Begirale soil bat

Jakina da edozein gaitan zenbat eta gehiago sakondu orduan eta ezjakinago sentitzen dela norbera. Hitzez adierazi zuen artegatasun hori Sokratesek, ezin hobekiago: “Ezer ez dakidala baino ez dakit”.

Igandean, Michael Fagans argazkilari kaliforniarraren hitzaldi batera joan nintzen, Afganistango gerran ateratako fotografien inguruko gogoetak entzutera. Bakersfieldeko eliza anglikano batean izan zen berbaldia, eta, hiri honen idiosinkrasia pixka bat ezagututa, parrokia nahiko ezkertiar eta progresista dela esan behar dut. Gerora, endemas, lagun dudan elizako kide batek esan zidan parrokia horretan Afganistan eta, bereziki, Irakeko gerren kontra daudela. Halere, barrenak dardarka utzi zizkidaten han entzundako diskurtsoen oinarriek. Ez zen digeritzen erraza izan.

“Zer genbiltzan han babesten?”, galdetu zuen emakume zahar batek. Eta Fagansek erantzun: “Zer genuen han irabazteko?”. Gogoeta egitea beti da osasungarria, eta, are gehiago, mota honetako hausnarketak AEBak bezalako herrialde batean, non presidentearen puzker goiztiar xalo batek tsunamia eragin dezakeen Gazan, edo Ipar Korean, edo Iranen, edo…

Gehien harritu ninduena izan zen inork ere ez zuela ezbaian jarri gerra, kontzeptu gisa. Gainera, gu izenordea zerabiltzaten une oro, ez gobernua edo armada. Horrek ere kopeta ilundu zidan; haserreagatik baino deserosotasunagatik, esango nuke. Gerra baten kontra dagoen batek armadari buruz hitz egiterakoan “gu” esatea ez zait naturala egiten. Agian izango da euskal herritarra naizelako. Alegia, Estaturik ez izateak eta neure izenean diharduen armadarik ez ezagutzeak inkontzienteki neure burua debate moral horretatik at jarri duelako. Esan gura dut: euskal herritarrok kanpotik irizten diogula belizismoari, betidanik eta betiko zalditxo txuria izango bagina bezala. Ez baitugu herri bezala gerretan parte hartzen gaur egun; ez baitugu herri bezala suzko armarik erabiltzen gaur egun.

“Falazia bat da armadarik gabe bakea dagoela esatea? Eta gerra barik bakea dagoela esatea?”. Estimu handia diodan irakasle ez-gerrazale batek galdetu zidan, galdera baino baieztapen ukituarekin, esaldiok airean eskegiz. Grabitatea bezain ukaezin eta beharrezkotzat dute amerikarrek gerra? Axiomatzat al dute? Beldurra emango lidake horrek, eta amorrua. Baina oraindik ezin diot neure buruari erantzun; begirale soil bat baino ez naiz oraingoz.