“Familia askori betikotu egin zaie txirotasuna”

“Familia askori betikotu egin zaie txirotasuna”

Alaitz Armendariz

2006. urtetik Bizkaiko Gurutze Gorriko koordinatzaile lanetan dabil Manu Calvo (Bilbo, 1968). Aurretik ere erakunde horretan lan egin du zenbait proiektutan, 1995az geroztik. Hurbiletik ezagutzen ditu Gurutze Gorrira laguntza eske jotzen duten pertsonen beharrak.

Aurten 3.000 umeri lagundu diezuela jakinarazi berri duzue Bilboko Banderatxoaren Egunean.

Aurten egun horretan umeen eta beren familien proiektuak mahaigaineratu ditugu. Gure ustez, umeen txirotasuna sintoma bat besterik ez da, familien pobrezia islatzen duena. Adibidez, energia txirotasunaren inguruan hitz egiten denean, txirotasunaren sintoma batez ari gara. Aurten, arreta hor jarri nahi izan dugu: alegia, ze eragin daukan txirotasun horrek umeengan. Horrekin batera, ume horiekin egin ditugun proiektu batzuen berri eman dugu. Ume horien egoeran pobreziak duen eraginaz hitz egin genuen, maila guztietan: osasunean, eskolan, autoestimuan… Aurten, 2.994 umeri lagundu diegu.

Zeintzuk izan dira proiektu horiek, zehazki?

Premia biziko produktuak banatu ditugu. Familiei higiene kitak eman dizkiegu, umetxoentzako produktu sortak, haur jakiak, pixoihalak, jarraipen esnea… Eskola arloaren inguruan ere lan handia egiten dugu; eta aisia inklusiboaren inguruan egiten ditugu jarduerak. Hori Gurutze Gorriko gazteriarekin egiten dugu. Gainera, Basurtu eta Gurutzeta ospitaleetan ere bagaude, gaixo dauden umeekin.

Lagundu dituzuen umeen familiak ere egoera kezkagarrian egongo dira, ziurrenik.

Gehienak bai; krisiak kalte egindako familientzako Gurutze Gorriaren programetan egon ohi dira. Familia horiekin modu inklusibo batean lan egiten dugu; gure proiektuan lan egitea eskaintzen diegu, eta haien lehen beharrak asetzen ditugu. Esate baterako, energia txirotasunari aurre egiteko laguntzak ematen dizkiegu, eskolako materiala ematen diegu… Eta boluntarioek etxeko lanak egiten laguntzen diete; matematika, hizkuntza eta halako gaitasunak lantzen dituzte. Eskolaz kanpoko jarduerei garrantzia ematen diegu. Beti diogu eskolaz kanpoko jarduerak ere badirela aisia inklusiboa. Izan ere, jarduera horiek ordaindu ezin dituen familia bat bere ohiko ingurunetik kanpo geratzen da.

Zein egoeratan egon ohi dira ume horien gurasoak?

Normalean, bi gurasoak langabezian egoten dira. Beste ezaugarri bat da txirotasunaren betikotzea esaten dioguna. Egoera horretan lau edo bost urte daramaten pertsonei buruz ari gara. Lehen agian errazago ateratzen ziren, baina orain, ez. Horrez gain, emakumeak dira gehienetan guregana etortzen direnak: %60tik gora dira.

Bada arrazoi jakinik hori horrela izan dadin?

Baliteke izatea, nolabait, adore nahikoa biltzen dutenak etortzen direla laguntza eskatzera eta proiektuetan parte hartzera. Gazteak dira, 24 eta 54 urte bitartekoak, eta normalean bi ume zaindu behar izaten dituzte; batzuetan, hiru ere bai. Ume horien artean, gehienak mutilak dira, %52, eta beste %48ak, neskak.

Orain sarri entzuten da lanpostu bat edukitzea ez dela nahikoa aurrera egiteko.

Bai. Lan txirotasuna da hori. Lana eduki arren, pobrezian daude batzuk. Duela gutxi jakin da lanbide jakin batzuetako lansaria gutxieneko soldataren azpitik dagoela. Hortaz, egun, krisia etorrita, hainbat gauza ikusi dira. Batetik, lehen aipatutako energia txirotasuna dago: pertsona horiek ezin dituzte horniduren ordainketa batzuk pagatu. Horrek, hasteko, osasunean du eragina, berogailurik ez izateak arnasa gaixotasunak sortzen dituelako. Beste alde batetik, lanpostu bat aurkitu duen jendea dago, baina lanak ez dituenak txirotasunetik ateratzen. Lan prekarioak izan ohi dira, soldata eskasak dituztenak, eta laguntzekin bateratu behar izaten dituzte.

Noizbehinka entzuten da krisia gainditzen hasi garela. Hala iruditzen zaizu?

Hirugarren sektorean, Caritaseko eta Elikagaien Bankuko lankideek askotan lana partekatzen dugu, eta ikusten duguna da guk artatzen ditugun familiek gaizki jarraitzen dutela. Gogoratu behar da krisiak gure lurraldea 2012an jo zuela batez ere. Estatura pixka bat lehenago heldu zen, baina hemen denbora laburragoan lanpostu gehiago suntsitzea eragin zuen. 2012az geroztik ikusten ari gara kontua betikotu egin dela familia askotan. Lau urte hauetan familia asko ikusi ditugu oso lanpostu prekario bat aurkitu dutenak, edo askotan beren gihar ekonomikoa, eduki zitzaketen aurrezkiak ahuldu zaizkienak…

Gabonak hurbil direla eta, kanpaina bereziren bat prestatuko duzue?

Azaldu dudan lan ildo horretan jarraitzeaz gain, jostailuen kanpaina aurkeztuko dugu. Ume guztientzako duintasun bera eskatuko duen kanpaina bat izango da. Jostailua hezkuntza tresna gisa ikusten dugu; euren egoera dena delakoa dela, ume guztiek erabiltzeko aukera duten elementu ebolutibo gisa. Hori bai, azpimarratu beharra dago jostailuak berria izan behar duela, beste umeen egoera eta eskubide berak izateko. Segurtasuna ere beste arrazoi bat da jostailu berriak eskatzeko. Finean, ume guztiek eskubide berak izatea nahi dugu guk. Baliabide ekonomiko egokiak dituen familia batek bere seme-alabei jostailu berri bat irekitzea ahalbidetzen die, eta kalteberatasun egoeran dauden umeekin ere halaxe izatea nahi dugu.