Zortziaren bueltan

Urduñan dena prest dago urteko asterik garrantzitsuenari hasiera emateko. Maiatzaren 8an Antiguako Amaren eguna ospatzen dute, eta ospakizun horren bueltan antolatzen dituzte jaiak: otxomaioak. 13an bukatuko dira.

Herri gehienetan bezala, txupinazoarekin hasiko da festa astea. Urduñarrek gaur emango diote su eurenari, 21:00etan. Ondoren, 22:00etan hasita. Tirikitrauki taldearen dantzaldia izango dute Foru plazan. Biharkoa azoka eguna izango da Urduñan. Charolais arrazako behien lehiaketa egingo dute goizean. Horrekin batera, baserriko produktuak, eskulangileenak eta makinak egongo dira ikusgai eta erosgai. 20:00etan Joselu Anaiak taldearekin erromerian dantzatuko dira urduñarrak; 22:00etan, herri eskolako jolastokian kontzertuak izango dira, autogestio bidez gazte asanbladak antolatuta.

Etzi, txistularien alardeak girotuko ditu Urduñako jaiak. 13:15ean eskainiko dute kontzertua, Foru plazako oholtza gainean. Arratsaldean, berriz, zezenketa mistoa egingo dute zezen plazan. Ivan Fandiño eta Ivan Abasolo herriko semeek lau zezen eta bi zekor jokatuko dituzte, hurrenez hurren. 19:00etan Gorka Aginagaldek umore ikuskizuna eskainiko du Foru plazan. 21:00etan, berriz, Arizgoiti taldea igoko da oholtzara, urduñarrak dantzan jartzeko asmotan.

Ama Birjina, ume eta helduak

Martitzenean, eguaztenean eta eguenean, Antiguako Amaren, umeen eta nagusien egunak ospatuko dituzte Urduñan. Maiatzaren 8an, bada, herriko udalbatzak parte hartuko duen meza nagusia izango dute, goizean. Arratsaldean, zirku tailerra (18:30), Kosmos orkestraren dantzaldia (20:30) eta Deabru Beltzak konpainiaren ikuskizuna (22:30) izango dira, Foru plazan.

Eguaztenean, puzgarriak, entzierroa, herri bazkaria eta dantzaldia izango dituzte Urduñako gaztetxoenek; den-dena eurentzat pentsatuta. Eguenean, berriz, adinekoak meza ostean bazkaltzera bilduko dira, eta arratsaldean dantzaldia izango dute.