grabatuen inguruan ezer jakin gabe ere edonor joan daiteke?

Eskolak luxuzkoak izatea pentsatu nuen, zazpi pertsona gehienez. Bakoitza bere espazioan eta bere proiektuarekin ibiltzen da, baina proiektu guztiei garrantzi bera ematen diegu. Profesionala edo amateurra izan, mundu guztia berdin tratatzen dugu, unibertsitatean balego bezala, proiektu artistiko baliagarriekin.

Erredakzioa izeneko espazio bat irekiko duzue. Zertan datza?

Zabalkuntza bat izan da, esperimentu bat. Tania Arriaga, nire lankidea, beti egon da hemen, baina atzealdean, nolabait esateko. Kazetaria da. Inprenta eta kazetaritzaren inguruan nolabaiteko kezka bat bagenuen, eta beti egoten gara adi zer gertatzen den kazetaritzaren munduan; orain, adibidez, sare sozialekin, Twitterrekin, nola aldatzen duten mundua ikusteko era, denboraren kontzeptua, memoriarena, lekuena…

Kazetaritza du ardatz, hortaz?

Kazetaritza prototipo batzuk egiteko ideia daukagu, baina inolako presiorik gabe. Inprenta batekin esperimentuak egitea izango da; digitalizaziora ez, paperera itzultzea, baina beste kontzeptu batzuekin. Guk, kazetariak artisten moduan ikusten ditugu; oso lanbide prekarioa dute, garrantzia kendu zaiona. Kazetaritza ofizio oso garrantzitsu gisa aldarrikatu nahi dugu, gure txikitasunean. Eta kazetaria, nolabait, artista gisa tratatu; azken finean, kazetariak sortzaileak ere badirelako. Gai bat hartu, horren inguruan ikertu eta garatu egiten dute; artistek erabiltzen ez dituzten parametro batzuetan, baina artistek bezala, nolabait. Horren aldarrikapen lan txikia izango da.

Zer-nolako harremana duzue Solokoetxe auzoarekin?

Oso auzo lasaia da. Eta arte garaikidearen inguruko ekosistema txiki bat eratu dugu. Auzoarekin nolabaiteko sinbiosi polita egon da; hasieratik, jende nagusia etortzen zen, ikusteko zer egiten ari ginen. Pixkanaka, auzoko jendea ezagutzen joan gara, eta, nire ustez, nahiko inplikatuta daude La Tallerren egiten ditugun gauzekin. Orain, Erredakzioa egitasmoan gaude sartuta Tania eta biok, lanak egiten, eta pikotxa erabiltzen ikusten gaituzte tailer kanpotik. Etorri, eta esaten digute, ‘Aizue, horrela ez da erabiltzen pikotxa’, eta erakutsiko digutela… Oso gustura gaude.