“Bizkaiko golkoa euskal itsasgizonen galeraren lekuko bihurtu da”

Margolanek istorio bat kontatzen dutela esaten dute. Pintura ukitu batzuekin, barneko ezinegona transmititzeko gaitasuna izaten dutela gutxi batzuek, eta urteek emandako esperientzia sumatu daitekeela haien begiradan. Jose Fernandez (Bilbo, 1944) artista horietakoa da, eta txiki-txikitatik, itsasoari begira egon da.

Bilbon jaio eta laster Algortara joan zen, itsasotik gertu. Itsasgizon izandakoak ditu osaba eta birraitona, besteak beste, eta beharbada hortik datorkio arrantzaleei dien miresmena. Aspaldi hasi zen arrantzarekiko zaletasuna agertzen, eta, bere sormenari jarraituz, koadroak margotzeari ekin zion.

Lehenengo erakusketa 1969an egin zuen eta geroztik, 90 erakusketa antolatu ditu; horietatik, 45 banakakoak izan dira. Gainera, hamaika sari irabazi ditu pinturari esker.

Margolari espresionistatzat dauka bere burua: “Sentimendua irudiek transmititzen dituzten edukien gainetik aurkitzen da”. Estetika honen bidez, margo espresionistak sortzen ditu bere ideiak plazaratzeko. Historiako hainbat garaitako euskal artisten pintura tradizionalaren erroetan oinarritzen diren lanen gainean aritzen da. Hala, bere ekarpen plastikoak modu pertsonalean parte hartu du Irudipen berria deitutako estiloan, nahiz eta erreferente surrealistak eta espresionistak tartean diren. Era berean, abstrakzio modernoak ere antzeman daitezke haren obretan. Azken batean, alor guztiak batu behar dira Jose Fernandezen mezu artistikoa ulertzeko.

Haren ustez, “artistek ez dute margotu behar margotzeagatik, artea lanerako erreminta bihurtu behar da eta, margolanen bidez, kezkak, interesak edota arazo sozialak zabaldu behar dira”. Fernandezen iritziz, artea eta ikerkuntza eskutik joan daitezke: “Batak ez du bestea alboratu behar”. Filosofia horri jarraituz, euskal arrantzaleen lana gogora ekartzea gustatzen zaio. Hala, bere koadro espresionistek osatutako erakusketekin hamaika herritan ibilia da. Getxotarrak esaten duen moduan, “margotzeak gai batean sakontzen lagundu dezake; hau da, jakintza edo jakin-mina hedatzeko ere balio du”.

Kezkak margolanetara

Azken hamarkadan zehar, Bizkaiko portuen arrantza flota ia erdira murriztu da. Egun, 150 bat itsasontzik jarraitzen dute arrantzan, eta horrek ekarri du marinelen kopuruak beherantz egitea. Margolariak etengabean du buruan egoeraren larria, eta bere lanetan kezka hori ere islatzen ahalegintzen da.

1974an hasi zen Arrantzaleak izeneko lan multzoa sortzen. Bilduma Euskal Herriko hainbat herritan aurkeztu du urteek aurrera joan ahala: Getxon, Mungian, Plentzian, Gasteizen, Irunen, Bermeon eta Santurtzin. Izan ere, hamarkadaz hamarkada, itsasoa eta arrantzaleen egunerokoa izan ditu jomugan, zaletasunik handiena duenaren bidez, margolaritzaren bidez. Azkenean, 150 bat koadrok osatzen duten bilduma sortu du, eta horietaz harro dago.

Margolanez gain, panel sozio-ekologikoek ere osatzen dute bilduma. “Horien bidez, eztabaidarako ateak zabaldu, eta jendea pentsaraztera gonbidatu nahi dut”, dio. Paneletan arrantzaren inguruko arazoak eta egoera errealak planteatzen ditu. Hala, erakusketako margolanez gozatzeaz gain, ikasketarako aukera ematen du: “Arrantzaleen antzinako mundura hurbildu eta egungo egoerari erreparatzeko abagunea dago”.

Hala eta guztiz ere, Fernandezek haratago begiratzen du arrantza munduaz hitz egiterakoan. Egungo krisi ekonomikoari helduta, “lehenengo sektoreak nozitzen duen ahanzturari” erreparatzen dio. Haren ustez, “komunikabideek bigarren eta hirugarren sektoreei buruz hitz egiten dute, batez ere, eta, lehenengo sektorearen langabezia tasa bigarren mailan gelditu ohi da”. Izan ere, dio, lanpostu ugari galtzen ari direla lehen sektorea bertan behera uztearekin bat. Horrela, artistak bere ezinegona koadroetan ere adierazten du. Haren koadroetako protagonistak euskal arrantzaleak dira, hein handi batean; baina errealitatea bere margolaritzarekin alderatzea gustatzen zaio. Getxotarraren ustez, galtzeko bidean dago euskal arrantzaleen irudia eta tradizioa. “Egun, Euskal Herriko flota atzerritarrek eratzen dute; batez ere, Senegalgo edo Hego Ameriketako pertsonak osatuta dago”.

Esan bezala, sentimenduak margolanetan adierazten ditu margolariak; baina, horrez gain, boligrafoa eskuan duela, itsasoari eta arrantzaleei eskainitako olerkiak ere idazten ditu. Horietako batzuk hainbat monumentotarako idatzi ditu. Esate baterako, Zerua eta itsaso artean izeneko olerkia Bermeoko Arrantzale Museorako idatzi zuen, arrantzaleei eskainitako monumentuaren brontzezko plakan jartzeko. Urteak daramatza pentsamenduak paper gainean adierazten, eta olerki liburu bat argitaratzea da orain buruan duen ametsetako bat.

“Ur-laster berriei eta haize aldaketei aurka egin behar izaten diete arrantzaleek. Baina, oraintxe, euskal itsasgizonen galeraren lekuko bihurtu da Bizkaiko golkoa”, penatu da. Hala ere, “haizea poparean, branka itsaso zabalera”, aditzera eman du.