“Pertsona suntsitzeko tortura zuria da Zulueta jasaten ari dena”

“Pertsona suntsitzeko tortura zuria da Zulueta jasaten ari dena”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Ezagutzen dutenek badakite emakume gogorra dela Arantza Zulueta abokatua. Egoera gogor asko bizitakoa, eta pertsonalki indartsua. Baina kezkatuta daude. Cadizko Puerto III espetxean jasaten ari denak edozein pertsona suntsi dezakeela diote; denbora gehiegi daramala Zuluetak zigor ziega batean bakarrik, egun osoan ezer egiteko aukerarik gabe, eta jazarria. Bakartze gogor hori apurtzeko ez ezik, abokatua berehala kaleratzeko sortu berri den Arantza askatu! plataformako kide dira Andone Soldevilla (Bilbo, 1971) eta Lola Gomez (Bilbo, 1955).

Arantza Zuluetaren eskubideen aldeko plataforma sortu berri duzue. Zergatik?

LOLA GOMEZ: Arantzarekin gertatzen ari diren erasoen aurrean ezin genuela geldirik egon sentitu genuen lagun eta auzokoek. Jaien ingurumaria baliatzea erabaki genuen gure lagun eta auzokide Arantza jasaten ari den egoera larriaren berri emateko. Estatua jartzen ari zaion zigorra onartezina da, eta larriki gizagabea. Ezin dugu beste aldera begiratu giza eskubideen urraketa horiek ikusita.

Zein da, zehazki, Zuluetaren egoera?

ANDONE SOLDEVILLA: Arantza bakartze egoeran dago espetxean daramatzan bi urte eta erditik baino gehiagotik. Cadizko Puerto III espetxean egon da denbora horretan guztian, etxetik mila kilometrora baino gehiagora, Madrilgo Estremera kartzelan egon zen hil gutxi batzuk kenduta, eta, hor ere, bakartua izan zuten.

Ezarri dioten erregimenaren ondorioz, ez du inolako jardueratan parte hartzeko eskubiderik; ezin du inolako ikastarorik edo bestelako jardunik egin. Goialdea sarez itxia duen patio batera soilik atera daiteke. 13×5 metrokoa da patioa, erraketarekin jolastu edo korrika egiteko txikiegia. Egunean lau orduz atera daiteke patio horretara, gehienetan bakarrik, beste presorik ikusi gabe.

Dagoen galeria espetxe barruko zigorrak betetzeari begirakoa eta 75. artikulua ezarri dieten presoentzakoa da. Artikulu hori oso arriskutsuak diren presoentzat sortua da, edo, “egokitzeko arazoak” dituztenentzat. Bizi baldintzetan murrizketa handiak dakartza horrek, eta, normalean, hilabete baino gehiago luza ezin den zigor egoera da. Oso egoera gogorra da, eta, adibidez, patiora arratsaldean ateratzen denean, 24 ordu baino gehiago igaro behar izaten ditu ziegan itxita. Ziegara sartzen dioten afaria hoztuta ematen diote; etengabe miatzen diote ziega, etengabe hankaz gora jartzen; erabat biluzarazten dute miaketa integralak egiteko…

Denbora asko darama egoera horretan. Ondorio psikologikoak utziko dizkion beldur zarete?

L.G.: Bai. Bi urte eta sei hilabete daramatza egoera berean, eta bakartzearen muturreko egoera hori jasangaitza da. Baldintza horiek torturatzat jo litezke; pertsona psikikoki eta mentalki suntsitzeko helburua duen tortura zuria da Arantza jasaten ari dena.

Aurreko atxiloaldian, antzeko egoeran egon zen denbora luzez.

A.S.: Bai; egoera bera izan zuen aurreko aldian ere. Askatu aurreko aste batzuetan soilik egon zen beste kide batekin, Malagan, nahiz bakartze zurrunean egon.

Torturaren prebentziorako Europako batzordeari Zulueta Puertoko kartzelan bisitatzeko eskatu diozue, haren egoera bertatik bertara ikus dezaten. Jaso duzue erantzunik?

A.S.: Torturaren eta Zigor edo Tratu Gizagabe edo Laidogarrien Prebentziorako Europako Batzordeari abokatuek eskatu diote Arantza preso duten Puerto III espetxea bisitatzeko. Aurten, erakunde horren batzorde batek Espainia bisitatzeko asmoa du, presoei ematen zaien tratua aztertzeko. Badakigu kezka duela, eta espero dugu urtea amaitu aurretik bisitatuko duela Puerto III.

Zer da kartzelan bisitatzen duzuenean gehien harritzen zaituztena?

L.G.: Kezkatzen gaituena da Arantza oso emakume indartsua den arren giza erresistentziak muga bat duela: bai psikologikoa eta bai fisikoa.

A.S.: Oso gogorra da bisita egin ondoren agur esatea, bisitak irauten duen 40 minutu horietan ere oso agerikoa izaten baita egunero jasaten duen tentsioa.

Eragile gehiagok ere salatu dute haren egoera. Abokatuen Bizkaiko Elkargoak, adibidez, babesa eman dio. Zertan dira salaketa horiek?

L.G.: Abokatuen Bizkaiko Elkargoak hainbatetan azaldu du bere kezka, Auzitegi Nazionalak Zuluetaren eta beste abokatu batzuen aurka egin dituen jardunbideetan defentsarako eskubidea edo sekretu profesionalerakoa nola urratu den ikusita. Azkenekoz, ekainean egin zuen salaketa, Arantzari egin ziotena ikusita: bere abokatuarekin bisita izan ondoren, bere defentsari begira hartu zituen apunteak kendu zizkioten Arantzari. Abokatuen elkargoak idatziak igorri zituen espetxera eta Auzitegi Nazionalera. Arantzari dokumentuak itzuli zizkioten, baina ez dute bestelako azalpen edo erantzunik eman. Bueltatu dizkiote bere defentsarako ildoak jasotzen dituen idatziak, baina denbora nahikoa izan dute horiek aztertu eta kopiak egiteko. Defentsarako eskubideari egindako kaltea egina dago.

Zuluetaren abokatuek iragarri dute Bizkaiko Auzitegian salaketa aurkeztuko dutela eta Zuluetak aske behar duela aldarrikatuko dutela auzitegian. Gauza bera eskatu duzue zuek. Zergatik askatu behar da?

A.S.: Bai, Arantza askatu egin behar da. Ez dago aitzakiarik, eta argi dago: espetxean mantentzeko arrazoi bakarra estatuaren mendeku politikoa da. Gaur egun, behin-behineko espetxealdian hiru urte eta erdi beteta espetxean jarraitzen duen preso bakarra da.

Zulueta askatzeko konpromisoa har dezatela eskatu die plataformak alderdi politikoei eta gizarte eragileei. Jaso duzue erantzunik?

L.G.: Oraindik ez ditugu formalki deitu, eta, beraz, ez dugu erantzunik jaso. Irailean hasiko gara kontaktuak egin eta alor hori lantzen. Horien inplikazio sozial eta politikoa espero dugu, ezin delako batetik esan giza eskubideak defendatzen dituztela, eta aldi berean beste aldera begiratu giza eskubideen erasoa den egoera larri honen aurrean.

Mobilizazioak iragarri dituzue. Zer egiteko asmoa duzue?

L.G.: Irailean zehar bilduko gara plataforman, eta lanerako plangintza egin dugu. Horren barruan egongo dira mobilizazioak, eragile politiko eta sozialei egin beharreko deiak eta auzitegietan aurkeztu beharreko salaketak, besteak beste. Gure helburua Arantza Zulueta askatzea da, injustuki jarraitzen duelako espetxean.

A.S.: Uste dugu herritarren eta eragileen mobilizazioa dela modu bakarra Arantza bere etxetik 1.000 kilometrora bahitua duten botereak konturatu daitezen jendeak ezagutu eta maite dugula, eta herri honetako jendeak ez dugula onartuko egoera hau denbora gehiago luzatzea.