“Aurten Liga irabazten duen traineruak merezia izango du”

“Aurten Liga irabazten duen traineruak merezia izango du”

Natalia Salazar Orbe

Kontxako Banderaren garaipena ospatzeko tarterik gabe, aste osoa San Miguel Liga irabazteko entrenatzen pasatu dute Urdaibaiko arraunlariek. Iker Zabala (Bermeo, 1979) jakitun da aurkari latza dutela, Hondarribiarekiko tarte txikia dute eta. Baina gogor lehiatzeko asmoa dute, bihar Bermeon, eta etzi Portugaleten.

Kostatu egin zitzaizuen Kontxako Bandera lehenengoz Bermeora eramatea. Baina bosgarrena eskuratu berri duzue. Neurria hartu diozue probari?

Sekretua lan asko egitea da. Horrez gain, bloke finko bat mantendu dugu azken urteetan, eta urte askoko lanaren fruituak hasi gara jasotzen. Hala ere, zorte pixka bat ere beharrezkoa da, Kontxako estropada berezi samarra izaten delako. Kale batetik bestera alde handia izaten da. Hasieran talde onarekin joan ginen Kontxara. Kostatu egin zitzaigun lehenengoa irabaztea, baina, gero, bost etorri dira. Lan asko egin behar izan dugu. Badirudi emaitza onak erraz lortzen ditugula, baina hor atzean talde oso ona dago.

Taldean egon zara Urdaibaik Kontxako Bandera guztiak eskuratu dituenean. Lehenengoaren ilusio berarekin hartu duzu azkena?

Egia esan, gero eta ilusio handiagoa egiten dit irabazteak. Lehenengoa irabazten duzunean, ez diozu ematen daukan balioa. Urteak pasatu ahala konturatzen zara zer-nolako lorpena den, ez Kontxa irabaztea soilik, baita bertan egotea ere. Zortzi arraun taldek hartzen dute parte proban. Gainerakoek kanpotik ikusten dute. Beraz, pribilegiatuak gara parte hartzeagatik soilik. Eta irabaztea sekulakoa da. Urteekin konturatzen zara gero eta aukera gutxiago dituzula irabazteko, eta balioa ematen diozu lorpenari.

Seigarren bat lortzeko lehiatuko zara zu zeu?

Ez dakit. Beterano samarra naiz; 37 urte dauzkat. Urte asko egin ditut klubean. Buru-belarri sartuta nago denboraldian. Gero hilabete eta erdiko tartea izango dut zer egin erabakitzeko: jarraitu, ez jarraitu, edo beste talde batera jo.

Ligara begira, bi punturen abantaila daramazue. Lasaitasuna ematen dizue horrek, ala presio handiagoa sorrarazi?

Ez bata ez bestea. Aurrera jarraitzeko adorea ematen du. Ikusten dugu urtea oso borobila izan daitekeela. Ekainean, bazirudien hondarribiarrek eramango zutela San Miguel Liga, erraz samar. Baina abuztutik aurrera estropada gehien-gehienak Bermeora etorri dira. Garairik onenean iritsi gara, punta-puntan, eta dena irabazteko aukerekin. Oso gutxitan lortu da hori arraunaren munduan. 2010ean lortu zuen Urdaibaik, eta beste behin baino ez du lortu beste klub batek. Aurten ere gauza biak lortzea espero dugu. Hala ere, egokitu ahal zitzaigun aurkaririk txarrena tokatu zaigu: Hondarribia. Talde garrantzitsua da, historia handia dauka eta arraunlari oso onak ditu. Gu ere ez gara makalak, ordea. Gogo biziz ekingo diogu. Bihar Bermeon daukagun estropada irabazi nahi dugu. Domekako estropada eremua arriskutsua izango da. Bihar irabazten badugu, ez dut esango ligari sententzia emango diogunik, baina zati handi bat Bermeon erabakiko da.

Ahaztu dituzue Hondarribiagaz 2013ko Kontxan gertatutakoak?

Nik neuk ez; ez dut ahaztu, ez dut ahaztu nahi eta ez dut ahaztuko. Ez urte horretan egin ziguten minagatik soilik, hortik aurrera ere egin dituztenengatik baizik. Nire ustez, ez dute jokatu kirol legez. Beraz, nire aldetik ez diet barkatuko. Baina ezin dut hitz egin klubaren edo gainerako taldekideen izenean.

Bihar eta etziko kaleen zozketaren beldur al zarete?

Bai. Kontxan kalerik txarrenetik joan ginen, eta, hala ere, irabazi egin genuen. Taldea oso indartsu dago, adorez gainezka. Nahiz eta kalerik txarrena egokitu, aurre egingo diogu. Eta onenak irabaz dezala. Bai gu eta baita Hondarribia ere sekulako denboraldia egiten ari gara. Aurten liga irabazten duen traineruak merezia izango du.

Bihar eta etziko estropadetarako taktika erabakita daukazue?

Taktika erraza da: eurek baino azkarrago egitea arraunean, eta ahalik eta traineru gehienak sartzea euren eta gure artean. Hala ere, arraunean gauzak esatea erraza da, baina gero, egitea, zaila. Maila handiko bi traineru dira. Nahiz eta kanpotik ikusi denboraldian dena irabazi dugula, tartea oso txikia da, oso segundo gutxi daude bion artean. Beraz, bihar kolpea ematen duenak izango du igandean berak nahi duena egiteko aukera.

Denboraldia borobiltzeko modu ezin hobea izango litzateke liga irabaztea. Orain artekoari buruz zer-nolako balorazioa egiten duzu?

Oso ona. Dena baztertu dugu traineruan pentsatuta. Azken urteetan tripulazio txikietan —bateletan eta trainerilletan— sekulako maila eman dugu. Aurten ez. Aurten, indarrak gorde egin ditugu, udako estropadetan ahalik eta hoberen geratzeko. Izan ere, urteetan gora goaz, eta gero eta bala gutxiago daukagu errekamaran. Tiro egiterakoan min egin behar da. Aurten, gure asmoa izan da ahalik eta bala gehien gordetzea, eta abuztutik aurrera artilleria guztiarekin gerrara joatea. Zorionez, emaitzak onak izan dira. Neguan izugarrizko lana egin dugu, eta, emaitzen arabera, oso bide onetik joan gara. Ea orain errematea ematen diogun.

Iaz trantze txarra pasatuko zenuten Estrobo auzia dela eta. Zein ondorio utzi ditu horrek taldean?

Iaz bakarrik ez. Lauzpabost urte daramatzagu infernuan. Azken batean, gu kirolariak gara, herriko jendea gara, ez gara estralurtarrak edo futbolariak. Gu kalean gabiltza. Gure asmoa da arraunean egitea, eta gozatzea. Jende askok kanpoan ikusi nahi izan gaitu. Epaia gure alde atera zen. Oso pozik gaude, baina mina eginda dago. Leku askotatik bonbardaketa gogorrak izan ditugu, nahiz eta jendeak ez ikusi. Urdaibaik beti eman du maila ona uretan, eta aurpegia eman dugu garairik txarrenetan. Horrek esan nahi du kluba indartsu dagoela; arraunlariak ere fisiko eta psikologikoki gogorrak garela. Hala ere, min handia egin digute. Nik neuk ezin dut ahaztu nik eta nire taldekideek, klubeko jendeak, herriak eta familiak sufritu dutena.

Harrobia behar bezala ez prestatzea leporatu izan zaio klubari. Gaur egun zelan dago?

Sarri egoten dira liskarrak klubaren barruan. Azken urteetan polito egin da lana. Baina aurten eten txiki bat egon da. Ez dira ondo konpondu barruko kontuetan, eta eten txiki bat gertatu da. Berriz hasi beharko dugu hutsetik haurrekin eta kadeteekin. Pena izan da. Azken urteetan klubak traineru indartsua izan du, eta ez da gai izan ospe eta bolada on horri probetxua ateratzeko. Hala ere, ezin da atzera begiratu. Aurrera begiratu behar da. Eta hasi dira berriz ere etxea behetik gora eraikitzen. Horren emaitzak ikusteko, urte mordo bat pasatu beharko dira, ordea.

Emakumeen trainerua bultzatzeko nahikoa lan egiten al du klubak?

Bai. Bermeok azken bi urteetan atera ditu emakumeen batelak. Denboraldia ez da hasi oraingoz, baina klubaren asmoa da emakumeei potentziala ematea, eta mutikoak eta neskak erakartzea.