Bizkaia

Troikako gaizkileak Bilbon

Alderdi Popularra, bere ohiko eskumako leloei jarraiki, herritarren segurtasun gabezian oinarrituta alarma soziala pizteko estrategia martxan jartzen saiatu da berriz ere, daukan garrantzia areagotuz, herritarren beldurrarekin jolastuz, eta poliziaren zein errepresioaren logikari bidea emanez. Ildo honetatik, mozio bat aurkeztu da balizko egoera honi aurre egiteko, Herritarren Segurtasunerako Plan Integral bat lehenbailehen Bilbon ezartzea proposatuz.

Esan beharra daukat, salbuespena izan arren, Alderdi Popularrarekin ados nagoela bere mozioan egiten dituen bi baieztapenekin: lehenik, ziur nago Bilbon delituak egiten darabiltzaten banda antolatuak badaudela. Bestalde, egoera honi aurre egiteko guztiz aproposa deritzot giza segurtasun plan bat lantzeari.

Jakina, horraino soilik etortzen gara bat. Izan ere, PPren segurtasun kontzeptua eta bertan proposatutako giza segurtasun kontzeptua (Nazio Batuek onarturikoa) ezberdinak dira oso. Hala, giza segurtasunaren kontzeptuaren arabera, soilik norberaren bizimodua bermatzeko, oinarrizko beharrizanak asetzeko, norbere kasa moldatzeko eta komunitatean modu libre eta seguruan parte hartzeko gaitasuna bermatzen denean ematen da.

Gauzak horrela ulertuta, gero eta ozenago aldarrikatzen da, baita Bilbon ere, herritarren segurtasunik eza, antolatutako delinkuentzia boteretsuak gidatutako eta zilegitasunik gabeko sistema suizida batek sortutako giza segurtasun ezaren ondorioa dela. Hauek dira jazarri eta atxilotu beharko genituzkeen gaizkileak, hauengana zuzendu beharko genituzke gure arreta eta lehentasunak. Gorbata garestiak janzten dituzten lapurrak dira, atxilotuta egon beharrean, enpresa handiak zuzentzen dituztenak, gure eskubideekin espekulatzen eta gure bizitzak merkaturatzen ari direnak; publikoki gaitzetsiak edo baztertuak izan ordez, pertsona eredugarri moduan aurkezten dizkigutenak; instituzioetatik aurkaritza jaso ez ezik, hauen laguntza eta trikimainak eskuratzen dituztenak, jokabide morroi eta ipurgarbitzaile bati jarraiki.

Hauek dira segurtasunik ezaren errudunak: politikari ustelak, kapitalista handiak eta euren morroiak. Azken finean, gehiengoen eskubideak alde batera utzita, euren etekinak handitzeko baliabide publikoak erabiltzen dituztenak. Eta hauei aurre egiteko, Giza Segurtasunerako Plana abian jarri beharko litzake, egiten dutena, egiten uzten zaiena, guztion segurtasuna arriskuan jartzen duelako.

Horregatik, EHBildutik proposatu dugu Giza Segurtasunerako Plan horren lehen puntua Bilbon izango den Ekonomia Goi-bilera bertan behera uztea izan da. Izan ere, martxoaren 3an Udal Gobernuaren oniritziarekin egingo den ekitaldian, besteak beste Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko, Espainiako Ekonomia Ministerioko, eta Telefonica, BBVA, Iberdrola eta antzeko enpresa handietako ordezkariak bilduko dira. Jardunaldi hauen helburua krisialditik ateratzeko ikuspuntu berriak aztertzea dela badiote ere, ez utzi zeuen buruari iruzurrik egiten, euren xede bakarra herritarrak ustiatzen jarraitzeko moduak aztertzea baita, gero eta estuago eta merkatuaz baliatuz, gure lepotik bizitzen jarrai dezaten.

Dudarik gabe, horrelako ekitaldiek eta kasta honek, gure giza segurtasuna kolokan jartzen dute, eta horregatik ez ditugu Bilbon nahi. Argi daukat ere, antolatutako gaizkile asko bertan izango direla, eta, horregatik, lehenbailehen erantzun behar dugu Udaletik. Gaizkileekin, batek daki… akaso hauek ez dituzte kalean diru-zorroak lapurtuko, baina adi ibili behar gara, zeren eta lapurtu, lapurtu egiten dute; baina handizka, lehen mailan egiten den bezala.

Horregatik, gure bizitzengatik, gure segurtasunagatik, protesta egitera goaz eta ongi etorriak ez direla esatera goaz. Troika eta kapitalistak, alde hemendik!

Larru aldaketa

Durangoko euskara elkartea, Berbaro, 1989tik ari da lanean. 1994an izen bera zuen taberna ireki zuen alde zaharrean. Eta euskalgintza zein euskal kultura bultzatzeko hainbat egitasmo egiten zituzten han. Baina handitzeko apustua egin zuten 2004an: alde zaharreko tabernatik Landakoko hiltegi zaharrerako jauzia egitea erabaki zen. "Gizartea eta euskal komunitatea trinkotzeko topaleku bat behar genuen", adierazi du Beñat Gaztelu-Urrutiak, Plateruenako Kultura koordinatzaileak. Kooperatiba moduan hasi zen Plateruena, eta jendearen diru ekarpenari esker lortu zuten martxan jartzea. Bederatziehun bazkide ditu Durangoko kafe antzokiak gaur egun.

Mota guztietako ekitaldiak eta egitasmoak egin dituzte ordutik. Hausnarketa prozesu batean dabiltza orain: "Noizbehinka, garbitegira joatea tokatzen da", adierazi du Plateruenako kideak. Hamar urte beteko dituzte aurten, eta baikortasunez aitortu du proiektuak eguneratzea ezinbestekoa dela, dauden beharrizanei erantzuteko. "Duela hamar urteko beharrizanak eta gaur egungoak ez dira berak". Kultura proiektua gaur egungo beharretara egokitzeko eztabaida prozesu batean murgildu dira aurten.

"Ez dugu larru berarekin dabilen sugea izan nahi. Larruak aldatuz joan behar dira, eguneratuz eta edukiak aldatuz", aitortu du Gaztelu-Urrutiak. Horretarako, ezinbestekotzat dute herritarren parte hartzea: "Gizarteari ematen zaion zerbitzua izanda, herritarren parte hartzearekin aurrera atera beharreko proiektua da, eta hartu eman hori etengabekoa izan behar da".

Komunikazioa, kudeaketa eta sarea izango dira eztabaida prozesuan landuko dituzten hiru zutabe nagusiak. "Eztabaidarako hiru ardatz horietan txertatuko dira kulturgintza, emakumeak eta gazteak", nabarmendu du Gaztelu-Urrutiak. Euskal Herriko Unibertsitateko Parte Hartuz graduondoko ikasleen laguntza ere badute prozesua bideratzerako orduan.

Ekonomikoki garai zailak diren arren, ez dira "kikiltzen", eta proiektuarekin aurrera jarraitzea beharrezkoa ikusten du Gaztelu-Urrutiak. Finantzazioa ostalaritzatik lortzeko ereduaren inguruan hausnartu beharko dela nabarmendu du.

Eskuizkribuen sekretuez

Erdi Aroko kaligrafiari buruzko ikastaroa emango dute asteburuan Enkarterriko museoan. Bihar eta igandean emango dituzte eskolak. Erdi Aroko idazkietan ageri ohi diren letra maiuskulak zelan egin ikasiko dute bertaratzen direnek. Horrez gain, papiroak eta pergaminoak erabiliko dituzte. Baita monasterioetan eta beste leku batzuetan idazteko erabiltzen zituzten erremintak ere: besteak beste, idazlumak, hegaztien lumak, luma metalikoak, pigmentu naturalak zein urrezko eta zilarrezko argiztapena.

Era horretako izkribuak interesatzen zaizkien guztiei ikastaroan parte hartzeko deia egin die Esperanza Serranok —hark gidatuko ditu saiook—. Haren esanetan, "edonor saia daiteke". Letra batzuk oso zailak izan arren —barruan eszena batzuk jasotzen dituztenak ere badaude—, beste batzuk "errazagoak" direla ekarri du gogora.

Duela bost mendera arte ez zegoen inprimatutako libururik. Beraz, testuak gordetzeko zein zabaltzeko modu bakarra eskuz idatzitako kopiak ziren. Garai hartan lantzen ziren idazketa moduak berreskuratu edo bertatik bertara ezagutzeko aukera zabalduko dute, bada, bihar eta igandean. Kaligrafiaren arteaz gozatzeko modua izango dute ikastarora doazenek.

Idazketa mota hori lantzen zutenek zein traba eta arazo zituzten ere ezagutu ahal izango dute. Izan ere, ordu luzeetan kaligrafia zehatz haiek idazteak kalte asko eragiten zizkieten: ikusmen arazoak sortzen zitzaizkien, bizkarrezurra okertu egiten zitzaien, eta, azken finean, gorputz osoak nabaritzen zituen behar astun horren ondorioak.

Enkarterriko museoan emango dute ikastaroa. Izena emateko bi bide erabil daitezke. Batetik, asociacionbilbainacaligrafia@ gmail.com helbidera idatz dezakete parte hartu gura dutenek. Bestetik, 94-650 44 88 telefono zenbakira deituta ere egin daiteke.

Ezkerralderako emergentzia plana nahi du EH Bilduk

"Alderdien eta norbanakoen interesen gainetik, Ezkerraldean emergentzia plana martxan jartzea premiazkoa eta urgentziazkoa" dela uste du EH Bilduk. Lana sortuko duten neurriak aldarrikatu dituzte; "beharginek ia galduak dituzten lan baldintza duinak z...

Arnasgune bila

Txorierri eskualdean Baserri antzokia egiteko proiektua dute. Eraikina jaso gabe dute oraindik, baina aurten hasiko dituzte lanak. Sei herri txikiz osatuta dago eskualdea, eta 20.400 herritar biltzen ditu guztira. Txorierrin eskaintza kulturalak duen ...

Ikusitakoa, argazkitan

Leo Simoes argazkilariaren erakusketa ikusgai dago Durangoko Arte eta Historia museoan. 2005 eta 2009 artean Marokora egindako hainbat bidaiatan du abiapuntua. Dias de lluvia y sol (Euri eta eguzki egunak) ipini dio izena. Joan-etorri horietan aterat...

Tren geltokia, ostatua, polizia etxea…

Etzi ehun urte beteko dira Bilboko Atxuri auzoan oraindik ere zutik dirauen tren geltokia inauguratu zutela. Mende honetan milioika lagunentzat Bilboko ateetako bat izan da. Bizkaiko hiriburuan egun handia izan zen 1914ko otsailaren 23 hura.

Ferrocarriles Vascongados enpresa izan zen hura eraikitzeko lehiaketa martxan ipini zuena. Azillonako markesa presidente zuela, garai oparoan bizi zen konpainia, eta inaugurazioan argi utzi nahi izan zuten. Garaiko egunkari guztietan agertu zenez, otordua eskaini zieten Bizkaiko ehun bat pertsona garrantzitsuri. Gasteizko gotzaina bera izan zuten buru. Eta 130 beharginentzako jai berezi bat ere antolatu zuten. Mendeurren ospakizuna apalagoa izango da. Domekarako argazki erakusketa zabaltzeko ekitaldi xumea antolatu du Eusko Trenbideak enpresa publikoak. Ana Oregi sailburua tartean izango da.

Juanjo Olaizola tren eta trenbideen historialariak gogora ekarri du Atxuri kaleko 10. zenbakian zegoen honen aurreko geltokia. "Bilbo eta Durango arteko trenarentzat egindakoa zen, txikia. Baina trenbidea haziz joan zen. Eibarrera eta Zumarragara luzatu zuten. Elorriora beste adar bat zeukan. Gernika eta Zornotza arteko trenbidearekin ere lotu zen. Eta, azkenean, Donostiaraino luzatu zen. Beraz, XX. mendea hasi zenean azpiegitura zaharkituta eta eskas geratu zen".

Eta hori gutxi balitz bezala, istripu batek geltoki zaharra hankaz gora ipini zuen. 1911n izan zen. "Geltokia metalezko estalki baten azpian zegoen, Abandokoa bezala. Tren bat bidetik irten zen, oinarria jo zion, eta erori egin zen azpiegitura guztia", ekarri du gogora.

Horrela, bada, eraikin bat eta garbitegi bat erosi zituzten, Zazpikaleetatik berrehun bat metro gertuago. Hau da, gaur egun dagoen lekuan. Lehiaketa bat abiatu zuten eta Bizkaiko arkitektorik garrantzitsuenek parte hartu zuten. Manuel Maria Smithek irabazi zuen. Bilboko Carlton hotela, Leioako Artaza jauregia eta Etxebarriko eliza ere bereak dira, beste hainbat eraikin garrantzitsuren artean. "Diseinatzeaz gain, berak zuzendu zituen lanak, bertatik bertara", nabarmendu du.

Geltokiak bazuen berezitasunik. Trenbideen gainean gaur egun bulegoak daude, Eusko Trenbideak konpainiarenak. Baina hasieran ez. "Eraiki zutenean jatetxe bat ireki zuten lehen solairuan, kafetegi eta guzti. Oso elegantea zen, gainera. Terraza handi bat zeukan, itsasadarrera begira. Erlojua dagoen dorrean, berriz, ostatu bat ipini zuten. Zortzi edo hamar logela zituen". Hain zuzen ere, jatetxe hartan egin zen inaugurazio otordua.

Beste berezitasun bat ere bazuen: estilo arkitektonikoa. "Estilo neobaskoa erabili zuen. Garai hartan ez zen batere ohikoa. Ordura arte tren geltokiak ez ziren tokiko estiloan eraikitzen. Espainian kasu bakarra zegoen: Sevilla eta Huelva arteko trenbidean, 1841ean, estilo neomudejarrean eraiki zuten geltokia. Oso-oso polita. Baina gehiago ez, Bilbokoa egin arte". Ferrocarriles Vascongados konpainiak eraiki zituen hurrengo geltokiak estilo horretan egin zituen: Usurbil, Lasarte, Txaparrenea eta Añorga. Zumaia eta Zumarraga arteko trenbidean ere estilo berbera erabili zuten. Eta beste horrenbeste egin zuen Norte konpainiak Bilboko eta Miranda arteko trenbideko geltokiak berritu zituenean.

Erabilera aldaketak

Gerora beste egokitzapen batzuk izan ditu. Hasieran astialdirako erabiltzen ziren goiko solairuak polizia etxe bihurtu zituzten 1936ko gerran. Orduko Ertzaintzak bazuen trenbideetarako unitate berezi bat, eta Atxurin zeukaten egoitza nagusia. Gaur egun, ostera, Eusko Trenbideak konpainiak hantxe dauzka bulegoak.

1983ko uholdeek ere eragin zuten aldaketarik. Sei metro arteko garaiera hartu zuen urak, eta hondamendi hura konpontzeko goitik beherako zaharberritze lanak egin behar izan ziren. Azken moldaketa berriagoa dela dio Olaizolak. Bilboko tranbia martxan ipini zenean erabiltzaileentzat egokitu behar izan zuten.

“Erreforma onartzen bada, udalek hurbileko erakunde izateari utziko diote”

Espainiako Tokiko Administrazioen Legeak herritarrengan ondorio zuzenak izango dituen arren, Francisco Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak (Bilbo, 1943) uste du ez zaiola eman merezi duen oihartzuna. Bidea abiatu du daborduko erreformak, eta eskumenak foru aldundiaren edo Eusko Jaurlaritzaren eskuetara igarotzeak eragingo lituzkeen ondorioen berri eman du Muñozek. Aldaketen aurka protesta egiteko, hainbat elkarretaratze egiten ari dira.

Zenbateko indarra sumatu duzue elkarretaratzean?

Aurreikusia genuen ez zela handia izango. Iritzi publikoa oraindik ez da jabetu ondorio larriak sor daitezkeela lege honen aterpean. Berrehun lagun inguru elkartu ginen. Balio sinboliko handia duen zerbait gertatu zen, hala ere. Ez da erraza izaera aurrerakoia duten alderdiak elkartzea, eta, han, PSE-EE, Bildu, Aralar eta EBko ordezkariak elkartu genituen. LAB, CCOO eta UGT ere izan ziren, hainbat elkarterekin batera. Bilboko auzo elkarteetako kideez gain, Bizkaiko beste elkarteetakoak ere izan ziren, gainera. Pozik gaude emaitzarekin.

Zein udaletan eragingo du tokiko administrazioen erreformak?

Herrietako populazioaren araberakoa izango da. Batzuetan, gainera, legeak udalak bat egitea inposa dezake, herritarrek nahi izan zein ez. Hala ere, udal guztietan eskumenen transferentzia egongo da. Horrek baliabide ekonomikoen transferentzia ere sortuko du udaletatik foru aldundietara, eta, zenbait kasutan, baita Eusko Jaurlaritzara ere.

Espainiako Gobernuak nola kudeatu gura ditu administrazio publikoak?

Hasteko, eskumenen transferentzia egin nahi dute; hau da, orain arte zituzten batzuk kendu. Horrez gain, inposatu egiten da iraunkortasuna eta zorrik ez egoteko betebeharra. Hala ere, gure ustez, tarte batzuk onartu behar dira. Izan ere, erakunde guztiak zorpetu egiten dira. Kontu bat oso garrantzitsua da, gainera: zorraren zenbatekoari erreparatuta, udalena %4 besterik ez da, eta gainerako administrazio publikoen kasuan, %88 da.

Nola egingo duen? Bada, kontu hartzaile eta idazkariek zeregin eta erabaki ahalmen handiagoak izango dituzte. Hautatutako zinegotzien lanak ordezkatuko dituzte, hein batean.

Dena den, alor horretan foruen berezitasunak errespetatzeko akordioa erdietsi zuten Espainiako Diputatuen Kongresuan, ezta?

PPk eta EAJk sinatutako zuzenketa hori kea besterik ez dela deritzogu, aitzakia bat besterik ez. PPk dio erreforma honen atzean administrazio lokalen arrazionalizazioa eta iraunkortasuna dagoela, eta guk ere itxura bera hartzen diogu akordioari. Ordena demokratikoan, botere politikoan eta erakundeetan atzeraldia dakarren guztia errepikatzen da hemen. Botere politikoa eskuz aldatzea ahalbidetuko du legeak, diruaren gaineko kontrola ere ekarriko duelako. Gaur egun, dagoeneko, oso handia da. Babesa udal batzuei edo besteei emateko aukeraketa hori areagotu egingo da. Gainera, udaletan hain gaizki banatuta dauden eskumen autonomikoek kalte handiak izango dituzte, foru aldundien mesedetan.

Udal lege propiorik ez duen autonomia erkidego bakarra da gurea. Lege horrek traba handiak izango ditu. Tokiko administrazioan aditua den abokatu batek, gainera, hainbat azalpen eman dizkigu gai honen inguruan, eta ondorioak azaldu.

Beraz, erreforma aurrera badoa, zein ondorio antzemango dituzte herritarrek zuzenean?

Oinarrien lege bat da; norabide politiko bat markatzen du. Beraz, hemendik aurrera, lege jakin batzuetan aldaketak eragingo dituen ibilbide bat hasiko da: Lurzoruaren Legea, Etxebizitza Legea, Ingurumen Legea, Gizarte Arretarako Legea... Lege horiek udalen eskumenak ziren. Foru aldundiak erabakiko du aurrerantzean hala jarraituko duten edo eskumena aldatuko den.

Esaterako, hirigintzari dagokionez, kaleak nork garbitzen dituen edo nork asfaltatzen dituen, edo etxetik kaleratzen dituztenei nork lagunduko dien... Lan horiek guztiak udalek hartzen dituzte beren gain. Legea aurrera badoa, foru aldundiaren edo Jaurlaritzaren esku geratuko dira.

Udalak hurbileko erakunde izateari utziko dio. Izan ere, askoz errazagoa da udalaren zerbitzu batera jotzea, foru aldundira baino. Eta herritarren parte hartzea ere hobeto gauzatzen da udalean.

Askok esan digute udalak ez direla oso eredugarriak izan eta norbaitek geldiarazi egin behar dituela. Argi dago udalak edo klase politikoa, oro har, ez direla eredugarriak izan. Hala ere, udalak desagerraraziko ditugu horregatik? Gogoeta egin behar da. Guretzat errazagoa da udalak demokratizatzea. Europako estatuen baliabide ekonomikoen %25 udaletara iristen da. Hemen, estatuan, %12 da kopuru hori —EAEn, pixka bat handiagoa—. Uste dugu Espainiak atzerapen prozesua abiatuko duela lege horrekin; herritarrek urrutiago izango dute zerbitzua emango dien erakundea.

Zerbitzuok esku pribatuetan geratuko direla salatu duzue, gainera.

Legeak horretarako bidea zabaltzen du, bai. Hain zuzen, enpresa pribatu batek eskaintza merkeagoa egiten badio foru aldundiari udalek orain arte ematen zuten zerbitzua edo antzekoa egiteko, erakunde horrek zerbitzu hori inposa diezaioke udalari. Madrilen izan dira horren adibideak. Argi eta garbi ikusi dugu hori hiriburuko garbiketa enpresako langileen gatazkan.

Zer egin daiteke legea geldiarazteko? Bada aukerarik?

Inposatutako lege bat da. Geldiarazten ez bada, PPk, gehiengo osoarekin, aldatu egingo du legea. Guk Bilbon eta Bizkaian zer gertatzen ari den jabetzea lortu nahi dugu. Erantzun bateratua eman behar zaio auziari.