“Haur goiztiar zein gaixoentzat sendagaia da bularreko esnea”

“Haur goiztiar zein gaixoentzat sendagaia da bularreko esnea”

Natalia Salazar Orbe

Behar duten haur jaioberri guztiek bularreko esnea hartu ahal izatea da Maria Garciaren ametsa. Horretarako, Gurutzetako ospitalean esne banku bat sortzea nahi du. Jaioberrien guneko zaintza eta trebakuntza arduraduna da ospitalean. Baita edoskitze arlokoa ere. Esnea ematen duten emakumeentzat zein haurrentzat izango lituzkeen onurei buruz mintzatu da.

Zer beharrizan dago esne banku bat sortzeko?

Ondo ezagutzen ditut jaioberrientzat amaren esneak dituen onurak; bereziki, haur goiztiar eta gaixoentzat. Haientzat sendagaia da bularreko esnea. Ama askok ez dute nahikoa esnerik izaten hasieran, haurtxoengandik bananduta badaude. Haur horiek esne artifizialez elikatu behar dira. Bestalde, badaude esnea sobera izaten duten andreak. Arrazoiak ugariak izan daitezke: gehiegi dutelako, edo, zoritxarrez, umea hil egin zaielako. Beste ume batzuek esne hori behar dute. Emakumeek eman egin nahi dute, baina ezin dute.

Jaioberrientzat zein onura ditu bularreko esneak?

Gure espezie bereko esnerik hartzen ez duten ugaztun bakarrak gara. Behiarena, prestatua edo artifiziala eta bestelakoak hartzen ditugu. Bularreko esneak 300dik gora osagai ditu. Gero eta gehiago ezagutzen dira. Eta osagaiok aldatu egiten dira egunaren eta orduaren arabera; haur bakoitzaren beharrizanetara moldatzen da esnea. Haurrari era askotan laguntzen dio: infekzio gutxiago izaten eta hobeto heltzen, fisikoki zein neurologikoki. Haurren burmuina baldintzarik onenetan heltzen laguntzen dute esnearen osagaiok. Ikerketa zientifiko ugari daude, besteak beste, bularra ematen dieten umeen adimen kozienteari buruzkoak.

Horrez gain, hainbat gaixotasun prebenitzen ditu: akutuak zein kronikoak. Besteak beste, diabetesa garatzeko aukera; edo fibrosis kistikoa —diagnostiko txarra izan ohi du—. Bada, bularreko esnea hartu duten umeetan atzeratu egiten da, eta askoz ere onberagoa izaten da. Bestalde, haur goiztiarretako askok hesteen hantura prozesuak izaten dituzte. Batzuetan, heste zati bat kendu behar izaten zaie. Era horretako alterazioak prebeni daitezke bularreko esnea hartu duten haurrengan.

Eta emakumeentzako zein onura dauzka?

Menopausia garaian osteoporosia izateko aukerak murrizten ditu. Baita bularreko zein obarioetako minbizia izateko aukerak ere. Hori guzti hori ez dugu guk asmatu; ebidentzia zientifiko ugari dago.

Zein kasutan erabil daitezke esne bankuak?

Ospitalean dauden umeentzat erabiltzen dira: jaten hasi behar duten garaian, amaren esnerik ez duten haur gaixo edo goiztiarrentzako dira. Esne hori sendagai gisa tratatzen da. Haurrok esne hori hartzeko beharrizana dute, antibiotiko bat hartzekoa izan dezaketen bezala. Hala, haurrok ez lukete esne artifizialik hartuko.

Zein da bankuon funtzionamendua?

Emaileek musu-truk ematen dute esnea. Madrilgo 12 de Octubre ospitaleko esne bankua ezagutzen dut nik, bereziki. Duela gutxira arte ez zieten ezer ematen. Orain aparkalekua ordaintzen diete. Esnea atera ostean gordetzeko beharrezko gauzak ematen dizkiete emakumeei. Hala, eurak nahi dutenean eraman dezakete esnea ospitalera. Bakoitzak bere erritmoa du, ahal duen bezala ematen du esnea. Esne hori kontrolatu egiten dute ospitalean. Analitika bat egiten dute, eta pasteurizatu. Esnearen osagaiak aztertu, eta berehala erabiliko ez bada, izoztu egiten da.

Esnea sobera duten eta emateko prest dauden ama asko daude?

Bai, asko. Kasu batzuetan, euren umeek ez dute esne askorik hartzen. Bularretik esnea ateratzen dute orduan, biltzeko. Baina gehiegi dutela eta dena erabiltzerik ez dutela izango jabetzen dira. Eta eman egin nahi izaten dute. Beste batzuek hiruzpalau ordutik behin ateratzen dute esnea, eta umeek ez dute dena hartzen. Pena ematen die esne asko izan eta iturritik behera bota beharrak. Haurrak hil zaizkien amak ere izaten dira. Esne asko izaten dute, eta batzuei ilusioa egingo lieke esne hori emateko aukera izateak. Organoen emaitza gisa hartzen dute. Daukaten onena eman gura dute, baina ezin dute; bota egin behar dute.

Zergatik ez da sortu esne bankurik Bizkaian eta Euskal Herrian?

Dirua da arazo nagusia. Banku hau egiteak inbertsio bat eskatzen du. Ez gara materialei edo azpiegiturei buruz ari. Hori gutxienekoa da. Bankua kudeatzeko langileak behar dira. Txikia izango bada, bizpahiru lagunekin nahikoa litzateke. Baina herrialde mailako bankua izango bada, langile gehiago beharko ditu. Horrek garestitzen du proiektua.

Eusko Legebiltzarrak esne banku bat eratzeko proposamena onartu zuen duela bi urte, baina ez du beste pausorik eman. Zergatik?

Esnearen Ligak eraman zuen lehenengoz proposamena Eusko Legebiltzarrera. Geroago, Gurutzetako ospitalean esne bankua jartzeko proposamena onartu zuten. Baina ez da besterik egin. Denbora aurrera doa. Hainbat lekutan zabaldu dituzte esne bankuak, beharrezkotzat jotzen dituztelako. Hemen, ordea, ez daukagu. Osasun publikoan aitzindariak gara, gure sistemak ospe handia du. Jendea zur eta lur geratzen da esne bankurik ez dugula jakitean.

Sinadurak bilduta zer lortzea espero duzu?

Esne banku bat jartzea. Gurutzetako ospitalerako eskatzen dut, ez nik han egiten dudalako lan, erreferentziazko ospitalea delako baizik. Bizkaitik kanpoko haurrak ere hona bidaltzen dituzte batzuetan. Hemen izaten dira larrien dauden umeak, horregatik izan beharko genuke bat. Baina beharrizan guztiak aseko dituen esne bankua beharko litzateke: ume guztientzako nahi dut eskubide hori. Eusko Legebiltzarrera jotzeko, gutxienez, 30.000 sinadura behar dira. Horiek guztiak lortu nahiko nituzke.