“Ni txupinera izatea mingarria dela esatea niretzat da mingarria”

Aitziber Laskibar Lizarribar

60 urte bete berri zituela izendatu zuten Aste Nagusiko txupinera Jone Artola (Bilbo, 1953). Esperientzia “munduko oparirik onena” izan zela behin eta berriz esaten duen arren, ez zen hasieran uste bezalakoa izan. Preso baten arreba, Txori Barrote konpartsaren sortzaile eta Etxerat-eko kide dela argudiatuta, txupinera izatea debekatzeko eskatu zuen Carlos Urkijok, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak. Ondorioz, Bilboko Administrazio Epaitegiak txupinera izatea debekatu zion, behin-behinean: Bilboko konpartsek eta udalak hartutako erabakia ez zela egokia ebatzi zuen. Ebazpen hori zuzena izan zela esan berri du epaitegiak, eta konpartsak eta udala auziaren kostuak ordaintzera zigortu ditu.

Bilboko txupinera izendatu zintuzten 2013ko Aste Nagusirako. Administrazio Epaitegiak baliogabetu egin zuen izendapena, eta erabakia berretsi du orain. Nola hartu duzu berria?

Oraingoan patxadaz hartu dut. Ez nau harritu, ikuspegi politikotik hartzen direlako erabaki batzuk. Gertatu zenean, bai, orduan harrituta geratu nintzen. Ezin nuen ulertu. Oso gaizki iruditu zitzaidan, eta ez soilik nire eskubideen aurka egiten zelako. Izendapena konpartsakideek erabaki eta onartu badute, ezin da inor kanpotik etorri aukera ona den ala ez esatera. Nola liteke epaile batek onartzea halako eskaera bat? Orain ere galdera bera egiten dut. Ez du ez hanka, ez buru.

Duela hiru urteko hartan egoera nahasia izan zen. Txupinera izendatu zintuzten lehenengo, Aste Nagusiaren atarian ez zegoen argi zer gertatuko zen, debekua ezarri zuten azkenean, eta, suziri ofiziala bota ez arren, txupinera gisa ere ibili zinen. Nola bizi izan zenuen egoera?

Ni nire kideek izendatu ninduten txupinera, eta konpartsakide guztiek onartu zuten. Gero, Bilboko Udalak arazorik gabe onartu zuen izendapena; alderdi guztiek babestu zuten, PPk ere bai. Denbora pasatuta, Aste Nagusia hastear zela, eta jantzia eta gainerako guztiak prest genituela, etorri zen etorri zena. Harrituta geratu nintzen. Baina, gero, jendearen babesa ikustean, bilbotarren txupinera nintzela sentitu nuen. Ez nuen soilik konpartsakideen babesa jaso; herritarrek, kalean, egunero esaten zidaten: “zu zara gure txupinera. Berdin zaigu nor zaren, baina zu zara Bilboko txupinera aurten”. Konturatu nintzen kaleko jendeak ez zuela ulertzen eta ez zuela onartzen horrelako oztopoak jartzea. Hala ere, erdi babestuta sentitu nintzen, udaleko ordezkariek eta politikariek ez zutelako jokatu, nire ustez, jokatu behar zuten bezala. Nire ustez, publikoki esan behar zuten onartezina zela eta ez zutela agindua beteko. Tira, azkenean, konpartsakideen eta kaleko jendearen txupinera izan nintzen. Askatasunez ibili nintzen txupinera gisa konpartsek antolatutako ekintzetan, baina ezin nuen parte hartu Bilboko Udalak antolatzen zituen ekitaldi ofizialetan. Oraindik kosta egiten zait hori ulertzea.

Inoiz izan zenuen halako zerbait gerta zitekeen susmorik?

Nik txupinera izateko bete behar nuen curriculuma betetzen nuen: bilbotarra, emakumea eta konpartsa bateko kide izatea, eta nire konpartsari tokatzea urte horretan txupinera izatea. Gero atera zituzten nire bizitza pribatuko datuak, nire senideenak… hori eskubideak urratzea da, nire ustez. Ni ez ninduten txupinera aukeratu nire senideengatik. Ni Aste Nagusi guztietan egon naiz, urtero, hasi zenetik. Eta azaldu nahi genuen ere jaiak ez direla soilik jende gaztearentzat; nagusitxoek ere badugula zer egina eta gure lekua Aste Nagusian.

Epailearen arabera, zu txupinera izateak biktimen duintasunari eta eskubideei erasoko lieke.

Izango balitz, gertatuko balitz, minduko balitz… horrela pentsatuta ezin da erabakirik hartu. Aste Nagusia baino hiru hilabete lehenago izendatu ninduten ofizialki txupinera, eta inor ez zen aurka agertu. Izendapen hori, azken finean, barruko gauza bat da. Konpartsen erabakia da, eta inor ezin da tartean sartu. Txandaka, txupinera izatea egokitzen zaion konpartsak egiten du aukeraketa, eta gainontzeko konpartsek onartu egiten dute. Beti izan da horrela, eta horrela izan behar du. Konpartsek eta udalak osatzen duten Jaietarako Batzorde Mistoak ere horrela jasotzen du. Orduan, epaile baten bidez esatea mingarria izango dela ni txupinera izatea niretzat da mingarria. Eurek ez naute ezagutzen, eta uste dut emakume langilea naizela, arrunta, kaleko emakume bat; ez naiz politikaria, eta ez dut diru publikotik ezer jaso. Nik ez nuen azalpen politikorik eman behar edo ideia baten edo bestearen alde egin. Nire izendapena jai giroan egindakoa zen, besterik ez. Eta iruditzen zait lar ausarta izan zela erabakitzea biktima batzuk minduta sentituko zirela. Nire konpartsan ere badaude biktimak, zoritxarrez. Nire konpartsan malko asko ikusi ditut, eta badakit zer den sufritzea. Eta sufrimendua ez dago alde baten edo bestean esklusiboki. Bilbotar guztiok dugu eskubidea urtean zortzi egunetan gutxienez jai giroan egoteko. Hori da nik beti defendatu dudana eta defendatuko dudana. Beraz, nire ustez, nirekin gertatutakoa izan zen Bilboko jai ereduaren aurka bideratutako erasoa.

Erasoa sentitu zinen zu?

Bai, bai, erabat. Betebeharrak betetzen nituen, eta ez zuen zentzurik nire bizitza pribatuko kontuak aireratzea, noren familia naizen, ez dakit zer egin ote dudan… Hori mingarria da, eta nire eskubideen aurkakoa. Errespetu falta handia izan zen. Batetik, konpartsen funtzionamenduarenganako eta Bilboko jai ereduarenganako. Eta bigarren, nireganako: ni zalantzan jartzea jende guztiaren aurrean ez dakit zer izango balitz bezala… Ez dut ulertzen. Ezagutzen nautenek, ideia politiko guztietako jende askok, badakite emakume arrunta eta zintzoa naizela.

Inoiz pentsatu duzu zuk zeuk salaketa jartzea zure eskubideak urratu direlako?

Bai, pentsatu nuen. Hasieran uste nuen kontu anekdotiko bat izango zela, baina gero, zein bide hartu zuen ikusita, pentsatu nuen salaketa jartzea. Hain txarto sentitu nintzen, arrazoirik gabe erasoa… Iruditu zitzaidan eskubidea nuela esateko “zuek nortzuk zarete nire bizitza pertsonalari buruz ezer esateko, niri ezer leporatzeko, ez dudanean ezer egin?”. Nire bizitza pertsonalean sartu ziren! Bestalde, nire eskubideen barruan dago ideia politikoak izatea. Eta ni abertzalea banaiz, zer? Zergatik ezin naiz izan abertzalea? Erasoa sentitu nintzen, guztiz. Beraz, zerbait egiteko asmoa nuen, baina pentsatu nuen kontua amaitzean egitea. Azkenean, gehiegi luzatu da, eta hor geratu dira asmoak.

Carlos Urkijok esan du espero duela auziak bide bat irekiko duela Euskal Herri osoko jaiei begira. Uste duzu halako mugak herri guztietara zabaltzeko lehen urratsa egitea zela auziaren helburua?

Bai. Urte horretan bertan, Pablo Gorostiaga Laudioko alkate zena aukeratu zuten bere herriko jaietan suziria botatzeko, eta Urkijo jaunak, laudioarra bera ere, aurka jo zuen. Azkenean erabaki zuten inork ez botatzea suziria. Nirea jarraian etorri zen, eta ez dut uste kasualitatea izan zenik.