Ibilian, ondarea ezagutu

Zazpigarren urtez Zeanuriko erroten ibilaldia antolatu dute Ipizki taldeak eta Joko Alai elkarteak. Igande goizean egingo da, bada, mendia eta ondarearen ezagutza uztartzen dituen paseoa. Aurtengo ibilbidea iazko berbera izango dela azaldu dute antolatzaileek. 18 kilometro egingo dituzte oinez. Bitartean, herriak dituen errotak ezagutzeko geldiuneak egingo dituzte parte hartzaileek. Haurrek eta mendian ibiltzeko ohitura handirik ez dutenek, ordea, beste ibilbide errazago bat egiteko aukera izango dute. Nagusiak baino bi kilometro gutxiago izango ditu horrek.

Bata edo bestea egin, irteera gunea denentzat herriko plazan egongo da. 09:00etarako jarri dute hitzordua. Izena emateko, baina, ordu erdi lehenago agertu beharko dute. Altziber eta Errotabarri erroten ondotik igaro ostean, Undurragako urtegiaren ertzetik jarraituko du ibilbideak. Urtegia atzean utzita, Barrengoerrota, Erdikoerrota eta Goikoerrota aurkituko dituzte bidean, hurrenez hurren. Undurraga auzunera jaitsi, eta Ibargutxiko errotara abiatuko dira. Bertan errota barrura sartuko dira, nola lan egiten den ezagutzeko. Zuzenean arituko dira beharrean. Hurrengo, Lanbreako errota izango dute zain. Undurragako lakuaren beste ertzetik, berriz, Alkiberrera joango dira, hamaiketakoa egitera. Jana eta edana izango dituzte, indarberritu eta bideari berriz heldu ahal izateko.

Otzerinmendi eta Uribe auzoetatik igaro ostean, Intxaurbeko, Axpeko eta Zulaibarreko erroten ondotik igaroko dira. Handik kilometro eskasera izango dute helmuga. 300 metro aurretik, baina, azken errota izango dute zain: Olabarrikoa.

ERROTEN IBILBIDEA

Non. Zeanurin, udaletxe aurreko plazan hasita.

Noiz. Domekan, 09:00etan.

Izena ematea. 08:30ean egin beharko da, plazan bertan. 3 euro ordaindu behar dira.