Literaturarekin lotura duten ilustrazioen erakusketa Barakaldon

Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Gazteria Arloak antolaturiko literatura jardunaldiak martxan dira. Bada, prestatutako jardueren artean, Ilustra-acciones erakusketak aipamen berezia merezi du. Izan ere, margolanen egileak hiru ahizpa barakaldar dira: Piedad, Carmen eta Begoña Ortiz de Urbina, hain zuzen ere.

Literaturarekin lotura duten margolanak bildu dituzte erakusketan. Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, hiru ahizpak artista autodidaktak dira, eta "ilustrazio arloan esperientzia handia daukate". Margolanak apirilaren 30a bitarte ikus daitezke udal erakusketa aretoan.

Hiru erakusketa gunetan

Ortiz de Urbina ahizpen artelanen artean, argitaratutako irudiak eta proiektu berrien parte izango direnak ikusi daitezke. Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan ere ikus daitezke haien lanak.

'ILUSTRA-ACCIONES' ERAKUSKETA

Non. Barakaldoko erakusketa udal aretoan eta Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan

Noiz. Apirilaren 30era arte.

Udalerako lehen harria

Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako so...

ROCK ETA HEAVY GAUAK GAUR ETA BIHAR

Rock eta heavy doinuek beteko dituzte gaur eta bihar Barakaldo inguruak, Edaska Rock klubak antolatutako kontzertuen bitartez. Madrilgo Steel Horse —irudian— taldearen emanaldia izango da gaur. Judas Priest, Iron Maiden, Black Sabbath eta Accept taldeen ildo edo estiloari jarraitzen dio talde horrek. Aurretik, Barakaldoko Seven Black Roses taldeak ekingo dio gauari, 21:00etan. Sarrerak zortzi euro balio du. Bestalde, bihar Bizkaiko lau talderen ikuskizuna egongo da: Dementzia, Eskean, Striknina eta Napalm igoko dira agertokira. 20:00etan hasiko dira kontzertuak, eta sarrerak hiru euro balio du.

%42

Elorrion, babes ofizialeko etxeetatik tasatuak direnak. Datozen zortzi urteetan Elorrion eraikiko diren etxebizitza babestuetatik %42 tasatuak izango dira.

LEGATZAREN OMENEZ

Legatzak Ondarroan duen garrantzia aintzatesteko, Legatz Eguna antolatu dute biharko, lehenengoz, Ondarroako Arrain Azokak eta APAO alturako kofradiak. Tabernetan eta kaleetan legatza oinarri duten 5.000 mokadu jarriko dituzte salgai. Goizean, Bide On...

Udalerriaren datuak

Galdakao

Biztanleak: 29.049.

Eremua: 31,66 km koadro.

Herrigunea: Kurtze izena dauka, eta galdakoztarren %80 bertan bizi dira.

Udala: EAJk zortzi ordezkari ditu, Bilduk bost, PSEk hru, Usansolo Herriak bi, PPk bi, eta Ezker Batuak bat.

Orri artean gordetako altxorra

Bata bestearen atzetik ilaran jarriz gero, hogei kilometroko lerroa osatuko lukete Bizkaiko Foru Agiritegi Historikoak gordetzen dituen dokumentuek. Ez alferrik, XVI. mende bukaeratik gaur egun arte Bizkaian sortu diren agiri garrantzitsuenak gordetzen ditu bere apalategietan, herrialde historikoan urteen joan- etorriak eragin dituen gertaeren lekuko.

Papera nagusi den arren, material grafikoa —argazkiak, irudiak, grabatuak, planoak, mapak...— eta musika ere iristen zaizkie —partiturak eta soinu grabazioak—. Hala, aspaldi desagertutako enpresa garrantzitsuen agiriekin batera —adibidez, Sota-Aznar, Union de Credito Minero eta Ybarra Hermano y Cia enpresenak—, Bilboko Gaston y Daniela denda historikoko oihalen laginak ere aurki daitezke.

1983an sortu zen Foru Agiritegi Historikoa, eta egun Maria Diaz de Haro kalean du egoitza, Bilbon. Bost solairutan banatutako gordailu eta apalategietan Bizkaiko jaurerriaren, Bizkaiko Batzar Nagusien, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Bizkaiko Diputazioaren eta Bizkaiko udalen agiriak daude. Adibidez, udal agiriei dagokienez, udal guztiek sortutako agirien erdiak Bilboko Udalarenak dira. Agiri kopuru bertsua bildu dute lurralde historikoak izan dituen erakunde orokorrek, denek batera. Eta epaitegietakoak ere ez dira falta.

Halako agirien erabilerari dagokionez, Aingeru Zabala foru agirizainak honako hau dio: "Epaitegietako dokumentuek informazio handia ematen digute. Adibidez, garai jakin batean zer- nolako delituak egiten ziren jakiteko balio dezakete. Baina baita bestelako ezagutzak eskuratzeko. Kasurako, epaiak irakurrita XVIII. mendean zer irain erabiltzen zituzten jakin dezakegu, bizkaitar batek beste bat salatu zuelako irainduta sentitu zelako".

Baina agiri publiko hauekin batera, agiri pribatuek berebiziko garrantzia daukate; direla familiek mende luzez gorde dituztenak, direla Bizkaiko enpresa garrantzitsuenak. Hain zuzen ere, azken urteetan agiri pribatu hauekin ari dira, bereziki, agiritegia aberasten. "EHUko historialariengana jo genuen, eta Bizkaiko zein enpresaren agiriak gordetzeak merezi duen galdetu genien. Zerrenda bat osatu ziguten eta geu gabiltza enpresaz enpresa agiri eske", azaldu du. Halere, behar gehien ematen dietenak ere badirela aitortu du. "Enpresek ez dute agiriak gordetzeko ohiturarik, ez behar den moduan, behintzat. Familietatik jasotzen ditugunak, ordea, txukun egoten dira; askotan klasifikatuta ere bai, karpetetan gordeta".

Hiru urratseko prozesua

Edozelan ere, agiri guztiek agiritegira sartzen direnetik prozesu berbera jarraitzen dute. Aurrena bigarren solairuan izaten dituzte, egokitze edo konpontze lanak egiteko. "Batzuetan zomorroz beteta ere etortzen dira", dio Zabalak. Klasifikatu eta informatizatu egiten dira agiriok, gerora dokumentu hori non dagoen jakiteko. "Dena dugu lokalizatuta, zein solairutan eta zein apaletan dagoen", dio Zabalak. Behin lehen klasifikazio hori egin ostean, ondo irakurri behar dira, zer dioten jakin, hirugarren urrats batean katalogatu ahal izateko. Irakurketa hori da beharrik zailena.

Historialariak arduratzen dira horretaz. Sasoiaren arabera, gehiago edo gutxiago izaten ditu Foru Agiritegi Historikoak kontratupean. "Gehien izaten dugunean, 40 inguru izaten dira". Orri guztiak irakurri behar dituzte, baina denborarik galdu gabe. "Historialariak dira; irakurritakoa baino gehiago jakin gura izatea normala da. Baina historialari direla ahaztu eta irakurri baino ez dute egin behar, gero behar bezala katalogatzeko".

XVII. mendean, kasurako, sei letra idazteko orri osoa erabiltzen zutela dio; baina beste sasoi batzuetan orriko ordaintzen zenez, den-dena ahalik eta espazio txikiena betez kontatzen ahalegintzen ziren, "ia telegrama estiloan idatziz". Hala, zailtasunak ez dira gutxi, baita letra ulertzeko ere.

Ondorengo urratsa, katalogazioa: "Dokumentuaren nortasun agiria egitea". Hori zenbat eta hobeto egin, agirien artean informazio bila datozen ikertzaileek errazago aurkituko dituzte. Katalogatze lana ondo egin ezean, posible da dena delako gai horretaz hitz egiten duten agirien ehuneko txiki bat baino ez aurkitzea, eta hala informazio asko galduko luke.

Gaur egun Foru Agiritegi Historikoak dituen agirien %80 inguru daude katalogatuta. Hein handi batean, etengabe agiri berriak sartzen ibiltzeak eragozten du dena katalogatuta edukitzea. Honen harira, gainera, Zabalak eurek hartu duten erabaki baten berri eman du. Hark dioenez, katalogatze prozesua behin eta berriz hasteko ohitura dago agiritegi askotan. "Guk dena behin katalogatzeko erabakia hartu genuen, gutxienez zer dugun jakiteko, eta beharrezkoa bada gero hasiko gara hasieratik berriz", argudiatu du erabakia.

Agiritegian kontsulta egiteko ez da ezinbestean ikerlari izan behar. Nortasun agiria erakutsita edonork izango du bilaketa egiteko aukera. Egun, dena informatizatuta dagoenez, bilaketa horiek askoz errazagoak eta eraginkorragoak direla dio Zabalak. Dena den, askotan dokumentu gehiegi izatea ere ez dela komenigarria dio, barrez: "Hogei orri baino ez baditut aurkitu, nekez egingo dut taxuzko ikerketarik. Baina 40.000 aurkituz gero ere, ez naiz, ba, denak irakurtzen hasiko!".

Edonola ere, badira eskuragarri ez dauden agiriak. "Zaharrenei kalte ez egiteko, originalaren ordez transkripzio bat uzten da". Gainera, legez babestuta dauden agiriak ere badirela dio: "Adibidez, XIX. mendeko adopzioen dokumentuak ezin dira erakutsi".

Astelehenetik barikura goiz eta arratsaldez egoten da irekita. "Normalean, agiritegiak goizez baino ez dituzte zabaltzen, baina ikerlarien lana errazteko, batez ere kanpotik datozenena, arratsaldez ere zerbitzua eskaintzea erabaki genuen". Atzerritarrei dagokienez, Frantziatik etortzen dira gehienak. Zapatu goizetan ere joan daiteke. Aste normaletan, batez beste, 20 lagun inguru igarotzen dira agiritegitik.

“Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu, eta ez da gertatu halabeharrez”

Ruth Linazak (Lemoa, 1983) Gasteizko Badaiotz taldean egiten du sokatiran. 2003. urtean hasi zen herri kiroletan lehiatzen; trontzan, hain zuzen ere. Hauetan urte guztiotan herrialde eta kirolari asko ezagutzeko aukera izan duela dio.

Nola hasi zinen sokatiran?

Ezustean hasi nintzen. Marti Iturriotz etxera etorri zitzaidan, ea harekin trontzan egingo nuen galdezka. Baietz erantzun nion, eta gaur egun nire entrenatzailea dena ezagutu nuen. 2003ko udan hasi zen nire ibilbidea.

Nolako kirola da sokatira?

Gogorra da, polita; sufritu egiten duzu, baita gozatu ere. Definitzeko orduan oso kirol teknikoa dela esango nuke. Gorputza postura egokian jartzea garrantzitsua da. Zuk indar jakin bat duzu, baina hori modu onean erabiltzea ezinbestekoa da.

Aurtengoa munduko txapelketaren urtea izan da. Hedabideek, baina, ez dute eman horren berri. Zer diozu?

Nik uler dezaket kirol guztiei ezin zaiela tarte bera eman. Ezagupen mailaren araberako jarraipena egin beharko litzateke. Agian, ezin duzu kazetari bat bidali, baina hemendik babes dezakezu kirol hau. Gainera, Euskal Herrira bederatzi domina ekarri ditugu; hori ez da gertatzen halabeharrez. Maila benetan altua dago gure lurraldean.

Eta instituzioen aldetik laguntzarik jaso duzue?

Ez. Orain murrizketa sasoia izanik, kultura eta kirol arloek pairatzen dute gehien. Gainera, gure taldea Gasteizen moduko hiri handi batekoa izanda, zailagoa da. Ni ziur nago alkateak ez duela ezagutzen Badaiotz taldea.

Zaila al da emakumeak goi mailako kirola egitea?

Bai, batez ere adin batetik aurrera. Institutu garaian errazagoa da lagun eta kuadrillakoekin futbolean edo saskibaloian jardutea. Baina, unibertsitate ikasketak hastean, beste hiri batera joan edo ordu gehiago ematen dituzu ikasten. Gainera, amatasunarekin uztartzea zaila da. Gure taldean ama diren bost emakume daude, eta antzematen da nolako lana duten; baina etxeko eta senitartekoen laguntzarekin posible da.

Nolakoa izan da 2012ko munduko txapelketa?

Mundu guztiko taldeak joan gara Eskoziara. Ingalaterrakoak, txinatarrak, herbeheretarrak, Hegoafrikakoak... Asiako herrialdeetan maila handia dago. Gure aurka lehiatu diren ekialdeko zenbait talde sokatiratik bizi dira. Institutuan edo unibertsitatean ikasten ibili arren, beken bitartez sokatiran aritzen dira.

Bederatzi dominetatik bat edo beste irabazi al duzu?

Bai. Emakumeetan bi pisutan lehiatzen gara. 540 kiloan zilarra irabazi genuen taiwandarren aurka galdu ostean. Gure taldea pisu gutxikoa da; 40 kilo gutxiago izan genituen, eta ezinezkoa da horrelako mailan garaipena lortzea. 500 kilotan, berriz, urrezko domina lortu genuen. Talde mistoan Abadiñorekin parte hartu nuen, eta hor ere bigarren egin genuen.

Kirol arloan zer eskatzen diozu 2012. urte honi?

Taldeak aurrera jarraitzea. Ama asko ditugunez, ez da erraza. Etorkizunean bete nahiko nukeen ametsa da Euskal Herria ordezkatuz nazioarteko txapelketetan lehiatzeko aukera izatea.