Aitziber Laskibar Lizarribar
Ez du atzera bueltarik. Kartzelara doa Alfredo Remirez (Amurrio, 1980). Jaietan preso baten irudia zuen panpina ateratzea da delitua. Duela hamabi urteko kontu bat berpiztuta espetxeratuko dute, txio batzuk idatzi izana arg...
Elkarrizketa
“Europako ezkerrari mezu argia bidaltzeko erabili gaituzte”
Aitziber Laskibar Lizarribar
G20koen goi bileraren aurka uztailean Hanburgon (Alemania) izan ziren protestetan, Europa osoko 200 pertsona baino gehiago atxilotu zituzten. Tartean, David Rincon bizkaitarra (Bilbo, 1985). Aurreko asteko astelehenean askatu zuten, epaitu ondoren.
Hanburgon espetxeratua izan zaituzte bi hilabetez. Zergatik?
G20koen aurkako lehen protestaren harira atxilotu ninduten Hanburgon. Manifestazioa legeztatuta zegoen, baina, hastear zenean, Poliziak etetea erabaki zuen. Istiluak egoteko arriskua zegoela diote. Istiluak beraiek eragin zituzten, une horretan bertan. Ni gaueko hamaiketan atxilotu ninduten, pizzeria batean afaltzen ari nintzela, eta ordutik preso egon naiz, bi hilabete eta erdi. Polizia bati botila bat bota izana leporatzen didate.
Atxilotu zintuzten, kartzelan sartu zintuzten, aurreko astean epaitu zintuzten, eta, askatu zaituzte, baina zigorrarekin.
Atxilotu ondoren, abokatuekin hitz egin ahal izan genuenean, esan ziguten hamabost egun igarotzerako kalean egongo ginela. Baina kolpea etorri zen jarraian: ihes egiteko arrisku handia zegoela esan zuten, eta espetxean geratu behar genuela epaiketa izan arte. Gainera, prozesua luzea izan zitekeela esan ziguten paperean. Hori izan zen lehenengo kolpea, abokatuek ez zutelako espero.
Zure aurkako akusazioen berri ere ez zenuela salatu zenuen hasieran.
Atxilotu ninduten. Ni eta beste batzuk. Eta portura eraman gintuzten. Obretako kontenedoreekin komisaria berezi bat egin zuten portuan, protestetan atxilotutakoak han sartzeko. Mila bat atxilotu espero zituzten, eta berrehundik gora atxilotu gintuzten azkenean. Han pasatu ninduten epaitegi modura prestatutako modulu probisionaletik.
Barrakoi moduko horretan?
Bai. Han epaile boluntario batzuk zeuden. Epaile boluntarioak, oso kondena gogorrak jartzearen aldekoak direnak. Eraman ninduten hara, abokatu barik. Nik, logikoki, adierazi nuen abokatu barik ez nuela ezer esango eta hori legez kanpokoa zela, baina epaileak erantzun zuen ez zela legez kanpokoa eta hortik zuzenean kartzelara nindoala. Beste leku berezi batera eraman gintuzten: adin txikikoentzako kartzela izandako leku batera, itxita dagoena. Gu sartzeko zabaldu zuten, kartzeletan ez zegoelako lekurik. Bost egunez egon ginen han. Eguneko 23 ordu ziega barruan ematen genituen, ezin genuen telefono deirik egin... Bost egunetan izan gintuzten han, abokatuarekin hitz egin barik, familiak ezer ez zekiela... Bazekiten atxilotu nindutela, lagun batekin nengoelako atxilotu nindutenean. Baina besterik ez. Ez genekien oso ondo zein zen nire legezko egoera. Bost egunetara bidali ninduten gerora egon naizen kartzelara. Abokatuarekin egon nintzen; esan zidan hamabost egun barru bista bat izango nuela eta etxera joan ahalko nintzela. Baina ez zen hala izan.
Epaiketa izan duzu, eta askatu zaituzte, baina zigorrarekin. Nola joan da epaiketa?
Eskaera fiskala egunean bertan jakin genuen. Urte eta erdiko zigorra eskatu zuen fiskalak, eta hori jarri didate: urte eta erdiko espetxea, baina hiru urteko baldintzapeko askatasuna bihurtzeko aukerarekin.
Nola deskribatuko zenuke espetxeko egonaldia?
Izan du bere alde polita ere. Kartzelan inor ez dago ondo, baina datozen egoeretara moldatu egin behar da. Europako herri askotako hamar gazte egon gara modulu berean, eta hori aberasgarria izan da. Polita da hitz egitea jende oso desberdinarekin, haien ikuspegiak entzutea, Errusiako anarkista batekin iritziak trukatzea... Hori polita izan da, militantzia politikorako aberasgarria.
Alemanian, Europako hainbat herritako gazteak egon zarete elkarrekin. Nola ulertzen zenuten elkar?
Bazegoen poloniar bat, errusiar bat, holandar bat, suitzar bat, lau italiar... Gure artean ingelesez hitz egiten genuen, beraz oso ondo, zeren alemaniera oso hizkuntza zaila da. Funtzionario batzuek ingelesez hitz egiten ziguten, eta beste batzuek esaten zuten Alemanian geundela eta alemanieraz hitz egin behar genuela. Harritu nau ikusteak zein arrazistak diren horiek. Nazi hutsak dira.
Zertan nabaritu duzu hori?
Hasieratik. Batzuetan barre egiten nuen, zeren... Adibidez, behin oinutsik nengoen, eta alde batetik bestera joateko zapatilak jarri nituen. Funtzionario batek esan zidan ingelesez: "Hau Alemania da, lurra garbi dago; hau ez da Espainia". Min eman nahi zidan, baina nik barre egin nuen; ni ez naiz espainiarra... Berak ez zuen ulertzen nola egin nezakeen barre hori esan zidanean. Funtzionario askok zeuzkaten nazien ikurrak tatuatuta. Eta ez da zuria eta beltza bereizten dituen arrazakeria. Nik ikusi dudana da uste dutela Europaren zilborra direla eta Alemaniatik hegoaldera dagoen guztia zaborra dela eurentzat.
Pentsatzen zenuen kapitulu hau bizitzea tokatu ahal zitzaizula?
Militantzia politikoagatik kartzelan amaitzea gerta daitekeen zerbait da. Agian ez duzu espero Alemaniara manifestazio batera joan eta han kartzelan amaitzea. Espero dezakezu errepresio fisikoa —hango poliziak basatiak dira, hemen bezala—, baina ez duzu espero kartzelan sartzea epaiketaren zain, urte eta erdiko kondena... Hori ez nuen espero. Baina halako gauzak gerta daitezke.
Zein ondorio atera duzu honetatik?
Alde batetik, esperientzia ona izan dela halako jendearekin egotea, zeren asko ikasi dut. Euskal Herrian, agian, baditugu estruktura batzuk oso asimilatuak independentzia eta sozialismo proiektuaren inguruan... Eta hitz egiten duzu Europako anarkistekin eta gauza batzuetan konbentzitzen zaituzte.
Adibidez?
Gure proiektua oso burgesa dela diote, adibidez. Eta estatua nahi izatea ez dute ulertzen. Zergatik estatu bat Europa honetan? Europako komunitatea, estatuena, suntsitu egin behar dela diote. Eta uste dut Euskal Herriaren proiektuak bide horretatik joan behar lukeela; ez hainbeste estatu izatera. Ez dugu izan nahi Europako beste estatu bat, edo ez genuke nahi izan behar. Alde horretatik, zer pentsatua eman didate.
Bestetik, gu mezu bat bidaltzeko erabili gaituztela ikusi dut, baina mezua ez da izan guretzat bakarrik. Europa osoko ezkerrari mezu argi bat bidaltzeko erabili gaituzte. Lehen, 24 ordura kalean zeunden; jipoituta edo ez, baina kalean. Goi bilera hori baino bi aste lehenago onartu zuten artikulu berri bat, guri ezarri digutena. Berezia da, poliziari aurre egiteari buruzkoa, eta sei hilabetetik hamar urtera arteko kartzela zigorrak aurreikusten dituena. Gure aurka neurri bereziak hartu dituzte, mezua bidali nahi diotelako Europa osoko ezker mugimenduari: hemen, mugitzen denak zigorra izango du. Are gehiago: gu atxilotu eta hurrengo astean Berlinek eskatu zien Europa osoko estatuei ezker erradikalei buruzko informazio guztia. Espainiak txosten lodi bat bidali zuen niri buruz. Dagoeneko hasiak dira yihadistei buruzko fitxategien modukoak egiten Europa mailan, baina ezkerreko jendearekin. Fitxategia osatzen ari dira.
“Garapenari eta berrikuntzari ematen diogu garrantzia guk”
Mikel Santiso
Markina-Xemeingo Leartiker teknologia zentroak enpresei laguntza ematen die produktu berriak ekoizten, negozio aukera berriak bilatzeko aholkuak ematen, eta baita produktuak hobetzen eta dibertsifikatzen ere.
“Epaiketa politikoa da G20koena ere”
Aitziber Laskibar Lizarribar
Uztailaren 6 gauean Hanburgon zen Markel Brouard (Bilbo, 1990), David Rinconekin eta beste lagun batzuekin, pizzeria bateko terrazan afaltzen. G20koen goi bileraren bezpera zen, eta liskarrak izan ziren egun hartan hirian. Afaltzen zirela, Poliziak, Rincon atzetik hartu, eta atxilotu egin zuen. Kartzelan dute ordutik, Hanburgon, eta astelehenean epaituko dute.
“Herri eta nazioen auzia ulertzeko moduak aldatuko dira”
Natalia Salazar Orbe
Etorkizuneko estatus politikoa erabakitzeko urriaren 1ean Katalunian egingo duten erreferendumari babesa emateko biharko antolatutako manifestaziora deitu du Gure Esku Dago-ko kide Karmele Olabarrieta Petuyak (Getxo, 1974). 17:30ean abiatuko da martxa, Bilboko Casillatik.
“Enkante bat ozenki egitea psikologia joko zail bat da”
Mikel Santiso
1974an hasi zen Joseba Markuerkiaga arrainarekin lanean. Lehenengo, bera ere arraina erosten aritzen zen, hau da, beste aldean jarduten zuen lanean. Orain, enkantegile gisa azken saioak egiten ari da. Enkanteak oraindik ere ahoz egiten di...
“Kutxazainek denda garbitzen ere aritu beharko dute orain”
Aitziber Laskibar Lizarribar
LAB sindikatuaren ordezkari da Mabel Novas Asensio (Barakaldo, 1969) Simply supermerkatuen kateko langile batzordean. Denda horiek garbitzeaz arduratzen diren Bizkaiko 31 langileak kalean geratu dira gaur, eta Simply-k bere...
“Egoera hobetu ezean, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki”
Peru Azpillaga
Luze jotzen ari da gidabaimena eskuratzeko aztertzaileen auzia, eta oraindik luzeago joko duela dirudi. Ekainaren 19an hasi zuten greba dela eta, soilik ostegunetan eta ostiraletan egiten dira gidabaimena eskuratzeko azterketak. Bi eskari nagusi egin dituzte Asextra aztertzaileen elkarteko kideek. Batetik, aztertzaile gehiagoren beharra aldarrikatzen dute. Bestetik, 2015eko grebaren ondorioz, DGT Espainiako Trafiko Zuzendaritzarekin hitzartutako ordainsari espezifikoa jasotzea: funtzionarioek jasotzen duten ordain osagarria, 240 euro ingurukoa.
Arazo horren erdian daude autoeskolak. Haiek dira grebaren kaltetu nagusiak, eta, gauzek hobera egiten ez badute, etorkizun latza dute aurretik. Gai horren inguruan mintzatu da APAVI Bizkaiko Autoeskolen Elkarteko lehendakari Iñigo Montenegro (Getxo, 1954). Haren ustetan, bi aldeak akordiotik urrun daude oraindik. Haiek ahal duten guztia egiten ari direla dio, baina arazoaren konponbidea beste batzuen esku dagoela. "Iraila izango da hilabeterik zailena; abuztuan lanak ez badu gora egiten, autoeskola batzuk ezin izango dituzte ireki".
Zein da zuen egungo egoera?
Oraintxe bertan, gure lan egiteko gaitasuna %60 gutxiagotu da. Urtean lan gehien dugun garaian, gure gaitasunaren %40an ari gara soilik lanean...
Zer ondorio ekar ditzake horrek?
Ondorio ekonomiko larriak. Ekaina, uztaila, abuztua eta iraila dira, normalean, hilabeterik garrantzitsuenak, gure bezeroak oporretan daudelako. Beraz, hilabete horietan lanik ez izatea oso kaltegarria da guretzat. Greba uztailaren 31ra arte dago deituta. Larria da ikustea bai DGT bai Asextra akordiotik urrun daudela oraindik. Gainera, azken horiek jakinarazi dute akordiorik ez lortzekotan irailaren 4tik aurrera greba mugagabera joko dutela.
Zertan eragingo lizueke horrek?
Horrek oporretatik itzultzen diren autoeskolak ez irekitzea ekarriko luke. Hots, lana erregulatzeko espediente bat edo lan araudiak ahalbidetzen duen beste sistemaren bat erabili beharko genuke. Azterketarik ez badago, guk ezin dugu lanik egin.
Egoera larria da, beraz.
Lehenengo asteetan ez zen asko nabaritu. Azterketa teorikoak daude egunero administrazioko langileek eginak. Horri esker, ikasgeletan geneukan lana aurrera atera dugu. Baina, azterketa teorikoa egin ostean, pertsona horiek praktikak egiten hasi behar dute, eta, noski, ez badute data jakin batean aztertuak izateko bermerik, ez dira hasiko klase praktikoak egiten.
Nola daude azterketa praktikoa egiteko itxaron zerrendak?
Orain soilik ostegun eta ostiraletan egiten dira azterketak. Normalean, autoeskola bakoitzak azterketa bat egiten zuen astean; uztail osoan, berriz, azterketa bat edo bi egin dituzte soilik. 2.856 froga atzeratu dira Bizkaian, grebako hamazazpi egun hauetan. Trafikoak azterketetara deitzen jarraitzen du, grebarik egongo ez balitz bezala. Beraz, jendeak azterketa egiten den tokiraino joan behar du, eta han jakinarazten diete froga atzeratu den ala ez. Badago azterketara bi edo hiru aldiz hurbildu den jendea. Froga uztail hasieran egin behar zuten pertsonek abuztuaren amaieran egin beharko dute.
Trafiko zuzendaritza kolapsatuta dago, beraz.
Guztiz. Egoerak berdin jarraitzekotan, orain aurkeztu nahi duten ikasleek azterketa ezingo dute irailaren 11ra arte egin. Blokeo egoera batean gaude.
Arriskuan daude autoeskolak?
Bizkain, Gipuzkoan eta Araban 300 bat autoeskola daude, gutxi gorabehera 1.000 pertsonari lana ematen diotenak. Ateak ez baditugu irekitzen, pertsona horiek guztiak kaltetuak izango dira. Asko, gainera, autonomoak dira, eta bat eta bost langile bitartean dituzte. Beraz, hain lan gutxi izateak zuzenean eragiten die.
Irtenbiderik aurreikusten duzu?
Ez dago irtenbide askorik. Hemen bi arazo daude nahastuta. Bata aztertzaileen greba da. Bestea, aztertzaileen kopuru txikia, greba amaitu arren indarrean jarraituko duena. Horrek asko murritzen du gure lan egiteko gaitasuna.
Zergatik ari dira greban?
2008an egin zuten lehen greba, eta 2015ean bigarrena. Azken horretan, dokumentu bat sinatu zuten. Bertan, DGTk ordainsari espezifiko bat ordainduko ziela onartu zuen, baina ez du bere hitza bete. Zaila da konponbidea topatzea. Ez dute ezta dokumentu bera errekonozitzen ere; batzuek diote ordaintzera konprometitu zirela, eta besteek, aldiz, ezetz.
Dena dela, aztertzaile kopurua urria izango da, ezta?
Greba amaitzen denean ere aztertzaile kopurua oso txikia izango da. 2009tik aurrera kopurua asko jaitsi da; Bizkaian, adibidez, hamazazpi aztertzaile daude, baina Gipuzkoan lau soilik. Gainera, aurten asko erretiratuko dira. Bestalde, inork ez digu inolako konponbiderik proposatu. Guk azterketak egitea eskatzen dugu, besterik ez.
Administrazioak dio lanpostu gehiago sortuko dituela, baina ez da egia. Zenbakiekin eta pertsonekin jokatzen ari da: 500 lanpostu gehiago sortuko zituela esan arren, 397 kategoriaz aldatzea besterik ez du egin. 70 postu sortu ditu, baina hogei hilabete beharko dituzte oposizioa gainditzeko. Azkenik, esaten dute armadako ehun pertsonari aztertzaile izateko aukera emango dietela. Bere garaian gauza bera egin zuten Correosen, baina soldaduak ez dira funtzionarioak, eta, beraz, oposizioa gainditu behar dute berdin-berdin. Arazoak bere horretan jarraituko du.
Ikasleek zer diote?
Kokoteraino daude. Azterketa teorikoa egin dutenak zain daude, baina askok kanpoan ikasten dute, eta denbora amaitzen ari zaie. Jada klase praktikoak egiten ari zirenek bertan behera utzi dituzte. Eta azterketa gainditu ez dutenak harrapatuta geratu dira. Uztailean gainditu ez, eta irailean dute hurrengo aukera.
“Neskontzat gauzak hobetu dira, baina asko dago egiteko”
Izaro Mendieta
Esku pilota eta palan aritzen deneko kantxatik atera, eta frontis bakarrean lehiatzen dabil egunotan Olatz Arrizabalaga (Gernika-Lumo, 1997). Frontballean aritzea, baina, iazko kontu bat da pilotari gaztearentzat; esku pilotan eta palan baitauka eskarmentua Arrizabalagak.
Gorengo mailan dagoen pilotari gaztea zara. Ba al dago desberdintasunik pilotari gazte eta helduagoen artean?
Lehen baino neska gehiago aritzen gara palan, baina lehen nire bikotea eta ni izaten ginen beti txapelketako gazteenak. Bere alde ona eta alde txarra dauzka horrek. Helduagoek esperientzia gehiago izaten dute, eta gazteagook, beharbada, sasoi hobea izaten dugu. Nik uste dut hori izaten dela desberdintasun bakarra.
Noiz hasi zenuen esku pilotako eta palako ibilbidea?
Zazpi urte nituela hasi nintzen esku pilotara jokatzen, Gautegiz Arteagan. 14 urterekin, berriz, utzi egin behar izan nion jokatzeari; izan ere, Bizkaian bi neska baino ez geunden esku pilotan lehiatzen, eta, hori dela eta, mutilen kontra aritzen ginen. Sasoi horretara ailegatutakoan, baina, ezin izan nuen esku pilotara jokatzen jarraitu, ez baineukan mutilek adina indar, eta hori garrantzitsua da kirol honetan. Orduan, palan jokatzeari ekin nion, Munitibarren. Eta iaz heldu nion berriro ere esku pilotari. Hala, gaur egun, bi modalitateetan lehiatzen naiz. Palan, Larrabetzuko taldearekin aritzen naiz, eta esku pilotan, aldiz, nire kontura.
Emakumeen Master Cup binakako esku pilota txapelketan lehiatu zara aurten. Nola moldatu zara?
Leire Etxaniz Bengoa etxebarritarra izan nuen bikote, eta txapelketa irabaztea lortu genuen elite mailan.
Aurretik ere, irabazi izan dituzu beste txapelketa batzuk.
GRAVNI federazio arteko lehiaketako pala txapelketa bost aldiz irabazi dut, eta Euskadiko pala txapelketa, berriz, hiru aldiz.
Esku pilotan eta palan ez ezik, frontballean jokatzen ere ausartu zara.
Bai, hala da. Espainiako txapelketa jokatzeko deitu zidaten. Frontballa zer zen ere ez nekien nik orduan; hala ere, esperientzia bizitzera joan nintzen. Ekainean jokatu zen txapelketa Iruñeko Labrit pilotalekuan, eta bigarren egin nuen orduan. Horren ostean, Espainiako selekzioagaz entrenatzea proposatu zidaten, baita Mexikon lehiatzen ari den Frontball munduko txapelketan parte hartzea ere.
Esku pilota, pala, frontballa... Zein duzu hiruren artean gustukoen?
Esku pilota daukat gustukoen; txikitatik aritu izan naiz, eta gauza gehien ere han egin daitezke. Beharbada, palan hobeto moldatzen naiz, baina esku pilota dut gustukuago.
Emakumeen presentzia nolakoa da pilotarien artean?
Nik uste dut geroz eta emakume gehiago animatzen direla pilotan aritzera, eta Emakumeen Master Cup-ak ere hori lortu duela deritzot. Nik uste dut lortuko dela esku pilotan zein palan geroz eta emakume talde gehiago osatzea. Pilota munduan nire ibilbidea hasi nuenean, bi neska baino ez geunden, eta orain, berriz, nesken arteko txapelketak egiten dira. Kanpoan lehiatzeko aukerak ere badira orain. Gauza asko hobetu dira, baina asko dago egiteko oraindik.
Zer dago egiteko, adibidez?
Emakumeen entrenamenduetan jarri beharko litzateke indarra. Elite mailan gaudenok ez daukagu entrenamendurik; ez entrenatzailerik ezta entrenatzeko tokirik ere. Batzuetan, mutilekin ere entrenatu izan dugu. Beraz, gu mugitu behar izaten gara hara eta hona. Bestalde, sariak ere handiagoak izaten dira gizonezkoentzako emakumezkoentzako baino. Komunikabideetan emakumeen pilotak daukan oihartzunean ere nabaria da desberdintasuna.
Pilotaleku txiki eta handietan lehiatu izan zara. Ba al daukazu faboritorik?
Gautegiz Arteagako edo Larrabetzuko pilotalekuak dira niri jokatzeko gehien gustatzen zaizkidanak, horietan egiten baititut entrenamendu gehienak, eta neurriak hartuta ditut jada. Beraz, frontoi handiak baino, etxekoak ditut nahiago nik.
Mexikotik bueltan, zer egingo duzu?
Emakume Master Cup-a dela eta, herri askotatik deitu digute esku pilotako partidak jokatzeko. Mexikotik bueltan etorri eta hurrengo egunean badaukat partida bat, adibidez. Uztailean eta abuztuan, herri txikietako jaietan ere hainbat partida jokatuko ditugu. Eta urrian, Bizkaiko txapelketa hasiko dugu.
Eta etorkizunean, pilota munduan murgilduta jarraituko al duzu?
Esku pilotan, palan zein frontballean jokatzea ikasketekin bateragarria den bitartean, entrenatzen eta jokatzen jarraituko dut; hori da, behintzat, nire asmoa. Edozein kiroletan, uste dut munduko txapelketa jokatzea izaten dela goreneko ametsa, eta hori egiteko aukera izan dut nik. Beraz, helburu bat beteta daukat.
Mexikoko txapelketak bezalakoak egongo balira, horiek aprobetxatzea gustatuko litzaidake, nesketan, behintzat, ez baitut uste aukera gehiegirik egongo denik.
“Ezin duzu beste aldera begiratu behin egoera ezagututa”
Peru Azpillaga
Orain dela pare bat urte, gerrak eta miseriak bultzatuta, Europara etortzen ziren errefuxiatuen kopuruak era lazgarrian egin zuen gora. Europa ez da gai izan auzi horri erantzun duin bat emateko, eta arazoa, konponduta egon beharrean, inoiz baino nahasiago dago. Milaka dira urtero etorkizun baten bila haien bizitza arriskuan jartzen duten pertsonak, dena utzi eta bizimodu duin baten bila abiatzen direnak. Baina helmugara heltzea lortzen dutenek oso bestelako errealitatea topatzen dute. Testuinguru horretan sortu zen Ongi Etorri Errefuxiatuak plataforma. Pertsona horien guztien eskubideen alde lan egiteko. Iaz Greziara joan ostean, gaur Melillara bidean abiatuko den karabanari buruz mintzo da Javi Seco (Bilbo, 1965).
Zein da karabanaren helburua?
Batetik, salatu egin nahi dugu Europako hegoaldeko muga horretan giza eskubide guztiak urratzen direla. Bidaian zehar hainbat ekintza egingo ditugu: Bardean, Madrilen, Algecirasen, Tarifan... Bestetik, azaleratu nahi dugu jende horrek zer arrazoi dituen gure mugetara etortzeko; zergatik egiten duten ihes beren herrialdeetatik: gerrak, goseteak, pobrezia…
Zergatik Melilla?
Hegoaldeko muga, agian, Europako bortitzena da. Pentsa, Gibraltarren, 6.000 pertsona baino gehiago hil dira azkeneko hogei urteetan, eta horiek zenbatuta daudenak dira soilik; imajinatu zenbat izango diren ezagutzen ez ditugunak. Muga horren egoera azaleratu nahi dugu. Ceuta ere hor dago, baina otsailean egon ginen han, Tarajalgo tragediaren urteurrenean. Gainera, auzia konpontzen ez den bitartean, hara bueltatzeko konpromisoa hartu dugu gertatutako sarraskia salatzeko: Guardia Zibilak hamabost pertsona hil zituen han.
Nola doaz prestakuntza lanak?
Oso lan zaila da horrelako gauza bat antolatzea eta koordinatzea, baina, egia esan, oso pozik gaude. Askotarikoa izango da, eta Euskal Herritik bultzada handia jaso du. Iaz bezala, jende asko animatu da; estatu osotik laurehun pertsona inguru joango dira, eta horietatik, berrehun Euskal Herrikoak dira. Bizkaitik, ehun baino gehiago.
Zer antolatu duzue karabanan zehar egiteko?
Euskal Herritik abiatzen garenok Bardean egingo dugu lehenengo geldialdia. Ezin dugu ahaztu euskal armagintza nahiko indartsua dela. Gogoratzekoa da, halaber, Inazio [Robles] suhiltzaileari armak garraiatzen laguntzeari uko egiteagatik irekitako espedientea.
Ondoren, Madrilen, Espainiako Estatuko kideekin batuko gara eta hainbat ekintza eta protesta egingo ditugu. Gainera, Melillara heldu aurretik, protestak egingo ditugu Aluche, Tarifa eta Algecirasko CIE atzerritarrentzako zentro itxietan.
Azkenik, bueltako bidaian Almerian, Nijarren geratuko gara, hango negutegietan lan egiten duten etorkinen egoera salatzeko; ia esklabotza egoeran bizi dira. Gainera, hango biztanleek ere ez dute ezer sobera, eta halako egoeratan pobreen arteko guda sortzen da; badakizu, betiko diskurtsoa: "Hauek lana kentzen digute...".
Melillan bertan, zer aurkitzea espero duzue?
Melillan, tokiko taldeekin lan egin beharko dugu, han topatuko dugun giroa oso latza izango delako. Alde batetik, populazioaren %40 funtzionarioak, poliziak edota haien senideak dira. Han Franco oso presente dago oraindik; kaleen izenak, estatuak… dira horren erakusgarri.
Beste alde batetik, emakume zamaketarien eta adingabeen egoerak kezkatzen gaitu bereziki. Azken horiei, mena esaten diete —bakarrik dagoen adingabe atzerritarra—, eta horrekin kentzen diete nortasuna, izena, hstoria, jatorria... Ehun inguru kalean bizi dira Melillan; oso egoera larria da.
Zergatik da azpimarragarria emakumeen egoera?
Emakumeek zapalkuntza bikoitza jasaten dute: migratzailea eta emakumea, oso konbinazio gogorra da. Ia emakume guztiek jasaten dute sexu erasoren bat Europarako bidaian zehar. Pentsa, batez beste, emakume bakoitzak hiru eta zortzi abortu artean izan ohi ditu bidaian. Haien egoera guztiz lazgarria da, eta guk oso presente izan nahi dugu beti gure aldarrikapenetan.
Zer dira CIE edo atzerritarrentzako Zentro Itxiak?
Kartzelak dira azken finean, baina han daudenek ez dute inolako deliturik egin. Espainiako Estatuan, etorkina izanik lanik ez baduzu, ezin dituzu paperak berritu. Orduan, poliziek harrapatzen bazaituzte, nahiz eta falta administratiboa izan eta ez delitua, halako zentroetan sartzen zaituzte. Momentu horretan bertan has daiteke kanporatzeko prozesua. Zentro horietan gehienez 60 egun egon daitezke sartuta; batzuetan, epea amaitu eta libre geratzen dira, baina baldintzak oso gogorrak dira. Algeciraskoa, adibidez, estatuan salaketa gehien jaso dituen zentroa da.
Nola baloratzen duzue orain arte egindako lana?
Oso pozik gaude, egia esan. Gainera Bilboko jaietako pregoia emateko hautatu gaituzte, baita Santutxukoa emateko ere. Horrek sekulako garrantzia du elkartearen lana aditzera emateko. Bestalde, plataforma hedatu egin da, eta talde asko sortu dira Euskal Herri osoan.
Greziara, adibidez, jatorri eta esperientzia askotako jendea joan ginen, eta, orduz geroztik, hemen jarraitzen dugu guztiok lanean. Azken finean, behin egoera ezagututa, ezin diozu bizkarra eman. Jendea animatuta dago, eta lan egiteko prest. Zoritxarrez, ibilbide luzeko bidaia da hau, eta ez da aurtengo karabanarekin amaituko. Lan handia dugu egiteko.
Zergatik da garrantzitsua horrelako ekintzak antolatzea?
Pertsona horien egoera kalera atera beharra dago. Hegoaldeko muga eskubiderik gabeko eremua dela diote, eta, beraz, han dauden pertsonak, ez-pertsona gisa ikusten dira. Migratzaileak direnez, badirudi ez dela hain larria haien eskubideak urratzea. Badirudi ez dutela ez izenik ezta euren istorio propiorik ere. Baina pertsona horiek benetako heroiak dira: bi edo hiru urte iraun dezakete bidaia horiek, eta egoera ikaragarriak bizi izaten dituzte.
Egoera salatu nahi dugu, kasu honetan hegoaldeko mugakoa, baina pentsa Afrika osoan eta Hego Amerikan ere bizi dena. Arazoa globala da, baina ez da komunikabideetan agertzen. Horregatik da hain garrantzitsua plataformen lana.
Etorkizunera begira, zein erronka dituzue?
Ari gara dagoeneko hurrengo karabanaren inguruan gogoeta egiten. Ez dago ezer zehaztuta oraindik, baina badugu jada ideiaren bat buruan.
Horrez gainera, plataforman egiteke dugun lan bat da Europa mailako harremana sendotzea eta sustatzea. Kontaktuak baditugu, baina sarea sortzea falta zaigu.