“Gastuen kultura batetik kostuen kultura batera jo behar dugu”

Sabino Arana plaza eta bertako Andra Mari eliza ditu parez pare Idurre Bideguren Bermeoko alkateak, herriko udaletxeko balkoitik begiratuta. Balkoitik bertatik, gainera, krisi ekonomiko larri baten dagoen herri bat ere ikusten du, eta egoera horrek sortzen duen egonezina ere nabari du. Hala ere, herri bizia da Bermeo Bidegurenentzat, eta gustuko du herritarrek aukeren inguruan nola erantzuten duten.

Lau urtez oposizioan egon ostean —EAko zinegotzi zen—, joan den ekainean hartu zuen Bidegurenek EAJk utzitako lekua. Aurpegitik irribarrea aldendu gabe gogoratu du garai hura; izan ere, “pozik eta gogotsu” hartu zuen alkate kargua. Geroztik, herritar modura ezagutu ez dituenak ezagutzeko aukera izan du, eta hori “oso gauza polita” dela dio. Bildu Bermeoko Udalean sartu zenean, “komunikazio arazoekin eta arazo ekonomikoekin” topo egin zuen. Geroztik, arazo horiei erantzuna ematen saiatu direla dio Bidegurenek. Hortaz, azaldu duenez, Bilduko kideek osatutako udal gobernuak lehenengo urtean ez du tarterik izan ideia eta asmo berriei heltzeko, baina uste du hurrengo urteetan izango dutela horretarako astirik.

Bermeoko Udalak dituen erronkei buruz galdetzean, “guztia egiten jakin” behar dela erantzun du alkateak. “Oreka bat bilatu beharra dago; hasteko, egoeraren arabera, lehentasunak ezarri behar ditugu”. Guztiek hausnarketa sakon bat egin behar dutela uste du; hala, “jakin behar da zerbitzurik onena emateko kosturik murritzena nola lor daitekeen”. Gainera, gauzak egiteko erak ere berebiziko garrantzia duela iruditzen zaio. Horren harira, administrazio tradizionalaren kontzeptuarekin jarraitu gabe, orain arteko kudeaketa ereduari buelta eman behar diotela aitortu du: “Eredu parte hartzaile bat, langileen beste motibazio eredu batzuk…”.

Begi bistako arazo bat aldatzeko premia ikusten du Bidegurenek; herria sozio-ekonomikoki indartu beharra, alegia. Horretarako, kalitatez bizitzeko bidea zein den jakin beharko du herritarrak, alkatearen ustetan. Horren bila dabiltzala aitortu du Bidegurenek; “bai merkataritza arloan eta turismo arloan, bai kontserba industriari dagokionez”. Arrantzari oso lotuta egon baita Bermeo. Baina gaur egunean itsasoa nola dagoen ikusita, herriak beste norabide bat hartu behar duela uste du. “Gainontzeko merkataritza zentroek erakutsi ezin dezaketena erakusteko gaitasuna” izan behar du Bermeok, alkatearen ustetan.

“Guztia egiten jakin behar” den arren, badira zenbait erronka Bermeoko Udalean. Besteak beste, herriak kulturan eta gizarte arloan eskaintza berriak sortu beharko lituzkeela uste du alkateak. Bestetik, “herri erakargarria sortu” nahi du Bermeoko Udalak. Horretarako, Bidegurenek argi du herrian bertan bizi direnei bizi-kalitatea eskaini behar zaiela. Erronka horri lotuta, aitortu du herrian garbitasuna hobetzea dela udalaren lehentasunetariko bat; “sentsibilizazio kanpaina bitartez, garbitasun sistemak aldatuz…”. Arlo horretan zeregin asko dago, Bermeoko alkatearen ustez; betiere, helburu berarekin: “Herrian bizi garenok gustura egotea eta bizi-kalitatea izatea”.

Udalaren baitako lan eredua aldatzea ere gura du. Azken batean, herritarren parte hartzea bultzatzea da haren asmoa. “Gauza interesgarriak eskain ditzaketen herritar ugari daude Bermeon”, dio seguru. Eta Bideguren ziur dago horien iritziekin posible dela herri hobea eraikitzea. Baina argi du informazioa beharrezkoa dela gizarte parte hartzaile eta eraikitzaile hori lortzeko; hori dela eta, “ahalik eta gardenen eta era errazenean” informazioa helarazten saiatzen ari direla dio.

Hainbat proiektu

Erronka eta helburu ugari ditu Bermeoko Udalak, eta horiek lortzeko beste hainbat proiektu. Herria sozioekonomikoki indartzeko, esaterako, plangintza bat du, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du.

Bermeoko merkatariek gaur egun duten egoerak ere kezkatzen du Bideguren. Horregatik, haiekin batera, diagnostiko batean buru-belarri dabiltza. Alkatearen ustez, turismo sozio-kulturala eskain dezake Bermeok: “Itsas ondarearekin batera, herria bisitatzen dutenei gure kultura itsasotik etorritakoa dela eta horrek gugan izan duen eragina, arrantzaren garapena” eta beste hainbat gauza erakutsi behar zaizkiela uste du. “Kanpotik datozenei gure izate eta ohiturak erakustarazi behar dizkiegu”.

Gaineratu du kontserbagileekin ere lanean dihardutela, Eusko Jaurlaritzaren Compite programaren bitartez: “Euskal Herriko kontserba industria nagusietarikoa daukagu Bermeon, eta horien arteko elkarlana lantzen gabiltza”.

Alkateak ezinbestekotzat du elkarlana bultzatuz bestelako kudeaketa bat eratzea. “Gastuen kultura batetik kostuen kultura batera jo behar dugu, aurrekontuak gastatuz”, dio. Helburuak betetzea da gakoa, eta “horiek betetzeko kostu gutxiago egiteko aukera izanez gero, hobe”. Aurrekontuaren %80 gastatzea ez du gauza txartzat ikusten, “gauza ona” izan daiteke-eta, norbere helburua lortzen bada.