Zerga iruzurra eta legezko iruzurra

Bizkaian magnate gutxi dago”. Horixe izan zen PNVk erabilitako aitzakia 2008an Ondare Zerga ezabatzeko. Gezurra zen bere garaian eta gezurra da gaur egun ere. Orduan zein gaur egunean, Bizkaiko magnateek, izan badirela eta hain urriak ez direnak, ordaindu beharrekoa baino zerga gutxiago ordaintzen dute, horretarako aukera eman zaielako oraindik ere.

PNVk fiskalitateaz diharduenean, eta mundu guztia kontent mantentzeko asmoz, gauza bat esan eta aldi berean kontrakoa baieztatzeko gaitasun ikaragarria dauka. Hori dela eta, harrokeriaz amestu, eta esan dezake egun batean Ondare Zergari dagokionez Bilduri ezkerretik aurrea hartu diola, eta handik gutxira, errenta altuenei PFEZa %45tik %46ra igotzeari uko egiten dio, bildu beharreko diru kopurua urriegia izango dela argudiatuz. Antza, Bilbao jaunarentzat diru xehea da hiru milioi euroko bilketa.

Diskurtso bikoitz horren aurrean, askoz argigarriagoa deritzogu ahaldun nagusiaren alderdiko buruaren azalpenei kasu egiteari; Iñigo Urkulluk oso argi utzi zuen: “Gehiago irabazten dutenek gehiago ordaindu behar izatea demagogia hutsa da”. Argudio errepikakor eta, beraz, intentzioen salatari izanik, jakin badakigu ez zela lapsusik izan bere hitzetan.

Bizkaiko Aldundiaren 2013ko aurrekontua aztertzean agerian gelditzen den lehenengo gauza pentsamendu neoliberal honek dakartzan diru sarrera gabezia da, betiere, enpresaburu eta dirudunen mesederako. Horren adibiderik onena Aldundiak aurten enpresariei barkatuko dizkien 207 milioi euroak ditugu, gehienbat eraginik gabeko kenkari eta diru laguntza bidegabeetan oinarritutakoak.

Aurrekontuek islatzen duen beste adibide bat zerga ezkutuak Ondare Zergarengan duen eragina da. Bizkaiko Ogasunak egun indargabetuta dagoen eta soilik 2011 eta 2012 bitartean indarrean egon zen zerga horren ondorioa kalkulatu du. Aberatsenei 43 milioi euro barkatu dizkie, eta zergaren izaera injustua eta atzerakoia agerian utzi.

PNVren aurreko urteetako zerga erreformak desegitea beharrezkoa da, horietako bakoitzean Bizkaiko ogasunak dirua biltzeko ahalmena galdu duelako. Zerbitzu sozialak bermatu eta gizartea eraldatzeko balioko digun bilketa nahikoa izateko Foru Arauak aldatu beharra dago. Ez dezagun ahaztu fiskalitateak oso bide desberdinetatik arazo berberak jorratzeko ahalmena daukala. Etxebizitza alorrean adibidez, zerga politikak bigarren etxebizitza erosi nahi dutenen mesedetara egin daitezke, aspaldi egiten zen bezala, edo ostera, hutsik dauden etxebizitzak Ondasun Higiezinen Zerga igota alokairura bideratzeko erabil daitezke.

Gehiago irabazten edo gehien dutenei presio fiskala areagotzea ez dago PNVren lehentasunen artean. Horren ordez, Iruarrizaga-Bilbao tandemak bi ildoetako zergak eskaintzen dizkigu. Ildo batetik, soldatapeko arruntak doaz, zergak automatikoki ordaintzen dituztenak; beste ildotik, berriz, zergadun bereziak daude, Ogasunari gutxiago ordaintzeko moduen artean kartara aukeratu dezaketenak: aurrezki errentak %20an edo PFEZan elite mailako kirolarientzako errenta irregularrak, enpresetako mozkinak kalkulatzeko modua, kenkari kopuru izugarriak, Sozietate Zergaren gaineko erregimen bereziak edota zerga ezkutua edota enpresen Ondarearen Zergaren gaineko aberastasuna ezkutatzea. Iruzur fiskalari aurrea egitea bezain garrantzitsua da legezko iruzur horiek bukatzea. Eta egitekotan, noski, magnateren bat haserretuko da…