“Gure erronka nagusia parte hartzea da”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

“Euskal estatu burujabe bateko herritarra izan nahi duzu?”. Galdera horri bai ala ez erantzuteko hautetsontziak jarriko dituzte Diman igandean. Etorkizunari buruz galdetuko die Gure Esku Dago plataformak herrian bizi diren 1.500 biztanle ingururi. Galdeketa egitearen ekintza bera lorpen bat da Unai Zorrozua plataformako kidearen arabera (Dima, 1981); eta ahalik eta parte hartze handiena izatea da iganderako duten erronka nagusia. Emaitzari baino garrantzi handiagoa ematen diote Diman herritarrek botoa emateari. Eta nahiko lukete ohiko hauteskundeetan herrian izaten den parte-hartze kopurura iritsi.

Nolakoa izan da galdera erabakitzeko prozesua?

Zein galdera egingo genuen erabakitzeko, parte-hartze prozesu bat abiatu genuen, ahalik eta herritar gehienen artean adosteko. Galdeketak egin diren Euskal Herriko beste esperientzia batzuk aztertu genituen, eta, gu herri txikia izanda, egun batez denak elkartu eta gaiaz hausnartzea erabaki genuen. Korapilo nagusiak aztertu genituen; herritar esaten dugunean zer esan nahi dugun, estatua agertu behar den ala independentzia jarri behar den… Eztabaida horren ondoren adostu genuen igandean egingo dugun galdera. Horretaz gain, herritarrei ere aukera eman diegu ekarpena egin dezaten.

Nola girotu duzue herria?

Galdeketa ekainean egitekoak ginen gu. Baina Espainiako Kongresuko hauteskundeak zirela-eta hitzordua atzeratzea erabaki genuen. Uda ondoren martxan jarri ginen berriz, herritarren artean dinamika zabaltzeko egin behar genituen urratsak diseinatzeko. Bi izan dira azken hilabeteetan egin ditugun ekimen indartsuenak: maila lokalari begira bat, eta orokorragoa bestea. Herrian 1977tik hona izan diren zinegotziak elkartu, eta erabakitzeko eskubideaz aritu ginen urrian. Guretzat oso garrantzitsua da herriko sentsibilitate guztien artean gaia lantzea, eta ekitaldi horrek ahalbidetu zuen hori. Gainera, Primo de Riveraren diktadura garaian ezarri zituzten legeak bertan behera uzteko Bizkaiko hainbat herrik adostutako testua oinarri hartuta, gaur egun udalean dauden alderdi bietako zinegotziak ere elkartu genituen ekitaldi batean. Mozioa ere aurkeztu zen udalean, galdeketari babesa emanez. Hori izan da maila lokalean egin dugun ekitaldirik esanguratsuena. Eta bigarrena Juan Jose Ibarretxe lehendakariaren eta Jaume Lopez kataluniarraren arteko solasaldia izan zen. Herrian, beste hainbat ekimen ere egin ditugu; txikiagoak, baina aurrerapausoak erakutsiz.

Herritar gehiago bildu dituzue azken hilabete hauetan?

Egiten den lanaren arabera etortzen da jendea. Urrian zinegotziekin egin genuen ekitaldia antolatzeko, adibidez, lan handia egin genuen, eta oso harrera ona izan zuen herrian; adin eta sentsibilitate ezberdineko herritarrak elkartu genituen. Alkarregaz Gure Esku Dago batzorde sustatzailean hogei pertsona inguru gabiltza lanean, baina inguruan gero eta herritar gehiago dagoela sumatzen dugu. Galdeketa eguna hurbildu ahala jendea aktibatzen hasi dela nabari da. Eta, igandean bertan, 60 lagun inguru arituko gara lanean egun osoan.

Parte hartzea izan ohi da “ofizialak” ez diren galdeketen erronka nagusia.

Guretzat helburu nagusia ez da emaitza bat ala bestea lortzea, gure erronka nagusia parte hartzea da. Galdeketa egin ahal izatea bera lorpena da guretzat; prozesua hasi zenetik hona eman ditugun aurrerapauso guztiak ikusita, garaipen txiki bat da. Baina egia da guk normaltasun kutsua eman nahi diogula igandeko zitari, eta egiten diren hauteskunde ofizialetan izaten den parte hartze berera heltzea da dugun erronka nagusia. Inoiz ahotara ekarri dugu %70eko kopurua; gure herria nahiko mugitua izan delako parte hartzeari begira. Edonola ere, kopuru horretara iristea izugarria izango litzateke. Badakigu zaila dela, baina saiatuko gara. Ikusiko dugu zer gertatuko den igandean.

Zergatik da garrantzitsua igandean botoa ematea?

Gure etorkizunari buruz erantzuteko dugun lehenengo aukera delako. Eta aurrerantzean modu ofizial eta legezko batean egiteko mugarria ere badirelako herriz herrikako ekimenak. Parte hartze handiak erakusten du herritarrek beren etorkizunaz erabakitzeko gogoa dutela. Eta erabakitzeko eskubidearen aldeko olatua gero eta handiagoa izatea nahi badugu, gerora galdeketa ofiziala egiteko, herriz herri dagoen partaidetza garrantzitsua da.