“Beti ari gara geure burua eraldatzen”

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Gabezia batek bultzatuta sortu zen Bizkaiko Urtxintxa Eskola, 1986an. Kolorea eman nahi zioten hezkuntza ez-formalean zegoen iluntasunari. Eta horretan dabil oraindik ere, 30 urteren ondoren: mundua koloreztatzen eta balio jakin batzuetan hezten. Garaian garaira egokitzen jakin du eskolak, Amagoia Osinalde Bizkaiko Urtxintxa Eskolako koordinatzailearen arabera (Ordizia, Gipuzkoa, 1980). Eta ezaugarri hori du oinarri nagusietako bat: egoera eta errealitatearen arabera, bere burua eraldatzen ari da etengabe. Asteburuan 30. urtemuga ospatzeko jaia egingo dute, Tertangan (Araba). Beste horrenbeste urtez jarraitu nahi dute mundua kolorez blaitzen.

Etengabe eraldatzen zabiltzatela diozue, eskola sortu eta 30 urtera.

Hezkuntza arautugabean zegoen hutsunea betetzeko nahiarekin sortu zen Urtxintxa. Eta 30 urte hauetan, gure balioak landuz eta zabalduz joan gara. Trebakuntzaren esparruan eta esku hartzean lan asko egin dugu. Baina egia da urte hauetan guztietan gure koloreak aldatuz joan direla. Etengabeko hausnarketan gaude, eta ingurunea ere aldatu egin da, baita Urtxintxa barruko kideak ere. Prozesu horrekin batera eraldatu da eskola ere. Etengabeko aldaketa eta kritikotasun hori oso barneratua izan dugu hasieratik, eta hori da, hain zuzen, hezkuntza ez-formalaren arloan lantzen duguna.

Gaur egun, garrantzi handiagoa ematen zaio hezkuntza ez-formalari edo astialdiari?

Hezkuntza ez-formalari sekula ez zaio garrantzi handirik eman hezkuntzan. Jolasteko espazio gisa ulertu da beti, garrantzitsua izango ez balitz bezala. Haurrek egiten duten zerbait bezala ulertu da, haur ez garenontzat garrantzirik izango ez balu bezala. Ideia horiek nahiko zabalduta daude oraindik ere; oro har, pentsamolde hori du jendarteak. Hala ere, azken urteetan aldaketa batzuk izan dira, bai; adibidez, hezkuntza formalean hezkuntza ez-formalean erabiltzen ditugun metodologiak aplikatzen dituzte gaur egun. Ikuspegi infantilista zuen lehen heziketan gometxak eta puxikak erabiltzeak, aurpegia margotzeak edo gorputzarekin ariketak egiteak. Eta esparru askotan ez zitzaien zilegitasunik ematen metodologia horiei. Gaur egun, ordea, hainbat espaziotan aplikatzen da metodologia mota hori. Prozedura, berez, ez da berria. Baina erabilera bai.

Ikastetxeetan ere saioak egiten dituzue?

Ikastetxeetan tailerrak edo saioak egiten baditugu ere, gu ez gaude ikastetxeek duten curriculumaren barruan. Hortaz, guk erabiltzen dugun metodologia hausnarketatik abiatzen da normalean: norberarengandik abiatuta, pertsona egitasmoaren parte egin, eta kritikotasuna lantzen dugu. Betiere, ikuspegi eraldatzaile batetik. «Hau horrela da, eta kito» esateak ez digu balio. Bestela pentsatzen dugu guk: «Hau horrela izatea ez badugu nahi, pentsa dezagun nolakoa izatea nahi dugun». Eraikitzaileak izan nahi dugu, eta prozesu horretan haur eta helduek parte izatea bultzatzen dugu.

Zein egitasmok du eskaera gehien?

Astialdi eskolatik, feminismo taldetik, parte hartzeari dagokion arlotik eta euskara taldetik egitasmo asko egiten ditugu herri eta ikastetxeetan. Gehienbat, Bizkaian aritzen gara, baina Araban eta Gipuzkoan ere bagabiltza. Hezkidetza sustatzeko Eraldatzen izeneko programa da eskaera gehien duena. Feminismoaren gaia asko landu da gurean, eta eragina izan du horrek gerora. Gaur egun, haurren parte hartzea lantzen ari gara udalekin, mankomunitateekin eta ikastetxeekin. Eta egitasmo horren zabalpenean ari gara orain.

Zein da aurrera begira duzuen erronka nagusia?

Sarritan, bizirik irautea izaten da zailena. Zorionez, hemen jarraitzen dugu 30 urteren ondoren, eta jarraitzeko asmoa dugu aurrerantzean ere. Hausnarketak eginez, geure burua eraldatuz, eta hori guztia gizarteratuz. Herri, auzo eta gune bakoitzean, maila pertsonalean hasi eta kolektibora joanda, metodologia parte hartzaile eta eraldatzaileak erabilita egingo dugu hori. Hortaz, etengabeko eraldatze hori mantentzea da dugun erronka nagusia. Balioetan hezi eta mundua koloreztatzen jarraituko dugu norabide horretan.

Bazkidetza kanpaina abiatu duzue.

Urtxintxaz Blai bazkidetza kanpaina jarri dugu martxan 30. urtemugarekin batera. Herritar asko pasatu da gure eskolatik, eta horien guztien arteko saretzea egitea da eskolak duen asmoa. Webgunetik egin daiteke hori.