“Hilabete egin genuen parkean lotan, eta lantegira sartu ginen”

“Hilabete egin genuen parkean lotan, eta lantegira sartu ginen”

Aitziber Laskibar Lizarribar

Etxebizitzarik gabe, hamar hilabete darama lantegi zahar batean bizitzen Veronica Alcaldek (Bilbo, 1976). Jose Ignacio Bilbao senarrak eta biek Trapagarango industrialde batean atondu dute bizilekua, zabor artean. Urik eta argindarrik gabe, ate eta leiho hautsiz inguratuta bizi dira. Euren egoera hedabideetan salatu dutenean hartu ditu alkateak, eta ordura arte lortu ez duena lortu du bikoteak: errolda agiria. Eta, horrekin batera, laguntzak eskatzeko eskubidea.

Utzia dagoen lantegi zahar batean bizi zarete, Trapagaranen. Zerk eraman zaituzte hara?

Etxe kaleratze batek. Ortuellan bizi ginen, eta legez kanpo bota gintuzten etxetik.

Zergatik?

Gizarte larrialdietarako laguntza bati esker joan ginen Ortuellako etxera; gizarte laguntza gisa, bi hilabeteko alokairua ordaindu zion udalak jabeari. Hala ere, bigarren hilabetea ordaintzeko esaten zigun jabeak, eta guk uko egin genion, ordainduta zegoelako. Jabeak berean jarraitu zuen, salatu egin gintuen, eta etxetik kaleratu gintuzten.

Eta etxebizitzarik gabe geratu zineten egun batetik bestera?

Bai, hori da.

Zer egin zenuten orduan?

Kaleratze agindua iritsi zitzaigunean, Ortuellako Udalera jo genuen. Lehenengo, gizarte zerbitzuetara joan ginen. Esan ziguten ezin zutela ezer egin. Gero, udaletxera joan ginen alkatearekin hitz egitera, eta alkateak ere esan zigun ezin zuela ezer egin, jasoa genuelako gizarte laguntza. Eta kalera bota gintuzten.

Orduan joan zineten lantegi zaharrera?

Ez, hasieran ez. Senarrak ondo ezagutzen du ingurua. Bazekien Trapagaranen estalitako parke bat dagoela, eta horra joan ginen hasieran. Hilabete inguru egon ginen parkean lotan. Baina ez zen modua; gainera, ez ziguten han egoten uzten… Orduan erabaki genuen lantegira joatea. Bagenekien utzia zegoela, eta lantegira sartu ginen.

Zein baldintza dituzue bizilekutzat duzuen fabrikan?

Gogorra da. Hemen ez dago ez urik, ez argindarrik. Zabor asko dago; asko-asko. Lindanea dago. Usain txarrak. Orain, beroa hasita, usain gehiago ari dira ateratzen. Ez dugu aterik, eta edonor sartu daiteke edonoiz. Hotz handia egiten du. Negua izugarria izan da; itzela izan da hotza. Eta oraindik ere hotz dago hemen, hezetasun handia baitago. Itoginak ditugu. Euria egiten duenean, kristoren igerilekua egiten da hemen. Izugarria da hau; ikaragarria. Gainera, hotza hezurretan duzunean, ezin baso bete esne edo salda bero hartu ere… Orain jendeak lagundu digu, baina jana ere hotza jan behar izaten genuen; ogi zati bat txorizoarekin zerbait zenean…

Zertan lagundu zaituztete herritarrek?

Gure egoeraren berri zabaldu zenean, gauzak ekartzen hasi zen jendea. Orain, butano sukalde bat ere badugu; eta mantak… Egia esan, orain dugun guztia jendearen elkartasunari esker dugu.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

07:00ak aldera altxatzen gara ur bila joateko. Hemendik gertu dagoen parke batean hartzen dugu ura, botiletan, eta ez gara joango haurrak dabiltzanean edo… Ez ezerengatik zehazki, baina… niri, behintzat, erreparoa ematen dit. Batzuek babesten gaituzte, baina besteek, kritikatu, eta, orduan, nahiago dut ikusten ez nautenean joan. Gero, hau ahal dugun moduan garbitzen dugu, eta ezer gutxi gehiago; ez dugu zereginik.

Udalaren jarrera salatu duzue. Zergatik?

Udalak hasieratik jakin du hemen geundela. Alkateak prentsaurrekoan esan du ez zuela horren berri, baina gezurra da. Udaltzainak hemen egon dira gurekin hitz egiten.

Erroldatzeko eskatu zenuten?

Bai.

Eta ukatu egin dizuete?

Orain badugu. Komunikabideetan agertu eta saltsa hasi denean erroldatu gaituzte.

Ostiralean prentsaurrekoa egin zenuten, eta juxtu agerraldiaren aurretik hartu zintuzten alkateak, ostiralean bertan, ezta?

Bai, hori da. Errolda agiria eman zigun ostiralean, eta diru sarrerak bermatzeko errenta, elikagaien bankurako sarrera… eta etxebizitza izan dezagun mugituko dela esan zigun. Ea hala den.

Zenbat denbora daramazue lantegi zaharrean bizitzen?

Hamar hilabete.

Eta zenbat denbora daramazue errolda agiria eta laguntzaren bat itxaroten?

Urtebete daramagu kalean, ate guztiak jotzen, eta inork ez digu kasurik egin.

Orain, errolda agiria jasota, zertan aldatuko da egoera?

Errolda agiria izanda, orain herritarrak gara, eta laguntzak eska ditzakegu. Orain, eskubide batzuk izango ditugu, lehen ez bezala.