XVII. urte garaipentsua

Edota triunfala, Francoren antzera. Apirilaren 21ean Cikautxoren Batzar Nagusia izan zen. Onartu egingo zuten gerentearen kudeaketa plana.

Nolakoa da Cikautxon aldi baterako langileen egoera? Zapalkuntza izugarria eta eskubideen ukazioa. Cikautxoko barne araudiak esaten du aldi baterako langileek parte hartu behar dutela Osasun eta Lan Arriskuen Mahaiaren osaketan. Baina ez. Ez dute parte hartzen, bakarrik bazkideek dute eskubide hori: hiru, ordezkari kontseiluetan hautatzen dira, eta laugarrena, Gizarte Batzordean. Ondorioz, aldi baterako langileek ez dute ezer esaten.

Zuzendaritza Batzordeak ez du bere eginkizuna betetzen, gerentea da jaun eta jabe, eta, horrela, MCC Mondragon Koorporazioak lortzen du helburua: irabaziak (euren kodigoan, erdaraz , maxima eficiencia empresarial).

Denok dakigu zer egoeratan dagoen kapitalismoa, “krisi” deitzen diote, eta, krisi ekonomiko baten barruan, bazkideek ez dute pentsatzen aldi bateko langileen egoera nolakoa den; langile aristokrazia bihurtuta, isilik egoten dira.

Noiz arte jarraituko du egoera honek? Ez dakit. Sasoi batean, Cikautxoren helburua zen Lea-Artibaiko garapen ekonomikoa bultzatzea, lanpostu kooperatibistak sortuz. Horren ordez, lantegi txikiak daude, eta euretan langileen egoera larria da; kapitalismo basatiaren adierazpena: prekarietatea, soldata apalak eta eskubiderik eza.

Norena da zapalkuntza honen erantzukizuna? Hasteko, gerentearena, zeren eta diktadura bidez nahi duena egiten du, nahi duen moduan kudeatzen du lantegia. Gero, Zuzendaritza Batzordearena: ez du betetzen bere funtzioa; alegia, kudeaketa garatzea, legea eta barne araudia betez. Eta azkenean, bazkideena. Euren soldatak aldi baterako langileen zapalkuntzatik datoz, ondo bizi dira eta diktadura onartzen dute.

Gutun honekin adierazitakoa egia ez balitz, gustura hartuko nuke erantzuna. Nahi badu, gerenteak du hitza. Zain nago.