Haur gizentasunaren aurkako kanpaina hasi dute medikuek

Elikadura ohitura txarrek eta ariketa fisiko gutxi egiteak ondorio kaltegarriak eragin ditu azken urteotan herritarren eta, batez ere, haurren osasunean. Oraintsu arte Ipar Ameriketako gizartearen kontua zela uste izan da, baina iritsita dago Euskal Herrira ere. Haur gizentasuna ugaritzen ari da. Munduko Osasun Erakundearen arabera, XXI. mendean osasun publikoak duen arazo larrienetarikoa da, eta gizentasuna, oro har, “XXI. mendeko epidemiatzat” jotzen du. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 16 urte baino gehiago dituztenen artean gizentasun kasuek %25eko gorakada izan dute, azken hamar urteotan. Kopurua % 20 gutxitzea zen helburua. Haurren osasun egoeraren datuak benetan larriak dira; izan ere, umeen %16 gizenak dira, eta %13k gehiegizko pisua dute. Hau da, hiru umetik batek beharko lukeen baino pisu handiagoa du. Egoera benetan kezkagarria dela ikusirik, Bizkaiko Sendagileen Elkargoak haurren gizentasunari aurre egiteko kanpaina abiatu du asteon.

“Bizkaiko gizartearen osasunaren alde urrats bat egin nahi dugu. Umeen gizentasuna gizartean dagoen arazo larri bat da, eta, gainera, ez du konponbide erraza, baina denok gure aldetik jarrita kontrola daiteke”, adierazi du Juan Gondrak, Bizkaiko Sendagileen Elkargoko presidenteordeak.

Lehen urrats gisa, prebentzio kanpaina batekin hasi dira. Existitzen den kasu kopurua murriztea eta etorkizunekoak saihestea da horrekin lortu gura duten helburu nagusia. Horretarako, modu hezigarrian, eguneroko ohiturak aldatzearen garrantzia nabarmenduko dute antolatzaileek. “2013an, guztion ahotan egon nahi dugu. Gogorarazi nahi dugu zeinen garrantzitsua den gizentasunaren arriskuak eta gaixotasuna eragin dezaketen faktoreak saihestea. Kontzientzia sortu nahi dugu, behin eta berriro mezua argi errepikatuz”, azaldu du Gondrak.

Batez ere, eskolan dauden haurrak dituzten gurasoetzako hitzaldiak antolatu dituzte. Izan ere, 18 urte bete arte, gurasoek dute seme-alaben erantzukizuna. “Haiek erakusten diete nola eta zer jan behar duten, eta janaria ere haiek prestatzen dute, azken finean”. Hitzaldiak asteon hasi dira Ugaon, eta hurrengoa Gernika-Lumon izango da. Hitzaldiotan, hainbat adituk parte hartuko dute, boluntario gisa; Gurutzeta eta Basurtuko ospitaleetako Endokrinologia eta Elikadura arloko adituek eta EHUko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko pediatra eta irakasleek, hain zuzen. Hilean bi edo hiru berbaldi antolatu dituzte. Osotara, Bizkaiko hogei udalerritatik igaroko dira. Dena dela, antolatzaileekin harremanetan jarriz gero, ahal duten neurrian, eskaera gehiago onartuko dituzte.

Haiekin batera, elikadura ohiturak aldatzen laguntzeko, Aitor Elizegi sukaldaria ere izango da haurren gizentasunaren aurkako kanpainan. Erraz prestatzeko errezetak eta elikagaiak osasungarriago eta erakargarriagoak egiteko trikimailuak argitaratuko ditu www.icombi.org webgunean. Osasuntsu jatea eta kaloriak murriztea erraza dela dio Elizegik. Zailena, ordea, zera iruditzen zaio: nazioarteko nekazaritzako elikagaien industriako produktuak eta otordu lasterrak eskaintzen dituzten saltokiak saihestea.

Gizarte aldaketaren ondorio

Orekarik ezak eragiten du batez ere gizentasuna haurrengan: kaloriak kontsumitu eta horiek galtzearen arteko desorekak, hain zuzen ere. Haurrengan kasuak ugaritu izana hainbat faktoreren eraginpean dago. Gondrak dioenez, dieta nabarmen aldatu da gizartean, eta gizartea ere aldatu egin da. “Jatera esertzeko denborarik ere ez dugu ia, eta guraso askok, lana dela eta, ez dute janaria prestatzeko astirik”, zehaztu du elkargoko presidenteordeak. Egun, gizartea “gainelikatuta” bizi dela gaineratu du, behar baino elikagai gehiago jaten direla, ondo bizitzeko behar baino gehiago. Horrez gain, kaloria asko duten elikagai gehiago kontsumitzen dira. Horiek koipe eta azukre asko dute, baina oso urriak dira dituzten bitamina, mineral eta mikronutrienteak.

Bestalde, garraiatzeko moduek eta aisialdiaren sedentarizazioak eraginda, ariketa fisiko gutxiago egiteko ohitura daukate egungo gazteek. “Teknologiaren aro honek bizitza guztiz sedentarizatu digu; ordenagailua, bideo jokoak, sakelakoa, telebista… Geldi egotera ohitzen ari dira gazteak. Ariketa fisiko gehiago egitea, hori da pertsona orori emango niokeen gomendioa, benetan garrantzitsua baita”.

Ez dago guztia haur edo nerabeen jokabidearekin lotuta. Gizartean gertatzen ari diren aldaketek eragin nabarmena dute gaixotasunean. Ezin uka daiteke, beraz, gizentasuna gizarte osoaren arazoa denik. Hori dela eta, gaiari beste ikuspegi batetik heldu behar zaiola uste du, ezinbestez: sektore eta diziplina anitzekoa da, biztanleriari dagokiona, eta kultura baldintzetara egokitutakoa, Bizkaiko Sendagileen Elkargoak dioenez.

Denengan du eragina

Gizentasuna maila ekonomiko baxua duten gizarte taldeei egon da lotuta orain arte, baina, azken urteotan, gauzak aldatu egin dira. Egun, maila sozioekonomiko hobea duten taldeetan dago gizen gehien. Sexuen arteko ezberdintasunei dagokienez, Jaurlaritzak 2008an 4 eta 18 urte arteko haurrei egindako ikerketaren arabera, 7 eta 10 urte arteko mutilen %31,2k gehiegizko pisua dute; 11 eta 14 artekoen kasuan, %36,1k. Nesketan, ordea, arazoa nagusiagotan azaltzen da; 15 eta 18 urte artekoen %32,8k beharko luketen baino pisu handiagoa dute.

Haurtzaroan horrelako gaixotasunen bat izan dutenek heldutasunean gaixotasunak pairatzeko probabilitate handiagoa dute, besteak beste, bihotzeko eritasunak, diabetesa, lokomozio aparatuan arazoak eta bularreko, koloneko eta endometriko minbizia. Jaurlaritzako Osasun Sailak 2012. urte hasieran jakinarazi zuenez, 200 diabetes kasu gehiago daude hilean, gehienak elikadura ezegokiak eragindakoak.

Gehiegizko pisua duen lau urteko ume batek, %20 aukera geihago du heldutasunean gizena izateko. Nerabeen kasuan, %80ko aukera dute heldutasunean gizena izateko. Horregatik da hain garrantzitsua haurtzarotik arazo horiei ahalik eta azkarren aurre egiteko neurriak hartzen hastea.