“Laguncarrek autoak partekatzen laguntzen du, eta ez bidaiak”

Olaia Zabalondo

Autorik eduki ez eta noizean behin auto baten beharra daukatenek edota autoa izanik dirua aurreztu eta autoaren zama gutxitzea nahi dutenek dute lekua Laguncarren. Taldeak sortuta autoa partekatzen laguntzen duen ekimena da Laguncar. Autoa partekatuz urtean, batez beste, 2.500 euro aurrez daitekeela dio egitasmoaren sustatzaile Iker Maguregik (Elgoibar, Gipuzkoa, 1976).

Zer da zehazki Laguncar?

Autoa partekatzen laguntzen duen ekimen bat da. Ez da bidaia partekatzea, nahiz eta ez dugun aukera hori baztertzen, autoa geldirik dagoen horretan beste bati uzteko aukera ematea baizik. Izan ere, autoek ordu asko ematen baitituzte geldirik. Beraz, zergatik ez beste batekin txandaka partekatu?

Zeintzuk dira eskaintzen dituen abantailak?

Bi profil daude: bat, autoa erabiliko duena, eta bestea, autoa utziko duena. Orduan, autoa erabiliko duenak, jabea izan gabe, auto bat erabiltzeko aukera izango du. Erabiltzen duena ordainduko du; beraz, merkeagoa izango da, autoaren gastuak zatika ordainduko baititu. Nahiz eta autoa erabiltzen duenean autoaren jabeak bezainbesteko ardurak dituen, auto barik bizitzeak baditu bere onurak, kezka asko kentzen baititugu.

Ekimenaren helburua autoa inguruko jendearekin partekatzea da. Inguruko jendea izanik, autoa nahiko eskura egon daiteke, eta, beraz, erosoa izan daiteke.

Auto baten gastuaren %80 gastu finkoak dira, eta ez ditugu horiek aintzat hartzen. Gehienok gasolinaren eta mantentzearen gastuak baino ez ditugu kontuan hartzen, baina autoa etxe aurrean geldik aparkatuta edukitzea kostuaren %80 da.

Autoaren jabeak, bestalde, haren gastuak partekatzen ditu, batetik; bestetik, auto solidario bat jartzen du besteen eskura. Mota honetako ekimenek indarra hartuko balute, agian, askok ez lukete autorik erosiko. Herrietan auto gutxiago egongo balira, espazio gehiago egongo litzateke. Kutsadura ere murriztuko litzateke, eta ingurumenerako, beraz, onuragarria litzateke.

Laguncarren barnean, talde batean baino gehiagoan eman daiteke izena. Esaterako, bost talde baldin badaude eta bostetan izena emanda badaukazu, bost auto erabiltzeko aukera izan dezakezu, erabiltzaileek eskaintzen dituzten auto mota ezberdinak erabiltzeko aukera izanik. Beharrizanaren arabera, bat edo bestea aukera dezakezu.

Zenbat lagun ari dira Laguncar erabiltzen?

Guk autoa partekatzeko jendea batzea bultzatzen dugu. Bilbon, esaterako, bost talde sortu dira. Basaurin talde bat dago, eta bakarkako batzuk ere joan dira izena ematen; Gernika-Lumon, Durangon, Gasteizen, Zumaian, Zarautzen… Hala ere, horietan guztietan, taldeak egitea falta da.

Hasi berriak gara, eta informazioa zabaltzen ari gara. Horretan gabiltza orain. Askok beste modu batera ulertzen dute ekimena, beste batzuek ez dute inoiz planteatu, edo gerta liteke beldurra edukitzea ere. Eta ez zaie arrazoirik falta. Hala ere, gauza bat nabarmendu behar da: Europako herrialde askotan mota honetako egitasmoek garapen handia izan dute. Orduan, guk zergatik ez? Zergatik ez diogu aukera bat emango?

Noiz hasi zineten martxan?

Ekainean hasi ginen lehenengo urratsak egiten. Bilboko taldeak orduan sortu ziren, eta horiekin hasi ginen martxan. Hala ere, esan beharra daukat astiro-astiro goazela.

Euskal Herri osora zabalik dagoen ekimena al da?

Bai, hala da. Oraingoz, baina, Bizkaian du erabiltzaile gehien; izan liteke gu hemendik mugitzen garelako. Ni, esaterako, Sondikan bizi naiz. Ahoz aho zabaltzen ari gara, eta gustatuko litzaiguke, posible baldin bada, boluntario bitartez ekimena gehiago zabaltzea, herri ezberdinetara iristeko asmoz, elkarlana sustatuta.

Gaur bertan, Gernika-Lumon emango duzue ekimenaren berri.

Bai, 19:00etatik aurrera Astran egongo gara. Bertaratzen direnei gure proposamena azalduko diegu, bai eta gure esperientziaren berri eman ere. Gainera, edozein zalantza argitzeko prest gaude.

Bestalde, zapatuan eta domekan, Bilboko Ekonomia Solidarioaren Azokan egongo gara, Bilboko Yimby gunean. Azokan, merkatu sozialean parte hartzen duten ekonomia solidarioaren 50 erakunde ingururen produktu eta zerbitzuen salmenta eta informazio standak egongo dira, eta guk ere parte hartuko dugu. Erakusmahaia jartzeaz gain, autoa partekatzeko talde bat nola sortzen den azaltzeko bi hitzaldi eskainiko ditugu.

Azaroaren 23an, berriz, Bilboko Teteria Baobak-en emango dugu gure berri, 19:00etan. Era berean, Euskal Herrian zehar ibilbide bat egiten gabiltza egitasmoaren berri emateko.

Zelan hasi zineten proiektu honekin?

Euskocarsharing elkarteak bultzatutakoa da. Urteak daramatzagu mota horretako egitasmoak bultzatzen; Ukanauto, Ibilkari eta Auzokar moduko ekimenak martxan jartzen lagundu izan dugu.

Autoa partekatzeko bi modu daude. Modu tradizionalean, erakunde batek, publikoak zein pribatuak, auto batzuk jartzen ditu herritarren eskura, horiek erabil ditzaten; txirrinduekin egiten den modura. Hala, jabea izan gabe, gainera, auto bat baino gehiago erabiltzeko aukera izango luke erabiltzaileak.

Filosofia horregaz jaio zen, esaterako, Ukanauto, Uribe Kostako Mankomunitatean. Herritarren eskura jarri zituzten zenbait auto, herritarrek auto horien erabilera partekatzeko. Areatzan, Auzokar zerbitzuak hiru ibilgailu eskaintzen ditu. Auto publikoak dira, eta denen eskura daude.

Bestalde, bigarren modua norberaren autoa partekatzea litzateke, auto asko baitaude soberan. Familia gehienek auto bat baino gehiago daukate, eta erabiltzen al dituzte? Hala, gogoeta egin ostean eta Europara begiratuz, interesgarria iruditu zitzaigun horrelako ekimen bat martxa jartzea, eta, beraz, orain arte ideia hori gorpuzten ibili gara.

Europan, beraz, asko partekatzen al da autoa?

90eko hamarkadan, Europan, garraio publikoaren inguruan egindako hausnarketa batean konturatu ziren garraio publikoa ezin zela norbanakoen autoekin lehiatu, ezin dituela autoak ematen dituen malgutasunak eskaini. Hala, carsharing-a garraio publikoaren barnean sartu zuten. Herrialde askotan, garraio publikorako erabiltzen diren txartelekin ordain dezakezu autoa ere. Autobusa, trena, metroa, autoa… denak dira bat. Hala, carsharing-aren modu tradizionala garraio publikoaren sarearen barnean sartzen dute; autoagaz, askotan, arinago iris zaitezke lekuetara. Autoak, hortaz, kasu horietan, garraio publikoari laguntzen dio.

Badakigu autoaren erabilera ekidin ezina dela. Baina autoa beste modu batera erabiltzeko modua badagoela erakutsi gura dugu ekimen honekin. Autoaren izaera berreraiki dezakegu eta.