Elkarrizketa

“Beti ari gara geure burua eraldatzen”

“Beti ari gara geure burua eraldatzen”

Ainhoa Larrabe Arnaiz
Gabezia batek bultzatuta sortu zen Bizkaiko Urtxintxa Eskola, 1986an. Kolorea eman nahi zioten hezkuntza ez-formalean zegoen iluntasunari. Eta horretan dabil oraindik ere, 30 urteren ondoren: mundua koloreztatzen eta balio jakin b...

“Lanbide hau ez da erakargarria, eta lan baldintzak, gutxiago”

“Lanbide hau ez da erakargarria, eta lan baldintzak, gutxiago”

Pello A. Zuazo

Ana Hidalgo (Malaga, Espainia, 1963) Bizkaiko auzitegi medikuen elkarteko medikua da, psikiatrian aditua. Nafarroan lan egin zuen urte luzez, eta 2008an Bizkaira etorri zen, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen "prestigioak" erakarrita. Baina konturatu da aurkitu duena ez dela espero zuena. "Dezepzioa hartuta nago: gure politikariek ez dute zerbitzua zaintzen, eta horregatik gaude greban".

Bi hilabete daramatzazue greban. Zer eskatzen duzue?

Hiru aldarrikapen ditugu, elkarren artean guztiz lotuta daudenak: guardiak egin ostean atseden egokiak izatea nahi dugu, alde batetik. Izan ere, legeak esaten duena ez da betetzen ari. Bestetik, prestakuntza eta formazio plan egoki bat ere aldarrikatzen dugu. Eta, azkenik, soldata egokitzapena eskatzen dugu. Gure soldatak Osakidetzako soldaten gutxienekoetara egokitzea nahi dugu; hau da, Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuak jasotzen duena kobratzea. Hiru aldarrikapen horien helburua sinplea da: kalitatezko zerbitzu publiko bat ematea.

Osakidetzako medikuen eta auzitegi medikuen baldintzak oso desberdinak dira?

Auzitegi medikuak Justizia Sailaren menpe daude, ez Osasun Sailaren menpe. Hori dela eta, ez dute onartzen auzitegiko medikuen egoera Osakidetzakoenarekin alderatzea. Guk, dagokigun soldata mailaren baliokidea bilatu dugu EAEko administrazioan: Osakidetzan gutxien kobratzen duten medikuen soldata. Ondorioz, urtean 2.000 euro gordin gehiago kobratzea eskatzen dugu. Gure lanbidea ez dago behar den bezala errekonozituta.

Zer eskaini dizue Jaurlaritzak?

Urtean 800 euro gehiago adituak ez diren lankideentzat, adituentzat 900 euro inguru, kliniketako nagusientzat 1.500, zuzendariordearentzat 5.700 eta zuzendariarentzat 8.000. Soldata horien bidez, hautaketa libreko postuak saritu egiten dira. Banaketa hori egiteko berdintasun eta proportzionaltasun printzipioak erabili direla aipatu du sailburuordeak. Baina, banaketa horretan non dago berdintasuna eta proportzionaltasuna? Ez dugu ikusten, ez dugu ulertzen.

Eta beste aldarriei dagokienez, zer esan dizuete?

Atseden tarteei eta prestakuntzari dagokienez, ez dute benetako neurririk hartzen. Jaurlaritzatik murrizketak dira nagusi, eta euren hitza ematen duten arren, errealitatea beste bat da. Kokoteraino gaude promesez.

Eskakizun horiek ez dira berriak.

Urteetan egin diren akordio guztietatik kanpo geratu gara auzitegi medikuak; 1998. urtetik, hain zuzen. Horrela, bada, zor historikoa dauka Jaurlaritzak gurekin. Eurek ere onartu dute hori, baina ez dizkigute baldintzak behar den beste hobetu nahi.

Egoera kaxkar horretaz probetxua atera dezakeenik badago?

Kalitate zientifiko handiko zerbitzu burujabe bat hiltzen uzten baduzu, enpresa pribatuek irabaziko dute; kasu honetan, aseguru konpainiek eta mutuek. Herritarrak ez dira irabazten irtengo, hori seguru. Zerbitzu hau pribatizatuko den beldur gara. Ondo ordaintzen ez baduzu, lan baldintza onak jartzen ez badituzu eta prestakuntza proiektu on bat ez badaukazu, langileak gogaitu egiten dira.

Belaunaldien arteko ordezkapenik ez dagoela ere salatu duzue.

Bataz beste, 54 urteko adina daukagu. Eta ikusten dugu honek ez duela erakartzen praktikak egitera datorren jendea. Lanbide zaila da, erantzukizun handikoa eta baldintzak ez dira onak. Garapen profesionala izateko aukerarik ere ez dago. Ez du merezi.

Greba eragin zuzena izaten ari da auzitegietan.

Bi hilabete daramagu txostenik egin gabe. Nire kasuan, ez dut ezgaitasun psikiatrikoen inguruko txostenik egin. Beraz, Bizkaiko Lehen Auzialdiko Epaitegian hainbat epaiketa bertan behera gelditu dira. Eta jendea kexatu egin da. Martxoan astean egun bakarrean egiten genuen greba eta ez zen apenas igarri. Apirilean astean lau egunez egin dugu greba. Eta orain, maiatzean, bost egunez egiten ari gara. Horrek, noski, bere ondorioak dauzka.

Egin dituzuen protesta batzuetan mozorrotu egin zarete eta antzezpenak egin dituzue.

Bai, hala da, antzerki obra txikiak egin ditugu. Modu sinbolikoan auzitegi medikuntzaren erakargarritasun falta erakutsi nahi izan dugu. Eta, bide batez, Jaurlaritza Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeari egiten ari zaion mina ere irudikatu nahi izan dugu. Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka, Bilboko apezpikua, aingeruak, delitu eta istripuetako biktimak, aseguru konpainiak... gure sektorearekin zerikusia duten figura guztiak bildu ditugu obran. Kontzientzia sortu behar da. Jendea zerbitzu publikoen funtzionamenduan inplikatu dadila nahi dugu. Ikus dezala gauzak nola diren.

Aurrera begira, zein asmo daukazue?

Greba egiten jarraituko dugu, astean bost egunetan, negoziazio mahaia eratu arte. Eta hori laster izango dela espero dugu.

“Haur goiztiar zein gaixoentzat sendagaia da bularreko esnea”

“Haur goiztiar zein gaixoentzat sendagaia da bularreko esnea”

Natalia Salazar Orbe

Behar duten haur jaioberri guztiek bularreko esnea hartu ahal izatea da Maria Garciaren ametsa. Horretarako, Gurutzetako ospitalean esne banku bat sortzea nahi du. Jaioberrien guneko zaintza eta trebakuntza arduraduna da ospitalean. Baita edoskitze arlokoa ere. Esnea ematen duten emakumeentzat zein haurrentzat izango lituzkeen onurei buruz mintzatu da.

Zer beharrizan dago esne banku bat sortzeko?

Ondo ezagutzen ditut jaioberrientzat amaren esneak dituen onurak; bereziki, haur goiztiar eta gaixoentzat. Haientzat sendagaia da bularreko esnea. Ama askok ez dute nahikoa esnerik izaten hasieran, haurtxoengandik bananduta badaude. Haur horiek esne artifizialez elikatu behar dira. Bestalde, badaude esnea sobera izaten duten andreak. Arrazoiak ugariak izan daitezke: gehiegi dutelako, edo, zoritxarrez, umea hil egin zaielako. Beste ume batzuek esne hori behar dute. Emakumeek eman egin nahi dute, baina ezin dute.

Jaioberrientzat zein onura ditu bularreko esneak?

Gure espezie bereko esnerik hartzen ez duten ugaztun bakarrak gara. Behiarena, prestatua edo artifiziala eta bestelakoak hartzen ditugu. Bularreko esneak 300dik gora osagai ditu. Gero eta gehiago ezagutzen dira. Eta osagaiok aldatu egiten dira egunaren eta orduaren arabera; haur bakoitzaren beharrizanetara moldatzen da esnea. Haurrari era askotan laguntzen dio: infekzio gutxiago izaten eta hobeto heltzen, fisikoki zein neurologikoki. Haurren burmuina baldintzarik onenetan heltzen laguntzen dute esnearen osagaiok. Ikerketa zientifiko ugari daude, besteak beste, bularra ematen dieten umeen adimen kozienteari buruzkoak.

Horrez gain, hainbat gaixotasun prebenitzen ditu: akutuak zein kronikoak. Besteak beste, diabetesa garatzeko aukera; edo fibrosis kistikoa —diagnostiko txarra izan ohi du—. Bada, bularreko esnea hartu duten umeetan atzeratu egiten da, eta askoz ere onberagoa izaten da. Bestalde, haur goiztiarretako askok hesteen hantura prozesuak izaten dituzte. Batzuetan, heste zati bat kendu behar izaten zaie. Era horretako alterazioak prebeni daitezke bularreko esnea hartu duten haurrengan.

Eta emakumeentzako zein onura dauzka?

Menopausia garaian osteoporosia izateko aukerak murrizten ditu. Baita bularreko zein obarioetako minbizia izateko aukerak ere. Hori guzti hori ez dugu guk asmatu; ebidentzia zientifiko ugari dago.

Zein kasutan erabil daitezke esne bankuak?

Ospitalean dauden umeentzat erabiltzen dira: jaten hasi behar duten garaian, amaren esnerik ez duten haur gaixo edo goiztiarrentzako dira. Esne hori sendagai gisa tratatzen da. Haurrok esne hori hartzeko beharrizana dute, antibiotiko bat hartzekoa izan dezaketen bezala. Hala, haurrok ez lukete esne artifizialik hartuko.

Zein da bankuon funtzionamendua?

Emaileek musu-truk ematen dute esnea. Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko esne bankua ezagutzen dut nik, bereziki. Duela gutxira arte ez zieten ezer ematen. Orain aparkalekua ordaintzen diete. Esnea atera ostean gordetzeko beharrezko gauzak ematen dizkiete emakumeei. Hala, eurak nahi dutenean eraman dezakete esnea ospitalera. Bakoitzak bere erritmoa du, ahal duen bezala ematen du esnea. Esne hori kontrolatu egiten dute ospitalean. Analitika bat egiten dute, eta pasteurizatu. Esnearen osagaiak aztertu, eta berehala erabiliko ez bada, izoztu egiten da.

Esnea sobera duten eta emateko prest dauden ama asko daude?

Bai, asko. Kasu batzuetan, euren umeek ez dute esne askorik hartzen. Bularretik esnea ateratzen dute orduan, biltzeko. Baina gehiegi dutela eta dena erabiltzerik ez dutela izango jabetzen dira. Eta eman egin nahi izaten dute. Beste batzuek hiruzpalau ordutik behin ateratzen dute esnea, eta umeek ez dute dena hartzen. Pena ematen die esne asko izan eta iturritik behera bota beharrak. Haurrak hil zaizkien amak ere izaten dira. Esne asko izaten dute, eta batzuei ilusioa egingo lieke esne hori emateko aukera izateak. Organoen emaitza gisa hartzen dute. Daukaten onena eman gura dute, baina ezin dute; bota egin behar dute.

Zergatik ez da sortu esne bankurik Bizkaian eta Euskal Herrian?

Dirua da arazo nagusia. Banku hau egiteak inbertsio bat eskatzen du. Ez gara materialei edo azpiegiturei buruz ari. Hori gutxienekoa da. Bankua kudeatzeko langileak behar dira. Txikia izango bada, bizpahiru lagunekin nahikoa litzateke. Baina herrialde mailako bankua izango bada, langile gehiago beharko ditu. Horrek garestitzen du proiektua.

Eusko Legebiltzarrak esne banku bat eratzeko proposamena onartu zuen duela bi urte, baina ez du beste pausorik eman. Zergatik?

Esnearen Ligak eraman zuen lehenengoz proposamena Eusko Legebiltzarrera. Geroago, Gurutzetako ospitalean esne bankua jartzeko proposamena onartu zuten. Baina ez da besterik egin. Denbora aurrera doa. Hainbat lekutan zabaldu dituzte esne bankuak, beharrezkotzat jotzen dituztelako. Hemen, ordea, ez daukagu. Osasun publikoan aitzindariak gara, gure sistemak ospe handia du. Jendea zur eta lur geratzen da esne bankurik ez dugula jakitean.

Sinadurak bilduta zer lortzea espero duzu?

Esne banku bat jartzea. Gurutzetako ospitalerako eskatzen dut, ez nik han egiten dudalako lan, erreferentziazko ospitalea delako baizik. Bizkaitik kanpoko haurrak ere hona bidaltzen dituzte batzuetan. Hemen izaten dira larrien dauden umeak, horregatik izan beharko genuke bat. Baina beharrizan guztiak aseko dituen esne bankua beharko litzateke: ume guztientzako nahi dut eskubide hori. Eusko Legebiltzarrera jotzeko, gutxienez, 30.000 sinadura behar dira. Horiek guztiak lortu nahiko nituzke.

“Erakusleiho baten modukoa da gidek erakusten duten Bilbo”

“Erakusleiho baten modukoa da gidek erakusten duten Bilbo”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Zirikatzen kolektiboak kaleratu berri duen aplikazioak Bilbori buruz ematen ez den informazioa zabaldu nahi die turistei eta bertokoei. Baliabidea auzoetatik osatuko den esperantza du Iker Aroztegik (1978, Barakaldo).

Zer da Free Bilbo?

Sakelako telefonoentzako aplikazio bat da, eta Bilboko bi ibilbide jasotzen ditu. Ideia da baliabide bat izatea Bilboko hiria ezagutzera datozenentzat edo Bilbokoak izanda ere hiria hobeto ezagutu nahi dutenentzat.

Hamaika gida daude Bilbo ezagutzera begira eginda. Zergatik beste bat?

Gu Zirikatzen kolektibokoak gara. Formakuntza eta komunikazioa lantzen dugu. Ikusi dugu Bilbok izan duen garapena hirigintzaren aldetik eta jarduera ekonomikoaren aldetik; ikusi dugu, hiri industrial bat izan ondoren, orain zerbitzuetan oinarritutako hiri bat garela, eta horrek eragin handia izan duela bertako bizitzan. Konturatu ginen erakusleiho baten modukoa dela esku artean genituen gidek erakusten duten Bilbo. Azken batean, Bilbo ezagutzera datozenak ez direla Bilboren benetako irudi batekin joaten: ez dute Bilboko historiaren berri izaten; askotan ez dakite Euskal Herrian daudela ere, euskal kultura bat dagoela... Alor asko ezkutatuta geratzen dira gida horietan guztietan. Aplikazio honekin jarri nahi izan dugu bitarteko bat beste errealitate horiek azalarazteko.

Zein errealitate, adibidez?

Aztertu dugu Bilbora zein turista mota datozen, nongoak diren, zenbat denbora ematen duten bertan... Ikusi genuen turista gehienak egun baterako edo birako etortzen direla. Orduan pentsatu genuen ibilbidetxo bi egitea: bat Alde Zaharretik eta bestea itsasadarretik. Badaude leku batzuk gida liburuetan agertzen direnak eta guretzat ere interesgarriak direnak, baina guk beste ikuspegi bat eman diegu. Guggenheimi buruz, adibidez, museoa egiteak zer ekarri zuen azaltzen dugu: Bizkaiko artistak diru laguntzarik gabe geratu ziren hamar urte. Hori da benetan kultura sustatzea? Iberdrola dorrea ikusterakoan, multinazionalak zer diren, zergak ordaintzen ote dituzten eta halako hausnarketak egiten ditugu. Beste alde batetik, hitz egiten dugu okupazioaren inguruan, Bilbora historikoki egon den migrazioari buruz, historian zehar izan diren matxinaden inguruan, prostituzioari buruz, Poliziaren okupazioari buruz, Bilbon dagoen gaztetxe mapari buruz... Normalean Bilbora datozenek ezagutzen ez dituztenen inguruan arituko gara gu. Baita euskararen inguruan ere. Kale izendegietan ia-ia emakume izenik ez dagoela ere aipatzen diegu, eta dauden guztiak ama birjinen izenak direla... Halako gaiak azaltzen ditugu era oso labur batean.

Itsasadarraren ingurukoa da ibilbide bat. Zeintzuk dira geraleku nagusiak?

Casilda parkean hasten da ibilbidea. Hor hitz egiten dugu emakumeen historia ezkutatzen dela kale izendegietan. Itsasadar aldera joan, eta Euskalduna zubitik igarotzen gara, Euskalduna ontziolaren inguruan hitz egiteko. Iberdrola dorrea eta Deustuko Unibertsitatea ikusten ditugu, eta azaltzen dugu administrazio publikoek dirua barra-barra ematen dietela unibertsitate pribatuei. Guggenheim museoan ere geralekua dago. Gero, Eliptikara joaten gara, Kale Nagusira eta udaletxera. Funikularrean Artxandara igo, eta han amaitzen dugu ibilbidea. Bilboren ikuspegi oso interesgarria dago handik, eta han dago, gainera, 36ko gudarien omenezko eskultura.

Eta Alde Zaharreko ibilbidea?

Areatzan hasten da, eta hor azaltzen dugu itsasadarrak Bilboko historiaren garapenean duen garrantzia. Plaza Berrian euskararen inguruan hitz egiten dugu; han dago Euskaltzaindia. Unamuno plazara joaten gara, Etxebarrieta anaien plazara. Ondoan dago gaur egun Euskal Museoaren eraikina dena. Espainiako Poliziaren polizia etxea zen lehen, eta hor hitz egiten dugu polizia okupazioaren inguruan. Kalderapekotik igarotzen gara. Azaltzen dugu zergatik deitzen den Kalderapeko: emakumeek joan behar zutelako ura hartzera hango iturrira kalderoekin. Antzinako gaztetxe aurretik igaro, eta okupazioaren inguruan hitz egiten dugu. San Anton elizan hitz egiten dugu Gatzaren matxinadaren inguruan. Zubia pasatu, eta Bilbo Zaharrera iristen gara. Gentrifikazio prozesuak aztertzen ditugu, migrazioa, sozialismoaren hasiera Euskal Herrian... Kontatzen dugu beste puntu batzuetan auzo berezi horren historia, izan duen garapena... Bilbo Zaharreko plazatxoan amaitzen da ibilbidea, San Anton zubiaren ondoan, uste dugulako plaza oso atsegina dela.

Zein da proposamena: aplikazioa telefonora ekartzea eta horri begira norberak egitea ibilbidea?

Hori da. Zuk aplikazioa hartzen duzu, eta hor duzu informazio guztia; off line da. Aplikazioa hartuta daukazunean ez duzu Internet behar. Bertan daude Bilboko mapa orokor bat eta bi ibilbideak. Ibilbide bakoitzaren barruan daude puntuak markatuta, eta horien azalpenak. Sakelako telefonorako izanda, informazioak laburra izan behar du, eta hori konpentsatu nahian jarri ditugu esteka batzuk gai horiei buruzko informazio gehiago emanaz.

Oraingoz euskaraz eta gazteleraz jaso duzue informazioa, baina hizkuntza gehiagotara itzultzeko asmoa iragarri duzue.

Datorren turismoaren %60 edo %70 madrildarrak edo katalanak dira. Hasiera batean euskara eta gazteleraz egin dugu, baina eguneratzen ari gara, eta jarriko dugu galegoz, katalanez, ingelesez, frantsesez, italieraz eta alemanez.

Aplikazioa martxan dago?

Bai, bai. Google Play Store-n deskargatu daiteke.

Baduzue beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa?

Hau Zirikatzen kolektiboak egin du. Guk ez genekien ezer mundu honen inguruan, baina egin behar zela pentsatu genuen, eta ikasi dugu ikasi beharrekoa. Adibidea eman eta jendea animatu nahi dugu. Bestalde, beti saiatzen gara gauzak ahalik eta irekien egiten. Batetik, aplikazioa zabalik jarri dugu; gure web orrian izango da kodea zabalik, norbaitek erabili nahi badu. Demagun Iruñean norbaiti ideia ona iruditzen zaiola eta antzeko zerbait egitera animatzen dela; guk dugun guztia jendearen eskura jarriko dugu. Baldintza bakarra jarri dugu: horrekin inork ezin duela negoziorik egin. Hortik aurrera, edonork erabil eta molda dezake; baina aldaketa horiek guztiak ere irekiak izateko eskatu dugu. Bestetik, baliabide hau Bilboko auzoetara ere zabaltzen saiatuko gara. Hau aplikazio bat da, eta egunera daiteke; bada, osa dezagun denon artean. Guk Deustuko ibilbidea egingo dugu, seguruenik. Beste auzoren bat edo kolektiboren bat animatzen bada ibilbide bat egitera, guk sartuko dugu gure aplikazioan. Kontua da irekia izatea eta guztion artean osatzea.

Free Bilbo aplikazioaren esteka: https://play.google.com/ store/apps/details?id=info. zirikatzen.freebilbo.

“50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko”

“50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko”

Aitziber Laskibar Lizarribar

"Munduari utzi ahal zaion herentziarik txarrena" dira zentral nuklearrak, Patxi Alañaren ustez (Ubide, 1961). Garoña berriz zabaldu ez dadin, buru-belarri dabil, eta nabarmendu du herritarren esku dagoela hori egia bihurtzea.

Garoña berriz zabaltzen badute, Iberdrolako bezeroak izateari utziko diozuela iragarri duzue. Zergatik?

Adibidez, zu denda batera bazoaz ogia erostera eta ikusten baduzu ogi horrek tripako mina ematen dizula, hau da, produktu txarra ematen dizutela, beste okin batengana joango zara, baldin badakizu ogi txarra izan dela minaren arrazoia. Esan nahi dut: Lemoizen garaian, adibidez, jende asko mobilizatu zen, baina garai hartan monopolioa zegoen, eta ezin ginen beste leku batera joan. Orain, egoera aldatu da, zorionez. Badaukagu aukera nahi dugun enpresara joateko. Eta, Fukushima eta Txernobilen gertatutakoa ikusi ondoren, ezin dugu halako enpresa bat mantendu. Txernobilen 200.000 pertsona hil dira, malformazioekin geratu dira beste milaka, eta, ikerketa baten arabera, beste milioi bat pertsona hilko dira datozen hogei urteetan. Datuak ikaragarriak dira.

Fukushima eta Garoña ezin direla konparatu esaten dute batzuek.

Ezin direla konparatu? Eredu bereko zentralak dira biak: General Electricek egindako eredu bera dute. Belgikako Gobernuaren Batzorde Nuklearrak erabaki du horrelako bi ixtea, hain zuzen, Fukushima bezalakoak direlako, egonkortasun gutxikoak. Bai, konparagarriak dira.

Zergatik ez dute itxi nahi Garoña?

Interesak daude tartean. Ez dugu ahaztu behar Iberdrolak 47 milioi euro eman zizkiola Gaztela eta Leongo PPri parke eoliko batzuk baimentzeagatik. Garoñan segurtasunerako beharrezko neurri guztiak hartuko balira, ehun milioi euroko inbertsioa egin beharko luke Iberdrolak. Baina %10 inbertituko duela esan du, eta Gobernuaren Batzorde Nuklearrak onartu egingo du.

Garoña berriz zabaltzeko aukera handiak daudela uste duzu?

Zentralari gutxieneko neurriak exijituko balitzaizkio, gutxieneko aseguru bat, hondakinak betiko pagatzea eta biltegiaren eraikuntza elektrikak berak ordaintzea eta ez gobernuak, ez litzateke errentagarria izango. Dauden zentralen bizitza beste 15-17 urte luzatzea da egin duten jokaldia. Garoñak produzitzen duena gutxi da; baina erabiltzen ari dira gainontzeko guztien bizitza luzatzeko. Hori da Iberdrolaren helburu nagusia. Ez du beste zentzurik, Garoña hiru urtez itxita izatea dirutza baita. Beti eskatuko du dirutza, gainera. Txernobilen, adibidez, estalkia berritzeko, sei mila milioi euro gastatu berri dituzte, eta ez da nahiko. Estalkiak arrakalak ditu, eta beste bat jarri behar dute... 30 urte barru berriz izango ditu isuriak, eta berriz beharko dira beste horrenbeste milioi. Zentral nuklearrak dira munduari utzi ahal diogun herentzia okerrena. Fukushiman bost urte daramatzate Ozeano Barea kutsatzen, isurketekin. Ez dakite nola desegin zentrala, ezin delako. Hor sartuko balute pertsona bat, hamar minutuan hilda legoke. Robotekin ari dira probak egiten, baina ordubete besterik ez dute irauten barruan, dagoen kutsadura itzelagatik. Eragin dituen hildakoen zenbatekoa jakitea ere ezinezkoa da, minbizia eragiten baitu; baina, hainbat ikerketaren arabera, ofizialki esaten den baino milaka hildako gehiago eragin ditu. Datuak izugarriak dira: 900.000 hildako izan daitezke.

Garoñan istripu bat gertatuko balitz, zer gertatuko litzateke Bizkaian?

Bizkaian edaten dugun ura bi urtegitatik dator nagusiki: Orduntetik eta Gasteiz ondotik. Bai bat eta bai bestea Garoñatik 35 bat kilometrora daude. Isuriren bat egongo balitz eta euria egin, kutsatuta geratuko lirateke jarraian, eta Bizkaiko txorrotetatik irteten den urak erradioaktibitatea izango luke. Kutsadura hori hor geratzen da, gainera; ezin da kendu. Orduan, zer egingo genuke? Ura botiletan erosi, aspertu arte. Gainera, Garoña Ebroren hasieran dago. Ebrotik Errioxa osoak edaten du, Araba erdiak, Nafarroa osoak, Aragoik, Kataluniak... Pentsa zer gertatuko litzatekeen Errioxako ardoarekin. Nork erosiko luke? Bilbo ere 60 kilometrora dago. Hodei batek berehala ekarriko luke kutsadura, haizeak handik joko balu.

Zer egin daiteke arrisku horren aurrean?

Denok egin dezakegu zerbait. Adibidez, oraindik ez baduzue Iberdrolaren kontratua eten, horixe egin dezakezue egoitza guztietan. Badaude Goiener eta Som Energia, adibidez, prezio bera dutenak eta ez dutenak energia nuklearrik saltzen; kooperatiba txikiagoak ere badaude. Oraingoz, 5.000 pertsonak utzi diogu Iberdrolaren bezero izateari Euskal Herrian; eta lortuko bagenu 10.000-20.000 izatea, Iberdrolak hobeto aztertuko luke bere jarrera.

Atxikimenduak biltzeari ekin diozue. Zenbat eta nolakoak batu dituzue?

Erakundeak 25 bat dira. EH Bildu, Bizkaiko Podemos, Ezker Anitza, Equo eta Udalberri alderdiak; LAB, Steilas, CCOO eta CGT sindikatuak; talde ekologistak eta bestelako erakundeak. Bestalde, 300 bat pertsonaren sinadurak jaso ditugu. Garoña zabalduz gero, portabilitatea egitekoa da konpromisoa, baina batzuek ez itxarotea erabaki dute, eta pausoa ematen ari dira jada. Oso erraza da kontratua etetea eta portabilitatea egitea.

Zer lortzeko asmoz?

Iberdrolak 50.000 bezero galtzea nahikoa litzateke Garoña gelditzeko. Urtebetean 50.000 izanda, elur bola bilakatu daiteke, eta ehun mila izan litezke hurrengo urteetan. Iberdrolak hori ikusiko balu, berehala aldatuko luke asmoa. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak, aldundiek, udalek... denek jarraitzen dute Iberdrolarekin. Udal batzuk hasi dira gaia mugitzen, baina ez Jaurlaritza ez aldundiak. Eta Iberdrolaren bigarren akziodun nagusia Kutxabank da. Zergatik ez dio presio egiten EAJk? Urkulluk hitz egin behar luke Galanekin serio: "Begira, guk Iberdrola defendatuko dugu, baina Garoña ezin da zabaldu. Gure atzeko belaunaldi guztiak daude jokoan. Ez diegu utzi nahi Fukushima eta Txernobilekoaren moduko herentzia".

Hainbat eragilek eman diote atxikimendua kanpainari. Elkarlan gehiago espero duzue gaiaren inguruan?

Lanean jarraituko dute. Bakoitzak hartu du konpromisoa bere afiliatuei informazioa bidaltzeko, hitzaldiak bultzatzeko, eta euren sareen bidez gaia bultzatzeko. Jendea kontzientziatzea da helburua. Gure esku dago. Denok daukagu aukera. 50.000 pertsona behar ditugu. Kontuak eta biderketak arin egingo lituzke Iberdrolak, eta elur bolaren efektuaren beldur izango litzateke. Horixe egin behar dugu: 50.000 bezero galdu behar ditu Iberdrolak Garoña ez zabaltzeko.

Informazio gehiago bildu edo portabilitatea egiteko: www.garoña-rekinmoztu.net