“Lanbide hau ez da erakargarria, eta lan baldintzak, gutxiago”

“Lanbide hau ez da erakargarria, eta lan baldintzak, gutxiago”

Pello A. Zuazo

Ana Hidalgo (Malaga, Espainia, 1963) Bizkaiko auzitegi medikuen elkarteko medikua da, psikiatrian aditua. Nafarroan lan egin zuen urte luzez, eta 2008an Bizkaira etorri zen, Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundearen “prestigioak” erakarrita. Baina konturatu da aurkitu duena ez dela espero zuena. “Dezepzioa hartuta nago: gure politikariek ez dute zerbitzua zaintzen, eta horregatik gaude greban”.

Bi hilabete daramatzazue greban. Zer eskatzen duzue?

Hiru aldarrikapen ditugu, elkarren artean guztiz lotuta daudenak: guardiak egin ostean atseden egokiak izatea nahi dugu, alde batetik. Izan ere, legeak esaten duena ez da betetzen ari. Bestetik, prestakuntza eta formazio plan egoki bat ere aldarrikatzen dugu. Eta, azkenik, soldata egokitzapena eskatzen dugu. Gure soldatak Osakidetzako soldaten gutxienekoetara egokitzea nahi dugu; hau da, Osakidetzan gutxien kobratzen duen medikuak jasotzen duena kobratzea. Hiru aldarrikapen horien helburua sinplea da: kalitatezko zerbitzu publiko bat ematea.

Osakidetzako medikuen eta auzitegi medikuen baldintzak oso desberdinak dira?

Auzitegi medikuak Justizia Sailaren menpe daude, ez Osasun Sailaren menpe. Hori dela eta, ez dute onartzen auzitegiko medikuen egoera Osakidetzakoenarekin alderatzea. Guk, dagokigun soldata mailaren baliokidea bilatu dugu EAEko administrazioan: Osakidetzan gutxien kobratzen duten medikuen soldata. Ondorioz, urtean 2.000 euro gordin gehiago kobratzea eskatzen dugu. Gure lanbidea ez dago behar den bezala errekonozituta.

Zer eskaini dizue Jaurlaritzak?

Urtean 800 euro gehiago adituak ez diren lankideentzat, adituentzat 900 euro inguru, kliniketako nagusientzat 1.500, zuzendariordearentzat 5.700 eta zuzendariarentzat 8.000. Soldata horien bidez, hautaketa libreko postuak saritu egiten dira. Banaketa hori egiteko berdintasun eta proportzionaltasun printzipioak erabili direla aipatu du sailburuordeak. Baina, banaketa horretan non dago berdintasuna eta proportzionaltasuna? Ez dugu ikusten, ez dugu ulertzen.

Eta beste aldarriei dagokienez, zer esan dizuete?

Atseden tarteei eta prestakuntzari dagokienez, ez dute benetako neurririk hartzen. Jaurlaritzatik murrizketak dira nagusi, eta euren hitza ematen duten arren, errealitatea beste bat da. Kokoteraino gaude promesez.

Eskakizun horiek ez dira berriak.

Urteetan egin diren akordio guztietatik kanpo geratu gara auzitegi medikuak; 1998. urtetik, hain zuzen. Horrela, bada, zor historikoa dauka Jaurlaritzak gurekin. Eurek ere onartu dute hori, baina ez dizkigute baldintzak behar den beste hobetu nahi.

Egoera kaxkar horretaz probetxua atera dezakeenik badago?

Kalitate zientifiko handiko zerbitzu burujabe bat hiltzen uzten baduzu, enpresa pribatuek irabaziko dute; kasu honetan, aseguru konpainiek eta mutuek. Herritarrak ez dira irabazten irtengo, hori seguru. Zerbitzu hau pribatizatuko den beldur gara. Ondo ordaintzen ez baduzu, lan baldintza onak jartzen ez badituzu eta prestakuntza proiektu on bat ez badaukazu, langileak gogaitu egiten dira.

Belaunaldien arteko ordezkapenik ez dagoela ere salatu duzue.

Bataz beste, 54 urteko adina daukagu. Eta ikusten dugu honek ez duela erakartzen praktikak egitera datorren jendea. Lanbide zaila da, erantzukizun handikoa eta baldintzak ez dira onak. Garapen profesionala izateko aukerarik ere ez dago. Ez du merezi.

Greba eragin zuzena izaten ari da auzitegietan.

Bi hilabete daramagu txostenik egin gabe. Nire kasuan, ez dut ezgaitasun psikiatrikoen inguruko txostenik egin. Beraz, Bizkaiko Lehen Auzialdiko Epaitegian hainbat epaiketa bertan behera gelditu dira. Eta jendea kexatu egin da. Martxoan astean egun bakarrean egiten genuen greba eta ez zen apenas igarri. Apirilean astean lau egunez egin dugu greba. Eta orain, maiatzean, bost egunez egiten ari gara. Horrek, noski, bere ondorioak dauzka.

Egin dituzuen protesta batzuetan mozorrotu egin zarete eta antzezpenak egin dituzue.

Bai, hala da, antzerki obra txikiak egin ditugu. Modu sinbolikoan auzitegi medikuntzaren erakargarritasun falta erakutsi nahi izan dugu. Eta, bide batez, Jaurlaritza Auzitegiko Medikuntzako Euskal Erakundeari egiten ari zaion mina ere irudikatu nahi izan dugu. Iñigo Urkullu lehendakaria, Josu Erkoreka, Bilboko apezpikua, aingeruak, delitu eta istripuetako biktimak, aseguru konpainiak… gure sektorearekin zerikusia duten figura guztiak bildu ditugu obran. Kontzientzia sortu behar da. Jendea zerbitzu publikoen funtzionamenduan inplikatu dadila nahi dugu. Ikus dezala gauzak nola diren.

Aurrera begira, zein asmo daukazue?

Greba egiten jarraituko dugu, astean bost egunetan, negoziazio mahaia eratu arte. Eta hori laster izango dela espero dugu.