“Suizidioa nabarmen areagotu da emakume gazteen artean”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Krisiak suizidio tasa handitzea ekarri ote duen egiaztatzeko, ikerketa bat egin du Jon Garcia Ormazak (Santurtzi, 1979). Aurreikusi gabeko ondorio batera iritsi da Neurozientzietan doktore eta EHUn Psikiatria irakasle dena: emakume gazteen artean nabarmen igo dira suizidioak.

Krisi ekonomikoarekin suizidioek gora egin duten ustea zabaldua dago. Hala da?

2008. urtetik hona Europan gertatzen ari den krisi ekonomikoak langabezia handitu eta biztanleriaren baliabide ekonomikoak gutxiagotu ditu. Bi ondorio psikosozial horiek estres arazo larriak sortu ditzakete, eta, beraz, suizidiorako arrisku faktore bihurtu daitezke. Nahiz eta suizidioa askotariko faktoreen arteko interakzio konplexu baten ondorio den, krisialdiaren hasieratik zabaldutako alarmari erantzun zientifikoa emateko egin genuen ikerketa. Ondorioak frogatzen duenez, nahiz eta populazioan oro har suizidio tasak nahiko egonkor mantendu diren, igoera esanguratsuak izan dira hainbat gizatalde jakinetan.

Barakaldo hartu duzu azterketa egiteko eremu gisa. Zergatik?

Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Psikiatria Zerbitzuaren gaixoen %47 bertokoak dira. Barakaldok 100.000 biztanle baino gehiago ditu, eta ezberdintasun sozioekonomikoen adierazle ere bada. 2003. eta 2014. urteen arteko suizidio kasuak ezagutzeko, AMEI Auzitegi Medikuntzako Euskal Institutuko Benito Morentin medikuaren laguntza izan nuen.

Zein ondorio atera dituzu?

Nahiz eta populazio osoaren datuak aztertuta suizidio tasak egonkor mantendu diren, erabaki nuen gizatalde jakin batzuen aldaketak aztertzea. Krisi ekonomikoaren efektua aztertzeko, 2008. urtean ezarri nuen muga, orduan egin zuelako gora nabarmen langabezia tasak Barakaldon: 2004an, %9koa zen, eta 2008tik aurrera igotzen hasi zen, 2012an %20ra iritsi zen arte. Horiek horrela, bi azpitalde inportantetan igoera esanguratsuak aurkitu nituen: emakume gazteen taldean eta aurrekari psikiatrikoak zituzten pertsonen taldean. Suizidioa nabarmen areagotu da talde horietan.

Zein azalpen ematen diozu emakume gazteen artean suizidio kopuruak nabarmen gora egin izanari?

Bereziki azpimarratzeko arrisku faktoreak dira faktore klinikoak eta lehenago aipatu ditugun faktore psikosozialak. Emakumeek langabeziaren ondorioak pairatzen dituzte, eta, askotan, behar luketen laguntza baino gutxiago daukate egiten dituzten hamaika betebeharretarako. 2010etik hona, emakumeen suizidio kasuak barruti sozioekonomiko behartsuenetan gertatzen ari dira.

Gizonezkoetan ez da gauza bera gertatzen?

Nahiz eta gizonezkoen suizidio tasak altuagoak izan diren beti, 2008. urtetik hona ez dugu antzeman suizidio tasen igoera esanguratsurik. Langabezian gelditzeak eragindako estres larriaren efektua ez da emakumeen kasuan bezain nabarmen gertatu, beharbada faktore berria ez delako. Lanaren azken urtean, 2014an, emakumeen langabezia tasa %20koa zen, gizonezkoena baino lau puntu handiagoa.

Orokortu daitezken ondorioak dira? Alegia, Bizkaiko beste herrietan ere antzeko joera dagoela ondoriozta liteke?

Azkenengo urteotan Barakaldok, Bizkaiak eta Euskal Herriak suizidio tasa parekoa dute, baina, galdera horri behar bezala erantzuteko, herri eta eskualdeen egoera sozioekonomiko konkretua hartu beharko genuke kontuan, horrek osasunean, eta bereziki suizidioan, eragiten baitu. Egin beharreko lana da duda barik.

Suizidio asko saihestu egin daitezkeela eta, prebentzioan sakondu beharra aldarrikatu duzu. Nola egin daiteke prebentzio lan hori?

Osasunaren Munduko Erakundearen hitzetan hauek dira hartu beharreko neurririk garrantzitsuenak: heriotza bide hilgarrietara heltzea eragotzi, arazo psikiatrikoak diagnostikatu eta tratatu (bereziki depresio arazoak), aldez aurretik suizidio saialdiren bat izan duten pertsonen jarraipen aktiboa egin, eta lehen mailako arretako medikuak arriskua aurreikusten trebatu.

Gizartea heztearen garrantziaz eta suizidiora irits daitezkeen pertsonen ingurukoak arriskuaz konturatzearen garrantziaz ohartarazi duzu. Nola konturatu? Zeintzuk izan daitezke alarma seinaleak?

Gizarte inguruneak arriskuan dauden pertsonen etsipen seinaleak jasotzen jakin beharko luke, suizidioaren ideia buruan duen pertsona berehala osasun profesionalengana bideratuz. Gehienetan, pertsona horiek arrisku faktore klinikoak edo psikosozialak dituzte. Barakaldon, suizidiora jo zuten pertsonen artean alkohol eta droga menpekotasuna, antsietate arazoak eta depresio arazoak ziren nagusi. Era berean, heriotza biderik ohikoena erortzea denez gero, neurri espezifikoak hartu beharko lirateke horri aurre egiteko. Hala eta guztiz ere, hainbatetan, suizidioa saihetsezina da.

Gaiak tabu izateari utzi behar diola plazaratu duzu. Zer eta nola egin behar litzateke?

Suizidioak munduan milioi bat heriotza eragiten ditu urtero. Suizidioari aurrea hartzeko, erabakigarria da arrisku faktoreak ezagutzea. Era berean, eskatzen dute komunikabideek suizidioaren gaia modu arduratsuan landu dezaten, informazio objektiboa eskainiz eta gertaera sentsazionalistak saihestuz. Tabu izate horrek, zoritxarrez, ez dauka bukaera gizakiaren heriotzarekin, senideak baztertuta eta gutxi ulertuta geratu ohi direlako, erruduntasunaren sentimenduaz inguratuta. Egin beharreko lana handia da oraindik.