“Errazagoa da hegan egitea, Bilbora trenez joatea baino”

“Errazagoa da hegan egitea, Bilbora trenez joatea baino”

Alaitz Armendariz

Mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonek sarri askotan izaten duten arazoetako bat ikusarazi du Maria Luisa Goikoetxeak (Urduña, 1960). Ezin du bere herritik Bilbora trenean bidaiatu, ezinezkoa baitzaio mugitzeko erabiltzen duen eskuterrarekin trenera igotzea. Aurreko astean ultrarin batean hegan egin zuen, trenean denontzako iristeko erraztasuna egon dadin aldarrikatzeko.

Noiztik daukazu eskuter batean ibiltzeko beharra?

2014ko otsailaren 23an garuneko odoljarioa izan nuen, eta koman egon nintzen hiru astez. Gurutzetan ebakuntza egin zidaten, eta, horren ondoren, Gorlizera eraman ninduten. Gorliztik Arrasateko ospitalera joan nintzen, Aita Mennikora, garuneko kalteetan adituak baitira hor. Zortzi hilabeteren ondoren etxera itzuli nintzen; eskuter bat erosi nuen, eta Bilbon errehabilitazioa egiten jarraitu nuen.

Errehabilitazioa egitera Bilbora joan behar izaten duzu, beraz, orain.

Hasieran, astean hiru alditan joaten nintzen Bilbora. Joateko moduren bat izango banu, bost egunetan joango nintzateke. Baina ez zen erraza, senarrak edo semeak eraman behar nindutelako, eta, horregatik, hiru egunetan soilik joaten nintzen. Eskuterra erosi nuenean pentsatu nuen Bilbora joateko moduan egongo nintzela. Baina senarrak ohartarazi zidan trena ez zegoela egokituta. Nik lan egiten nuenean [medikua da] autoan joaten nintzen, baina ikastera joaten nintzen garaitik gogoratzen nuen bazirela elbarrientzako aulkiak bagoietan. Horregatik, ez nuen segundo bakar batez pentsatu egokituta egon ez zitekeenik, bagoian elbarrientzako aulkiak egonda. Ba ez, ez zeuden egokituta. Ez dauka ez hanka ez buru.

Orduan, hortik aurrera, zure borroka hasi zen?

Arartekora gutun bat bidali nuen, eta haiek Espainiako Arartekoari igorri zioten nire kexa. Izan ere, Renfe Espainiako enpresa bat izanik, hemengo Arartekoak ez du eskumenik. Espainiako Arartekoak oso jarrera txarra izan zuen: Renferen bozgorailua baino ez baitzen izan, eta nire kasua artxibatu zuen.

Sinadura bilketa bat ere abiatu zenuen.

Urtarrilean hasi genuen, eta ia 120.000 sinadura bilduak ditugu. Ez Renfek eta ez Adifek ez zuten erantzun, eta Fecoor elkartearekin manifestazio bat egin genuen apirilaren 28an, Urduñan.

Zehazki, zein da zure arazoa? Ezin zara trenera igo, ezin zara nasara sartu…?

Trenera igotzea ezinezkoa zait. Nasara ongi hel naiteke, baina trenera igotzeko bi edo hiru eskailera daude, hortaz, ezin naiz eskuterrarekin igo.

Noren laguntza jaso duzu?

Madrilgo senatari batzuek lagundu didate, eta hona etorri ziren. Begira zer-nolako erantzuna eman zion Renfeko presidenteak senatari bati: treneko txartel zulatzaileak lagun omen nazakeela. Eskuterrak 100 kilo pisatzen du eta! Argi dago erabat ezinezkoa dela. Horrez gain, tren guztietan ez doaz txartel zulatzaileak.

Nola moldatzen zara orduan Bilbora errehabilitazio saioetara joateko?

Azkenean, arazoa hainbeste luzatzen ari denez, Bilbora hiru egunetan joan ordez bitan joaten naiz, eta egun batean bi saio egiten ditut. Senarrak edo semeak eramaten naute; eskerrak nire senarra langile autonomoa den, bestela…

Zer eskatzen diozu Renferi?

Autobusetan bezala, bagoietako bat egokituko balute nahikoa izango litzateke. Hasieran esaten zidaten hori oso garestia izango zela, eskulana dela eta. Gero, hobetu pentsatu, eta iruditu zitzaidan hobe zela lehen bagoia elbarrientzako izatea, autobusetan bezala. Horrela, jende gehiagok izango ditu onurak, ez nik bakarrik: elbarriek, umeentzako gurditxoak daramatzaten pertsonek, pertsona helduek… Nik ez dut hain zail ikusten. Eta hor ere arazoak: esaten zuten tren bakoitzeko bagoi bat egokitu beharko zutela. Eta nik: tira, ba, egokitu dezatela bat bakarrik. Ibilbidea egin dezala Urduñatik Bilbora eta alderantziz, eta ordutegi jarraituan; jar ditzatela ordutegiak, eta horietara moldatuko gara gu. Baina alferrik izan da.

Izango da jende gehiago zure egoera berean, noski.

Bai, jakina. Eta lotsagarria da: Renferen Facebooken adierazi dute kirolari paralinpiarren alde daudela; dominak jartzen dizkiote euren buruari. Haiek diote paralinpiar asko trenean itzuli direla etxera, eta jendea haserre dago horregatik, iristeko erraztasuna ez dutelako kontuan hartzen. Beste mezu batzuei erantzuna ematen diete, baina horiei ez.

Trenaz gain, ez al dago Urduñatik Bilbora joateko bestelako garraio publikorik?

Urduñan ez dago zuzenean Bilbora doan autobusik, Galdakaora doan bat bakarrik dago. Halere, ni saiatu nintzen aspaldi Bizkaibusean joaten, baina, niretzat, oso zaila da ongi esertzeko. Bizkarrez joan behar dut, gainera, eta zorabiatu egiten naiz. Eta denbora luzea behar du autobusak heltzeko: Basaurira iristeko ordubete pasatxo, geldialdi mordoa egiten dituelako. Eta Basaurin beste puska batez ibili behar dut, egokituta dagoen metro geltokia apur bat urrunago dagoelako. Halere, saiatu, saiatu nintzen.

Ultrarin batean hegan egin duzu zure eskubideak aldarrikatzeko.

Nola sortu zen ideia hori?

Folk jaialdi batean zozketa bat egin zuten, eta hirugarren saria parapenterako bidaia bat zen. Nik pentsatu nuen: niri egokitzen bazait, ni noa! Etxera heldutakoan pentsatu nuen tokatu ala ez, ausartuko nintzela. Erakutsi nahi nuen errazagoa dela hegan egitea, Bilbora trenean joatea baino.

Zer-nolako esperientzia izan da?

Hasieran, beldur handia nuen. Familiarekin parke tematikoetara joaten nintzenean, paseatzen geratzen direnetarikoa nintzen ni, beldurraren beldurrez. Baina, azkenean, erlaxatu eta esperientzia gozatzea lortu nuen. Hurrengo pausoa aerostato batera igotzea izango da, agian; gustatu egin zait hegan egitea.