Elkarrizketa

“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

“Aniztasunean, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu”

Natalia Salazar Orbe

Aberri Eguna Independentistak Sarearekin batera ospatuko du Gernika Batzordeak. Apirilaren 16rako deialdia egin du, Gernika-Lumon. Herria bonbardatu zuteneko 80. urteurrena beteko da hil horren 26an. Bi data esanguratsuok uztartu nahi ditu elkarteak. Sabin Ibazetak (Ondarroa, 1962) eman ditu xehetasunak.

Zergatik erabaki duzue Aberri Egunera Independentistak Sarearekin batera deitzea?

2010etik Sare Independentistak antolatu du, alderdien Aberri Eguna izan beharrean herritarren Aberri Eguna izateko asmoz. Eragile politiko bakoitzak urte osoa dauka bere diskurtso eta proiektu politiko zehatzak kaleratzeko. Baina Aberri Egunak munduaren aurrean herri gisa agertzea eskatzen du. Hala, sigla eta familia politikoetatik harago euskal herritarrok elkarturik ospatzeko egun bezala ulertzen dugu guk. Gernikaren bonbardaketaren 80. urteurrena izanik, pisu sinboliko hori gehitu nahi diogu Aberri Egunak berak berezko duenari. Elkar indartzeko modu bat da.

Zuek zer adierazi nahi duzue ekimen horretan parte hartuta?

Munduko herri guztien artean, Euskal Herriak bere naziotasuna eta bere tokia aldarrikatzeko eguna duela. Bonbardaketa bera aberri baten suntsiketa saiakera izan zen. Era berean, 50. urteurrenean Gernika-Lumora etorri zen Herbert Southworth adituak esan zuenez, suntsiketa hori espainiar estatu berriaren sortze agiria izan zen.

Alderdien Aberri Egunetik herritarren Aberri Eguna bilakatzeko asmo horretan, zein ekarpen egingo du Gernika Batzordeak?

Gizarte eragile gisa, gure asmoa da munduaren aurrean herri gisa agertzea. Aberri Egun zabal eta parte hartzaile baten alde egingo dugu. Aniztasunean elkartuta, eroso parte hartzeko egun bat bultzatuko dugu.

Aniztasun horren batasuna lortzeko zer beharko litzateke?

Interesak alderdienak izan beharrean herriarenak direla jabetzean legoke gakoa. Interes pribatutik interes orokorrera jauzi egin behar da. Merezi du, horretarako bakoitzak bidean beretik zerbait utzi behar badu ere, horren alde egitea.

Gernikaren sinbologiari egin diozue aipamen zuek. Zer adierazten du, eta zergatik bereganatzen dute lurralde guztietako herritarrek sinbologia hori?

Ahaztu baino lehen, gogora ekarri nahiko nuke Gernika bezala beste hainbat izan direla bonbardatu dituzten herriak: Euskal Herrian bertan hor daude Durango, Otxandio, Eibar eta beste asko. Eta gaur egun bonbardatzen dituztenak ere asko dira. Horiek guztiak gogoan izaten ditugu gurearen urtemugan. Indar handia hartu zuen Gernikak, sinbologiagatik. Hor daude Batzar Etxea eta Gernikako Arbola. Identitate baten ikurra da. Ikusten dugu, besteak beste, Gernikaren suntsiketa baino gehiago, herri oso bat suntsitzeko asmoa izan zela; herri baten identitatearen zapuzketa.

80 urte beteko dira bonbardaketatik, baina oraindik ere beharrezkoa da aldarrikapenekin jarraitzea. Zer lan egin da memoria eta bizikidetza alorretan, eta zer falta da?

Gure aldarrikapenetan bost puntu nagusi ditugu. Merezi du gogoraraztea: bat artxibo militarrak ikerkuntzara zabaltzea da; beste bat, Gernika koadroa Gernikara ekartzea; beste bat, Espainiako Gobernuak oraindik indarrean mantentzen duen bertsio ofiziala —Gernika errepublikazale gorriek eta euskal gudariek erre zutela dioena— ezeztatzea; laugarrena, gertatutakoaren egia, justizia eta erreparazioa egitea; eta azkena, Gernika bakearen, kulturaren eta askatasunaren hiri izendatzea.

Joan den astean, Espainiako Senatuak uko egin zion Gernikako bonbardaketan armada frankistak izan zuen erantzukizuna aitortzeari. Zer irakurketa egiten duzue, eta horren aurrean behar bezalako erantzun irmorik ikusi duzue?

Barkamenek, damuek eta antzekoek beste zentzu bat har dezakete era horretako egoeretan; aurpegi garbiketak izan daitezke. Hori baino inportanteagoa da ardurak onartzea, eta egia, justizia eta erreparazioari bide ematea. Argi dago 1977ko amaiera puntuko legeak ekarri zituela azken boladan ikusten diren ondorio batzuk. Besteak beste, frankismoaren kereilaren aurrean zailtasunak sortu dira. Gizateriaren aurkako gehiegikeriak izan dira: genozidioa, desagerpen behartuak, umeen lapurretak, emakumeen bortxaketak... Argitu beharreko hainbat kontu daude, memoriak berreskuratu behar dituenak, eta lege batzuek oztopatu egiten dituztenak; espresuki, ad hoc sortutako legeak dira.

Zer suntsitu zuten duela 80 urteko bonbardaketek eta zer ez dute lortu isilarazterik?

Desberdina dena suntsitu nahi zuten; identitate bereizia, alegia. Orain ere gertatzen den moduan. Ez dutena isilarazi da gure herriak bera izateko duen eskubidearen alde egitea. Mundu plural batean sinesten dugu, kolore askokoan; gure txoriak irudikatzen duen bezalakoa. Mundu librean sinesten dugu, solidarioan. Eta hori ez dute suntsitu.

Zer-nolako garrantzia du memoriak?

Iragana etorkizunarekin lotzen duen hari bat da. Mario Benedetti idazleak badauka ahanztura eta memoria ardatz dituen liburu eder bat. Bertan esaten du ahanztura simulakro handi bat dela: inork ezin duela ahaztu, ezta nahita ere. Espainian ahanztura derrigortu egin dute; dekretuz, gainera. Trantsizioa baino, transakzioa esatea gustatzen zait niri; memoriaren merkataritza akordio antzeko bat adostu zutelako. Eta hortik datoz orain dauden arazoak iragan hurbila berrikusten edo berraztertzen dutenean. Baita Espainian bertan ere.

Eusko Jaurlaritza ere gertatutakoa jasotzen ari da. Behar bezala egiten ari dira lanketa hori?

Kontaketak partekatua izan behar du; osoa, zintzoa eta egian oinarritua. Ez dago kontaketa bat irabazleen eta galtzaileen diskurtsoan zentratzerik. Lanketa hori benetakoa izateko, besteak beste, kontaketari berari ezarri zaizkion mugak gainditu beharko lirateke. Ematen duelako trantsiziotik honakoak direla bakarrik aztertu behar direnak. Denboran muga bat jarri dute. Eta ordura artekoekin zer gertatzen da? Ez al dute merezi kontatzerik?

EH Bilduk Picassoren Gernika Gernikara eramateko eskaria egingo du Euskal Herriko udalerrietan. Urteetako aldarrikapena duzue zuek. Zer espero duzue?

Maitatua den aldarrikapen bat da hori. Gernika Gernikara ekarri behar dela uste dugu, bahituta sentitzen dugu arrotza den herri batean. Eta ez dugu etsiko gure herrira ekarri arte. Ematen duten argudioa teknikoa da: egoera txarrean dagoela, beste bidaia batek kalte egingo liokeela, eta abar. Gernika Batzordeko kideok uste dugu hor ez daudela arrazoi zientifiko teknikoak, baizik eta erabaki politiko bat. Gatibu dute.

“Paddlean aritzea ez da garestia”

“Paddlean aritzea ez da garestia”

Alaitz Armendariz

Modu batean edo bestean, Julio Alegria (Bilbo, 1942) beti egon da paddlearen munduarekin lotuta. Bizkaiko Paddle Federazioko presidente izan aurretik, nazioarteko federaziokoa izan zen. Haren iritziz, paddlea gero eta kirol ezagunagoa izan arren, oraindik bidea geratzen zaio "eztanda egiteko" eta maila gorenera iristeko.

Jende dirudunarekin lotu ohi da paddlea.

Hori kirol guztiekin gertatu den zerbait da. Baina paddlea praktikatzeko ez dago zertan klub pribatu batera joan; udal kiroldegi pila dago, eta hor merkeagoa izango da paddlean aritzea, ziurrenik. Materialari dagokionez, behin pala erosita, asko irauten du, eta, horrez gain, kiroletako oinetakoak eta arropa baino ez dira behar. Edozein kiroletako oinetako arruntak ere izan daitezke, gainera. Paletan, 250 balio du marka garestienak, baina badira 150 eurokoak. Eta kirol denda handietan eta halakoetan, 100 euro baino gutxiagokoak daude; ez da hain gastu handia. Gainera, lau pertsonaren artean jokatzen denez, pista denen artean ordain daiteke.

Nola lortu zenuten 1991n Bizkaiko Paddle Federazioa sortzea?

Arazo bat zegoen: federazio bat izateko, paddlea kirol mota bat zela onartu behar zuen gobernuren batek. Hainbat buelta eman ondoren, azkenean lortu genuen Eusko Jaurlaritzak paddlea kirol modalitate gisa aitortzea, 1991ko azaroaren 11n. 1992ko urtarrilaren 17an, federazioa sortu genuen Bizkaian zeuden lau klubekin.

Zeintzuk ziren jatorrian egon ziren lau klubak?

Neguriko Golfeko Errege Sozietatea, Jolaseta Errege Kluba, Laukariz Landa kluba eta Abrako itsas kluba. Federazio izateko, batzen ziren klubak ezin ziren paddle klubak soilik izan garai hartan; kirol modalitate gehiago zituen kirol klub bat izan behar zuen, horregatik izan ziren lau horiek sortzaileak.

Nahiko kirol berria da, ez ditu 50 urte ere.

Bai, 1970eko hamarkadan sortu zen.Mexikotik dator, nolabait esatearren. Corcuera izeneko dirudun batek paddle pista bat egin zuen frontoi batean, oker ez banago, eta, gero, Marbellan (Espainia) beste pista bat egin zuten.

Non ikasi zenuen zuk paddlean jokatzen?

Nik bizitza osoan praktikatu dut kirola; saskibaloian ere jokatu dut, hain txikia izanik ere... kar-kar-kar. Lehen, ia gauza guztietara jokatzen zenuen. Marbellan (Espainia) ezagutu nuen nik paddlea. Utzia nion kirola egiteari, eta, han, 1970eko hamarkadan ezagutu genuen paddlea. Bizkaiko batzuk hasi ginen ikasten, eta ikaragarri gustatzen zitzaigun. Gainera, paddlean aritzeko ez zen behar baldintza fisiko berezirik. Bilbora itzuli ginenean, Jolaseta klubeko kideekin hitz egin genuen, paddle pista bat eraiki zezaten, baina ezetz esan ziguten, zoritxarrez.

Zergatik esan zuten ezetz?

Tenis jokalariei ez zitzaielako gustatzen; ez zioten baliorik ematen. Baina Negurin baziren paddlean jokatzen zuten batzuk, eta galdetu genien ea pista bat egiteko interesik zuten. Gutako batzuek dirua jarri genuen, eta klub hori izan zen paddlerako lehen pista izan zuena. Handik urtebetera, Jolasetan ere pista bat egin zuten. Gero, Areetan beste bat egin zen, Laukarizen, Abrako itsas-klubean... Eta aurrera irten zen.

Zertan aldatu da federazioa 25 urtean?

Orain, askoz jende gehiagok praktikatzen du kirol hau. Iruditzen zait oraindik ez dela bere maila gorenera iritsi. Eta badu abantaila bat: neurri kontuengatik, tenis pista on batean paddleko lau sartzen dira; hortaz, urbanizazioetan aukera handiagoa dago paddle pistak egiteko tenisekoak baino. Eta askoz errazagoa da paddlean jokatzea tenisean baino. Hasteko, erraketaren itxura eskuaren jarraipena delako. Horrez gain, erraza da umeentzako: nolabait esatearren, kutxa baten barruan jokatzen duzu, eta, beraz, zailagoa da pilotari ez ematea eta pilotak ihes egitea. Nazioarteko txapelketak daude, hemengoak...

Zenbat federatu zaudete orain?

1.600 eta 1.900 artean esango nuke, Bizkaian bakarrik. Adingabeak kontuan hartu gabe, horiek Foru Aldundiaren lizentzia dutelako. EAEn 3.000 inguru izango dira. Lizentzia duten emakume baino gizon gehiago daude, eta txapelketetan ere gizonek gehiago parte hartu ohi dute. Baina urteak bete ahala, emakumeek gehiago jokatzen dute paddlean; beraz, emakumeen kirola dela esan daiteke.

Paddlea ezagunago bihurtzeko zer egin beharko litzateke?

Kirol olinpikoa izatea ederra litzateke... Nazioarteko Federazioko presidente izan nintzenean saiatu ginen; gutun bat bidali nuen Nazioarteko Olinpiar Batzordera, eta horrek eman zion oihartzuna, baina, gero, ez zen agertu herrialde nahikorik prest. Eta, egia esan, ondoren sortu diren munduko federazio gehienek negozioa egiteko asmoa izan dute. Horrek arazoak dakartza. Adibidez, izan dira nazioak bi federazio izan dituztenak; eta etengabe liskarrean zebiltzan, noski.

Duela bi aste ospatu zenituzten 25 urteak, ezta?

2016ko Bizkaiko Masterraren sari banaketa egin genuen Faduran, eta 25 urteen oroipena ere egin genuen. Plaka bana eman genien federazioa sortzen lagundu ziguten lau klubei, eta beste bat Eusko Jaurlaritzari: lehendakariak ez zuen etortzerik izan, baina harrera egingo digu Lehendakaritzan. Iñaki San Juani ere eman genion, 1991n eta 1992an Jaurlaritzako Kirol zuzendaria izan zenari. Ikaragarri lagundu zigun Bizkaiko Paddle Federazioa sortzeko, eta hori eskertu nahi izan diogu.

“Ikasle askok onartua dute eskola jazarpena”

“Ikasle askok onartua dute eskola jazarpena”

Olaia Zabalondo
Bullying-ari eta ziberbullying-ari aurre egiteko programa lantzeko aukera eskaintzen du Sukarrietako BBK Zentroak, Jagon programaren bitartez. Lehen Hezkuntzako 6. mailatik hasi eta DBHko 2. mailara arteko ikasleekin aritzen dira. 2015e...

“Gaizki ulertuak gertatzen dira askotan ikusmen urriagatik”

“Gaizki ulertuak gertatzen dira askotan ikusmen urriagatik”

Alaitz Armendariz

Bizkaian erretinosi pigmentarioak kalte egindako 400 pertsonetako bat da Arantza Uliarte (Bilbo, 1970). Bizkaiko Begisare elkartea 2016 amaieran sortu da, eta bertako presidentea da bera. Ikusmen murriztua duten pertsonei laguntzeko sortu dute.

Nortzuek osatzen duzue Bizkaiko Begisare elkartea?

Erretinosi pigmentarioak kalte egindako pertsona talde bat gara, baita erretinaren distrofiak kalte egindakoak ere. Erretinosi pigmentarioa izaten da ohikoena, halere. Badira bestelako distrofia batzuk, eta hori pairatzen duten pertsonak ere etor daitezke guregana. Gaixotasun arraro asko daude, eta bakoitzak bere ezaugarri edo sintoma zehatzak ditu. Gehienek itsu uzten zaituzte; ez daukate tratamendurik. Endekapenezko gaixotasunak dira, konponezinak, eta pixkanaka garatzen dira.

Zergatik gertatzen da?

Akats genetiko batengatik. Erretinako zelulek ez dute behar bezala funtzionatzen, eta hil egiten dira. Erretinosi pigmentarioaren kasuan, pixkanaka hiltzen doaz kanpotik barrura, eta makilei eragiten diete bereziki. Makilak iluntasunean ikusten duten zelulak dira. Sintoma nagusia gaueko itsutasuna da. Ez da bakarrik gauez gertatzen: argia gutxitzen denean gertatzen da, eta eremu bisuala pixkanaka galtzen da. Azkenean, erditik bakarrik ikusten duzu: tuneleko ikusmena deitzen zaio horri.

Eta ez dauka sendabiderik?

Ez. Nahiz eta ikerketa ildo batzuk zabalik egon, ez dute lortu prozesua gelditzea edo gaixotasuna sendatzea.

Badakizue zenbat kaltetu dauden Bizkaian?

Laurehun pertsona inguruk daukate erretinosi pigmentarioa Bizkaian, baina ez dago erregistro ofizialik. Egiteke dago hori, ez dakigulako zehatz-mehatz zenbat kaltetu dauden; kalkuluak dira beti.

Zein lan egingo duzue elkartean?

Bazkideei arreta eskainiko diegu; arreta psikologikoa, behar dituzten baliabideetarako orientazioa, prestakuntza... Sentsibilizazio soziala ere landuko dugu, ikusmen gutxitua eta erretina distrofia ezagutzera emateko. Eta ikerketarako laguntza ere emango dugu.

Bizitzako zein unetan diagnostikatu ohi da gaixotasun hori?

Denetarik dago. Daukazun mutazioaren araberakoa da, batez ere. Familia batzuetan mutazio berak kalte egindako pertsonak daude, baina, zenbaitetan, gaixotasuna azkarrago garatzen da. Ez dakigu zergatik den horrela; faktore batzuk ezezagunak dira oraindik. Normalean, nerabezaro eta helduaro artean diagnostikatzen da; gaixoek arazoak dituztela konturatzen hasten direnean. Baina berriro diot: asko aldatzen da pertsonaren arabera. Batzuk 20 urte betetzen dituztenerako itsu gelditzen dira.

Izan da gaixotasunari aurre egiteko aurrerapenik azken urteotan?

Bai: begi bionikoa, esaterako. Terapia gisa funtzionatzen du, baina ez sendabide terapia gisa: gaixoak ez du ikustea lortzen. Erretinan elektrodoen bidez txip bat jartzen da. Kanpoko gailu batekin konektatuta dago, eta ez du kablerik erabiltzen; horrek irudiak jasotzen ditu, eta txip horrek erretina estimulatzen du. Orduan, bulkada elektriko horien bidez argi pultsuak jasotzen dira, eta entrenamendu eta hilabeteetako errehabilitazio baten bitartez, pertsona horiek gai dira ingeradak ikusteko, atea non dagoen ikusteko... Baita letra handi batzuk irakurtzeko ere.

Pixka bat laguntzen du, orduan.

Oso ikusmen gutxitua da, baina, pertsona batek ikusmena erabat galdu duenean, lagungarria da. Espainian lau pertsonari ezarri diote gailu hori [mundu osoan 190 pertsonari], eta erabil daitezke jada, baina izugarri garestiak dira. Ikerketa arloan, terapia genikoarekin aurrerapen batzuk garatzen ari dira, eta baita ama zelulekin egindako terapiarekin ere.

Euskal Herrian ba al da erretinosi pigmentarioa lantzen duen ikerketa talderik?

Biodonostia ikerketa zentroan, gaixotasun neurodegeneratiboen sailean, bada talde bat, erretinosi pigmentarioa ikertzen duena, zehazki. Molekularki ezaugarritzen saiatzen ari dira, kaltetuen diagnostiko genetikoa bilatuta. Gainera, zenbait ikerketa abiatu dituzte gaixotasun hau duten arratoiengan.

Laguntzarik jaso duzue elkartea sortzeko?

Denbora asko daramaten elkarteek diru laguntzak lortzen dituzte euren proiektuetarako, baina, gure kasuan, oraintxe hasi gara. 2016ko diru laguntzak eskatzeko beranduegi zen; hortaz, aurten eskatuko ditugu. Oraingoz, behintzat, bazkideei esker ari gara lanean.

Zuen eranskailu bereizgarriak ezagutarazteko kanpaina bat abiatu duzue azkenaldian.

Laguntza tresna bat da. Gaixotasun mota honen ezaugarrietako bat da denbora luze batez desgaitasun bisualaren fasetik igarotzen zarela. Ikusmen urria izenez ezagutzen da hori. Itsutasunaren aurreneko fasea da. Ez da oso ezaguna, itsutasuna diogunean daukagun edo ez daukagun gauza bat balitz bezala pentsatzen dugulako, ikusten duzu edo ez, eta, ez baduzu ongi ikusten, betaurrekoekin konpon daitekeen zerbait dela pentsatzen duzu, edo kirurgiarekin, bestela.

Eta ez da horrela.

Askotan ez; nahiz eta betaurrekoak jarri ez duzu lortzen zure arazoa konpontzea, ez delako arazo optiko bat. Horregatik, gizartean askotan gaizki ulertuak gertatzen dira.

Zer esan nahi duzu?

Interpretazio okerrak egiten dira, erretinosi pigmentarioa duten pertsona batzuk gai direlako irakurtzeko, baina arazo handiak dituzte handik-hemendik mugitzeko. Baliteke gai izatea agian gauza txiki bat ikusteko, baina gero, mugitu, eta bota egiten dute apal handi bat ez dutelako ikusi, ez zaielako ikusmen eremuan sartu... Edo agian makila erabiltzen dute mugitzeko baina gero sakelakoa irakur dezakete. Beste kasu batzuetan, kontrakoa gertatzen da erdiko ikusmena galtzen duen jendearekin. Ezin dituzte jarduera zehatzak egin, kalean ez dituzte ezagunak agurtzen, ezagutzen ez dituztelako... baina normal-normal mugi daitezke.

Bakoitzak modu batean ikusten du, hortaz.

Ikusmen era oso desberdinak daude, eta nahas daitezke. Hori guztia oso ongi jasota dago Tengobajavision.com-en, euskaraz. Ekimen hori Gipuzkoako elkartearen eskutik abiatu zen. Ikusmen urria daukan edozein pertsonarentzat da.

Kaltetu batek elkartearekin harremanetan jarri nahiko balu, nora jo beharko luke?

Bilboko Castaños kaleko 11. zenbakian egoten gara asteazken goizetan. Bizkaia@begisare.org helbidearen bidez ere harremanetan jar daitezke gurekin, edota, bestela, 646-78 71 12 telefono zenbakira deituta.