Elkarrizketa

“Diseinu bakoitza musika mota baterako pertsonalizatuta dago”

“Diseinu bakoitza musika mota baterako pertsonalizatuta dago”

Orain bi urte pasatxo diseinu bereziko elastikoak sortu zituzten hiru gaztek Belgikan. Kamisetek, hain zuzen ere, musika entzuteko aukera ematen dute. Proiektuaren sortzaileen artean da Iban Arriola Arantzamendi (Markina-Xemein, 1985).

Zelan sortu zen ideia?

Diseinu berezia zuten kamiseten proiektu modura hasi zen. Katia de Migueli —kamiseten diseinatzaile gasteiztarra— eta beste lagun bati diseinu berezia zuen kamiseta bat egitea bururatu zitzaien. Kamiseta horiek, gerokoan, arrakasta handia izaten hasi ziren, eta, diseinu bereziagaz batera, kamisetek beste elementu bereizgarri bat izan behar zutela bururatu zitzaien. Niri ere laguntzeko eskatu zidaten.

Zein da bereizgarri hori?

Musika betidanik gustatu zaigu, eta ideia hori kamisetekin batzea bururatu zitzaigun.

Zuek sortutako elastikoak interaktiboak dira. Horietako bat jantzita, zer egin behar da musika entzuteko?

Kamisetak berak diseinuan duen QR kode bat mugikorragaz irakurri ostean, webgune berezi batera eramaten zaitu, eta han aukeran dauden kantuak entzun ahal dira.

QR kodeen ordez NFC teknologia erabiltzen duten elastikoak ere sortu dituzue, ezta?

Hori da. QR kodeak nahikoa lan gehiago ematen dio erabiltzaileari, eta, erabilera errazte aldera, aukera berriak aztertzen hasi ginen. Gaur egungo sakelako gehienek NFC teknologia erabiltzen dutela jabetuta, kamisetetan NFC txipak sartzea erabaki dugu. Guretzat ere, gainera, erosoagoa da. Lehen, diseinua eta irudia bera ere QR kodera moldatu behar izaten genituen, eta, orain, ostera, diseinuak ez du horretara mugatu beharrik.

Eta NFC elastiko txipdunek nola funtzionatzen dute?

Sakelakoan NFC aktibatu eta sakelakoa txipera hurbildu besterik ez dago.

Kamisetei dagokienez, guztiek musika berbera entzuteko aukera eskaintzen dute?

Ez, diseinu bakoitza musika mota baterako pertsonalizatuta dago. Hau da, diseinuaren arabera, musika zerrenda bat edo beste bat izango da aukeran. Musika erreproduzitzeaz gain, entzuten ari zaren kantua gustatuz gero, hori jaisteko aukera ere badute erabiltzaileek.

Kamiseta bakoitzaren arabera, kantu zerrenda bat edo beste agertzen da. Baina abesti horiek nola lortzen dituzue?

Hainbat talderekin harremanetan gaude, eta haiei esker lortzen ditugu zerrenda horietan agertzen diren kantuak. Beste batzuetan, gure produktuagaz interesatuta, taldeak eurak ere jartzen dira gurekin zuzenean harremanetan. Izan ere, gure jantzietan erabiltzen ditugun abestiak ezin ditugu soilik gustukoak ditugulako hartu; hori guztia posible egiteko, hainbat baimen behar izaten dira. Taldeekin harremanetan jarri, eta kanta horiek erabiltzeko baimenaren inguruko kontratu bat sinatzen dugu. Azken finean, proiektu honen bidez, hainbat talde ezagutarazi ere egiten dira, eta musika taldeek jendearengana hurbiltzeko plataforma moduan erabiltzen gaituzte. Elkarrekin daukagun harremana oso estua da: guk haien kantak erabiltzen ditugu, eta haiek, ordainetan, gure kamisetak. Trukea egiten dugu, eta truke hori denontzako onuragarria da.

Diseinu eta teknologia bereziko elastikoak dira, baina era berezi batean garbitu behar al dira?

Ez, edozein kamiseta garbitzen dugun legez garbitu daitezke. Gure jantziak bakoitzak nahi duen modura garbitu edo erabil daitezke. Norbere ohituren arabera, eskuz edo garbigailuan garbitu daitezke; ez dute tratamendu berezirik behar. Nahi izanez gero, lisatu ere egin daitezke; hori, bakoitzaren arabera.

NFC txipei dagokienez, horiek ez dira hondatzen?

Ez, ez. Txiparen egileen arabera, 300 aldiz garbitu daitezke.

Elastikoekin lotuta, gainera, sakelakoetarako aplikazio bat ere sortua duzue, ezta?

Musika erreproduktorea martxan jartzeko, beharrezkoa da Interneterako konexio bat, baina musika entzun nahi duzun bakoitzean sakelakoaren datuak xahutu nahi ez badituzu, horretarako guk propio sortutako aplikazioa erabiltzea ere badago.

Aplikazio hori sakelakoen plataforma guztientzat sortu duzue?

Oraingoz, Androideentzako sortu dugu, baina etorkizunean beste plataformetarako ere prest edukitzea nahi dugu. Horretan lanean ari gara.

Kamisetez gain, beste produktu batzuk ere sortu dituzue.

Etengabe ari gara diseinu eta itxura aldatzen, eta, merkatuari egokitu nahian, beste produktu batzuk ere sortu ditugu. Jertse elastikoak eta poltsak ere egin ditugu, eta orain gutxi alkandora merkaturatu dugu.

Etorkizunera begira, ezer gehiago prestatzen ari zarete?

Beti gauza berriak probatzen ari gara, eta hainbat ideiaren inguruan lanean ari gara, baina, oraingoz, ez dugu ezer berezirik pentsatu.

Diseinu bereziak egin ohi dituzue beti, baina bada tartean lagunei eskainitako bat.

Lagunak eta etxekoak aipatzen nituen bakoitzean, Limones salvajes de Markina deritzon kontua behin baino gehiagotan errepikatzen nion Katiari, eta diseinatu genuen bigarren kamiseta gai horri eskainia izan zen.

Proiektuak berak hainbat sari jaso ditu. Zuenaren moduko proiektu txiki batentzat, horrek zer esan nahi du?

Ideia on askoren artean norberarena aukeratua izatea oso pozgarria da. Proiektua jendeari gustatzen ari zaiola ikusten ari gara, baina, horrez gain, garatu dugun ideia ere gustatzen ari zaiola. Maila handiko beste proiektu batzuen artean sarituak izatea beti da polita.

Lehen elastiko interaktiboa merkaturatu zenutenetik, zelan aldatu da zuen proiektua bera?

Zaletasun modura hasi genuen, eta orain proiektu nahiko handia bihurtu da.

Pozik zaudete kamisetek lortu duten arrakastagaz?

Oso gustura gaude. Jendeak gero eta gehiago ezagutzen gaitu, eta ilusioa ere egiten du kalean norbere produktuak soinean dituen jendearekin topo egiteak. Orain, gainera, produktua ezagutarazteko, Market deritzoten azoka berezietara joaten hasi gara.

Eta zelan doa esperientzia?

Ondo. Beste bezero batzuekin harremanetan jarri eta horien iritzia berta-bertatik entzuteko aukera dugu. Horrez gainera, ideia berriak jasotzeko ere toki ona dira.

Hainbat musika talderekin harreman estua duzue. Horien inguruko kanpainak ere egiten dituzue, ezta?

Taldeekin noizbehinka kontzertuak egiten ditugu. Orain, gainera, azoketara joaten garen bakoitzean kontzertuak eskaintzen ditugu. Ideia oso ona da; azoka bera asko girotzen duelako, eta, bide batez, gure marka sustatzeko ere aukera ona delako. Esperientziagaz oso gustura gaude, eta gurekin batera lan egiten duten musika taldeetako asko arrakasta lortzen ari dira azkenaldian. The Owl Project deritzon taldeak, esaterako, Logroñoko Actual jaialdiko banden arteko lehiaketa irabazi du. Sari legez, 2017ko jaialdian jotzeko aukera izango dute.

Agurtu den Oskorri, biziko den Oskorri

Agurtu den Oskorri, biziko den Oskorri

Joan dira, baina geratuko dira. Biak batera. Bilboko Arriaga antzokian eskainitako azken kontzertuan esandako azken esaldian eman zuten pista Oskorri taldekoek: "Gero arte, hurrengora arte, betira arte". Erabateko agurrik ez, beraz, agurrean, eta asma...

“Ezustekoa eman zuen lehen azokak”

“Ezustekoa eman zuen lehen azokak”

Durangoko Azokaren 50 urteko historia biltzeko liburua osatu du Gerediaga elkarteak. Joseba Sarrionandiak eta Jesus Mari Arruabarrenak idatzi dituzte testuak eta Txelu Angoitia argazkilariaren lanarekin osatu dute Durangoko azoka 1965-2015 liburua. Or...