“Sorkuntza espazio bat beharrezkoa zela iruditzen zitzaigun”

Alaitz Armendariz

Urriaren 27an ireki zuten Biba izeneko kulturgune berria, Bilbon, Zazpikaleetako Erronda kalean. Bertako programazio arduraduna da Imanol Martinez (Bilbo, 1986).

Zein da Biba kulturgune berriaren jatorria?

Azken urteetan lagun talde bat biltzen aritu gara. Sarri ikusten genuen, batez ere Zazpikaleetan, bazela beharrizan bat euskal kulturaren sustapen eta sorkuntzarako espazio bat sortzeko. Bereziki artean, musikan, antzerkian eta esparru horietan dabilen jendearekin hitz egin genuen; ikerkuntzan zebilen jendearekin ere bai, baina, batez ere, artista ikuspegia zuen jendearekin. Hala, ikusi genuen Bilbok bazituela indargune eta gabezia batzuk.

Hortaz, behar bat antzeman zenuten.

Bai, publiko baten bila joateko beharra bazen, eta aldi berean jende gehiagorengana heltzeko beharrizan bat ere bai. Agenda ofizialetik at hutsune batzuk bazirela ikusi genuen, agenda ofizialetik harago ez zegoela espazio gehiegirik artista berriei espazioa eskaintzen zienik. Alde horretatik uste genuen sorkuntza espazio bat egotea beharrezkoa zela.

Eta Biba da horren emaitza.

Eraldaketa txiki bat egiteko garaia zela ikusi genuen, oreka hori mantentzeko artista berri eta solidoen artean. Bestalde, saretze hori bultzatzeko espazio bat sortu beharra zegoen. Produkzio berri horien sorkuntza ikuspegi indibidual batetik ez egitea da helburua. Alegia, egin zitezkeen produkzio berri horiek elkarren arteko hausnarketa baten ondorio izatea.

Urtean lan bat argitaratzeko asmoa duzue, diziplina ezberdinetako sortzaileen lana uztartuko duena. Nolakoa izango da?

Hiru esparru bereizi ditugu: laborategia, agenda eta ikerketa. Laborategiaren kasuan, zenbait artistarekin hitz egin eta gero, eta espazioan bertan laguntzen ari den hainbatek komentatutakoaren arabera, hori gauzatzeko bidea ikusi genuen. Proposamenetako bat jaso genuen, eta orain horixe lantzen ari gara. Proiektuaren ardatzetako bat izan nahi du, gure laborategi esparru horretan: urtean behin proiekturen bati beka bat ematea, saretze horretan batzen diren kultur adierazpenen artean produkzioak sortzeko. Kritikarik egin gabe orain arte kultur esparruan egiten den guztiari, noski.

Honen aurretik izan al da antzeko beste proiekturik?

Hasieran, erreferentzia gisa beste espazio batzuk izan genituen: Kafe Antzokia, Iruñeko Katakrak, Gasteizko Aldapa… Baina gure berezitasun propioa ere badugu. Kultur agenda leku guztietan duten zerbait da, baina guk protagonismo handiagoa eman nahi genien sortzaileei.

Bibaren lokala Zazpikaleetan kokatu izana ez da kasualitatea izango.

Uste dugu Bilboren barruan auzo desberdinetako jendea gehien erakartzen duen auzoa dela. Asmoa da auzo guztietan dagoen kultur eskaintzaren inguruko diagnostiko bat egitea; beraien produkzioa aurrera eramateko zein oztopo dituzten ikustea, eta horri erantzun bat eman ahal izateko tresnak sortzea. Soziologo bat kontratatzeko asmoa dugu.

Nondik zatozte Bibako kideak?

Ni neu eta beste batzuk Altxaporrutik gatoz. Halere, argi utzi nahi dugu Biba ez dela Altxaporru, zati bat hemen bada ere. GITE ere hemen dago ikerketa arloan, eta, horrez gain, askotariko kultur eragileak ere badira, hainbat lekutatik datozenak.

Nola antolatu zarete zuen artean?

Hamar pertsonako talde eragile bat gabiltza proiektua aurrera eramaten; programazioan, taberna kudeaketan, xede ekonomikoan, komunikazioan eta laborategian… Talde bakoitzak hogei pertsona inguru ditu. 40-45 pertsonak ekonomikoki hau martxan jartzen lagundu digute. Horregatik diogu herri proiektu bat dela hau, herritik sortutako gauza bat. Horrez gain beste hogei pertsona daude, eta horietatik hamar talde eragilean dabiltza.

Zertan datza Erronda kalean duzuen lokala?

Egun osoa irekita dagoen taberna bat du Bibak. Ostegun gauetan 03:30 arte zabalik egongo da, eta ostiral eta larunbatetan, 04:00 arte. Agertoki bat dugu, eta hor kultur agenda bat aurrera eramaten ari gara. Oraingoz ostegunei ematen diegu indarra, baina ikusi dugu sekulako beharrizana dagoela. Jende askok eskatzen digu hor abestea, jotzea edo antzeztea.

Edonork parte har dezake, orduan?

Bai, eta beti saiatuko gara oreka mantentzen. Apustu gisa finkatu dugu kultur sortzaile guztiak era berean tratatu ahal izatea, eta horretarako ikuspegi komunikatibotik ahalik eta gehien zainduko dugu, sare sozialetatik ahalik eta gehien irekiko dugu… Ekonomikoki mundu guztiari eskaintza bera egingo diogu.

Euskara ardatz izango du Bibak, ezta?

Guk ezagutzen dugu euskararen errealitatea Bilbon. Euskal kultura Bilbon da guztiaren nahasketa bat, eta, gainera, leku ezberdinetatik etorri zaigu jendea, eta horretara ohitu behar dugu. Saiatu behar dugu horretara moldatzen, eta hortik abiatuta egia da lehentasuna emango diogula euskarari, euskarazko produkzioei, baina horrek ez du esan nahi euskal kulturatik sortutako erdarazko hizkuntzako produkzioei ezetza emango diegunik.

Zein ekitaldi egin dituzue bi aste hauetan?

Lehen eguneko aurkezpena primeran joan zen; 300 edo 400 pertsona etorri ziren espazioa ezagutzera. Hutsa taldeak kontzertu akustikoa egin zuen aurrekoan. Larunbatean, Errigorako saskia aurkeztera etorri ziren zenbait lagun, eta jende mordoa azaldu zen. Gaur, berriz, Josu Bergara abeslariak kontzertu akustikoa eskainiko du 21:00etan. Espazioa edonork edozertarako erabili ahalko du; ahalik eta erabilgarritasun handiena izatea nahi dugu.