“Margotuz, idatziz edo ahoz, beti gustatu zait istorioak kontatzea”

“Margotuz, idatziz edo ahoz, beti gustatu zait istorioak kontatzea”

Pello A. Zuazo

Ander Gartzia (Lekeitio, 1985) kazetaria da BERRIA egunkarian. Albisteak, erreportajeak eta elkarrizketak ditu eguneroko ogi, eta dituen asti ordu apurretan ipuinak idazten ditu. Beti darabil arkatza eskuetan. Bizkaidatz lehiaketako lehen saria irabazi berri du, baina ez du lehen aldia. Duela hiru urte ere irabazle izendatu zuten.

Kazetaria ofizioz eta idazlea afizioz. Idaztea bokazioa duzu edo zoriaren kontua da?

Kazetaritza ikastea ebazten baduzu, idaztea eta irakurtzea gustatzen zaizkizulako ebazten duzu, noski. Elkar lotuta daude. Lanean eta ordu libreetan ere idazten ibiltze hori zaletasun kontua da.

Kazetari izatearen ajeak zeintzuk dira? Eta idazlearenak?

Krisia pairatzen duen ofizioa da gaur egun kazetaritza. Hedabideak eurak krisian daude, eta, ondorioz, baita kazetariak ere. Idazketari dagokionez, ni ez naiz idazle kontsideratzen, hitz handiak dira horiek. Afizioz idazten dut, eta noizbait lehiaketetara aurkezten ditut idatzitakoak. Dena den, idazlearena ere ez da oso ogibide egonkorra.

Zer ematen dio batak besteari?

Oso idazketa forma desberdinak erabiltzen dira batean eta bestean. Batzuetan esaten da errealitatea eta fikzioa nahastu egiten direla maiz, eta egia esan, badaude albiste eta erreportaje batzuk literaturarekin harreman estua daukatenak. Kazetaritza eta literatura uztartu egin daitezke.

Zer kontatu izateko, bizipenak norbere azalean bizitzea hobe?

Beti da aberasgarriago gauzak bertatik bertara bizitzea eta ezagutzea. Adibidez, ez da berdin errefuxiatuekin gertatzen ari dena hemendik kontatzea edo han haien aldamenean egonik kontatzea. Gauza mordoa gertatzen dira hor kanpoan, harritzen gaituztenak, hunkitzen gaituztenak, beldurtzen gaituztenak… sormenerako leiho berriak zabaltzen zaizkizu bidaiatu eta errealitate desberdinak ezagutuz gero.

Baina norbere herria ere izan daiteke inspirazio iturri…

Orain arte ez dut idatzi itsasoarekin lotura daukan ezer, baina egia esan, lekeitiarra izanik, itsasoko istorioak oso gertutik bizi izan ditut. Familian arrantzale ugari izan ditugu, eta asko gustatzen zaidan gai bat da. Itsasoa ez dut inspirazio iturri, baina kostako jendea garenok itsasoa eta kresala faltan sumatzen ditugu kostaldetik urruntzen garenean.

Non idazten duzu?

Zoritxarrez, oso denbora libre gutxi daukat, eta sormenari ez diot denbora asko eskaintzen. Etxean idazten dut, ordenagailuan eta beti desordutan, gauari orduak kenduz.

Eta irakurri, zer irakurtzen duzu?

Betidanik gustatu izan zait nobela historikoa. Halere, ez diot generoari garrantzi handirik ematen. Gozatzeko irakurtzen dut, batik bat denbora askorik eskaini ezin diodanean. Azkenaldian ipuin laburrak irakurtzen ibili naiz.

Gogoan duzu noiz idatzi zenuen zure lehen ipuina?

Txikitan irudimen handia neukan. Margotuz, idatziz eta ahoz beti gustatu izan zait istorioak kontatzea. Egun, kuadrillan ere, kontalari ibiltzen naiz sarri.

Bizkaidatz lehiaketan Jasone Osororen kontakizun bati amaiera eman behar izan diozu.

Bai. Osorok propio sortu zuen kontakizuna lehiaketarako. Bikote bat da protagonista. Gizonari alzheimerra diagnostikatzen diote, eta burua galtzen hasten da. Autokarabana bat erosten du, eta emazteari autokarabanan joan nahi duela esaten dio, bere bizitzako azken momentuak horrela igaro nahi dituela. Emaztearekin edo emazte gabe, baina partitzea nahi du. Hortik aurrera, guk sortu dugu hamar orrialde inguruko kontakizuna, modu librean.

Nola jarraitu duzu istorioa?

Urteek aurrera egin ahala gauzarik baliotsuenak buruan gordetako esperientziak dira. Alzheimerrak altxor horiek lapurtzen dizkigu, kontakizuneko protagonistari gertatu bezala. Nola berreskuratu galdutako memoria? Hortik jo dut istorioa amaitzeko.

Non irakur daiteke?

Aldundiak liburu bat argitaratu du, eta parte hartzaileei bana eman digute, baina ez dakit saltzen jarriko dituzten. Liburu horietan euskarazko lehiaketako hiru finalisten ipuinak eta gaztelerazkoaren hiru finalistenak bildu dituzte.

Zer esan nahi du sari honek?

Orain arte ez naiz lehiaketa askotarako aurkeztu, baina azken sari honekin harra sortu zait. Gogoa daukat idazteko, lehenik eta behin niretzat eta gero besteentzat. Neure buruari erronka txikiak jartzeko egiten dut, eta saria jasotzeak ilusioa egin dit. Bultzada bat da, probatzen jarraitzeko.

Eta aurrera begira, baduzu bestelako proiekturik esku artean?

Gustatuko litzaidake sormenerako denbora gehiago izatea. Epe laburrera ez dut ezer buruan, eta, epe luzera, gustatuko litzaidake noizbait zerbait luzeagoa eta mardulagoa idaztea. Ea desorduetan inspirazioak harrapatzen nauen aurrerantzean ere.