“Hemen liburuetan baino askoz hobeto ikusten dira artelanak”

Natalia Salazar Orbe

1927an sortu zutenez geroztik, hiru egoitza izan ditu Bilboko Berreginen museoak. Eliza batean dago egun, Mariaren Bihotzean. Hamar urte bete ditu bertan. Urteurren hori ospatzeko, MontaTU 2006-2016 erakusketa inauguratu berri dute. Itziar Martija (Bilbo, 1972) da aldi baterako erakusketaren arduraduna, eta museoko teknikaria.

MontaTU 2006-2016 erakusketaren bidez gainbegiratua egingo diozue museoak Mariaren Bihotza elizan egin duen hamar urteko ibilbideari. Zer aurkituko du bisitariak?

Pentsatu genuen aukera ona genuela berrikusteko zer egin dugun eta museoak zer-nolako bizitza izan duen hamar urteotan. Batez ere, erakusketak elizan bertan nola antolatzen diren erakutsi nahi genuen. Izan ere, eraikuntza ederra da, desberdina. Leku paregabea da eskulturak jartzeko. Baina, aldi berean, zailtasunak ditu gauzak antolatzeko: ez dago horretarako prestatuta. Gure piezak oso handiak eta hauskorrak dira, igeltsuzkoak baitira. Horrekin guztiarekin lan egin behar dugu erakusketa bakoitzean, eta urtero saiatzen gara aldi baterako erakusketa bat antolatzen.

Zeintzuk etapa islatzen dituzte ikusgai jarri dituzuen lanek?

Etapak baino gehiago, urtez urte egin duguna erakutsi gura dugu. 2006 bukaeran ireki genuen museoa. Eskultura bana aukeratu dugu urte bakoitza ordezkatzeko. Lehen urterako, gure irudia izan dena hartu dugu: Samotraziako Garaipena. Gauza bera egin dugu eskultura guztiekin. 2008an hasi ginen aldi baterako erakusketak egiten. Piezok akaso ez dira ezagunenak izango kasu batzuetan. Baina oso garrantzitsuak ziren haien erakusketetan.

Zer-nolako arazoak sortu dizkizue egoitzak?

Gure egoitza eliza bat zen. Eta hori nabari zaio. Alde batetik, ez dago lekurik eskulturak sartzeko. Bilduman 200 pieza baino gehiago ditugu; oso handiak, gainera. Arruntenak bi metrotik gorakoak dira, igeltsuzkoak, hauskorrak. Eta ez dago lekurik dena jartzeko. Bilduma iraunkorrean 21 eskultura baino ez daude. Horregatik erabaki genuen 2008an zerbait egin behar genuela besteak erakusteko. Atera ezean ez dira-eta ikusiko. Hala, ikasturtero egiten ditugu orain aldi baterako erakusketak. Horrez gain, espazio gehiago izateko eliza egokitu egin genuen: bi balkoi atera genituen, bi solairu gehiago edukitzeko. Baina ez daukagu makinarik piezak gora eta behera eramateko. Hori ere arazoa da. Oztopo ugari ditugu. Hala ere, poliki-poliki antolatu ditugu erakusketak.

Egoitza aldaketak funtzionamendua bera ere aldarazi zuen, beraz?

Bai. Mirasoleko kondearen kalean geunden lehen. Oraindik bulegoak, marrazketa eskola eta bilduma han ditugu. Eraikin horretan ere bazeuden arazoak: hezetasun handia zegoen. Arriskutsua zen, beraz, eskulturentzat. Horregatik aldatu zen museoa bere garaian. Baina han bilduma osoa ikus zitekeen. Hori ere ez da ona museo baterako, ordea. Izan ere, bilduma osoa ikusten bada egunero, bisitaria ez da itzuliko. Museoek ez dute izaten bilduma osoa erakusgai, baina bai gurean baino portzentaje altuago bat.

Oztopoak bai, baina elizak badu xarma berezi bat ere.

Bai, ederra da ikusteko, eta leku paregabea da eskulturak jartzeko. Ez da gauza bera Louvretik XX. mendearen hasieran ekarri genuen Samotraziako Garaipena hor sarreran ikustea, edo beste nonbait izatea. Eskultura, kokaleku horretan, antzeztu ere egiten da; garaiarekin bat dator aurkezpen hori. Eskultura helenistikoa da-eta jatorrizkoa. Eliza hau oso garrantzitsua izan zen bere garaian Bilbon. XIX. mendearen amaieran egin zuen Jose Maria Basterra arkitekto ospetsuak, eta Casilda Iturrizarrek ordaindu zuen.

1927an sortu zen museoa, Europan artelanak erreproduzitzeko joera gain behera zetorrenean. Erraza izan da iraupena?

Ez. Jaio 1927an jaio zen, baina ireki ez zen egin 1930 ingurura arte. Ez dago data zehatza ematerik. 11 piezarekin hasi zen, Madrilgo Benito Bartolocciren tailerretik ekarritakoak. Poliki-poliki patronatukoek erosi zituzten hainbat eskultura. Hasi ziren eskulturak eskatzen Londresen, Parisen, Louvren, Munichen… Leku garrantzitsuenetan. Batzuetan eskulturak eskatu egiten zituzten. Izan ere, erosteko bazegoen dirua, baina ez honaino ekartzeko. Esaterako, Erroman aurkitu dugun informazio baten arabera, handik oso eskultura ospetsua ekarri nahi zuten (Hilzorian dagoen galoa). Baina garai horretan ez zegoen dirurik honaino ekartzeko. Oparia zen, baina ezin zen ekarri.

Lehen museoa Albiako lorategian zegoen kokatuta, gaur egun epaitegia dagoen lekuan: Berastegiko eskola zaharretan. 1955. urtean bota ziren eskolok. Eta urte horretan udalak Mirasoleko kondearen kaleko eraikina eskaini zion museoari. Han San Frantziskoko eskolak zeuden. Beraz, beti aritu gara eraikinak berrerabiltzen. Oso zaila izan zen Mirasoleko kondearen kaleko etapa ere. Hezetasunak zeuden, eta hotz handia. Aurrekontu txikia izan dugu beti, eta horrekin jokatu izan dugu. Baina oso erronka polita ere izan da guretzat.

Bereziki arlo pedagogikora begira dagoen museoa da, ezta?

Bai. Lehenengo estatutuetan esaten zen hezkuntzarako pentsatuta zegoela. Kutsu pedagogiko hori beti landu da. Programa mordoa ditugu hezkuntzarako, eta publiko pluralarentzat. Denetarik dago: bisita gidatuak, hilabeteroko hitzaldi ziklo bat artelanen inguruan… eta oso arrakastatsua izaten da. Ziklootan, bildumako pieza bat prestatzen dugu, eta horri buruz hitz egiten: eskultura bere testuinguruan kokatzen dugu, historian zein kronologian. Jende mordoa etortzen da, gero eta gehiago.

Arte ikasleentzat erabilgarria da?

Oso erabilgarria. Adibidez, eskolentzat eskaintzen dugu Gizarte deritzon programa. Horretan, gutxienez hiru saio egiten dira. Lehenengoa museoan egiten da, eskulturari buruz hitz egiteko. Bigarrena, Bilbotik, arkitektura lantzeko. Eta, hirugarrenerako, akordio bat dugu Arte Ederren museoarekin euren aretoak erabiltzeko eta pinturari buruz hitz egiteko. Hiru saio horiekin prestatzen dugu orain arte egiten zen selektibitateko azterketa. Guztiak daude lotuta curriculumagaz. Zentro mordoa etortzen dira museora bisitak egitera. Batez ere, batxilergoan artea lantzeko. Arte Ederretako fakultatetik ere etortzen dira ikasteko; batez ere, arte greziarra. Hemen liburuetan baino askoz hobeto ikusten dira artelanak: tamaina, formak eta bolumenak.

Datozen urteei begira, zeintzuk erronka ditu museoak?

Hezkuntza eta hezkuntza. Politika horri eutsiko diogu: ikasturte bakoitzean aldi baterako erakusketa bat antolatuko dugu gure bildumarekin. Gure programazioa mantendu eta zabaldu egin gura dugu pixka bat. Baita irudimena sartu ere. Esaterako, aurten ere ospatuko dugu Kandelen argipean programa. Bisita gidatu bat da: museoko argiak itzaltzen dira, eta kandelak daude lau eskultura argiztatzeko. Besteak beste, antzinako testuak lotzen ditugu eskulturekin. Modu desberdin batean ikusten da museoa. Gauza berriak egin gura ditugu, museoa beste era batean erakutsi.

Baina kokapenari, oraingoz behintzat, eutsi egingo diozue?

Bai, bai [barreak]. Ez da aldatuko. Oraingoz, hemen geratuko gara.