“Gure ur partzuergoa pribatizaziorako bidean doala diote ikerketek”

“Gure ur partzuergoa pribatizaziorako bidean doala diote ikerketek”

Natalia Salazar Orbe
Uraren kudeaketa publikoa galdatzeko eta 1.130 etxebizitzatan egindako ur mozketak salatzeko, Ur Publikoaren Defentsan plataforma eratu dute hainbat gizarte eragile, alderdi eta sindikatuk. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak etxe guztietan ez du bermatzen  ura izateko eskubidea, plataformako kide Mikel Gomez Goirik (Bilbo, 1991) gogora ekarri duenez.
Zergatik sortu duzue Ur Publikoaren Defentsan plataforma?
Alde batetik, baliabiderik ez duten hainbat familiari ura moztu dietelako. Bestetik, Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoaren datuak lortzea zaila izan zaigu; erakunde horren gardentasun falta ere salatu gura dugu. Ikerketek diote gure ur partzuergoa pribatizaziora bidean doala. Azken urteetan, pribatizazio mugimendua oso handia izan da, oro har. Hori ikusita, ur publikoaren alde lan egitea da gure helburua.
2014 eta 2015 artean 1.838 ur mozketa izan direla salatu duzue. Horietatik 1.130 etxebizitzetan gertatu dira. Nola gerta daiteke horrelakorik?
Ez dakigu. Tamalez, gainera, uste dugu datuok ez direla zehatzak. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak milioi erdi etxeri ematen die ur hornidura. Horietatik milatan ura moztu duela dioen datua ez dela erreala uste dugu; gehiago direla sinetsita gaude. Baliabiderik ez duten familiek zailtasunak dituzte ura ordaintzeko. Ur mozketak ezin daitezkeela egin esaten da, baina, praktikan, egin egiten dira. Baliteke ura ordaintzeko bono sozialak ematen dituztela argudiatzea. Ehun biztanle inguruk jaso dituzte. Kontua da era horretako laguntzak eskuratzeko baldintzak ez datozela bat pertsona horiek dituzten egoera errealekin.
Zer proposatzen duzue egoera horri aurre egiteko?
Hasteko, esan behar da ura giza eskubide bat dela. Nazio Batuen Erakundeak hala jasoa du. Eta pertsona bakoitzeko 60 eta 100 litro arteko hornikuntza bermatu beharko litzateke, egunero. Legeek eta ur partzuergoaren araudiak ere hala jaso beharko lukete. Baina ez da horrelakorik gertatzen. Uraren Europako zuzentarauak dio ura ez dela salerosketarako gai bat, babestu eta defendatu behar den ondasuna baizik.
Ur partzuergoaren pribatizazioa ere salatu duzue. Zein da egoera zehatza?
Ditugun datuak kezkagarriak dira. Uraren hornikuntza eta saneamendurako operadore publikoen Espainiako elkarteak pribatizazio arriskuan dauden ur partzuergo publikoen sailkapen zerrenda egin zuen 2015ean. Hamabost ur partzuergotik hirugarren lekuan jarri zuen Bilbo Bizkaikoa. Pribatizazio arriskua handia ezarri zion, beraz. Pribatizazio estiloa ez da betikoa, gainera. Partzuergoa ez da bat-batean enpresa pribatu baten esku geratuko. Barneratuta daukagun eta eredu frantsesa deritzon metodologia darabilte. Hala, erregulazioa, garraioa, banaketa eta saneamendua publikoak dira. Zerbitzu horien kudeaketan sartzen dira enpresa pribatuak, azpikontratatuta. Enpresok informazioa eta datuen kudeaketa dute euren esku. Baita teknologia eta sistema osoaren funtzionamendua ere.
Pribatizazio horrek zer ekartzen du?
Boterea ematen die. Marko orokorrak dioena ez betetzeko aukera ere bai. Eta datuak lortzeko prozesua zaildu egiten du. Giza eskubidea den uraren nondik norakoak ez jakitea dakar iluntasun horrek. Errazago egin dezakete eurek nahi dutena. Gardentasun faltarekin zaila da datuak ezagutzea eta kudeaketa horretan parte hartzea.