Ondarearen gaineko errenta berreskuratuta, 40 milioi bilduko ditu foru ogasunak

Herenegun hasi zen Bizkaian 2011. urteari dagokion errentaren eta ondarearen aitorpen kanpaina. Hain zuzen, aurten hori da berrikuntzetako bat; izan ere, Bizkaiko Batzar Nagusiek, abenduaren 28an Gernika-Lumon egindako osoko bilkuran, ondarearen gaineko zerga berriz indarrean jartzea erabaki zuten, 2011 eta 2012rako. Hala, hilabeteotan egin beharreko aitorpenean iazko ondarearen berri ere eman beharko dute bizkaitarrek. Bizkaiko Foru Ogasunak kalkulatu du 40 milioi bilduko dituela berreskuratutako zerga horri esker, eta 3.000 ondare aitorpen jasoko dituztela uste dute foru arduradunek. Bi milioi eurotik gorako ondare balioa duten zergadunek aurkeztu behar dute autolikidazioa. Aitorpen kanpaina ekainaren 29an bukatuko da.

Eguaztenean bertan, 223 milioi euro itzuli zituen ogasunak. Eurak egin eta zergapetuek oniritzia eman dieten aitorpenei dagokien zenbatekoa da. Aurten 265.000 bizkaitarrek jaso dute errenta aitorpena eginda, etxean. Orotara, 605.000 errenta aitorpen egingo dira bi hilabete eskas hauetan. Horietatik %80,33tan, ogasunak dirua itzuli beharko die zergapetuei. Alegia, 532 milioi euro ordaindu beharko ditu. 176 milioi kobratzea aurreikusi du, ordea.

PFEZari dagokionez, kenkariak direla eta, 700 milioi ez dituela kobratuko kalkulatu du ogasunak. Besteak beste, 65 urtetik gorako 133.000 bizkaitarrek 77 milioiren kenkaria izango dute. 216.000 bizkaitarrek 126 milioi ordaindu gabe utziko dituzte, euren kargura dituzten ondorengo senideengatik. Azkenik, 54.800 zergapetuk 53 milioiren kenkaria izango dute urritasunen bat dutelako.

Sindikatuen kexua

Iñigo Iruarrizaga Bizkaiko Ogasun diputatuak eguazten goizean egin zuen kanpaina hasierako ekitaldia, foru ogasunaren egoitza nagusian. Hori aprobetxatuta, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin zuten. Besteak beste, “PFEZa eta beste zerga batzuk modu justu eta zuzenago batez” kudeatzeko exijitu zioten aldundiari.

Euren irudiko, “ezin sinetsizkoa” da beharginek PFEZaren bidez 4.308 milioi ordaintzea, kapitalaren eta sozietateen gaineko zergaren bidez 1.472 milioi euro jasotzen diren bitartean. “Hemen, nomina daukagunok baino ez ditugu zergak ordaintzen; ondare handia dutenek pribilegioak dituzte”, salatu dute. Gainera, diputazioa “iruzur egiten dutenen” alde dagoela iruditzen zaie.