Hainbat belaunalditako zizelkarien erakusleihoa

Roscubas anaiak 1953. urtean jaio ziren. Egoitz IƱurrieta, berriz, 1982an. Hirurek egindako lanak ikusgai dira Zugaztietako eskultura parkean. Izan ere, Meatzaldea Goikoa Euskal Herriko zizelkari gazte eta ez hain gazteen erakusleiho izatea nahi dute. Roscubas bikien belaunaldiko euskal eskultoreen artean, Jose Antonio Legorburuk (Zarautz, 1952) eta Victor Arrizabalagak (MaƱaria, 1957) dute euren lanetako bat ikusgai bertan.

Lehenengoari dagokionez, Lurraren tximiniak eskulturaren bitartez Zugaztietako meatzari iragana azaleratu nahi izan du. Bigarrenak, berriz, Lolita izeneko lana ezarri du parkea inguratzen duten urmaeletako baten ertzean: burdinazko emakume bat da, belardian etzanda dagoena eta paisaiarekin batera hainbat margolanetan irudikatzen diren musak gogora ekartzen dituena.

Artista gazteen artean, Luis Fernandez (1981) eta Jasone Irigoien (1977) gipuzkoarrak nabarmentzen dira. Fernandezek erreketako harrien higadura itxuratu du Eserleku hutsa lanean. Ostera, Irigoienek Sustraiak eskulturaren bidez Zugaztietako meatzari jatorria irudikatu du: harkaitzetatik azaleratzen diren altzairuzko espiralek osatzen dute artelana.

Bi belaunaldi horien artean dauden artistek ere lekua dute Meatzaldea Goikoa parke honetan: Juanjo Novella (Portugalete, 1961), Txemi Novoa (Bilbo, 1971) eta German de los Riosen (Bilbo, 1974) sorkuntzak dira horren adierazpenik argiena.