850.000 euro Behargintza zentroak finantzatzeko

BILBO. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudelek akordio bat sinatu dute, Behargintza tokiko garapen eta enplegu bulegoak finantzatzeko. Hala, foru erakundeak 850.000 euroren diru sorta onartu du horretarako. Zentro bakoitzak, gehienez, 75.000 euro jaso aha...

Askatasun haizea

Ziortza-Bolibarren eta Iurretan ondo baino hobeto dakite Usansoloko herritarrak zelan dauden. Izan ere, eurek ere antzeko prozesuetan sartu behar izan zuten euren herriak eurenak bihurtu eta hala onar ziezaieten lortzeko.

"Preso baldin bazaude, askatasuna nahi duzu. Bada, guk ere berdin. Gu, Durangoren indarra zela eta ez zela, preso geunden. Herria geurea izatea zen gure helburua. Ondo, gaizki, hobeto zein baliabide gehiago edo gutxiagorekin egon, baina, gutxienez, etxea gurea da, gurea da herria. Askatasuna lortzea izan zen garrantzitsuena". Berba horiekin laburbildu du Mikel Sopelanak, sorterriaren desanexioa lortzeko batzordean lanean aritu ziren iurretarretako batek, udalerri burujabe bihurtzeak zer esan gura izan zuen eurentzat.

Ziortza-Bolibarren ere antzeko irudipena zeukaten. "Zergatik nahi genuen desanexioa? Beti sentitu garelako bolibartarrak, eta geure herria nahi genuelako", azaldu du Rakel Gandiagak, Bizkaiko Foru Aldundiagaz negoziazioetan ibili zen batzordeko kideak. "Garrantzitsuena da geuk erabakitzen dugula zelako herria nahi dugun. Horrez gain, arlo ekonomikoan onura eta abantaila asko izan ditugu. Azken batean, beste herri baten zati bat edo menpekoa izan beharrean, geu gara herria", azaldu du.

2004ko azaroaren 30ean lortu zuten Markina-Xemeindik banatzea. Gandiagak gogora ekarri du prozesua luzea izan zela, eta zailtasun nagusia, haien kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiak jartzen zituen oztopoak izan zirela deritzo. "Ziortza-Bolibarko herritarrok kolore askotakoak izan gara beti. Hala ere, guztiok bat egin dugu prozesu honetan. Guztiok sentitu izan dugu Ziortza-Bolibar Ziortza-Bolibar dela. Aldundiak jarri dizkigu oztopoak, eta hark geldotu du prozesua. Dena den, burugogorrak garela ikusi zuten, eta ezin izan gintuzten geldiarazi", adierazi du garai hura gogoratuta.

1969an, erabaki politiko batek Markina-Xemeingo auzo bihurtu zuen Ziortza-Bolibar. Garai hartan, hainbat herriri gertatu zitzaien gauza bera. Askok lehengora bueltatzea lortu zuten —Lea Artibain, Berriatuak, esaterako—. 1986an, Ziortza-Bolibarko herritarrek bide berari ekitea erabaki zuten: herri izan nahi zuten berriz ere.

Eta, azkenean, lortu zuten. Bolibartarrek euren beharrak definitu eta defendatzeko eskubidea daukate, beste edozein herritan gertatzen den bezala. Orain, 450 biztanle inguru ditu herriak. Egunero bizimoduan Markina-Xemeinera joaten jarraitu behar dute, besteak beste, liburutegirik eta ikastetxerik ez daukatelako herrian. Dena den, "herri bizia nahi baldin baduzu, lan egin behar da", ondorioztatu du Gandiagak. Desanexioak alde txarrik ez duela iruditzen zaio berari.

Iurreta Durangotik desanexionatu zenetik, 22 urte beteko dira aurten. Mikel Sopelanak gogora ekarri du prozesu hura ere "gogorra" eta "urte askotakoa" izan zela. 1926an Durangora anexionatu zutenetik, hainbat saio egin dituzte iurretarrek euren herria berreskuratzeko, eta ez zuten lortu 1989ko maiatzaren 23ra arte.

Oztopoak gaindituz

Lorpen haren hasiera denentzat ez zen pozgarria izan, ordea. "Baten batzuek beti izango dute zerbait esateko: durangarrak izango bagina, igerilekuetara, adibidez, doan sartuko ginateke. Hasieran beti dago horrelakoak esaten dituenik", adierazi du Sopelanak.

Dena dela, gogora ekarri du iurretarrentzako zailtasunik handiena durangarren kredituei aurre egiteko eskatu zieten erantzukizuna izan zela. "Durango hiribilduko bilauek hainbat konpromiso zituzten, hainbat kreditu zeuzkaten eskatuta, eta esaten ziguten guk ere ordaindu behar genituela kreditu horiek. Azkenean, ados jarri ginen, eta bakoitzak bere etxean aurrera egin du".

Sarri herri handiek handiago izateko nahi bat izaten dutela deritzo: "Jabe izan gura dute. Baina hori gezurra da. Hemen bakoitza bere etxearen jabe da, bakoitzak berea", adierazi du Sopelanak.

Iurretak herri gisa beteko dituen 22 urteetan arazoak egon direla azaldu du, eta gaur egun ere badaudela. "Hala ere, arazoak geure etxe barruan ditugu, ez beste batzuen kontra", esan du. "Herria gurea da, eta ez beste batzuena. Hori da garrantzitsuena", laburbildu du.

Hori dela eta, batzuek zein besteek azaldu dute azaroaren 30a egun handia dela Ziortza-Bolibarkoentzat eta maiatzaren 23a, berriz, Iurretakoentzat. Ospakizunetarako egun handiak dira batean eta bestean. Hain zuzen, sasoi batean galdutako askatasuna berreskuratu zuten egunak.

Vista Alegreko planaren aurkako protestak

MENDEXA. Vista Alegren egin nahi duten proiektuaren aurka dauden Mendexako bizilagunek hainbat protesta egin dituzte Aste Santuan. Proiektu horren arabera, 28 etxebizitza eta Karraspioko hondartzarako aparkalekuak egingo dituzte han. Garraio publikoa ...

Pasealeku batek lotuko ditu metroa eta ospitalea

URDULIZ. Urdulizko Udalak pasealeku bat egingo du, ospitalea eta metro geltokia lotzeko. Marutze auzoa zeharkatuko du ibiltokiak, eta bost metro zabal izango da. Hilabete honetan bertan ekingo diete lanei, eta espero dute irailerako bukatzea. 400.000 ...

Auzoaren datuak

Usansolo

Biztanleak: 4.678.

Herrigunearekiko distantzia: 3 km.

Auzoak: Pertxin, Lekue, Isisi, Labea, Gorosibai, Unkina.

Zerbitzuak: Besteak beste, posta bulegoa eta osasun etxea ditu. Galdakaoko ospitalea ere Usansolon dago.

Taberna baten bila

Antena aldatu zigutenetik, bospasei kate baino ez ditugu ikusten ondo, beste zenbait txarto, eta dezente dira ez ditugunak ikusten. Azken horien artean, ETBren kate guztiak. Ez da desgrazia handiegia, baina, Aste Santuko egun gatzipakoetan, poz berezia ematen dit Euskal Herriko Txirrindulari Itzuliak, eta hori txoritxoaren katean ematen dute hain zuzen, nik ikusten ez dudan horretan. Kalera jaitsi, beraz, eta ziklismo-dosia emango didan tabernara abiatzen naiz, Somerara. Ez dut etapa guztietan egiten, interesgarrienetan baizik, eta azkena, larunbatekoa, interesgarria da, bertan erabakiko delako guztia, Oñatiko erlojuaren kontrakoan.

Baina joan naiz, eta taberna itxita. Badaezpada, Herriko Tabernara hurbildu naiz. Itxita hori ere. Plaza Barrian badago beste taberna bat, ziklismoa izaten duena telebistan. Baina, horreur: pertsiana jaitsita. Tronpeten erritmopean, prozesio bat pasatu da nire ondotik, eta iruditu zait kaputxadunak barreka ari zaizkidala. Arineketan, Jardines kaleko tabernetarantz joan naiz. Zabalik daude, baina batean futbola, bestean Viajar katea, eta beste bitan pelikulak dituzte. Santa Maria kaleko taberna guztiak, berriz, itxita. Schalke 04 taldearen jarraitzaile batzuekin gurutzatu naiz kalean; zerbait zabalik aurkitu nahian zebiltzan, ferragosto iberiar hau madarikatuz, eta laguntza eske begiratu didate, baina Txakur kalerantz egin dut ihes, hango tabernen esperantzan. Ez Kalderapeko, ez Egiluz, ez Txakurto, ez batean ez bestean, inon ez dute ziklismorik telebistan. Saibigainen film melodramatiko bat, Iñakiren taberna itxita, Txomin Barullon kanal txororen bat, Santiago plazako kebabean Al Jazeerako albisteak. Zazpikaleetan barrena hiruzpalau kilometro egin ostean, berriro bueltatu naiz Somerara: nire tabernak itxita segitzen du, eta K2n 1 Formulako karrera bat dago jarrita; Jaunak, Nekane, Madariaga, denetan kale. Degustazio batean sartu eta, desesperatuta, barrako andreari esan diot mesedez jartzeko ETB1. Mespretxuz begiratu ostean, burua jiratu du telebistarantz, karolina bat jaten duen bitartean; bazkalosteko pelikula txatxu horietako bat dauka jarrita andre maltzurrak. Ingurura begiratu dut: dena itxita. Eta argia piztu zait: Batzokian izango dute ETB1 jarrita. Samuel Sanchezek jokoan du lasterketa, ziur jeltzale guztiak daudela asturiarra animatzen. Eta joan naiz, baina Teledeporte zuten jarrita, patinaje artistikoa.

Bueltaka segitu dut arratsalde osoan, alferrik. Banekien lasterketa amaitua zela ordurako, baina ez dut etsi. Handik bi ordura, berriro pasatu naiz Batzoki aurretik. Teledeporten Euskal Herriko Itzulia ematen ari ziren diferituan, eta bezeroak adi begira, Samuel animatzen, braboka, oihuka, saltoka, ikusten ari ziren hura aspaldi gertatu zela konturatu gabe. Nik begiratu ere ez dut egin: etxera bueltatu eta ohera sartu naiz, hurrengo eguneko egunkariaren zain.

TAO eta 200 autorentzako aparkalekua, Miribillan

BILBO. Miribillan TAO zerbitzua jarri eta 200 edo 300 autorentzako aparkalekua jartzeko asmoa iragarri du Iñaki Azkuna Bilboko alkateak. Bizilagunek salatu dute arazoak dituztela inguru horretan aparkatzeko. Hasteko, TAO zerbitzua jarriko du udalak, eta, gero, finantzaketa daukatenean, aparkalekua egingo dute.

2.546

Bilboko suhiltzaileek iaz egindako esku hartzeak. Bilboko suhiltzaileek 2.546 gertakaritan esku hartu zuten 2011n. Horietatik, %32,64 edukiontzien, etxebizitzen eta higiezinen suteak izan ziren; %39,59, salbamendu lanak; eta %27,7, sorospen teknikoko jarduerak.

1937ko gertaerak gogoan izango dituzte hainbat herritan

Urteurren borobila eta iluna gogorarazten ari dira egunotan Bizkaiko hainbat herritan. Hain zuzen, 1936ko gerraren harira pairatutako bonbardaketak eta sarraskiak eta gertatutako batailak izango dituzte gogoan.

Sestaon, esaterako, 1937ko bonbardaketaren oroitzapena II. Errepublikaren aldarrikapena gogoratuz ospatuko dute bihar. Goizean emango diete hasiera ospakizunei. 11:00etan argazki erakusketa bat jarriko dute Kasko plazan. Ordu horretan bertan bandera errepublikanoak jarriko dituzte udaletxeko balkoian eta liburutegian.

12:30ean, kalejira abiatuko da Kasko plazatik, eta, herrian zehar ibili ostean, udaletxean bukatuko dute bira. 13:00ean, bandera errepublikanoa jasoko dute udaletxean, eta, gero, 1931ko udalbatzari omenaldia egingo diote. Ondoren, garai hartako kantak abestuz kalejiran ibiliko dira. Abesti horiek jasotzen dituzten ehun liburu argitaratu dituzte. Gainera, 1937ko bonbardaketak ere gogoan izango dituzte. 1937ko maiatzaren 23an bonbardatu zuten Sestao tropa faxistek.

Saibigaineko bataila

Abadiñon Saibigaineko bataila izango dute gogoan, bihar. Barrizten kultur elkarteak Saibigainera igoera antolatu du 1937an izandako batailan hil zirenak oroitzeko. Urkiolan, Bizkarraren aparkalekuan, 09:30ean jarri dute ateratzeko ordua. Tontorrean minutu bateko isilunea egingo dute. Bi ordu eta erdiko ibilbidearen ostean, jana eta edana egongo dira.