Herritarren gogoa 1980ko hamarkada bukaeran zutenaren parekoa da. Baina oraingo honetan, orduan ez bezala, helburua lortuko dutela sinetsita daude. Usansolo Galdakaotik bereizi eta auzo izateari utzita herri bihurtzea: horixe nahi dute. Horretarako so...
Bizkaia
Auzoaren datuak
• Biztanleak: 4.678.
• Herrigunearekiko distantzia: 3 km.
• Auzoak: Pertxin, Lekue, Isisi, Labea, Gorosibai, Unkina.
• Zerbitzuak: Besteak beste, posta bulegoa eta osasun etxea ditu. Galdakaoko ospitalea ere Usansolon dago.
Literaturarekin lotura duten ilustrazioen erakusketa Barakaldon
Barakaldoko Udaleko Kultura, Hezkuntza, Euskara, Kirol eta Gazteria Arloak antolaturiko literatura jardunaldiak martxan dira. Bada, prestatutako jardueren artean, Ilustra-acciones erakusketak aipamen berezia merezi du. Izan ere, margolanen egileak hiru ahizpa barakaldar dira: Piedad, Carmen eta Begoña Ortiz de Urbina, hain zuzen ere.
Literaturarekin lotura duten margolanak bildu dituzte erakusketan. Barakaldoko Udalak jakinarazi duenez, hiru ahizpak artista autodidaktak dira, eta "ilustrazio arloan esperientzia handia daukate". Margolanak apirilaren 30a bitarte ikus daitezke udal erakusketa aretoan.
Hiru erakusketa gunetan
Ortiz de Urbina ahizpen artelanen artean, argitaratutako irudiak eta proiektu berrien parte izango direnak ikusi daitezke. Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan ere ikus daitezke haien lanak.
'ILUSTRA-ACCIONES' ERAKUSKETA
Non. Barakaldoko erakusketa udal aretoan eta Clara Campoamor eta Gurutzetako gizarte zentroetan
Noiz. Apirilaren 30era arte.
Pasealeku batek lotuko ditu metroa eta ospitalea
URDULIZ. Urdulizko Udalak pasealeku bat egingo du, ospitalea eta metro geltokia lotzeko. Marutze auzoa zeharkatuko du ibiltokiak, eta bost metro zabal izango da. Hilabete honetan bertan ekingo diete lanei, eta espero dute irailerako bukatzea. 400.000 ...
“Garestiago ez diren milaka produktu ekologiko daude”
Bizimodua egiteko filosofia moduan ulertzen dute Ekologikoak izeneko proiektua Ian Badiola ondarroarrak eta haren familiak. Orain, bizimodua ulertzeko euren filosofia txertatu gura dute euren herrian, bereziki, baina baita Euskal Herri osoan ere. Horr...
Mungiako txalet gune batek ere bere udala izan nahi du
Bilboko Sociedad La Bilbaina elkarteak sustatuta, Mungiako Berreaga mendian txalet gune bat eraiki zuten 1970eko hamarkadan. Kudeaketa batzordearen ardura da azpiegiturak zaintzea. Egun, argudiaturik Mungiako Udalak ez diela gainontzeko herritarrei be...
Idazleen unea ‘Zure ziztada behar dugu’ kanpainan
Aurrera segitzen du Zure ziztada behar dugu kanpainak. Martxa onean, gainera. Hainbat alorretan lanean diharduten lagunek bat egin dute BERRIAri bultzada emateko ahaleginean. Hala ere, proiektuak aurrera jarraituko badu, premiazkoa da ahalik eta konpomiso gehien biltzea.
Bada, kazetaren inguruko idatzi kolektibo bat aurkeztuko dute kanpainarekin bat egin duten zenbait idazlek, Bilboko Kafe Antzokian egingo den errezitaldian. Ekitaldia 19:00ean hasiko da, ordubete inguru iraungo du, eta doakoa izango da.
Onintza Enbeita bertsolariak egingo ditu aurkezle lanak. Halaber, Domentx Uzinen biolinaren eta Jon Basauriren gitarraren musikaz lagunduta errezitatuko dute, besteak beste, honako idazleek: Lutxo Egia, Iban Zaldua, Aurelia Arkotxa, Itziar Madina, Angel Erro, Ur Apalategi, Jasone Osoro, Markos Zapiain, Arrate Egaña eta Edorta Jimenezek. Literaturaz gozatzeko eta euskarazko kazetari elkartasuna adierazteko parada egokia, beraz, asteazken arratsaldean.
ZIZTADEN ALDEKO ERREZITALDIA
Non. Bilboko Kafe Antzokian.
Noiz. Martxoaren 18an (azteazkena), 19:00etan.
Vista Alegreko planaren aurkako protestak
MENDEXA. Vista Alegren egin nahi duten proiektuaren aurka dauden Mendexako bizilagunek hainbat protesta egin dituzte Aste Santuan. Proiektu horren arabera, 28 etxebizitza eta Karraspioko hondartzarako aparkalekuak egingo dituzte han. Garraio publikoa ...
Herri ekimeneko euskal hedabideen erronkak
Zentzu hertsian publikoak ez izan arren, funtzio sozial agerikoa daukagula gogorarazi gura dugu euskal hedabideok, "bai euskeraren garapenean daukagun zeregin funtsezkoagatik, bai euskal hiztunen komunitatearen barruan komunikazioa lantzeak eta jorratzeak suposatzen duenagatik".
Azken 25 urteetan, batez ere hezkuntza dela eta, pauso handia eman da euskararen ezagutzearen eremuan, horretan ez da zalantzarik. Erabileran, aldiz, hizkuntzaren osasuna adierazten duen neurgailurik zehatzenean, zailtasun handiak daude. Eta gurea bezalako gizarte moderno batean nekez egingo dira pausoak hedabide sare indartsurik ezean.
Azken finean, hiztun komunitate guztiek daukate mundua beraien hizkuntzan ikusteko eta kontatzeko premia, eta euskal hedabideok giltzarri den zeregin horren muinean gaude. Euskaraz ez badugu egiten, beste hiztun komunitate batzuek egingo dute gure ordez, gazteleraz, frantsesez edo ingelesez.
Sektorearen pisu sozial eta kulturalagaz batera, ekonomikoa ere ekarri gura dugu gogora: euskarazko hedabideen lana 450.000 lagunengana heltzen da, eta, horretarako, 600 langile baino gehiago dabiltza beharrean 100dik gora hedabidetan.
Guztira 27 milioi eurotik gorako aurrekontua mugitzen dugu urtean, eta zazpi milioi eurotik gorako ekarpena egiten dugu diru publikoetara, gizarte segurantza eta zergen bidez. Ikuspuntu horretatik ere, gure jardunaren garrantzia azpimarratu eta kontuan hartua izan dadin eskatzen du sektoreak.
Ezaguna da Informazio eta Komunikazio Teknologien hedapenak zelako krisi sakona ekarri duen mundu osoan komunikazioaren sektorera, eta 2008az geroztik bizi dugun krisi ekonomikoak aurreko hori gehitu besterik ez duela egin. Mundu mailan zein gure artean ere, agerikoak dira ondorioak; gogoratu besterik ez dago azken bi urteotan bidean geratu diren euskarazko komunikazio proiektuak: Ttipi-Ttapa Telebista, Geu Gasteiz, Txaparro, Esan -Erran Irratia, Nabarra...
Aldi berean, azpimarratzekoa da euskal hedabideok inguruko beste hizkuntza handietakoak baino hobeto egiten ari gatzaizkiola aurre krisiari. Azken finean, ohituta gaude krisi betean aritzera, eta ondo baino hobeto dakigu belar motzean ibiltzea zer den.
Kontuak kontu, euskal hedabideok azpimarratu gura dugu testuinguru zail horretan etorkizunari buruzko gogoeta estrategikoa elkarrekin egiteko ahalegina, eta eskertu Gipuzkoa Berritzen-Innobasquek gogoeta horretan laguntzeko erakutsitako prestasuna. Elkarlan horren emaitza hedabideak sinatu dugun dokumentua da. Agiriak sektorearen gaur egungo argazki zehatza aurkezten du, eta, horretan oinarrituta, aurrera begirako erronka nagusiak proposatzen ditu. Erronka horriek honela laburbildu litezke:
—Negozio eredua eta lan baldintzak. Hedabideok inbersio handiak egin behar ditugu (eta egiten ari gara), batetik, teknologiak eragindako negozio ereduaren aldaketari aurre egiteko, eta, bestetik, bertan diharduen langileen lan baldintzak hobetzeko.
—Salmenta, kalitatea eta lehiakortasuna. Atzean ez geratzeko eta bezeroari merezi duen zerbitzua eta produktuak eskaintzeko, euskal hedabideok ekoizten ditugun produktuen kalitatea eta kudeaketa ere hobetu behar ditugu. Gaur egungo produktuak estimatzen badira ere, salmentan eta merkatu mekanismoen ezagutzan asko sakondu behar dugu oraindik.
—Hausnarketa eta ikerketa. Etengabeko berrikuntzaren aroan, ikerketa eta hausnarketa ere ezin ditugu ahaztu: euskarazko hedabideak zer garen, zer helburu bete behar dugun, zelakoak garen eta izan behar dugun, audientziak, kanpoko esperientzietatik ikastea eta, helburuak betetzen doazen neurrian, beste hizkuntzetan aplikatzeko moduko esperientzia eta produktuak esportatzea.
Hori dena garatzeko, hedabideen behatoki baten beharra argi ikusten dugu.
—Elkarlana: Sasoi latzei bakarka baino taldean hobeto egiten zaie aurre, eta alde horretatik badugu zer landu, hedabideok geure artean zein instituzioekin batera.
Sektoreko kideok onartzen dugu elkarren lehiakide garela hainbat eta hainbat kasutan, baina elkarrekin ere jardun dezakegula guztion onurarako; kooperatibitatea landu behar dugula, alegia.
—Erakundeen laguntza politika. Deialdien sistematik hitzarmen ereduetara joatea ezinbesteko ikusten dugu. Beharrezkoa da erakundeak laguntza politika egokitzea eta sektorearen inbersioak eta garapena sustatzea.
Laburbilduz, herri ekimeneko euskal hedabideon ustez garaia da erronka horiei sendotasunez heltzeko, eta beste molde eta bide batzuk jorratzeko, irudimena landuz, gogotik arituz eta batez ere elkarlanean, hedabideon artean, zein erakunde publikoekin eta jentartearekin berarekin.
Aurkeztutako lan hau, bide baten amaiera ez, baizik bide luze baten hasiera dela azpimarratu gura dugu.
Dokumentua sinatzeagaz, herri ekimeneko euskal hedabideen etorkizun hurbila zein urruna bermatu gura duen elkarlana abiatu dugu, sektore antolatu gisa funtzionatzen hasi ahal izateko lehen harria.
Sektore hori eguneratzeko, gogoeta egin gura dugu hedabideok, erabiltzaileekin, eragileekin eta administrazioekin batera. Horregatik, sinatutako dokumentua hartarako prestasuna agertu duten erakundeetan aurkeztuko dugu, gogoetarako oinarri baliotsua izan daitekeelakoan. Eta erakundeei, bide horretatik, hausnarketa mahai bateratua eratzeko deia egin nahi diegu.
Askatasun haizea
Ziortza-Bolibarren eta Iurretan ondo baino hobeto dakite Usansoloko herritarrak zelan dauden. Izan ere, eurek ere antzeko prozesuetan sartu behar izan zuten euren herriak eurenak bihurtu eta hala onar ziezaieten lortzeko.
"Preso baldin bazaude, askatasuna nahi duzu. Bada, guk ere berdin. Gu, Durangoren indarra zela eta ez zela, preso geunden. Herria geurea izatea zen gure helburua. Ondo, gaizki, hobeto zein baliabide gehiago edo gutxiagorekin egon, baina, gutxienez, etxea gurea da, gurea da herria. Askatasuna lortzea izan zen garrantzitsuena". Berba horiekin laburbildu du Mikel Sopelanak, sorterriaren desanexioa lortzeko batzordean lanean aritu ziren iurretarretako batek, udalerri burujabe bihurtzeak zer esan gura izan zuen eurentzat.
Ziortza-Bolibarren ere antzeko irudipena zeukaten. "Zergatik nahi genuen desanexioa? Beti sentitu garelako bolibartarrak, eta geure herria nahi genuelako", azaldu du Rakel Gandiagak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz negoziazioetan ibili zen batzordeko kideak. "Garrantzitsuena da geuk erabakitzen dugula zelako herria nahi dugun. Horrez gain, arlo ekonomikoan onura eta abantaila asko izan ditugu. Azken batean, beste herri baten zati bat edo menpekoa izan beharrean, geu gara herria", azaldu du.
2004ko azaroaren 30ean lortu zuten Markina-Xemeindik banatzea. Gandiagak gogora ekarri du prozesua luzea izan zela, eta zailtasun nagusia, haien kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak jartzen zituen oztopoak izan zirela deritzo. "Ziortza-Bolibarko herritarrok kolore askotakoak izan gara beti. Hala ere, guztiok bat egin dugu prozesu honetan. Guztiok sentitu izan dugu Ziortza-Bolibar Ziortza-Bolibar dela. Aldundiak jarri dizkigu oztopoak, eta hark geldotu du prozesua. Dena den, burugogorrak garela ikusi zuten, eta ezin izan gintuzten geldiarazi", adierazi du garai hura gogoratuta.
1969an, erabaki politiko batek Markina-Xemeingo auzo bihurtu zuen Ziortza-Bolibar. Garai hartan, hainbat herriri gertatu zitzaien gauza bera. Askok lehengora bueltatzea lortu zuten —Lea Artibain, Berriatuak, esaterako—. 1986an, Ziortza-Bolibarko herritarrek bide berari ekitea erabaki zuten: herri izan nahi zuten berriz ere.
Eta, azkenean, lortu zuten. Bolibartarrek euren beharrak definitu eta defendatzeko eskubidea daukate, beste edozein herritan gertatzen den bezala. Orain, 450 biztanle inguru ditu herriak. Egunero bizimoduan Markina-Xemeinera joaten jarraitu behar dute, besteak beste, liburutegirik eta ikastetxerik ez daukatelako herrian. Dena den, "herri bizia nahi baldin baduzu, lan egin behar da", ondorioztatu du Gandiagak. Desanexioak alde txarrik ez duela iruditzen zaio berari.
Iurreta Durangotik desanexionatu zenetik, 22 urte beteko dira aurten. Mikel Sopelanak gogora ekarri du prozesu hura ere "gogorra" eta "urte askotakoa" izan zela. 1926an Durangora anexionatu zutenetik, hainbat saio egin dituzte iurretarrek euren herria berreskuratzeko, eta ez zuten lortu 1989ko maiatzaren 23ra arte.
Oztopoak gaindituz
Lorpen haren hasiera denentzat ez zen pozgarria izan, ordea. "Baten batzuek beti izango dute zerbait esateko: durangarrak izango bagina, igerilekuetara, adibidez, doan sartuko ginateke. Hasieran beti dago horrelakoak esaten dituenik", adierazi du Sopelanak.
Dena dela, gogora ekarri du iurretarrentzako zailtasunik handiena durangarren kredituei aurre egiteko eskatu zieten erantzukizuna izan zela. "Durango hiribilduko bilauek hainbat konpromiso zituzten, hainbat kreditu zeuzkaten eskatuta, eta esaten ziguten guk ere ordaindu behar genituela kreditu horiek. Azkenean, ados jarri ginen, eta bakoitzak bere etxean aurrera egin du".
Sarri herri handiek handiago izateko nahi bat izaten dutela deritzo: "Jabe izan gura dute. Baina hori gezurra da. Hemen bakoitza bere etxearen jabe da, bakoitzak berea", adierazi du Sopelanak.
Iurretak herri gisa beteko dituen 22 urteetan arazoak egon direla azaldu du, eta gaur egun ere badaudela. "Hala ere, arazoak geure etxe barruan ditugu, ez beste batzuen kontra", esan du. "Herria gurea da, eta ez beste batzuena. Hori da garrantzitsuena", laburbildu du.
Hori dela eta, batzuek zein besteek azaldu dute azaroaren 30a egun handia dela Ziortza-Bolibarkoentzat eta maiatzaren 23a, berriz, Iurretakoentzat. Ospakizunetarako egun handiak dira batean eta bestean. Hain zuzen, sasoi batean galdutako askatasuna berreskuratu zuten egunak.