Hasierako berbak

Txandakako lasterketak gustatzen zitzaizkidan eskola garaian. Bakarkako lasterketak baino atseginagoak ziren. Ahalegin fisikoa berdina zen, zeharkatu beharreko metroak ere bai, baina izerdiak eta giharretako minak norbaitekin partikatzen zenituen. Xedea ez zen soilik metro madarikatu haiek arineketa batean egitea, besteari txanda ematea baizik. Bestearen eskukadaren zain izaten nintzen marra ezin pasaturik, artega eta gogotsu. Bakardadeari ihes egitea bezelako zeozer zen. Metafora ederra begitantzen zitzaidan lasterketa konpartitzearena, elkarrekin egitearena. Esku ukimendua nahikoa zen hurrengoari txanda emateko. Hau da, norbaitekin lasterketa egin ezeze haren eskua ukitu zenezakeen. Laztanak eman eta jaso irakasleak aginduta! Liverpool futbol taldeko zale banintz "You'll never walk alone" (Inoiz ez zara bakarrik ibiliko) kantatzearen antzeko zerbait litzatekeela azalduko nizuke. Ze demontre! Kantatzen hasiko nintzatekeen. Orduan, baina, Liverpool maparen bateko hiria baino ez zen, eta kantua… kantua ez zen existitzen. Ez ditut nire txanda-kideak akorduan. Pentsatzen dut ikaskideak izango zirela, batzuk besteak baino maiteagoak. Beharbada txanda emateko orduan egongo zen bihotza kitzikatzen zidan norbait. Historia aurrea oroitzeko arazoak izaten ditut sarri. Aurpegiak dihoazkit eta datozkit. Ondo gogoan daukat, baina, gozatzen nituela lasterketa haiek eta beste inork baino lehenago eman nahi izaten nuela txanda. Amaiera arte ez genuen jakiten nork egina zuen denborarik onena. Niri neuri bost inporta zitzaidan egindako denbora, gauza zen aurrekoaren eskuaren laztana jasotzea, eta hurrengoari ematea. Hori bezain sinplea. Harrezkero ez dut lasterketarik egin. Osterantzeko auzolanetan hartu izan dut parte, ez dakit; lagunen etxe-aldaketetan, ekitaldiren batean, hondarretako gazteluren baten eraikuntzan, baina hor sekula ez da eskurik eskuko ikutuera hori eman. Gaur, baina, lerrook idazten ari naizen bitartean atzera be Liverpool-eko kantua etorri zait akordura. "Walk on, walk on with hope in your heart and you'll never walk alone" (Zoaz, zoaz zure bihotzean itxaropenaz, eta inoiz ez zara bakarrik ibiliko). Ez dakit norena den laztantzen nauen eskua, Ander Egiluz edo Leire Bilbaorena. Edozelan be gogoz eta pozarren hartuko dut txanda-aldaketa. Nik jasotakoa, momentuz, zuk hartu beharko duzu, irakurle estimatua. Halandaze, hamabostean behin John Trollope labanderiara doan bitartean hementxe izango nauzu txanda emateko gertu.

Udaletxetik foru jauregira

Mundakako alkatetzatik foru aldundirako saltoa emango du Unai Rementeriak (Mundaka, 1974). Juan Mari Aburtok utzitako lekua beteko du datorren martitzenetik: Lehendakaritza ahaldun eta bozeramaile lanak egingo ditu.

Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiarekin harreman estua dauka, eta hark gura duen soslaia betetzen du: kudeatzaile gaztea, baina esperientziaduna. Bere jaioterriko Hirigintza zinegotzi eman zituen lehen pausoak politikan. 2007az geroztik, Mundakako alkate da. Alegia, bigarren agintaldia du honako hau. 2009-2012ko legegintzaldian, legebiltzarkide ere izan zen Gasteizen. Alakrana atunontziaren afera gertutik jarraitu zuen, alkate zein legebiltzarkide moduan. Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak egun haietan egindako lana auzitan jartzeaz arduratu zen. 2011tik, Bizkaiko Batzar Nagusietako kide eta EAJren bozeramaile da. Azken zeregin hori utzi egin beharko du, eta jakiteko dago alkate jardunari ere uko egin beharko dion.

Rementeria Ekonomia Zuzenbidean lizentziaduna eta Hirigintza Zuzenbidean diplomaduna da. Sorterriarekiko lotura estua du, eta astialdian ez die muzin egiten bere herriko ohiturei: urtero atera ohi da atorra jantzita inauteri domekaz.

88.750

Ezkerraldean bosgarren edukiontzia jartzeko inbertsioa. Hondakin organikoentzako edukiontzia hiruhileko honetan ezarriko dute Ezkerraldean. Esleipena 56.749 eurokoa da, eta kontzientziazio kanpainan 31.700 euro erabiliko dute.

Dirua bitartekari bihur dadin

Diruak historikoki izan duen bitartekari funtzioa berreskuratu dezan eta helburu izateari utz diezaion proiektu berri bat martxan jartzeko lanetan ari da Desazkundea kolektiboa Bilbon. Bilbodiru izeneko txartelak aterako dituzte: euro baten truke, bil...

Eskolari ikasgela berri bat gehituko dio Lemoizek

LEMOIZ. Lemoizko Udalak 2013ko aurrekontua onartu du: 1,3 milioi izango ditu, iaz baino %4 gehiago. Udalak, gainera, ez du zorrik, eta aurten bukatuko du Udalkutxari zor dion dirua itzultzen. Aurrekontuko 40.000 euro Urizarreko eskola handitzeko jarri...

Tradizioaren barruan, modernitatea

Herri kirolak, pilota, inauteriak, bertsolaritza... Euskal Herriko tradizioen berri emateko modu bitxia eta berritua aurkeztu du Antton Irustak Aurkitu Euskal Herriko tradizioetan liburuaren bitartez. Non dago Wally? formatu ospetsua oinarri hartuta, kultura zabaltzeko bide bati ekin dio Irustak.

Harri jasotzaileen harriak, arraun bat, Marijaia, joaldun baten kapela edota sanblasetako kordelak bilatu behar dituzte liburuak proposatzen dituen jolasetan parte hartu nahi dutenek. Ohiko tradizio horiez gain, ordea, surfa edota Guggenheim museoa ere ageri dira, besteak beste.

"Sarri, tradizioari buruz berba egitean zer aipatu behar dugun ez da zehazten. Kasu honetan, egin dudana da gure tradizio zaharrez gain —mitologiaren ingurukoak eta inauteriak, besteak beste—tradiziotzat har daitezkeen beste atal batzuk jorratu", azaldu du Irustak berak. Izan ere, "janariaren inguruko ohiturak eta bestelakoak ere ageri dira, tradiziotzat har daitezkeenak, hain zuzen ere". Euskal Herriko ohitura moduan hainbat alor azaltzen dira liburuan "jendeak tradiziotzat hartzen ez dituenak". Besteak beste, surfa izan liteke. "Nik uste dut jada tradiziotzat hartu beharko litzatekeela. Bestalde, gaur egun Euskal Herrira etorri eta Guggenheim museora joatea ere ohitura bat da; ibilbide turistikoak ere badaude, sarri errepikatzen direnak", azaldu du egileak.

Hain zuzen ere, hamabi unitate didaktiko —orri bik osatzen dute unitate didaktiko bakoitza— jasotzen dituen lana da Aurkitu Euskal Herriko tradizioetan. Lehenengo bi fitxak herri kirolei buruzkoak dira. Pilota, jaiak, inauteriak, kultura herrikoia —bertsolariak, San Joan gaua, San Tomas, San Blas, Agate Deuna...—, museoak eta eraikinak, euskal dantzak, gastronomia, mahastiak eta ardoak —ardoaren ibilbidea ahaztu gabe—, surfa, enbor moztea eta ibilbide turistikoak dira lan horrek jasotzen dituen atalak.

Euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri liburua. "Nik euskaraz idatzi nuen. Baina ikusi nuen bai Euskal Herrikoentzat eta bai kanpotik datozenentzat ere interesgarria izan litekeela. Irudi berberak erabili ditut. Helburua da kanpotik ikus dezaten badauzkagula tradizio interesgarri eta erakargarri batzuk".

"Irakurketa prozesura irekita daudenentzat" da liburua. "Jolas didaktiko ukitu bat dauka: informazioa irakurri bai, baina jolasa ere proposatzen da informazio horren inguruan. Esaterako, esku pilotako partida batean pilota batzuk desagertu egin dira, eta umeak aurkitu egin behar ditu ilustrazio osoan edo unitate bakoitzean", azaldu du.

Tradizio zahar eta modernoak

Helburua edozein liburuk izan beharko lukeena dela dio Irustak: "Irakurketarekin gozatzea". Bestalde, "euskaldunok tradizio zaharrak eta modernoak ditugula eta biekin bat egin daitekeela" ere erakusten duela gogorarazi du. "Oso pozik nago liburu honekin, tradizioaren inguruan modernitatearen kontzeptua sartu delako", esan du.

Hainbat kultur alorri buruzko "zertzelada" batzuk besterik ez du ematen Irustak bere lanean. Horrek jendearen interesa pitz dezakeela deritzo, eta handik abiatuta gai bati edo besteari buruz informazio gehiago bilatzeko grina piztu.

Esan bezala, idazlea Antton Irusta da, bilbotarra. Marrazki egilea, ordea, kataluniarra da, Francisco Valiente. "Uste dut Euskal Herriko koloreak eta nik nahi nituenak harrapatu dituela", azaldu du.

Susaeta argitaletxeak "euskal kulturaren aldeko apustu handia" egin duela ezin dela aipatu gabe utzi iritzi dio Antton Irustak. Bide horretatik, gogora ekarri duenez, azken boladan hainbat herri ipuin idazten dabiltza. "Besteak beste, Olentzerori buruzko ipuin moderno bat idazten ari naiz". Istorio horiei "ukitu moderno bat emateko" apustua egin du argitaletxeak, Irustaren esanetan. "Eta horretan dihardut azken hiru urteetan", zehaztu du.

Zierbena eta Zalla arteko ur hodia eraikiko dute

BILBO. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterriko lehen mailako ur hornidura sarea hobetzeko, Las Carreras (Zierbena) ur biltegia eta Zallakoa elkartuko dituen hodia eraikiko du 2014rako. Hamabost milioi inbertituko ditu. Zadorrako ura Las Carreraseti...

Mankomunitatearentzako ekarpena behera Arratian

IGORRE. Arratiako Udalen Mankomunitateak 2013ko aurrekontua onartu du: 4,4 milioi, iaz baino %5 gutxiago. Udalen ekarpenak behera egin du, Arantzazukoak izan ezik, han biztanleriak gora egin duelako. Halere, "txikia" da aldea. Josune Gorospe president...