Bizkaia

Azkuna: “Bilbotarren indarrak eragin du aldaketa”

Astelehen gauean iragarri zuen City Mayors fundazioak Iñaki Azkuna Bilboko alkatea aukeratu zuela 2012ko munduko alkaterik onena. 900 lehiakide izan ditu. Azkunak azaldu duenez, "Bilboren eraldaketa bilbotarren indarrak eragin du. Izan ere, Hemingwayk adierazi zuen legez, hiri industrial bat, itsusia eta zikina, hiri garbiago, gardenago eta zerbitzudun bihurtzea zaila izan da". Gogora ekarri du 1980ko hamarkadako "krisi gogorra", eta "hutsetik" hasi behar izan zutela gaineratu. Orduantxe sortu ziren, haren esanetan, "Guggenheim museoa, itsasadarraren garbiketa, tranbia eta halako proiektuak". Horiek guztiak hiritarren "pertseberantziari esker" lortu direla uste du. Gainera, ondorioztatu du hiritarrek eurek nahi izan ez balute agintariok ezin izango luketela aurrera egin.

Kudeaketa ekonomikoari dagokionez, Azkunak esan du "ahalik eta gardenena" izan dela. Zorrak ordaindu dituela adierazi du, "zero zorra" lortu arte eta Bilbon egindako inbertsio guztietan administrazio guztien parte hartzea lortu dutela gaineratu. Udalak, bestalde, auzoak kudeatu eta horietan inbertitzeko lana hartu duela esan du.

Auzoetan egindako lan horri buruzko iritzi desberdina duenik ere bada, ordea. Laura Mintegi Eusko Legebiltzarreko EH Bilduko bozeramailearen ustez, sariaren sustatzaileak "parametro makro batzuetan" oinarritzen dira, Azkuna auzoetako alkate ere baden arren. Izan ere, auzo horietan "komunikazio eskasak eta bete gabeko beharrizanak" daudela iritzi dio. Aitziber Ibaibarriaga Bilboko Bilduko zinegotziaren esanetan, sariak hiriko eraikinak eta arkitektoak besterik ez ditu kontuan hartu. Esan du koalizioa ez datorrela bat hiriaren estetika saritzen duen eredu horrekin, "pertsonak eta beharrizanak bigarren lekuan" uzten dituelako.

PPk eta PSEk, bestalde, zoriondu egin dute. Antonio Basagoiti Bilboko PPko zinegotzi ohiaren ustez, gainera, sariaren "zatitxo bat" berari ere badagokio, Azkunaren agintaritzako lehenengo urteetan berak egindako oposizioak "alkate gardenago eta hobea izatera bultzatu zuelako".

FAROLIN ETA ZARAMBOLAS IZATEKO LEHIA

Inauterietako ospakizunei begira jarriak dira Bilbon. Ordena Botxeroak batzarrean proposatu ditu jada Farolin eta Zarambolas pertsonaiak izateko hautagaiak. Farolini dagokionez, Oscar Terol umorista, Eder Montero sukaldaria eta Manu Iturregi ostalar...

Kaleetatik egutegira

Ohikoa da herriko pertsona historikoei kaleak eta plazak eskaintzea. Mungiak ere horren adibide asko ditu. Udalak urtero banatzen duen egutegia kale izendegi horri eskaintzea erabaki dute. Hala, hilabete bakoitzean pertsonaia eta kalea ezagutzeko aukera egongo da. Gure kaleak du izena, eta euro baten truke eskuratu daiteke Agirre jauregian. Dirua Mungialdeko Gizarte Zerbitzuen Partzuergoak jasoko du, beharrizanean dauden familien artean banatzeko.

Jose Etxegarai historialariak osatu ditu biografiak. Musikariak, margolariak, enpresariak eta kirolariak daude tartean. Denen artean ezagunena, zalantzarik barik, Esteban Urkiaga Lauaxeta idazle eta kazetaria da. Laukizen jaio zen, baina Mungiara joan zen umetan, eta han zeukaten baserriaren izena hartu zuen ezizen modura. 1937ko ekainaren 25ean hil zuten frankistek Gasteizko Santa Isabel hilerrian, apirilean Gernika-Lumon atxilotu eta bi hilabetez preso izan ostean. Etxe hura zegoen lekuan dauka kalea gaur egun. Mungiako kale nagusietakoa da, gainera. Bagil edo ekaina eskaini diote.

Athleticen zaleen artean ezaguna da Telmo Zarraonandia Zarra. Asuan (Loiu) jaio zen, 1921ean, eta garai batean futbolari ezagun izan zen. Lutxana eta Mungia arteko trenbideak han zeukan geltokiko nagusia zuen aita. 1936ko gerra ostean, Mungiara joan ziren bizitzera. Zemendi edo azaroan ageri da haren berri.

Bentades ikastetxearen —egun zaharberritzen ari dira—bultzatzaileak ere baditu kalea eta hilabetea: iraila. Laureano Jado Bentades zuen izena ingeniari eta filantropo hark. Mungian jaio zen, 1843an. Ondasun askoren jabe zen, eta, besteak beste, sorterriko ikastetxeaz gain Bilboko Arte Eder Museoaren eta Erandioko Jado ikastetxearen sorreran ere parte hartu zuen.

Aurelio Artetxe Arana enpresaria jorrail edo apirilean agertzen da. Bakion jaio zen, 1908an. Irurak Bat enpresan hasi zen beharrean —kontagailu elektrikoak egiten zituzten han—, ingeniari legez. Gernikako bonbardatzea sufritu zuen, eta jeltzalea zelako, erbesteratu egin behar izan zuen, familiarekin batera. Liejan (Belgika) enpresa elektriko batean behar egin zuen, eta handik Venezuelara joan ziren. Caracasko Euskal Etxearen fundatzaileetako bat izan zen. Euskal Herrira bueltan, Mungiako enpresarik ezagunenetakoa sortu zuen: Artetxe. Gaur egun, Europan, Amerikan eta Asian 2.000 behargin ditu Artetxe Group taldeak; horietatik 700, Mungiako lantegian.

Elizgizonak hainbat dira: Francisco Bilbao Elorriaga misiolari dominikoa —marti edo martxoa—, Florencio Matias Pedro Galarza Belutegi —abuztua— parrokoa eta Jose Zameza Urrutia jesuita —urria—. Emakume bakarra agertzen da, Francisca Zubiaga Eskauriaza. Abendua eskaini diote hari, baita haren neba Eduardo Marcelinori ere. Angel Maria Garavilla margolariak —urtarrila—, Aureliano Galarza Mentxaka abokatuak —zezeil edo otsaila—, Santos Eusebio Intxausti Larrauri musikariak —maiatza— eta Juan Jose Elorduigoitia Elordi filantropoak —uztail edo garagarrila— osatzen dute egutegia.

Mankomunitatearentzako ekarpena behera Arratian

IGORRE. Arratiako Udalen Mankomunitateak 2013ko aurrekontua onartu du: 4,4 milioi, iaz baino %5 gutxiago. Udalen ekarpenak behera egin du, Arantzazukoak izan ezik, han biztanleriak gora egin duelako. Halere, "txikia" da aldea. Josune Gorospe president...

Nesken lehen andereñoa

Zumalabe handiki familia bateko kide izan zen. 1630 inguruan jaio zen, Balmasedan. Euskal Herrian mutilak oraindik eskolara joaten ez ziren sasoian, neskentzako eskolak ematen hasi zen. Horrela bada, lehen andereñoa izan zela esan daiteke.

Zumalabe familiaren dorretxean antolatu zuen ikasgela. Oinarrizko gauzak irakasten zizkien: matematika, irakurtzen, idazten... Agiritegietako dokumentuen arabera, eskualdeko tokiko administrazioen diru laguntza jaso zuen 1654an eta 1656an, eskolak finantzatu ahal izateko. Sasoi hartan inauguratu zen Balmasedako Santa Clara komentua, eta 1666an moja sartu zen.

“Euskal kostaldea marka turistiko garrantzitsua da”

Aurtengo azaroaren 20an hamar urte beteko ditu Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak. Urteurrena ospatzeko hainbat ekintza prestatu dituzte, eta, horrez gain, astearteetan museoa doan bisitatzeko aukera egongo da urte osoan. "Izan ere, bisitariekin ospatu...

Zierbena eta Zalla arteko ur hodia eraikiko dute

BILBO. Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoak Enkarterriko lehen mailako ur hornidura sarea hobetzeko, Las Carreras (Zierbena) ur biltegia eta Zallakoa elkartuko dituen hodia eraikiko du 2014rako. Hamabost milioi inbertituko ditu. Zadorrako ura Las Carreraseti...

Gabon giroa ez da eten

Gabon giroaSanturtziGabon gaua, Olentzero eta Gabon zaharra igaro dira. Gabonetako giroak, ordea, ez du etenik hainbat eta hainbat herritan. Erregeak ere iristear dauden honetan, Santurtzin jarduera eta ekitaldi ugari dituzte oraindik, urtearen hasier...

Villaverde Turtziozko dentsitatea.

Villaverde Turtziozen 21 biztanle besterik ez da bizi kilometro koadroko. Haranaren beheko eremuan bizi da populazio hori, solairu angeluzuzeneko baserrien artean. Dorretxe batzuk ere badira, harriz egindako armarriak dituztela.

Etnografiaren Interpretazio Gunea, 2001az geroztik

Etnografiaren Interpretazio Gunea daukate herrian. 2001ean inauguratu zuten, udalerriko eskolak zeuden eraikinean, La Matanza auzoan. Historian bertan nagusitu diren ogibideak edota etxeetako bizimodua zelakoak ziren azaltzeko tresnak berreskuratu dit...