Bizkaia

Txiroak, kroniko bihurtzen

25.000 bilbotar pobrezian daude, Eduardo Maiz Bilboko Udaleko Gizarte Ekintza eta Etxebizitza Arloko zinegotzi ordezkariak jakinarazi duenez. Hau da, hiriburuan, pobrezia tasa %8tik gertu dago. Bilbotarren %2k ez dute ezer; erabateko pobrezian bizi di...

AERONAUTIKAREN GEROA, BERMATUTA

Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoko Aeronautika Gelak 24 diploma banatu zituen joan den astelehenean. Horietatik hamabost ikasle, dagoeneko, sektore horretako enpresetan lanean ari dira; beste bi hautaketa prozesuetan dabiltza; eta gainerako zaz...

Ohoreak baliogabetzeko ere eskatu du Bilduk

EH Bilduk otsail bukaerako osoko bilkurara eroan zuen proposamen batek piztu zuen Bilboko alkate frankisten margolanen auzia. Alkatetzako korridoretik kentzeko eskatu zion Iñaki Azkunaren gobernuari. 1937ko apirilaren 19tik 1979ko apirilera bitartean Bilboko Udalak emandako dominak, ohorezko herritar edo kutun izendapenak ere baliorik gabe uztea galdegin zuten.

42 urte horietan izandako udalbatzek 52 urrezko domina banatu zituzten, zilarrezko beste 29 eta brontzezko 427. Horrez gain, hiru seme kutun eta ohorezko alkate bat ere —Franco bera— izendatu zituzten. 2001ean egindako osoko bilkura batek horietatik guztietatik hogei izendapen baino ez zituen baliogabetu..

Jose Ramon Muroren Bilbo errealista, Berreginen Museoan

Bilboko paisaiak erakusten dituzten hamazazpi margolan eraman ditu Jose Ramon Muro Pegeregek Bilboko Berreginen Museora. Pintura guztietan errealismoa da nagusi.

Argiak eta itzalak izenburua duen erakusketan, hiriko hainbat toki jasotzen dituzten margolanak batu ditu: besteak beste, Kale Nagusia, Casilda Iturrizar parkea, Zorrotzaurreibarra, Zazpikaleak eta Santimami.

Hiriko paisaiara egokitutako hiperrealismoaren mugan dabilela, artistak gustuko izaten du aldez aurretik aukeratutako gaia ondo prestatzea. Teknika landua erabiliz, konposizio zaindua eta osotasunaren perspektiba aberasten duten hiriko altzarien ñabardurak gehitu ohi dizkie bere lanei.

Perspektiba nabarmentzen duten ihes lerro ondo definituak eta kontraste handiak dira, hain zuzen, Muro Peregen artelanen ezaugarri orokorrak. Artistak, gehienetan, pintura akrilikoa erabiltzen du, euskarri zurrunean eta teknika mistoak aplikatuta.

Artelan bakoitza hasieratik, aukeratutako gaitik abiatuta, kontu handiz planifikatutako egitasmoa da. Murok, kasualitatez aukeratu ez diren argien eta itzalen konposizioan, argazki errealista irudikatzen du modu berezian markatuta dagoen momentu batean.

Ibilbide luzea

Jose Ramon Muro Pereg Bilbon jaio zen, 1954. urtean, eta hainbat erakusketa egin ditu. Horretaz gainera, marrazketari eta pinturari eskainitako ibilbide luzea dauka.

Berreginen Museoko bigarren solairuan jarri dute ikusgai Argiak eta itzalak erakusketa, eta apirilaren 21era arte egongo da zabalik. Martitzenetatik zapatuetara, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 19:00etara egongo da irekita museoa; domeketan, berriz, 10:00etatik 14:00etara bisita daiteke. Astelehenetan itxita egoten da.

Portu eta hondartzek izango dute lehentasuna

Neguan Kantauri itsasoan izandako ekaitzek Bizkaiko kostaldean 14 milioi eurotik gorako kalteak sortu dituzte. Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta udalek zenbatu dituzte eurek ordaindu beharreko txikizioak, eta kopuru hori atera zaie guztia batuta. Martxoaren 3ko olatuek eragindakoak neurtu gabe dituzte oraindik. Zenbateko hori beste %10 hazteko bestekoak izan direla uste dute. Eta Espainiako Gobernuak ere ez du bukatu bere kontaketa. Dena den, dagoeneko 500.000 eurotik gorako inbertsioa egin du Nekazaritza, Arrantza eta Ingurumen Ministerioak, martxan dauden konponketa lanak ordaintzeko —Sopelako hondartzan, Gorlizkoan eta Bakioko pasealekuan eta itsasadarrean—.

14 milioi horietatik, erdiak inguru Bermeon zenbatu dituzte. Otsailaren 2ko eta martxoaren 3ko ekaitzetan bertako portuak jaso ditu kolperik latzenak. Pantalanak, portu zaharreko azpiegiturak, dikea, kai muturra, Frantxuako arrantzaleen lonjak... Sartzea lortu duen lekuetan, dena apurtu zuen itsasoak. Lekeition ere milioi bat eurotik gorako gastuak izango dituzte. Estoldetako kutxa txikiak, itsas hesia eta beste hainbat azpiegitura apurtu zituen urak portuan.

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika sailburuaren esanetan, lehentasuna portuek eta hondartzek izango dute. "Herri hauen ekonomiarako ezinbesteko azpiegiturak dira, arrantzarako, merkataritzako eta turismorako", nabarmendu du. Horregatik, "ahalik eta arinen" konponduta egotea da erakunde publikoen asmoa.

Bi hilabete barru berriro elkartuko dira. Ordurako lan guztiak hasita egongo dira, eta hainbat bukatuta. Hartara, kostu guztiak zehatzago zenbatuta edukiko dituzte. Sailburuaren esanetan, udarako guztia konponduta egotea "ezinbestekoa" da.

Ohiz kanpoko kalteak direla nabarmendu dute guztiek. "Unai Rementeria, Bizkaiko Lehendakaritza ahalduna: "Ditudan 40 urteetan ez dut halakorik ezagutu. Eta aurten zazpi denborale izan ditugu, bata bestearen atzetik. Ikusteko eta argazkiak ateratzeko oso politak izan dira, baina eragin dituzten ondorioak beldurgarriak ere bai. Otsailaren 2koa, bereziki, izugarria izan zen".

Itsasertzean sortutako kalteak Espainiako Gobernuak ordainduko ditu, harena baita itsasbazterra mantendu eta kudeatzeko eskumena. Honela azaldu du Rementeriak: "Gure esku daude hondartzak; udalek egin behar dute hiri altzarien mantentzea, eta Jaurlaritzak portuena". Bilboko portua da salbuespena, Espainiako Sustapen Ministerioarena baita. Herri administrazioei gogoratu die foru aldundiak baduela larrialdietarako funts bat: "Eurek ordaindu beharreko gastuei aurre egiteko, hiri altzariak eta bestelako kalteak konpontzeko, berbarako, ezustekoetarako funts horretara jo dezakete udalek".

Europari laguntza eskatzea ere ez dute baztertu. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, Kantabriako Gobernuaren egitekoa izango litzateke eskaera egitea, hura baita une honetan Ardatz Atlantikoaren Batzordeko burua. Hala ere, laguntza horiek iritsi bitartean zain egon beharrean, beharrean hastea erabaki dute.

EH Bilduk eskatu zuen irudiak udaletxetik kentzeko

Joan den otsailaren 13an aurkeztu zuen EH Bilduk frankismo garaiko alkateen erretratuak udaletxetik kentzeko ekimena. Biktimekiko "iraingarritzat" jo zuten irudiok korridoreetan egotea. PSE-EE ere koadrook kentzearen alde agertu zen; PPk, aldiz, propo...

Martxo betea foru museoetan

Martxoak jarduera ugari ekarriko du Bizkaiko museoetara. Hala iragarri du Bizkaiko Foru Aldundiak, museoetako hil horretarako programazioa aurkeztu duenean.

1. Arkeologi Museoa

Arkeologi Museoak bisita gidatuak antolatu ditu Sakonako erromatar garai berantiarreko altxorra (Errigoiti) programaren barruan. Txanpon bereziak erakutsiko dituzte. Txanponok arkeologia indusketetan hartutakoak zein museoak gordailuetan dituenak dira. Sakonako altxorra izeneko erakusketa 1.700 urte baino gehiago dituzten ehundik gora txanponek osatzen dute. Hain zuzen, Kristo ondorengo III. mendeko azken herenetik IV. mendeko lehenengo hamarkadetara bitartekoak dira.

Bisitak zapatuetan eta domeketan egin daitezke. Zapatuetan bi aukera daude: 13:15ean eta 18:15ean; domeketan, berriz, 13:15ean hasiko dira. Maiatzaren 5era arte dago bisitok egiteko aukera. Horretarako, baina, beharrezkoa da lekua hartzea 94-404 09 90 telefono zenbakira deituta edo helbide elektroniko honetara idatzita: arkeologimuseoa@bizkaia.net.

Mallonako eskaileretan dagoen museoan jarduera gehiago ere izango dira: hain zuzen, Arkeotxotxongiloak familia arteko tailerrak prestatu dituzte. Parte hartzen dutenek txotxongiloak sortzeko aukera izango dute; baita Neolito garaian girotutako ipuin bat antzezteko ere. Helburua sasoi hartako eguneroko bizimodua ezagutaraztea da.

Datorren domekan egongo da tailer horretan parte hartzeko aukera. Hurrengoak hilaren 16an, 20an eta 30ean izango dira. Egun horietan guztietan, 11:30etik 13:00era artean egingo dituzte. Horietan parte hartzeko ere, beharrezkoa da aurretik izena ematea. Bisita gidatuetarako aurreikusitako bide berberak erabil daitezke: telefonoa eta helbide elektronikoa.

2. Euskal Herria museoa

Gernika-Lumoko Euskal Herria museoak Udaberriko larunbatak. Museora familiarekin izeneko tailerrak emango ditu martxotik ekainera bitartean. Koloretako artelanak, piratak eta altxorrak eta Euskal dantzak izeneko tailerrak izango dira, besteak beste. Horrez gain, Emakumea eta euskal pilota aldi baterako erakusketa bisitatzeko aukera ere badago, apirilaren 20ra arte.

Jarduerotan parte hartzea doan bada ere, aurretiaz izena eman behar dela jakinarazi du foru aldundiak: 94-625 54 51 telefono zenbakira deituta edo euskalherriamuseoa@bizkaia.net helbide elektronikora idatzita.

3. Rekalde aretoa

Rekalde aretoan, martxoaren 20an hasi eta 23ra bitartean, Arte Argitalpenen II. Jaialdia egingo dute. Arte argitalpenen inguruko topaketak eta hitzaldiak egingo dituzte bertan.

4. Santimamiñe

Santimamiñeko kobazuloaren inguruak eta barrualdea bisita birtual bidez ezagutzeko aukera ere egongo da martxoan. Basondoko Santimami baselizaren ondoko kioskoan hasiko dute ibilbidea (Kortezubi). Kobazulora bidean, artadi kantauriarra eta bertako landareak eta animaliak aurkituko ditu bisitariak parez pare.

Gero, haitzulorako sarrerako korridorera iritsita, duela urte batzuk aztarnategiari buruz berriz abiatutako ikerketa lanen eta haiei esker lortutako ondorioen berri jaso ahal izango dute. Santimami baselizara itzulita, kobazuloaren hiru dimentsioko erreplika birtual bati esker, haitzuloaren barnealdea ezagutu ahal izango dute; haren eraketa eta morfologia ulertu eta koba horren ospetsu bihurrarazi zuten historiaurreko pinturak ikusi ahal izango dituzte.

Bisitok ordu eta erdiko iraupena dute. Betiere gidari baten laguntzarekin egiten dira, eta 10:00etan, 11:00etan, 12:00etan eta 13:00ean egin daitezke.

5. Pobaleko burdinola

Muskizko Pobaleko burdinolak lehenengo aldiz gogoratuko du Uraren Nazioarteko Eguna, martxoaren 22an, zapatuz. Horretarako, Tresna hidraulikoak industriaren zerbitzuan izeneko jarduera prestatu dute, Busturiko Madariaga Dorretxearekin batera.

Bisita gidatu "berezi" bat antolatu dute. Energia hidraulikoa hainbat lanetarako erabiltzeak sortu zuen iraultza teknologikoa izango da jardueron ardatza. Beraz, Pobalen ikus daitezkeen bi industria tradizional nabarmenduko dituzte, batez ere: burdingintza eta errotak. Bi ordu iraungo du ibilbideak, eta ohiko bisitetan ikusten ez diren leku eta instalazio batzuk erakutsiko dituzte. 10:30ean hasiko dute bisita. Hiru euro ordaindu behar dituzte helduek, eta 12 urtetik beherakoentzat doakoa izango da. Lekua hartzeko, 629 27 15 16 telefonora deitu edo info@elpobal.com helbidera idatzi behar da.

6. Ondare aretoa

Argazki lehiaketa antolatu dute Bilboko Ondare aretoan. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Hilaren 25a baino lehen aurkeztu behar dira lanak; gaia natura izango da.

Garraio publikoaren politiken “porrota” salatu dute Bilboko auzo elkarteek

2003 eta 2012 bitartean, garraio publikoak 9,7 milioi erabiltzaile galdu zituen. Hala baieztatu du Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak Bilbo eta inguruetako garraio publikoari buruzko Liburu Zuriaren eguneratzearen berri ematean. Datuok jasota, garraio publikoaren alorrean egindako politiken "porrota" salatu dute.

Francisco Javier Muñoz auzo elkarteen federazioko presidenteak jakinarazi ditu, beste batzuekin batera, datuok. 2007 eta 2013 artean gauza azpimarragarriak gertatu zirela deritzo: "Batetik, behera egin zuen garraio publikoaren erabilerak; %7,8, hain zuzen. Hala ere, batez beste, garraio publikoaren kudeaketa duten enpresek %15,8 diru gehiago bildu dute, eta KPIak %10,9 egin du gora". Langabeziaren gorakada ere aipatu du. "Bitxia da, krisi ekonomikoan murgilduta, erabiltzaileek behera eginda, diru bilketak gora egin izana". Hori horrela izateko tarifak igo dituztela azaldu du. Gehien garestitu diren zerbitzuak trenetakoak izan direla esan du Muñozek: Renfe, FEVE, metroa eta tranbia.

Jaurlaritzaren 2002-2012ko plan gidatzaileak ezarri zituen helburuak paperean geratu zirela deritzo. "Ez dira bete. Asmoa zen ibilgailu pribatuaren erabiltzaileak garraio publikora bideratzea. Bilbon ikusi dugu 2008ra arte metroak irabazi dituen erabiltzaileak —13 milioi— Bizkaibus eta Renferi kendu dizkionak direla —6 milioitik gora, kasu bietan—. 2012ra bitartean, ordea, metroak berak ere galdu egin ditu erabiltzaileak. Ez da ikusi, ordea, Bilbora doazenei edo handik ateratzen direnei dagokienez, gutxitu egin direnik ibilgailu pribatuaren erabiltzaileek". Bilbo barruan, ostera, bai, behera egin du autoan dabiltzanen kopuruak.

Muñozek berba egin du Bizkaiko Batzar Nagusiek eratu duten batzorde txostengileaz ere. "Helburua da garraioaren agintaritza bakarra sortzea". Uste du interesatzen zaion erabiltzaileari abantailak emateko ahalmena izango lukeela erakunde berri horrek, eta aukera hori aprobetxatzea nahi luke. "Esaterako, Bilbora gehienak ibilgailu pribatuan joaten dira. Beraz, Bilborako garraio publikoaren prezioak murriztu daitezke, jendea erakartzeko". Zehaztu du erabiltzaileak eurak ere ohitu egin behar direla garraio publiko batetik bestera aldatzera.

Horrez gain, "prezio bateratuak" eskatu ditu Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak. "Ez da gauza bera Bilbora autobusez edo metroz joatea. Garraioaren araberako tarifak daude. Horrez gain, ibilbide horretan bi garraio enpresatako zerbitzuak hartu behar izanez gero, Barik txartela birritan balioztatu behar da, Bilbobusen kasuan izan ezik".

Txartel bakar egokiaz

Txartel bakarrak, beraz, haratago joan beharko lukeela deritzo. "Jatorritik helmugara dagoen distantziaren araberako tarifa eskatzen dugu, garraiobide bat edo beste bat erabiltzen duzula ere". Urteotako balantzeari "oso pobre" iritzi dioten arren, 2013an eta 2014an Barik txartelak "aldaketa txiki bat" ekarri duela aitortu du Muñozek.

Hobetzeko proposamena egin du: "Txartel bakar aproposa litzateke Bartzelonako probintzian dutena. Txartel horrekin batetik bestera joan zaitezke, jatorritik helmugara dauden kilometroen arabera eta igaro behar dituzun guneen arabera neurtuta. Distantzia batek prezio bakarra beharko luke izan, nahiz eta garraio bat baino gehiago erabili. Adibidez, Zornotzatik San Ignaziora (Bilbo) iristeko hau izan daiteke bidaia: Eusko Trenekin iristen zara Atxuriko geltokira, eta han autobusa hartzen duzu, eta, gero, metroa. Horrek prezio eta txartel bakarra izan beharko luke. Egun, hori ezinezkoa da: Eusko Trenek tarifa bat kobratzen dit, autobusak beste bat eta metroak beste bat, nahiz eta guztiak ordaintzeko Barik txartela erabili dudan".

Bestalde, komunikazio eskasagoak dituzten eremuekiko zerbitzua indartu beharraz ere ohartarazi du. Besteak beste, Enkarterriren kasua aipatu du. "FEVEk oso zerbitzu txarra ematen die, eta garestia. Bizkaibusek erabiltzaileak lapurtu dizkio, eta lehia sortzeko geltokiak eta ordutegiak jarri ditu autobus zerbitzuak. Eremu horiek sustatzearen aldeko apustua egin behar da, eta beste leku batzuetatik soberan dauden baliabideak horietara bideratu".

Bilbo hegoaldeko saihesbidearen, Artxandako tunelen eta antzeko azpiegituren alde Bizkaiko Foru Aldundiak egin ohi duen apustua ere salatu dute: "Horrelakoak ez dira eraginkorrak, eta garestiak dira".

466

Barakaldon kalean edateagatik hasitako espedienteak. Kalean edaten dutenen kopurua jaitsi egin da Barakaldon. Iaz, 466 espediente hasi zituzten, 2012an baino %60 gutxiago.